Eileen Gray

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Eileen Gray
Eileen Gray.jpg
Bizitza
Jaiotza Enniscorthy1878ko abuztuaren 9a
Herrialdea  Irlandako Errepublika
Heriotza Paris1976ko urriaren 31 (98 urte)
Hobiratze lekua Père Lachaise hilerria
Hezkuntza
Heziketa Slade School of Fine Art
Académie Julian
Hizkuntzak frantsesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerak arkitektoa

Kathleen Eileen Moray Gray (1878ko abuztuaren 9a - 1976ko urriaren 31) altzari diseinatzailea, barne-diseinatzailea eta arkitekto irlandarra izan zen. Bere lana, ikerketa prozesu pertsonal eta sakon baten emaitza da. Aldi berean Mugimendu Modernoaren aitzindaria da, nahiz eta, emakumea izanda, Diseinuaren Historiak zenbaitetan alde batera utzi duen.

Bere bizitza, etengabeko ikasketan oinarritu zen, teknika askorekin esperimentatu zuen eta material anitzak erabili zituen. Batez ere, altzarigintza eta laka-teknika ikertu zuen, nahiz eta, bere lehenengo urteetan ehungintzan aritu. Baita ere, Europa kanpoko eta antzinako kulturak aztertu zituen. Aurreneko diseinuetan, batez ere, eragin japoniarra askotan nabaritzen da. Baita ere, zenbaitetan, ideia abangoardistak landu zituen eta, bere ibilbidean zehar, antzeman daitezke abangoardiei egindako keinuak edo erreferentziak. Adibidez, “E1027 etxearen” izenarekin egin zuen hitz-jokoa.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enniscorthy-n jaio zen, 1878an, Wexford konderrian, Irlandan. Haurtzaroa Londresen igaro zuen eta “Slade School of Arts”-en onartu zuten, non margolaritzan aritu zen gehienbat. Eskola honetan onartu zuten lehenetariko emakumea izan zen. Geroago, Londreseko laka lantegi batean lan egin zuen eta espezializazio maila handia lortu zuen. Egonaldi hauek, bere ibilbide profesionalean oso eragin handia izan zuen, batez ere, Parisen finkatu zenean, 1902an. Parisen zegoela, pantaila gaineko laka eta dekorazio-lanetan maisutasun handia lortu zuen, eta garai horretako diseinatzaile esanguratsuenetarikoa bilakatu zen. Aipagarria da, Seizo Sugawara, maisu japoniarraren eskutik laka-teknika klaseak jaso zituen. Izan ere, Art Deco mugimenduaren jarraitzaileen artean, izugarrizko arrakasta lortu zuen, eta are gehiago, 1923.urteko, “Salon des Artistes Décorateurs”-an egindako erakusketan.

1922.urtean, “Jean Désert” Galeria ireki zuen, Pariseko Fauborg Saint-Honoré kalean, zein denda gisa erabiltzen zuen bere diseinuak saltzeko. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, diseinu eta eraikuntzaren inguruko teoriak garatu zituen. Teoria hauek oso berritzaileak eta iraultzaileak izan ziren XX.mendeko diseinurako eta gaur egungo diseinuaren aitzindari bihurtu dira. Aldi berean, mugimendu modernoaren beste diseinatzaile batzuekin elkarlanak egin zituen, besteak beste, Le Corbusier eta J.J.P Oud-ekin.

Barne-diseinuetan, kromozko, altzairuzko hodiz eta beiraz egindako altzariak askotan erabiltzen zituen. Izan ere, barne-diseinu ospetsuenetarikoa “Lota apartamentua” da, Suzanne Talbot jostunarentzat (Madame Mathieu-Lévy) diseinatu zuena.

Arkitektura, bere ibilbide profesionalaren beste ekarpen nagusia da. Alpes Maritimes-etan bi etxe diseinatu zituen; Roquebrunen bat, “E1027 etxea” (1926-1929) gisa ezagutzen dena eta bestea, “Tempe à Pailla” (1932-1934), Castellar-en dagoena. Gaur egun, bi etxe hauek, garai horretako arkitekturaren eta barne-diseinuaren adibide nabarmen gisatzat hartzen dira.

Guda garaian, ez zuen bere produkzioa alde batera utzi eta "Centre des Vacances" proiektua burutu zuen, zein, 1937ko Pariseko Nazioarteko Erakusketan egon zen erakusgai. Konkretuki, Le Corbusierren "Temps Nouveaux" pabiloian. Gerra ostean, diseinatzaile gisa lan egiten jarraitu zuen eta zenbait proiektu burutu zituen. Adibidez, "Cultural and Social Centre" proiektu garrantzitsua eta handia egin zuen, zein 1946tik 1949ra landu zuen. Baina era berean, altzarigintza lanetan jarraitu zuen.

Bere bizitzaren azken garaian, Zeev Aram-ekin lan egin zuen, bere diseinuak munduko merkatuan zabaltzeko helburuarekin. Baita ere, bere lehenengo lanak V&A bildumaren parte dira eta E1027 mahaia, esaterako, New York-eko "The Museum of Modern Art"-an dago. Erakusketa hauek, diseinu modernoaren ekarpenari omenaldi egokia egiten diote.

Azkenik, urteetan zehar egindako lana aintzat hartuz, RSA-k (The Royal Society of Arts), "Royal Designer for Industry" izendatu zuen, 1972an. Eta lau urte geroago, Parisen hil zen.

Denbora lerroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora lerroa Eileen Gray.jpg

Lan esanguratsu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Lota Apartment (20ko hamarkada)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Lota Aparment

Madame Mathieu-Lévy (Suzanne Talbot), Pariseko, Lota Apartamentuko barne-diseinua berritzeko eskatu zion Eileen Gray-ri. Dekorazio berritzailea eta originala izatea zen bere helburu nagusienetakoa. Baina, Gray-k lan honetan ez zuen bakarrik dekorazio-lana egin. Altzariak diseinatu zituen eta etxearentzako irtenbide arkitektonikoak proposatu zituen. Hau da, altzari gehienak diseinatu zituen, alfonbrak, lanparak... eta hormatan, lakatutako panelak instalatu zituen. Honen bitartez, apartamentuaren pertzepzio espaziala aldatu zen.

Lota Sofa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madame Mathieu-Lévy-rentzako apartamentua eraiki zuenean, sortu zuen altzari garrantzitsuenetakoa, Lota Sofa izan zen. Sofa honekin, erabilera bikoitzaren ideia gauzatzea lortu zuen: muturrean dauden kutxek gurpilak dauzkate, beraz, kentzeko aukera dago. Baita ere, kuxinak solte egonda, edekitzeko aukera dago. Modu honetan, Lota Sofa, ohe gisa erabili daiteke. Bestalde, oso interesgarria da kutxetan zelan erabiltzen duen laka teknika; batez ere, kolorearekin lortzen duen kontrastea kontuan hartuta.

E1027 Etxea (1926 - 1929)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitektura modernoko proiektu bat da; hau da, aurretik pentsatu, planoak egin, dosierra prestatu eta, ostean, eraiki zuten, Alpes Matitimes-en. Mugimendu Modernoaren eraikuntza da; 1927an, Le Corbusierrek ezarri zituen oinarrizko printzipio asko betetzen dituenak. Eileen Gray-ren lehenengo maisulantzat hartzen da eta diseinuaren eta arkitekturaren arteko muga apurtzen dituenak. Jean Badoviciren kolaborazioa izan zuen proiektu honetan. Izan ere, etxearen izena, haien deituren arteko hitz-jokoa da, abangoardiei keinu bat eginez: E > Eileen; 10 > J-Jean; 2 > B-Badovici; 7 > G-Gray.

Etxea txikia zen eta dena eraginkorra izateko diseinatu zen, espazioa guztiz aprobetxatuz. Altzariak, etxearen arkitekturaren parte ziren eta espazioa estrukturatzen zuten. Baina, aldi berean, espazioa berrantolatu zitekeen; altzariak, etxearen hainbat espazioetara moldatuz, Modernismoaren diseinu totalean ez bezala. Espazio malgua izatea interesatzen zitzaion. Etxearen xehetasun guztiak diseinatu zituen, adibidez, eguzkiaren kokapenaren arabera pentsatu zen etxearen diseinua, argia aprobetxatzeko ideiarekin.

Etxebizitza bukatuta zegoela eta denbora pasa ahala, Eileen Gray eta Jean Badovici etxea utzi zuten eta, Le Corbusierrek erosi zuen. Honek, etxe honetan “bere aztarna” uzteko beharra sentitu zuen eta Gray-ren borondatearen kontra, zenbait marrazki muralak egin zituen bertan.

E1027 Mahaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

E1027 mahaia

“E1027 etxerako” Gray-k diseinatu zituen altzarien artean, esanguratsuenetarikoa, altzairu tubularrez eta kristalez eraikitako “E1027 mahaia” daukagu. Mahai honen diseinuan ez dago ezer soberan eta ez da ezer falta. Diseinua guztiz funtzionala da, ez daude apaingarririk. Gainera, erabiltzailearen beharretara moldatzen da, bere altuera graduatu daitekeelako. Baita ere, espaziora oso ondo moldatzen da eta bere funtzionaltasuna areagotzen da.

“Bidendum” Aulkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituek, “Bibendum” aulkiaren sortze data ez daukate oso argi. Batzuek esaten dute, E-1027 etxerako sortu zela. Ordea, beste zenbaitek, Lota Apartamentuarentzako sortu zela uste dute. Baina, hau konpondu ez arren, argi dagoen bakarra da, “Bidendum” aulkia, XX. mendeko diseinu pieza oso adierazgarria dela.

Altzairu kromatuzko egitura tubularraz eraikita dago eta eserlekua eta bizkarraldea, larruz tapizatuta dago. Eserlekuaren egitura, pagadi zurarekin eta kautxuarekin eginda dago, beti, erabiltzailearen erosotasunean pentsatuz. Tamaina handiko aulkia da.

Gray-k, XIX.mendeko Michelin enpresaren ikonoaren izena hartu zuen bere aulkia izendatzeko.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Web orrialdeak

ARAM (2018). Eileen Gray. 2018ko apirilan http://www.eileengray.co.uk/ -n bilatuta.

Wikipedia (2018). Eileen Gray. 2018ko apirilan https://en.wikipedia.org/wiki/Eileen_Gray -n bilatuta.

Wikipedia (2017). E1027. 2018ko apirilan https://en.wikipedia.org/wiki/E-1027 -n bilatuta.

The Guardian (2015). Eileen Gray’s E1027: a lost legend of 20th-century architecture is resurrected. 2018ko apirilan https://www.theguardian.com/artanddesign/ -n bilatuta.

  • Liburua

Adam, Peter (2000). Eileen Gray: Architect, Designer – A Biography. New York: Thames & Hudson.


Biografia Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.