Edukira joan

Ekialde Urrunerako Nazioarteko Auzitegi Militarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ekialde Urrunerako Nazioarteko Auzitegi Militarra
Datuak
Motanazioarteko auzitegia eta tribunal (en) Itzuli
HerrialdeaOccupation of Japan (en) Itzuli
Kideak

Ekialde Urrunerako Nazioarteko Auzitegi Militarra, Tokioko auzitegia eta Tokioko auzitegi militarra ere deitua, 1946ko urtarrilaren 19an sortu zen, Bigarren Mundu Gerrako kriminal japoniar handiak epaitzeko.

Sorreraren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialde Urrunerako Nazioarteko auzitegi militarraren sorrera gerra krimenak zapaltzeko hartutako neurri multzo zabalago baten zati bat besterik ez zen. Lehenik eta behin, Tomoyuki Yamashita jeneralaren kasua aipatu behar da, 1945eko abenduaren 7an heriotza zigorra jaso eta Filipinetan 1946ko otsailaren 23an exekutatu zutena: nazioarteko jurisprudentzian aurrekari gisa aipatzen da, "komandantearen erantzukizuna" edo "Yamashita araua" deritzona. Masaharu Homma jenerala, Filipinetara estraditatu eta bertan exekutatu zuten 1946ko apirilaren 3an. Japonian, B klaseko (Soemu Toyoda bezalakoak) eta C klaseko gerra-kriminalak epaitu zituzten Tokion eta Yokohaman. Hiroshi Tamura zortzi urteko espetxe zigorra jaso zuen 1949ko otsailean.

1946ko urtarriletik 1948ko abendura bitartean, britainiarrek 304 epaiketa egin zituzten, 909 akusaturi zegozkienak: 22 heriotza-zigor jaso zituzten.

Testu esanguratsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942an, Saint James jauregiko adierazpenaren bidez, hemezortzi herrialdetako ordezkariek adierazi zuten prest zeudela nazioarteko jurisdikzio baten esparruan gerra-kriminalak jazartzeko. Baina adierazpen hark, guztiz oinarrizkoa zena, tropa naziek Europan egindako krimenak baino ez zituen miran; horren ondorioz, Londresko ordezkari txinatarrak erreakzionatu egin zuen. Moskuko adierazpena zela eta, AEBko, Britainia Handiko eta SESBeko Atzerri ministroek justizia borondate hori berretsi zuten. Hor, japoniar armaden krimenak aintzat hartu gabe zeuden oraindik ere. Moskuko adierazpenak, ordea, gerora Ekialde Urrunerako Nazioarteko Auzitegi Militarra sortzea babestu zuen oinarri bat planteatu zuen: izan ere, bertan zehazten zen kokapen zehatzik gabeko krimenak egin zituztenak Aliatuen erabaki bateratu batekin zigortu beharko zirela. Garai haretan Nazio Batuen Erakundeko gerra krimenen batzorde bat eratu zen, gerra kriminalak zerrendatzeko, baina Ekialde Urrunari eta Ozeano Bareari buruzko batzorde berezia 1944ko udaberrira arte ez zen susmagarrien zerrenda egiten hasi.[N 1]

Azkenean, 1945eko uztailaren 26ko Potsdamgo aldarrikapenean, AEBko, Britainia Handiko eta Txinako ordezkariek, Japoniaren errenditze baten baldintzak publiko eginez, berariaz jakinarazi zuten Japoniako gerra-kriminalak auzitara eramateko asmoa zutela (SESB, ez erasotzeko itun baten bidez Japoniari beti lotua, erabaki horretan parte hartzeari zegokionez abstenitu egin zen).

Abuztuaren 6an Hiroshimako bonbardaketa izan zen; abuztuaren 9an, Nagasakikoa eta SESB Japoniaren aurka gerran sartu zen; biharamunean, Japoniak jakinarazi zuen Potsdamgo adierazpeneko baldintzak onartzen zituela, enperadoreari buruzko xedapenak salbu; 14an Japoniak Potsdamgo adierazpenak osorik onartzen zituela jakinarazi zuen: 15ean, Gyokuon-hōsō (玉音放送) enperadorearen hitzaldia izan zen .

1945eko abuztuaren 25ean, Nazio Batuen Gerra krimenen batzordeak —United Nations War Crimes Commission edo UNWCC— Draft Summary of Applications Concerning Japanese War II Crime and Atrocities ("Bigarren gerrako japoniar krimen eta ankerkeriei buruzko gomendioen laburpen zirriborroa") argitaratu zuen. UNWCCaren barruan, Ekialde Urrunerako batzordea izan zen japoniar[1] gerra-kriminalak jazartzeko azpibatzorde bat sortzearen eragilea; 1944ko maiatzean sortu zen eta Chungking-en (Chongqing) ezarri zen urriaren[2] 11n eta, ondoren, Nanking-en (Nanjing); azpibatzordeak berak –hari buruzkoa informazio gutxi dago– susmagarrien zerrenda orokor bat egin zuen, hainbat agintari militarrek salatutako beste pertsona batzuen izenekin emendatua; hogeita hamasei zerrenda argitaratu zituen, guztira, denera 3.147 susmagarriz: Loyd E. Lee-ren World War II in Asia and the Pacific and the War's aftermath, with general themes ("Bigarren mundu gerra Asian eta Ozeano Barean eta gerraren ondorioak, gai orokorrekin").[3]

1945eko abuztuaren 29an, Japonian AEBen politika orokorra definitu behar zuen dokumentuaren harira, Armen arteko batzordeak (State War Navy Coordinating Committee, SWNCC) gerra kriminalen auzipetzea ekarri zuen gogora. DokumentuaSWNCC150/4— irailaren 6an onartu zuen Trumanek, eta 22an argitaratu zuen Post-Surrender Policy for Japan ("Japoniarako errenditze ondoko jokabidea").

AEBko indarren lehen elementu aurreratuak abuztuaren 30rean Japonian kokatutakoan, Japoniako errendizioa irailaren 2an izenpetu zen USS Missourin. Japoniaren errendizio aktek gerra krimenen auzia gogora ekarri zuten.[N 2]

Epaitegia abiaraztea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945eko irailaren 8an sartu ziren estatubatuarrak Tokion.[4]

Irailaren 11n, Douglas MacArthurrek, Aliatuen Indarren komandante gorena (SCAP, Supreme Commander of the Allied Power), hogeita hemeretzi susmagarri atxilotzeko agindu zuen, Hideki Tojo[N 3] jenerala barne. Egun hartan bertan, Japoniako armadaren kuartel nagusia desegiteko agindua eman zuen, baina Gerra ministerioa mantendu zen; bezperan zentsura SCAPIN 16 direktibak ezarrita (Freedom of Speech and Press, "Adierazpen eta prentsa askatasuna" izenaz ezaguna): hurrengo egunetan, SCAP Japoniako egunkarietan gerra krimenagatik bilatutako pertsonen zerrenda argitaratzearen aurka agertu zen).[N 4]

Urriaren 6an (urriaren 8an ere aurkitu da), Armen arteko batzordeak MacArthurri eskatu zion gerra-kriminal nagusiak epaitzeko bitartekoak jartzeko; horren helburua susmopean zeuden pertsonak ziren, beraiek gerra planifikatu zutelako, itunak hautsi edo krimen horiek berak egiteko konspirazio batean esku hartu zutelako. Halaber, zuzentarauak zehazten zuen epaiari begira aztertutako gertakariak 1928ko ekainaren 4ra artekoak izan zitezkeela, Chang Zolin[N 5] hil zuten egunera artekoak, alegia. SCAPi zuzendutako jarraibideok eta horrekin batera zetorren memoranduma ez zitzaizkien aliatuei urriaren amaiera aldera arte jakinarazi.[5]

Azaroaren 12an eta 14an, Gerra krimenen batzordeak susmagarrien zerrenda egin zuen. Azaroaren 19an, MacArthurrek atxiloketa batzuk agindu zituen.[N 6] 30ean, Truman presidenteak Joseph Keenan fiskal nagusi izendatu zuen. Abenduaren 6an iritsi zen Tokiora, hogeita hemeretzi kolaboratzailerekin batera, eta agiriak eta lekukotasunak biltzen ibili zen; Ekialde Urrunerako nazioarteko auzitegi militarraren gutuna ere hark egin zuen.

Abenduaren 5ean, gerra-krimenez akusatutako pertsonen epaiketarako arauak argitaratu ziren. Abenduaren 3an, MacArthurrek hirugarren atxiloketa agindua eman zuen. Atxilotuen artean, besteak beste, Gorte inperialeko kideak zeuden: horrek eragin handia izan zuen Japonian. Balizko atxiloketari aurrea hartuz, Fumimaro Konoe printzeak bere buruaz beste egin zuen 16an. Urtearen amaieran, prozedura horretan atxilotutako 1.200 pertsonen artean, A kategoriako gerra-krimenaren akusaziopean 80 pertsona erantzule ziren.[N 7]

Abenduaren 27an, AEBko, Erresuma Batuko eta SESBeko Kanpo arazoetako ministroen adierazpen batek SCAP-i eskuduntza osoa aitortu zion, errendizio-aktak ezarritako xedapenak egiteko.

1946ko urtarrilaren 19an, Indar aliatuen aginte gorenak Gutuna aldarrikatu zuen.

Auzitegiko epaileak, Britainia Handia, AEBak, Australia (Webb epaile burua), Txina eta SESB ordezkatuz

Gerra krimen handiak epaitzeko

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutunean, 1. artikuluan, Ekialde Urrunerako Nazioarteko auzitegi militarra ezarri zen, gerra-kriminal nagusien epaiketa azkarra eta bidezkoa egiteko; egoitza iraunkorra Tokion zuen.[N 8]

Auzitegiaren jurisdikziopeko delituen izaera 5. artikuluan zehaztu zen. Auzitegiak gerra-krimenari buruzko edozein akusazio epaitu ahal bazuen, aurkezten zitzaizkion auzipetuei nahitaez A motako gerra-delitua egotzi beharko zitzaien.[N 9]

  • A klasea: bakearen aurkako krimenak, boterearen goi esparruak eta gerra planifikatu eta zuzendu zutenak soilik zituen jomugan.
  • B klasea: gerra krimen konbentzionalak.
  • C klasea: Gizateriaren aurkako krimenak.

Sailkapen hori 1945eko abuztuaren 8ko Londresko Akordioaren xede Nazioarteko Auzitegi Militarraren Londresko Gutunak ezarritakoa bezalakoa da ia, Nurenbergeko Epaiketarako pentsatua izan zena.

Gizateriaren aurkako krimenari zegokionez, Nurenbergen eta Tokion aplikatu ziren definizioak desberdinak dira: Nurenbergen populazio zibilei soilik eragiten zien, baina Tokion zehaztasun hori desagertu zen: horrela, gerrako presoak ere barne hartzen zituen definizio horrek. Nurenbergekiko beste desberdintasun bat hau da: erakundeen aurkako auzibiderik eza, erakunde ziren neurrian.

Gizateriaren aurkako krimenaren kontzeptua 1946ko otsailaren 13ko Nazio Batuen ebazpenaren bidez zehaztu zen: komunitate bat bere osotasunean suntsitzea helburu zuen itunpeko plan baten exekuzioan eginiko krimena. Bestalde, abian jarri zen epaiketarekin batera, SCAPek Japoniako gizartearen arazketa antolatu zuen 1946ko urtarrilaren 4ko zuzentarauaren bidez.[6]

Nazioarteko epaile eta fiskalen elkargoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hamaika epaileak, 1946ko uztailaren 29an.

Gutunaren 2. artikuluak epaileen elkargoaren osaera zehaztu zuen. Hasiera batean bederatzi epaile soilik zituen —Errendizio Akta izenpetu zuten herrialdeak bezainbeste—, baina kopurua hamaikara igo zen. Egun horretan bertan, Ekialde Urruneko batzordeak eskatu zuen epaitegian Indiak eta Filipinek epaile bana ordezko izatea; apirilaren 24an, erabaki hori hartu zuen epaitegiko idazkaritzak eta bi herrialde horiei eskatu zien epaile bana izenda zezaten; horren arabera, Gutunaren II. artikuluari emendakina egin zitzaion apirilaren 26an hamaika epailerekin, India eta Filipinak sartzeko.[N 10]

Gutunaren aldarrikapenaren ondoren, MacArthurrek Ekialde Urruneko batzordeko kideei epaile eta fiskal laguntzaile baten izena 1947ko urtarrilaren 5a baino lehen proposa ziezaioten agindu zien. Proposamenak 1946ko otsailaren 15ean iritsi zitzaizkion: MacArthurrek egunean bertan izendatu zituen. John P. Higgins (gero Myron C. Cramer-ek ordezkatua) AEBen izenean; Ivan Zarayanov, SESBarenean; William Donald Patrick (Lord Patrick), Erresuma Batuarenean; Henri Reimburger[8] (gero Henri Bernard-ek ordezkatua), Frantziarenean; Bert Röling, Herbehereenean; MeiJu Hao, Txinarenean; William Webb, Australiarenean; Erima Northcroft, Zeelanda Berriarenean; eta Stuart Mac Dougall, Kanadarenean. Azkenik, otsailaren 20an, Webb epailea auzitegiko presidente izendatu zuen.

Indiako eta Filipinetako protesten aurrean, ez baitzuten auzitegian ordezkaritzarik (Ekialde Urruneko batzordeko kideak ziren, baina herrialde horiek ez zuten errendizio-akta izenpetu: hain zuzen ere, 1946eta 1947 arte ez zuten independentzia lortu), MacArthurrek Gutunari zuzenketa bat egin zion 1946ko apirilaren 6an, eta hamaika epaileko kopurua jarri zien, eta ez bederatzikoa: Radhabinod Pal-ek India ordezkatu zuen, eta Delfin Jaranilla-k, Filipinak.

Gutunak 8. artikuluan zehazten zuen Japoniaren aurkako gerran ibilitako nazio guztiek fiskal laguntzaile bat izendatzeko ahalmena zutela. Ekialde Urruneko batzordeko hamaika nazioek bakarrik egin zuten: Arthur Comyns Carr (Erresuma Batua), Hsiang Che-Chun (Txina), Frederick Borgerhoff-Mulder (Herbehereak), Robert Oneto (Frantzia), Alan Mansfield (Australia), Henri Nolan (Kanada), Ronald Quillian (Zeelanda Berria), P. Govinda Menon (India), Pedro Lopez (Filipinak) eta, azkenik, Sergei Alexandrovitx (SESB). Hala, 39 amerikarren artean, International Prosecution Section ("Nazioarteko fiskalen atala") izenaz ezagutzen den prokuradore-taldea bostehun pertsonako talde nazioaniztunera igaro zen (legelariak, takigrafoak eta langileak barne).

Defentsa-eskubideen antolamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokyoko Auzitegi Militar Internazionalean (TMIEO), akusatuek formalki defentsarako eskubideak zituzten, baina praktikan eskubide horien aplikazioa mugatua eta desorekatua izan zen. Auzitegiaren Charter-ak (gutunak) aurreikusten zuen akusatuek abokatuak izateko eskubidea zutela, frogak aurkezteko aukera, lekukoak deitzeko ahalmena eta fiskaltzaren frogak zalantzan jartzeko eskubidea. Hala ere, printzipio horiek ez ziren beti modu eraginkorrean gauzatu.

Lehenik eta behin, baliabideen desoreka nabarmena zen. Fiskaltzak, batez ere AEBek gidatua, baliabide ekonomiko, tekniko eta humano ugari zituen, eta ehunka lagunek osatutako egitura handi bat izan zuen. Defentsak, aldiz, askotan baliabide urriekin jardun behar izan zuen, eta abokatu japoniarrek zein atzerritarrek zailtasun handiak izan zituzten dokumentazio zabala aztertzeko eta estrategia juridiko sendoa prestatzeko.

Bigarrenik, hizkuntza eta komunikazio arazoek eragin handia izan zuten. Epaiketak ingelesez egiten ziren nagusiki, baina akusatu asko japoniarrak zirenez, itzulpen sistemaren mende zeuden. Itzulpen simultaneoaren kalitatea ez zen beti egokia, eta horrek defentsaren eraginkortasuna murriztu zuen, bai akusatuek beren burua defendatzeko orduan, bai eta abokatuek prozedura behar bezala jarraitzeko garaian ere.

Hirugarrenik, prozeduraren izaera bera baldintzatzailea izan zen. Auzitegiak helburu zuen epaiketa “azkarra eta eraginkorra” izatea, eta horrek askotan defentsaren denbora mugatu zuen. Dokumentu kopuru izugarria aurkeztu zen, baina defentsak ez zuen beti denbora nahikorik izan material hori aztertzeko edo kontrako frogak prestatzeko.

Azkenik, testuinguru politikoa ere erabakigarria izan zen. Auzitegia garaileek sortua izan zen, eta horrek baldintzatu zuen defentsaren benetako ahalmena. Adibidez, zenbait gai hala nola enperadorearen erantzukizuna edo aliatuek egindako ekintzak ezin ziren libreki eztabaidatu, eta horrek defentsaren jarduna mugatu zuen.

Ondorioz, nahiz eta formalki defentsaren eskubideak aitortuak izan, historialari askok ondorioztatzen dute praktikan ez zirela guztiz bermatu, eta epaiketa ez zela guztiz parekatua izan akusazioaren eta defentsaren artean.

Froga finkatzeko araubide malgutua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokyoko Auzitegiko froga-sistema bereziki malgua izan zen, eta ohiko zuzenbide penaleko estandar zorrotzetatik urrundu zen. Charter-ak ezarri zuen auzitegiak ez zuela frogak onartzeko arau zorrotzik jarraitu behar, eta “balio probatorioa” zuten edozein material kontuan har zezakeela, baldin eta auzitegiak egoki jotzen bazuen.

Horren ondorioz, froga mota ugari onartu ziren:

→ Entzundako testigantzak (hearsay), hau da, bigarren eskuko informazioa.

→ Zinpeko adierazpenak (affidavit-ak), askotan epaitegian zuzenean aurkeztu gabe.

→ Dokumentu ofizialak zein ez-ofizialak.

→ Jatorri zalantzagarria zuten testuak, hala nola memorandumen kopiak edo propaganda-dokumentuak.

Malgutasun horren arrazoietako bat praktikoa izan zen: gerra amaieran japoniar agintariek dokumentu asko suntsitu zituzten, eta frogak biltzea oso zaila bihurtu zen. Horregatik, auzitegiak frogak lortzeko irizpide zabalagoak aplikatu zituen.

Hala ere, sistema honek arazo juridiko garrantzitsuak sortu zituen. Defentsak askotan ezin izan zuen frogak behar bezala kontrastatu, ez baitzegoen jatorrizko dokumentuetara sarbiderik edo lekukoak gurutzatze bidez galdekatzeko aukerarik. Gainera, entzundako testigantzak onartzeak arriskua zekarren informazio zehaztugabe edo partziala erabiltzeko.

Bestalde, frogaren balorazioa epaileen esku geratzen zen neurri handi batean, eta horrek subjektibotasunerako tartea irekitzen zuen. Ez zegoen epaimahai herritarrik, eta erabakiak epaile profesionalek hartu zituzten, bakoitzak bere interpretazio juridiko eta politikoarekin.

Kritika nagusietako bat da froga-sistema honek akusazioaren lana erraztu zuela, baina defentsarena zaildu. Hori dela eta, askok uste dute epaiketaren emaitza neurri batean baldintzatuta zegoela hasieratik, frogak aurkezteko eta ebaluatzeko arauak ez baitziren guztiz neutroak.

Defentsaren eskubideen antolaketa eta froga-sistemaren malgutasuna elkarrekin aztertuta, ondoriozta daiteke Tokyoko Auzitegia ez zela soilik prozesu juridiko bat izan, baizik eta testuinguru politiko eta historiko zehatz batean kokatutako epaiketa berezia. Formalki zuzenbide-printzipioak errespetatzen saiatu bazen ere, praktikan hainbat desoreka eta muga agerian geratu ziren, eta horiek izan dira, hain zuzen ere, auzitegiaren inguruko kritika nagusien oinarrietako batzuk.

Hogeita zortzi auzipetu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sadao Araki, Armadako ministroa, Hezkuntza ministroa Konoe kabinetean eta shôwa erregimenaren teoriko nagusietako bat.

Epaimahaiak hiru pertsona-kategoria bereizi zituen:

  • goi-arduradunak,
  • ofizial militarrak, eta
  • beheko mailetako ofizialak.

Hainbat pertsona ez ziren epaitegian agertu, beren babesengatik edo zekiten informazioagatik.

Fiskalordeek eta AEBko administrazioko ordezkariek batzorde exekutibo bat osatu zuten, 80 auzipetuen artean epaitegira nortzuk aurkeztuko zituzten aukeratzeko. Hamar aste eta eztabaida luzeen ondoren, batzordeak 26 pertsonako zerrenda bat paratu zuen lehenik, gero aldatu egin behar izan zena, sobietar fiskalak halaxe eskatuta (batzordean berandu sartu zuten). Sobietarrek eskatuta, Umezu jenerala eta Shigemitsu ministroa —errenditze ekitaldiaren sinatzaileak— atxilotu eta Sugamo-ko espetxean sartu zituzten: beraz, 28 pertsona agertu ziren auzitegian: hemeretzi militar eta bederatzi zibil:

Prozesuaren hasieran, beste auzipetu talde batek (gutxienez) auzitegian aurkezteko asmoa zuten. Hala ere, 1946ko abendutik aurrera, ez zirudien hori kontuan hartzekoa zenik. 28 pertsona horiek soilik epaitzeko erabaki ofiziala prozesua amaitu eta berehala hartu zen.

Enperadorea, babestua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazka amaitu aurretik, enperadorearen erantzukizunaz batetik eta instituzio inperialaren auziaz bestetik, hausnartu eta eztabaidatu zuten hainbat agintari estatubatuar eta aliatuk. Lehen Mundu Gerraren ondorioz aurrekari ospetsu bat izan zegoen: Gilen II.ari zegokiona, Versaillesko Itunak, alferrik, epaileen aurrean agerrarazi nahi izan baitzuen. Bestalde, irtenbide bila zebiltzan diplomatiko japoniarrak baldintzarik gabeko errendizioaren aurka egon ziren luzaroan, batez ere enperadorea eta erakunde inperiala arriskuan jartzeko beldurrez (horri zegokionez, errendizio dokumentuak, Botere Aliatuen aurrean Japoniako Inperioko Kuartel nagusiaren, japoniar indar armatu guztien eta Japoniaren kontrolpeko indar armatu guztien baldintzarik gabeko errendizioa eskatzen zuen arren, etorkizuna trebetasunez aurreikusten zuen honako hau adieraziz: Estatuaren norabidean, Enperadorearen eta Japoniar Gobernuaren autoritatea Aliatuen Komandante Gorenaren menpe egongo da... Horrek ez zuen baztertzen erakunde inperiala mantentzeko aukera).[N 11]

Errendizioa gertatu zen unean bertan ez ezik, ondorengo hiletan ere estatubatuarrek puntuotaz oso bestelako iritziak zituzten: adierazpen, jarraibide ofizial kontrajarriak argitaratu ziren, eztabaida ez ofizialak egiten ziren bitartean. Badirudi MacArthurrek puntu horiei buruz zuen iritzia 1945eko maiatzetik aurrera eratu zela, baita irailaren 27an Hirohitorekin AEBko enbaxadan izandako elkarrizketa informalak ere, munta handikoa izan arren, bere iritzia berretsi besterik ez zuen egin. Japoniarren aldetik, komunistek bakarrik eskatzen zuten Hirohito (baita enperatriza ere) epaitzeko; hala ere, hainbat ahotsek enperadorearen abdikazioa ekartzen zuten gogora, hala nola Naruhiko Higashikuni edo Fumimaro Konoe (abdikazioan Hirohitok balizko epaiketa bati ihes egiteko modua ikusten zutenak). Higashikuni printzeak, besteak beste, elkarrizketa bat eman zuen Yomiuri-Hôchin, 1946ko martxoan The New York Times egunkarian jasoa: hor, adierazi zuen enperadoreari bere abdikaziorako «hiru une egoki» iradoki zizkiola, eta Nobuhito Takamatsu printzea, Hirohitoren anaia, ziurrenik erregeorde jardungo zen Akihito printze oinordekoa adin nagusiko izan arte, Yasuhito Chichibu[9] printzearen gaixotasunaren ondorioz.[10]

Azkenik, MacArthurren ikuspuntua gailendu zen —beste pertsona batzuek eta, bereziki, Hugh Borton-ek Estatu Departamentuan aspalditik proposatua—. Halaber 1946ko urtarrilaren 18an aipatu zen prentsan: enperadorea mantentzea Japonia suntsituaren eta okupatuaren egonkortasunerako beharrezkotzat jotzen zenez, enperadorea ez salatzeaz gain, ez zuen epaitegian lekuko gisa agertu behar. Trukean, eta enperadorearen botereak birdefinitzeko lehen urrats moduan, Japoniako Konstituzio berriak artean proiektu-egoeran aurreikusi behar zuena, enperadoreari bere jainkozko estatusari uko egin ziezaion lortu zen (1946ko urtarrilaren 1eko adierazpena).[N 12][N 13]

Enperadorea ez akusatu izana onargarri izan zedin, leporatzerik —Keenan prokuradotre nagusiaren adierazpen baten bidez, 1946ko ekinaren 18an arte ez zen publiko egin— sinbolo huts moduko aginpidetzat aurkeztu zen, munduko kontuetatik at, erabakitzeko ahalmenik gabe: horrek akusatuen beren ezinbesteko kooperazioa behar zuen, baita enperadorearen gertukoak ez deitzea ere: haietako zenbait, haatik, oso zuzenean engaiatuak ziren.

Hala, MacArthurrek eta Hirohito enperadoreak izenpetutako lankidetza-hitzarmen baten ondorioz, enperadoreak bere postuari eutsi zion, nahiz eta senideengandik ere abdikazio-presio ugari jaso. Akordio horren arabera, gerra krimenetan edo operazio militarren gidaritzan parte hartu zuten familia inperialeko kideak ez ziren deitu: enperadorearen anaiak, Yasuhito Chichibu, Urrezko Lilia operazioaren lan-maisua, eta Nobuhito Takamatsu edo urrunagoko senideak, hala nola Hiroyasu Fushimi printzea, Naruhiko Higashikuni printzea, Yasuhiko Asaka printzea, Nankingo sarraskiaren bultzatzailea eta Tsuneyoshi printzea.[N 14]

Enperadorea zaintzeko ardura horrek, nahiz eta akusatuek berek ere hala uste izan —batzuek behintzat bai, seguru—, zera eskatzen zuen: Auzitegiaren bilkuretako lekukotasunetako bakar batek ere ez zezan pentsaraz enperadoreak erabakietan esku hartu zuenik.

Hirohito eta Shirayuki garaño inperiala.

731. unitate ezkutatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «731 Unitatea»

Gainera, Ikerketa bakteriologikoko 731. unitateko kideak, Shiro Ishii kasu, ez ziren deitu, beren “lanen” emaitzei buruzko informazioaren truke, eta ez zen horien aipamenik egin epaitegian oso denbora laburrean eta oso modu lazgarrian baino.[11]

Eginbidearen saiakerak arma bakteriologikoei buruzko txostena gaingiroki ukitu zuen, fiskal batek 1644 unitateko kide izandako Hataba soldadu desertorearen affidavita frogatzat aurkeztu zuenean. Adierazpen zentsuratu horrek Nanjinggo zibilei pozoitutako seruma injektatzeari buruzko hiru esaldiren aipamena zekarren. Auzitegiko presidente Webb epaileak galdetuta, baieztapen horren nondik norakoaz kezkatuta, eta bere arreta faltaz ohartuta, fiskalak adierazi zuen ez zuela froga osagarririk alegazio horri buruz eskaintzeko. Horren ondorioz, aipamena aktatik kendu egin zuten, Webb epaileak defentsak hala eskatuta.[N 15]

1981ean, Bulletin of the Atomic Scientists aldizkariak John W. Powell-en artikulu bat argitaratu zuen, 731. Unitatearen esperimentazioak eta populazio zibilengan kanpoan egindako probak xehetasunez azalduz. Artikulu horrekin batera, Bernard Victor Aloysius Röling —bizirik zegoen azken epailea— herbeheretarraren ohar bat zetorren: "Auzitegiko kide gisa, eskarmentu garratza da niretzat gaur informatuta egotea Japoniako Gobernu zentralak agindutako izaerarik doilorreneko ekintza kriminalak Gortetik kanpo eduki zituela AEBetako Gobernuak".

Beste salbuespen batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaizkile askok Chiang Kai-sheken indar abertzaleen eta Mao Zedongen komunisten arteko lehiak baliatu zituzten justiziatik ihes egiteko. Aipagarriak dira, besteak beste, Yasuji Okamura jenerala, kontsolamenduko emakumeak enplegatzen zituen atseden-etxeen bultzatzailea eta Hiru denen politika (japonieraz, 三光作戦 Sankō Sakusen, "Dena hil, dena kiskal, dena arpila"; txineraz, 三光政策 Sānguāng Zhèngcè) izenekoaren lan-maisua, erretako lurraren estrategia, edota Masanobu Tsuji, Singapurreko sarraskiaren bultzatzailea eta Bataango heriotzaren martxaren konplizea.

Epaiketaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaitegia Tokio erdian zegoen, Ichigaya auzoan, gerra garaian Lurreko Armadaren kuartel nagusia hartu zuen akademia militarraren eraikin zaharretan. Auzitegiaren aretoaren antolamendua Nurembergekoaren antzekoa zen. Lehen entzunaldia 1946ko maiatzaren 3an izan zen. Audientziak publikoak ziren.

Bakearen aurkako krimena: eztabaida eragin zuen berrikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Defentsak azkar —baina alferrik azkenean— inpugnatu zituen akusazio horren oinarri juridikoak: delitu horrek auzitegia sortu aurretik izate juridikorik ez zuenez, legeen atzeraeraginik ezaren printzipioak debekatu egin behar zuen auzipetuen aurka erabiltzea. Nazioarteko hainbat itun kontrajarri zitzaizkien: 1907ko Hagako Bigarren Konferentzia, 1919ko Versaillesko Ituna, 1928ko Briand-Kellog Ituna (Japoniak izenpetu zuena).

Akusatu guztiak krimen horren erruduntzat jo zituzten, Japoniak hasitako gerretako batengatik edo bestearengatik.

Froga ezartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentu idatzien urritasuna zela eta, batez ere Japoniako agintariek estatubatuarrak iritsi baino lehentxeago egindako suntsiketengatik, benetakoak zalantzazko benetakotasunezko dokumentu batzuk frogatzat onartu ziren, hala nola Tanaka memoranduma (1927).

Japoniarrak eta epaiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AEBko Gobernua eta SCAP adi zeuden japoniar iritzi publikoaren erreakzioei —oso bideratuta egonik ere—, epaiketaren albisteaz eta epaiketaz beraz.

Tojo bere buruaz beste egiten saiatu izanak zirrara eragin zuen. Jendartean errukia edo matxinada sortarazi beharrean, keinu zapuztu hura —eta, beraz, lotsagarria komunzki partekaturiko ohorezko sentimenduei begira— ulertezintasunaren eta antsietatearen kausa izan zen gehienbat. Japoniarrek uler zezaketen Tojok bere burua hil balu errendizioa iragarri zenean; aldiz, Japonia auzitegi batean defendatzeko moduan zegoenean egin izana enperadorea lehen lerroan ikusgai jar zezakeen abandonu arriskutsu moduan bizi izan zen. Prentsak —irailaren 11tik AEBko zentsuraren menpe— tropa japoniarrek egindako krimenen berri eman ahala, militarrek eta burokratek engainatu izanaren sentsazioa zabaldu zen herritarren artean: atxiloketen albisteek ez zuten jendetzaren grina kitzikatu; bestalde, eguneroko oso zail bati aurre egin behar zioten.

Enperadorearen pertsonarekiko atxikimendua oso errotuta zegoen (komunista japoniarrek aktiboki igorritako iritziek entzule gutxi zituzten). Naruhiko Higashikuniren gobernuak sentimendu horretan oinarritu nahi izan zuen estatubatuarrek bultzatutako liberalizazio-mugimendua geldiarazteko: enperadorea eta MacArthur (irailaren 27an egin zuten elkarrizketa ospetsuan) aurkezten zituen argazki bat prentsan argitaratzeak sortutako zirrararen ondorioz, Yamazaki Iwao barne-ministroa, irailaren 29an, auzitan zeuden egunkariak atzematen saiatu zen. Amerikarrek gogor erantzun zuten, irailaren 27ra aurreratutako datako direktiba bat emanez —SCAPIN 66—: artean indarrean zegoen lesa majestate delituari amaiera zen; gainera, Yamazaki Iwaoren dimisioa exijitu zuten; urriaren 4an SCAPIN 93 direktibak irailaren 27an hartutako xedapenak luzatu zituen. Naruhiko Higashikunik bere gobernuaren dimisioa aurkeztu zuen orduan, urriaren 5ean.[N 16][12]

Tojori buruzko sentimenduek bilakaera ona izan zuten, Japoniak bultzatutako politika defendatzeari loturik, ez baitzuen bere defentsa zuzenean bere interes pertsonalen inguruan ardazten, beste akusatuek ez bezala.

Izan ere, 1948ko abuztuan AEBko agintariek eginiko txosten batean azaldu bezala, japoniarrek Prozesua onartu izana, iraganaren hausnarketa kritikoa erakutsi beharrean, ezaugarri kultural zabalago baten ondorio zen: garaitua garailearen mende erabat egotekoa da eta ezaugarri hori izugarrikeria askoren kausa izan zen (halaxe jaso zuen Röling epaileak Prozesua amaitutakoan).[13]

Ekialde Urrunerako Nazioarteko auzitegi militarrean auzipetuak: lehen ilaran, ezkerretik eskuinera, Tojo Hideki lehen ministroa, Oka Takazumi almirantea; azken ilara, ezkerretik eskuinera, Hiranuma Kiichiro Batzorde pribatuko presidentea, Togo Shigenori atzerri ministroa

Eztabaidak 1948ko apirilaren 6an amaitu ziren arren, epaileek hilabete batzuk behar izan zituzten epaia idazteko, eta urte hartako azaroaren 4tik 12ra eman zuten argitara. Yōsuke Matsuoka eta Osami Nagano arrazoi naturalengatik hil zirenez, tuberkulosiak eta bihotzekoak jota, hurrenez hurren, epaiketan zehar, Okawa Shumei prozedura hasi bezain laster buru-nahasmenduengatik barneratu zenez, epaiak 28 akusatuetatik 25i baino ez zien eragin. Denak errudun jo zituzten, Nurenbergen ez bezala, han absoluzioak izan zirelako. Berrogeita hamabost akusazioetatik —froga nahikorik ez izateagatik zein inguruko karguen amalgama izateagatik— hamar baino ez ziren epaian aipatu, zortzi eraso gerra gisa, bi basakeria gisa.

Berehala, defentsek helegitea aurkeztu zuten MacArthur jeneralaren aurrean (Gutunaren 17. artikuluaren harira); horrek, azaroaren 22an Ekialde Urruneko Aliatuen batzordeari kontsulta egin ondoren, azkenean, azaroaren 24an berretsi zuen auzitegiaren erabakia. Beste zazpi kondenatuk AEBko Auzitegi gorenera jo nahi izan zuten; azkenean abenduaren 20an, eskumenik ez zuela adierazi zuen.

Heriotza zigorra jaso zuten zazpien exekuzioa berehalaxe izan zen. 1948ko abenduaren 23an urkatu zituzten, Sugamoko espetxean. Hauek ziren:

Ez zen exekuzioaren argazkirik onartu. Kondenatuen gorpuak erraustu ziren. AEBko artxibo nazionaleko dokumentu baten arabera, 2018an desklasifikatua, errautsak Ozeano Barean sakabanatu ziren, Yokohamatik 30 milia ekialdera, martiri gisa goraipa litzakeen nazionalisten geroko edozein oroitzapen saihesteko. Ordu arte, uste zen errautsak Tokioko badiaren gainean hegazkinez sakabanatu zirela, hilobi baten inguruan; hala ere, geroko iturri japoniar batek dio errautsen zati bat, sakabanatze horri izkin eginda, Nagoyatik gertu lurperatu zutela, 1960an.[14]

Gainontzeko auzipetu guztiei zazpi urteko espetxe zigorra (Mamoru Shigemitsu), hogei urtekoa (Shinegori Togo), edo hil arteko zigorra (Sadao Araki, Kingoro Hashimoto, Shunroku Hata, Kiichiro Hiranuma, Naoki Hoshino, Okinori Kaya, Kōichi Kido, Kuniaki Koiso, Jiro Minami, Hiroshi Oshima, Keno Satno, Shigetaro Shimada, Toshiro Shiratori, Teiichi Suzuki, Yoshiro Umezu). Kuniaki Koiso, Toshio Shiratori, Yoshijiro Umezu eta Shigenori Tōgō kartzelan hil ziren zigorra bete bitartean.

1948ko abenduaren 24an, AEBko Gobernuaren erabaki baten ondorioz baina MacArthurren iritziaren aurka, A klaseko gerra-krimenaz akusatutako hemeretzi auzipetu askatu zituzten (beste sei espetxean hil ziren —Hayao Tada jenerala bezala—, edo lehenago askatu zituzten): legelariek uste zuten aukera gutxi zegoela A klaseko gerra-krimenagatik kondenatuak izateko, Tokioko epaiketak ezarritako jurisprudentziari jarraituz (horietako bi, hala ere, geroago berriro auzipetu zituzten, gerra-krimen konbentzionalengatik). Okawa Shumei ere, bere onera itzulia zena, asilotik askatu zuten exekuziootatik astebetera.[N 17]

Politikari batzuk, gerra-krimenengatik susmagarriak baina auzitegiak epaitu ez zituenak, bizitza politikora itzuli ahal izan ziren, gai publikoetan esku hartzeko debekua 1952an amaitutakoan, hala nola Nobusuke Kishi, 1957an lehen ministro izan zena, edo Ryōichi Sasakawa.

Epaiketaren ondorenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1949an, Khabarovsk hirian Khabarovskeko prozesua egin zen: hamabi gerra-kriminal japoniar, Guandongeko japoniako armadako kide ohiak, epaitu zituzten, Bigarren Mundu Gerran Changde eskualdean 731. Unitateak ekoitzitako arma biologikoak erabiltzeagatik.

1950eko otsailaren lehenean, sobietarrek dei egin zieten AEBei eta beren aliatuei salbuespenezko auzitegi bat ezar zezaten enperadorea epaitzeko, baita lau jeneral japoniar ere, Ishii barne, Gizateriaren aurkako krimengatik. Otsailaren 3ko prentsa ohar baten bidez ezezkoa jakinarazi zitzaien.

Martxoaren 7an, AEBetako agintea Clemency for War Criminals ("Errukia gerra-krimenak direla eta") 5. zirkularra argitaratu zuen, portaera ona agertu zuten presoak lehenago askatzea aurreikusten zuena. Mamoru Shigemitsu horretaz baliatu zen: azaroaren 21ean baldintzapean aske utzi zuten.

San Frantziskoko itunaren bidez —1951ko irailaren 8an izenpetua, 1952ko apirilaren 28tik aurrera indarrean ezarria—, Japoniak auzitegiaren epaia betetzeko konpromisoa hartu zuen (horren aldean, Alemaniako Errepublika Federaleko gobernuaren jarrera askoz anbiguoagoa izan zen Nurenbergeko Epaiketen inguruan; alderantziz, alemaniar Gobernuak berak prozesu batzuk egin zituen independentzia lortutakoan, Japoniak egin ez zuena).

1950eko hamarkadan mugimendu bat adierazi zen, ezarritako zigorrak egokitzeko eskatuz, baita kondenatuei amnistia emateko ere. Hamar milioi pertsona baino gehiagok eskatu zuten preso zeuden gerra kriminalen alde.

1952ko ekainaren 16an, Kiichiro Hiranuma baroia baldintzapean aske utzi zuten, osasun arazoengatik. Irailaren 4an, Harry S. Truman presidenteak 10393. Agindu betearazlea eman zuen, japoniar gobernuak zigorrak arintzeko egindako eskaerak aztertzeko batzorde bat sortzeko.

1954tik aurrera, Alderdi Liberal Demokratiko berriak kondenatuak askatu zituen: shôwa erregimeneko eragin handiko Ichirô Hatoyama eta Nobusuke Kishi bezalako pertsonaiak boterera itzuli ziren. 1954an, Hashimoto Kingorô, Hata Shunroku, Minami Jirô eta Oka Takazumi baldintzapean aske geratu ziren. Araki Sadao, Hoshino Naoki, Kaya Okinori, Kōichi Kido, Ôshima Hiroshi, Shimada Shigetarô eta Suzuki Teiichi 1955ean aske geratu ziren. Satô Kenryô —haren kondena eztabaidatuena izan zen, haatik— 1956ko martxo arte ez zen aske geratu. Aske uzte horrek zenbait kriminali japoniar administrazioan munta oso handiko lan publikoak berriz hartzeko aukera eman zien, hala nola Mamoru Shigemitsuri, kanpo arazoetarako ministroa izan baitzen.

Askapen aurreratu horiek (baita aztertu gabeko kasuak ere, Hirohitoren erantzukizuna kasu) AEBek Japoniarekiko zuten politika anbiguoaren isla izan ziren. Gerra Hotza pil-pilean zegoela (Koreako gerrarekin batera), Japonia herrialde aliatu bihurtu behar zen, eta modurik onena egoera ahalik eta azkarren gainditzea zen. Horrek, dudarik gabe, Japoniak egindako gerra krimenei buruzko japoniar errebisionismoaren gorakadaren alde jokatu zuen.

1978an A klaseko gerra kriminal gisa exekutatutako hamalau pertsonaren “arimak” Yasukuni santutegian[N 18] “hartu” zituzten.

Epaiketa kritikatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kritika batzuk epaileek berek egin zituzten. Izan ere, epaia eman zen egun berean, hamaika epaileetatik bostek epai bananduak adierazi zituzten: Radhabinod Pal epaile indiarrak (epai banandua emateko eskubidea ekinez lortua zuena, Gutunak aurreikusten ez zuena, eta auzipetu guztiak absolbitu behar zirela adierazi zuena), Henri Bernard epaile frantsesak, Bernard Victor Aloysius Röling epaile herbeheretarrak, Delfin Jaranilla epaile filipinarrak eta baita auzitegiko presidenteak ere, Webb epaileak.[N 19]

Dower-ren aburuz, "Nurenbergeko eta Tokioko idealekin bat egin duten eta shôwa erregimenaren ankerkeriak dokumentatzen eta publiko egiten lan egin duten japoniar bakezaleek ere ezin dute justifikatu gerra krimenei buruzko epaiketak nola egin ziren; ezta AEBek enperadorea gerrarako erantzukizunetik salbuesteko hartutako erabakia defendatu ere, eta gero, Gerra Hotzaren gailurrean, Nobusuke Kishi lehen ministro izan zena bezalko gerra kriminal ultraeskuindar akusatuak askatu eta handik gutxira besarkatzeko".[15]

Hainbat historialarik enperadorea eta familia inperiala auzipetze kriminaletik salbuesteko erabaki hori kritikatzen dute. John W. Dower historialariaren arabera, "Enperadorea gerrarekiko erantzukizunetik absolbitzeko egin zen kanpainak ez zuen mugarik izan. Hirohito errugabe aurkeztu ez ezik, gerra-kriminal gisako errua lepora ziezaiokeen ekintza formal orotan, gerraren aurrean inolako erantzukizun moralik ez zuen ikono santu ere bihurtu zuten". Herbert P. Bix-en esanetan, "MacArthurrek Hirohito gerra-kriminal gisa epaitzetik salbatzeko hartutako neurri benetan apartekoek eragin iraunkor eta guztiz distortsionatzailea izan zuten japoniarrek gerra galduari buruz zuten ulermenean", Japoniara iritsi eta berehala, (brigadier jeneral) Bonner Fellers-ek lanari ekin zion Hirohito gerraren garaian eta amaieran bete zuen roletik babesteko", eta "kriminal nagusiei gertakarien beren bertsioa koordinatzeko aukera eman zien, enperadoreak inputaziotik ihes egin zezan".[16][17]

Zer ekarri zuen auzitegi horrek

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nurenbergeko epaiketak bezala, Tokiokoak oso politikoak izan ziren, baina kriminal asko epaitzeko aukera eman zuen; bere hamaika epaileekin, hamabi fiskalekin, haren iraupena (bi urte eta erdi), 1.200 orrialdeko epaia, 124 liburukiko aktak, Nurenbergekoa baino eragin handiagoa izan zuen zenbait alderdirengatik. Bi auzitegi horiek nazioarteko justizia penala ezartzeko ahaleginean parte hartu zuten (ikus Nazioarteko Zigor Auzitegiari buruzko artikulua).[N 20][18]

Nazio Batuen Erakundeak gai horretan egin zituen lehen ekimenak, bestalde, Tokioko prozesuaren garaikideak izan ziren: lehenik, 1946ko abenduaren 11ko ebazpenek Nurenbergeko Auzitegiaren estatutua eta jurisdikzioa hartu zituzten oinarritzat. 1947an, frantses ordezkari Henri Donnedieu de Vabres-ek "Nazioarteko zuzenbidearen garapen progresiborako eta kodifikaziorako batzordearen" sortu berriaren aurrean, alferrik, bere Nazioarteko jurisdikzio kriminala sortzeko proiektua jasotzen zuen memoranduma aurkeztu zuen. 1947ko azaroaren 21eko ebazpen batek Commission du droit international ("Nazioarteko zuzenbidearen batzordea") bati bakearen eta Gizateriaren segurtasunaren aurkako krimenen kode bat egiteko ardura eman zion.

Frantzian, Tokioko Nazioarteko auzitegi militarraren gutuna ez da berretsi, ezta argitaratu ere.

Artean eta herri-kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2006: Gao Qunshu-ren The Tokyo Trial, Ju-Ao Mei txinatar epailaren ikuspuntuaren arabera.
  • 2016: NHK-k eta Netflixek ekoitzitako lau ataleko Tokyo Trialek epaiketa erakutsi zuen, epaileei eta haien lanei jarraituz, artxiboko irudiak eta fikzioa tartekatuz.[19]

Ikus, halaber

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerikusia duten artikuluakw

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Annette Wieviorka (zuz.), Les Procès de Nuremberg et de Tokyo (Complexe argitaletxea), 1999
  • Paul-Yanic Laquerre, Les procès de Tokyo ; une justice de façade, 2e Guerre Mondiale, 31. zk., 2010eko otsaila-martxoa, 62-73. orr.
  • Étienne Jaudel, Le procès de Tokyo : Un Nuremberg oublié, Odile Jacob, «Sciences humaines» bilduma, 2010, 160 or. (ISBN 978-2-7381-9885-3, online irakurgarri)
  • Franck Michelin, Le procès des criminels de guerre japonais (L'Histoire, 271. zk., 54-62 orr).
  • Wikipedeia: International Military Tribunal for the Far East Wikipedia: Tokyo Charter Encyclopedia.com: Tokyo Trial

Kanpoko estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak eta erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Era berean, 1945eko otsailaren 7a arte ez zuen Frantziako Errepublikako behin-behineko Gobernuaren Zigiluen Zaindariak japoniarrek Indotxinan egindako gerra krimenei buruzko inteligentzia zerbitzu bat sortzea abiarazi. Henri Bernard epailea Tokioko epaiketan.
  2. Hala ere, irailaren 3ra arte ez zen Filipinetako japoniar agintea formalki errenditu; Koreako indarrentzat irailaren 9an egin zen, Hego-ekialdeko Asiarentzat ez zen irailaren 12ra arte izenpetu; egun horiek azaltzen dute neurri batean zergatik itxaron zuen MacArthurrek irailaren 11ra arte atxilotzeko agindua eman arte, prentsari azaldu zionez, horrek bere moteltasunagatik kritikatu baitzuen.
  3. Hurrenkera honen arabera (Ltr, GHQ USAFPAC, to CG Eighth A, 11 Sep 45, sub: Apprehension and Detention of Certain Individuals. In AG 383.7 (CI)), irailaren 11ko atxilotuak: Suzuki jenerala, Okinobu Kaya, Hiroyasu Ino, Michiyo Iwamura, Hashimoto koronela, Homma teniente-jenerala, Shozo Murata, Tokuda kapitaina, Suzuki koronela, Tabata sarjentua, Paratrap / Pratap Mahendra, James Sakaki, Shigenori Kuroda, Jose Laurel presidentea, haren seme Jose eta Benigno S. Aquino, Yashitaka Ueda (zerrendako 24.a), Kunihiko Hashida eta Koizumi jeneralek beren buruaz beste egin zuten atxilotuak izan aurretik (lehena, bere burua pozoinduz; bigarrena, seppuku erritua betez); Shigemori Togok, bihotzeko gaixotasun bat zuenez, bere burua geroago eman zuen; Nobosuke Kishisek irailaren 16-17an bere burua eman zuen; Hirotari zegokionez, haren egoera zalantzazkoa zen egun haietan; Terashima almirante ordea Tojoren gerra-kabineteko partaide libre bakarra zen arteanle. Hurrengoak ere atxilo hartu zituzten: Charles Cousens majorra, Heinrich Stahmer, Stretchmer jenerala, Maung doktorea, Josef A Meisinger / Meisenger koronela, Wathakan Wichit, Kira Tagahama koronela, Seiichi Ohto teniente-koronela, Josias van Dienst, Aung Than, Mark Lewis Streeter, John Holland (alias David Lester), Iva Toguiri (alias Tokyo Annie, alias Tokyo Rose); azkenik, Jorge B. Vargas eta haren bi semeak. Itxuraz, ahanztura xinple baten ondorioz Naoki Hoshinoren eta Michio Yuzawaren izenak —Tojoren kabinetekoak biak— irailaren 11ko zerrendan ez ziren ageri; hantxe ageri ziren Seiichi Ohta eta Honashi Takeuchi izeneko bat irailaren 19an atxilotu zituzten; egun hartan, bilatutako 39 pertsonetako zazpi soilik falta ziren oraindik.
  4. Informazioari buruzko kontrola zegoen irailaren 11 baino lehen: SCAPek atxilo hartutako japoniarrei zegokienez, horrexen inguruko xedapenak hartuak zituen: «No praise or pity should be expressed for Japanese into custody by Allied authority» ("Ez da laudoriorik edo errukirik adierazi behar Aliatuen agintaritzak atxilotu dituen japoniarrez.").
  5. eta Tanaka memorandumaren argitalpenaren eguna.
  6. Atxilo hartu ziren: Koiso jenerala, Yosuke Matsuoka, Iwane Matsui jenerala, Sadao Araki jenerala, Honjo jenerala —bere burua hil zuen—, Funanonsuke Kuhara, Minami jenerala, Toshio Shiratori, Yoshihisa Kuzuu / Kuzuo eta Kzaunobu Kanokogi (aehatzago: Kazunobu Kanokog?) cf. The Argus[Betiko hautsitako esteka] 1945eko azaroaren 20an, asteartearekin.
  7. Abenduaren 3an atxilo hartutakoak: enperadorearen familiako bi pertsona: Kōichi Kido markesa eta Nashimoto printzea; halaber, industrialari batzuk, hala nola Kiyoshi Goko, Mitsubishiko presidente ohia edo Seihin Ikeda —Mitsui bankukoa eta Japoniako Bankukoa—, Chikuhei Nakajima —industria aeronautikoa—, zenbait militar, hala nola Soemu Toyoda eta Sankichi Takahashi almiranteak eta Shunroku Hata marexala; hedabideetako gizonak, Inosuke Foruno —Domei Agency— edo Matsutaro Shoriki —Yomiuri Shimbungo presidentea— bezala; azkenik, zenbait politikari, adibidez Eiji Amau eta Masayuki Tani. Zerrendan beste batzuk ere ageri ziren: Koki Hirota (iraileko atxiloketu beharrekoen zerrendan ageri zena, ezabatua izan aitzin), Kiichiro Hiranuma baroia.
  8. Bere lehen artikuluan bidezkotasunaren eskakizunaren zehaztapena —era berean baieztatu zen azkartasunaren eskakizunarekin talka egin zuena, agian— ez zen ondoriorik gabea izan: lehenik eta behin, defentsari esleitutako bitartekoetan izan zituen ondorioak (hala ere, oso erlatiboak izan ziren fiskaltzari esleitutakoekin alderatuta); azkenik, Auziaren kritikoek oinarri-adierazpen hori zalantzan jarri zuten, beste leku batzuetan onartutako froga-erregimenaren argitan.
  9. Gerra kriminal txikitzat jotakoen epaiketa —"krimen txikiak" terminoak engainagarria izan liteke, eskala eta izugarrikeria handiko gertaerak barne har ditzakeelako— Gutunak jasotzen ez dituen auzitegi militarrek egin zuten, Japonian (Tokio eta Yokohama), baina baita atzerrian ere.
  10. 1946ko apirilaren 3an, Far Eastern Commissionek ("Ekialde Urruneko batzordeak") Apprehension, Trial and Punishment of War Criminals in the Far East ("Gerra kriminalen atxiloketa, epaiketa eta zigorra Ekialde Urrunean") izeneko dokumentuan jarraibideak zedarritu zituen https://www.jstor.org/pss/2703596
  11. Naruhiko Higashikuni printzea, Hirohitoren osaba, Japoniako botere exekutiboko buru izendatzeak erakunde inperiala betikotzeko nahia erakutsi zuen. Higashikuni enperadorea balizko edozein salaketatatik babesteko lan egitekoa zen, 1945eko irailaren 5ean Dietari emandako hitzaldian egin zuen bezala.
  12. Bai australiarrek, bai zeelandaberritarrek, biek ere luzaroan eskatu zuten enperadorea justiziaren aurrean eraman zedin.
  13. MacArthur gerra zibilaren beldur zenez, Harry S. Truman presidenteari ordena mantentzeko miloi bat soldadu gehiago beharko zituela jakinarazi zion, enperadorera auzipetua baldin bazen.
  14. MacArthurrek nahikoa serio hartu zituen enperadoreak abdikatzeko asmoari buruzko zurrumurruak, eta neurriak hartu zituen hori saihesteko. 1948ko azaroaren 12ra arte —epaia iragarri ondoren—, ez zion Yoshidak MacArthurri Hirohitoren gutun bat bidali; haren bidez ez zuela abdikatuko adierazten zuen.
  15. Paul-Yanic Laquerre, Les Procès de Tokyo; une Justice de Façade, 2e Guerre Mondiale #31, 2010eko otsail-martxoa, 70. or..
  16. Bi zuzentarau horiek, "Askatasun aginduak" (Jiyu no shirei) izenaz ezagunak, Japoniako Konstituzio berriaren bidea ireki zuten, 1946ko azaroan onartua, Prozesua oraindik hastapenetan zegoenean.
  17. Adibidez, Nashimoto printzea eta Goko Kiyoshi 1946ko apirilaren 13an aske utzi zituzten; barkamenek Tawahashi almirantea, Eiji Amau, Masouki Tanai, Nishio jenerala, Tada jenerala, Yoshihisa Kuzu, Ryoichi Sasakawa eta Tojoren kabineteko beste zazpi partaideri ere eragin egin zien, cf.:The Canberra Times < Saturday 25 December 1948[Betiko hautsitako esteka].
  18. Hideki Tojo, Kenji Doihara, Iwane Matsui, Heitaro Kimura, Koki Hirota, Seishiro Itagaki, Akira Muto, Yosuke Matsuoka, Osami Nagano, Toshio Shiratori, Kiichiro Hiranuma, Kuniaki Koiso... eta Yoshijiro Umezu.
  19. Bataango heriotzaren martxako biktima izan zenez, krimen horretaz hitz egin zenean, ez zen epaitegian izan.
  20. Itzulpen guztiak kontuan hartuta, AEBek hegazkin bat alokatu behar izan zuten Prozesua paperez hornitzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ikus: The Legal Regime of the International Criminal Court: Essays in Honour of… (José Doria, Hans-Peter Gasser, M. Cherif Bassiouni).
  2. National Archives Collection of World War II War Crimes Records.
  3. Ikus: World War 2 in Asia and the Pacific… - Google Livres.
  4. Irailaren 17a arte, MacArthurrek ez zuen Yokohamako bere Bulego nagusia lekualdatu.
  5. Directive on the Identification, Apprehension and Trial of Persons Suspected of War Crimes, ez dago datarik edo serie zenbakirik, FEAC 8-ri gehitua, 24 October 1945, EA 2 106/3/22 txostena, 1. zatia, Archives New Zealand.
  6. (Ingelesez) Dietako Liburutegi Nazionala SCAPIN 550.
  7. Jaudel 2010.
  8. Conseiller juridique au ministère de la France d'outre-mer, il démissionne pour raisons personnelles[7].
  9. Paul-Yanic Laquerre, Les Procès de Tokyo; une Justice de Façade, 2e Guerre Mondiale #31, février-mars 2010, p. 62.
  10. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman books.google.fr izeneko erreferentziarako
  11. Hal Gold, Unit 731 Testimony, 2003, 108-113. orr
  12. LW Beer, The Present Constitutional System of Japan (Meryll Dean, Japanese Legal System, Cavendish Publishing, 2002, 474. or.) online irakur.
  13. Awaya Kentaro. The Tokyo Tribunal, War Responsibility and the Japanese People. ..
  14. U.S. documents solve mystery of Japanese war criminal's remains. 2021-06-14.
  15. Dower, ibid., 562. or.
  16. Dower, ibid. 326. or.
  17. Bix, ibid. 545, 583. orr.
  18. Dans l'ombre de Nuremberg, le procès de Tokyo, France Cultureren Le bien commun saioa, 2010eko irailaren 25ean.
  19. (Ingelesez) Tokyo Trial (TV Mini-Series 2016– ), IMDb.