El Liberal Guipuzcoano

Wikipedia, Entziklopedia askea

El Liberal Guipuzcoano 1820an sortutako Donostiako prentsa agerkari bat izan zen, bi aldi desberdinetan argitaratua. Lehendabiziko agerkaria hiri horretako Sociedad Patriótica elkartearen (La Balandra ere deituaren) argitalpen ofiziala zen.[1] Bigarren 1840an hasi ziren argitaratzen, eta aurreko izen bereko aldizkariaren printzipio liberal berdinak babesten zituen.

Lehendabiziko argitalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Liberal Guipuzcoano Espainiako Hirurteko Liberala hastearekin batera sortu zen, urte horretako uztailean. Astelehen eta ostiralean plazaratzen zuten, eta Espainiako prentsak aldizkari hau hartzen zuen oinarri atzerriko albisteak argitaratzeko, ateratzen zituen informazioen kalitatearen seinale. Baroja familiaren moldiztegian inprimatzen zuten.[2][3]

Erredaktoreen artean ondorengoak zeuden: Jose Maria Labaien, Cándido Almeida, Pablo Mendibil, José Elías Legarda, Lorenzo Sánchez eta Paulino Rodríguez Mutiozabal. Eragin handikoa izan zen Gipuzkoako politika eta ekonomiako gai nagusietan, horien inguruko eztabaidetan parte hartuz.[3] Donostiako Diario Vasco egunkariaren aurrekari ideologikotzat jo izan da, euskal foruen kontrako elite liberalaren adierazpide.[1] Hirurteko Liberalaren ondoren, lehendabiziko El Liberal Guipuzcoano hau argitaratzeari utzi zitzaion.

Hurrengo urteetan, Donostiako alderdi progresistakoek Eco del Comercio argitalpena izan zuten haien bozeramaile, baina gerra amaitutakoan eta 1839ko urriaren 25eko legea onartu berritan, beren argitalpen berezia ateratzera lerratu ziren. Une horretan, milizia liberalak zebiltzan Donostiako kaleetan, "foruen kontrakoagoak liberalagoak ziren neurrian".[4]

Bigarren argitalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Karlistaldia pasata, beste El Liberal Guipuzcoano bat argitaratu zen indar berriz 1840ko urtarrilean. Donostiako burgesia, industriala eta merkataria, isabeldar alderdiari hertsiki atxikirik egoteaz gain, Espainiako aldaketa politiko aurreratu eta ausartenen aldeko agertu zen. Aldizkari hau hiriko eliteek bultzatu zuten zuzenean, eta ezin argiago du helburua: foruak indargabetzea eta probintzia monarkiaren konstituzio batasunean osoki eta betiko integratzea, baita Espainiako merkatuan ere alde ekonomikoan. Sinesmen horiek aldizkariaren goiburuan esplizituki agertzen ziren, izenburuaren ondoren:[4]


Aitonen semeen pribilegioa bertan behera utzi Aduanak mugara eraman 1. auzialdiko epaitegiak ezarri Konstituzio Batasuna


Argitalpen honen aurkari nagusia El Vascongado zen. Aliatuetan, berriz, El Vizcaíno Originario (Bilbokoa), edo El Vigilante Cántabro, Santanderren. El Vascongado kazeta foruzale aurkariak kritikatu zion bezala, Donostiako aldizkariko erredaktoreak enplegatuak ziren; El Vascongadoko kritikaren iritziz, gero, zentsura pasa behar zuten ("mertzenarioak", deitzen die aldizkariak, eta enpresa eta erredakzioa guztiz bananduta daudela dio); gutun batean, Madrilgo progresistek, Colladok hala kudeatuta, erredaktore bat bidaliko zutela adierazten da. Nolanahi ere, kazetaritzaren historiaren ikuspegitik, kazetaritzako enpresa kapitalistaren modernizazioan aurrerapauso bat izan zen, soldatapeko lan eskemak aplikatzean, Javier Fernandez Sebastianen iritziz.[4]

1841eko urriaren 29ko Esparteroren Dekretuak, azkenean, donostiar horien eskaerak islatu zituen: aduanak mugara eramatea, Espainiako Konstituzioaren arabera hedatzen zuen udalak eta aldundiak aukeratzeko hautespen gorputza, eta lehen auzialdiko epaitegiak ezarri zituen, El Liberal Guipuzcoanok lehen orrialdeko goiburuan adierazten zuena. Printzipio horietako batzuk betiko geratu ziren legez finkatuta Donostian (eta Probintzia Baskongadoetan) hurrengo urteetan.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Berria.eus. «Donostiako kale izendegia gora eta izendegia behera» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  2. Artola, Miguel (ed.). 2001, 61-62. or.
  3. a b «Donostia / San Sebastián. Historia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  4. a b c d Fernández Sebastián, Javier. 1990, 395-401. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Fernández Sebastián. «El nacimiento del fuerismo moderado: Prensa vasca en torno a la Primera Guerra Carlista» in Arrizkuenaga, Joseba 150 Años del Convenio de Bergara y la Ley del 25 -X - 1939. 3 Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco 1990, 269-318 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]