El mayorazgo de Basterretxe

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

El mayorazgo de Basterretxe
Jatorria
Argitaratze-data1929
IzenburuaEl mayorazgo de Basterretxe
Jatorrizko hizkuntzabaliorik ez
Ezaugarriak
Genero artistikoafilm mutua eta melodrama (en) Itzuli
Iraupena53 minutu
Koloreazuri-beltzekoa
Zuzendaritza eta gidoia
Zuzendaria(k)Mauro Azkona
Gidoigilea(k)Mauro Azkona
Víctor Azkona

Antzezlea(k)
Bestelako lanak
MusikagileaJesus Guridi
Argazki-zuzendariaVíctor Azkona
IMDB: tt0019153 Edit the value on Wikidata

El mayorazgo de Basterretxe euskaraz, "Basterretxeren maiorazkoa" 1929 urtean eginiko Euskal Herriko filma da. Mauro eta Victor Azkona anaiek egin zuten film mutu hau, beren produkzio-etxe Producciones Azkonari esker.

Euskal Herriko lehendabiziko filmetako bat izateaz gain, honetan ikurrina irudietan agertu zen lehendabizikoz. Baserri-melodrama Pierre Lhande iparraldeko jesuitaren Mirentxu eleberrian oinarrituta zegoen.

Film hartako zenbait irudi agertu ziren 2003ko Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra filmean.

Helburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Principe antzokian proiekzioa iragartzen zuen publizitateak honela zioen: "Eskualdeko gertaera zinematografikorik handiena da. Bertako film honetan euskal giroa, euskal artistak, euskal paisaiak eta euskal ekoizpena daude. Dena da euskal jatorrikoa film honetan, pasa den mendeko ohiturak erakusten baititu, eta errealismo handiz agertzen dira pantailan, inolako gasturik baztertu gabe". Esku programak azalpen hau ematen zuen filmari buruz: "Film honetan ederto ikus daitezke nolakoak ziren pasa den mendeko euskal ohitura xume eta patriarkalak. Baserria maitatzea, itsasoaren grina sentitzea, amodio xamurrak izatea. Zekenkeriaren eta lukurreriaren aurka egotea. "Euskal Herriko antzina-antzinako ohiturak eta bizimodua goraipatzea (lurra landu eta itsasoa bizitu) melodrama honen ezaugarri nagusia da. Horren irudiak hurbilago daude garai hartan goraka zihoan euskal abertzaletasunetik Edurne, modista bilbaína (1924) "proletario" film aurrekaria baino

Arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besteak beste, filmazioan zehar diru arazoak izan zituzten. Prostitutarena egiteko benetako profesionalengana jo behar izan zuten, benetako aktoreek ez baitzeuden horrelakorik antzezteko prest. Eta ez hori bakarrik, oztopo horietaz gain, Gobernadore Zibilaren jazarpen politikoa jasan behar izan zuen, izan ere, hasiera batean, gidoia irakurritakoan, dantza folkloriko batean ikurrina agertzea debekatu zuen. Beste egun batean, filmeko aktoreek eta estrek garaiko arropak jantzita joan behar izan zuten Bilbon zehar filmatzeko lekuraino, eta Azkona anaiek Gobernadorearen ohar bat topatu zuten hurrengo egunean egunkarian, baimenik gabeko agerraldi folklorikoak debekatzen zituena.

Estreinaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El mayorazgo de Basterretxe 1928ko abenduaren 19an eman zuten lehen aldiz Donostiako Principe Antzokian. Jendaurrean eta kritikarien artean arrakasta izan zuen, egindako diru gastua amortizatu ez zuten arren. Zoritxarrez, estreinaldia film soinudunak agertzearekin batera egin zen, eta horrek alde batean baztertu zuen Azkona anaien filma Madrilen edo Bartzelonan erakusteko aukera.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

XIX. mende erdialdean kokatzen da akzioa. Basterretxetarren baserria, Aizkorrin, Bizkaiko kostaldeko herri batean, dago. Arrantza eta nekazaritza dira herri horretako jarduera nagusiak. Josetxu, baserriko maiorazkoak nekazaritza-lanak utzi eta itsasora jo nahi du inondik ere. Haren arreba Mirentxu Txominekin, herriko dantzari nagusiarekin, maitemindu da.

Hiruren zoriona arriskuan jarri nahian dabil Don Timoteo, kosta ahala kosta Basterretxetarren ondasunez jabetu nahi duen indianoa. Lagarto herritar gaiztoak kezka zabaldu du Basterretxetarren artean, Don Timoteoren eta Pakitoren, Mirentxuren atzetik dabilen jauntxoaren diru-laguntzaz.

Don Timoteok traineru eta arrantza-apareju batzuk saldu dizkio Josetxuri eta haien balioa, hiru mila erreal, ordaintzeko konpromisoa hartu du honek. Paquitok edatera gonbidatu du Txomin, mozkortu arte, eta hiriburuko putetxe batera joateko konbentzitu du. Bitartean, Tasio, Basterretxetarren nagusia, hil du Lagartok.

Txomin da susmagarri handiena eta baserria galduko du Josetxuk Don Timoteori zorra ordaintzen ez badio.

Aktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Margarita Arregi
  • Víctor Barguilla
  • Lucia Basterretxea
  • Martina Basterretxe
  • Faustino Bilbao
  • Juan Bilbao
  • Elvira Castro
  • José María Cerezo
  • Vicente Cerezo
  • José Frías
  • Eduardo Morata
  • Rosario Nogués
  • Josetxu Salamanca
  • Julián Salamanca
  • Ester Souto
  • Francisco Veintemillas
  • Orlando Villafranca
  • Jesús Yoldi

Ezaugarri teknikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendaritza Mauro Azkona
Gidoia Mauro Azkona, Victor Azkona eta Esteban Muñoz
Ekoizlea Producciones Azkona
Musika Jesus Guridik egina eta Jose Maria Franco birmoldatuta
Argazki Zuzendaria Victor Azkona
Apainketa Jesus Larrea eta Victor Azkona

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]