El Niño

- Artikulu hau fenomeno atmosferikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Niño».
El Niño izenaz ezagutzen den fenomeno atmosferikoa Ekuatore inguruko Ozeano Bareko itsasoa eta atmosferaren sistema globalean gertatzen den alterazioa da, eskuarki abendu eta martxo artean gertatzen dena, non normalean oso hezeak diren inguruak, Indonesia kasu, lehor izatera igarotzen diren, eta, usu lehorra den Hego Amerikako mendebaldeko kostan, prezipitazio ugari gertatzen dira.[1][2][3]
Izena duela mende batzuk jarri zioten itsasgizon perutarrek, abendu amaieran hasten zenez El Niño de Dios-en etorrera iragartzen baitzuen, Eguberria hain zuzen ere. Izen zientifiko gisa, ENSO gertaera ere erabiltzen da, ingelesezko El Niño - Southern Oscillation (El Niño - Hegoaldeko oszilazioa)[4].
El Niño-Hegoaldeko oszilazioa (ENSO) klima-fenomeno global bat da, Ozeano Bare tropikalean haizeen eta itsas gainazaleko tenperaturen aldaketetatik sortzen dena. Aldaketa horiek eredu irregularra dute, baina badituzte ziklo itxura batzuk. ENSOren agerpena ez da aurreikusgarria. Tropiko eta subtropikalean eremu gehienen kliman eragiten du, eta munduko latitude altuagoetako eskualdeekin loturak (telekonexioak) ditu. Itsas gainazaleko tenperaturaren berotze-faseari «El Niño» deitzen zaio, eta, hozte-faseari, «La Niña». Hegoaldeko oszilazioa itsas tenperaturaren aldaketarekin batera datorren oszilazio atmosferikoa da.
El Niño lotzen da itsas mailaren presioa ohi baino handiagoa izatearekin Indonesian, Australian eta Indiako ozeanoan, Atlantikoraino,. La Niñak, gutxi gorabehera, alderantzizko eredua du: presio altua, Ozeano Bareko erdialdean eta ekialdean, eta presio baxuagoa, tropiko eta subtropikalaren gainerako zati handi batean[5][6]. Bi fenomenoetako bakoitzak urtebete inguru irauten dute, eta, normalean, bi edo zazpi urtean behin gertatzen dira, intentsitate desberdinarekin eta, intentsitate txikiagoko aldi neutroak tartekatuz[7]. El Niño gertaerak intentsitate handiagoa izan dezakete, baina La Niñaren gertaerak errepika daitezke, eta gehiago iraun dezakete.
ENSOren mekanismo gako bat Bjerknesen atzeraelikadura da (1969an, Jacob Bjerknesen omenez izendatua), non atmosferako aldaketek itsasoaren tenperaturak aldatzen dituzten, eta horrek, aldi berean, atmosferako haizeak ere atzeraelikadura positiboan aldatzen ditu. Ekialdeko alisio ahulagoek gainazaleko ur epelen gorakada ekialderantz eta ozeanoaren gorakada murriztea eragiten dute ekuatorean. Horrek, aldi berean, itsas gainazaleko tenperatura beroagoak (El Niño deiturikoa), Walker zirkulazio ahulagoa (atmosferako ekialde-mendebaldeko alderantzikatze zirkulazioa) eta alisio haize are ahulagoak dakartza. Azken finean, mendebaldeko Pazifiko tropikaleko ur epelak nahikoa agortzen dira baldintzak normaltasunera itzul daitezen. Oszilazioa eragiten duten mekanismo zehatzak ez daude argi, eta aztertzen ari dira.
ENSO monitorizatzen duen herrialde bakoitzak El Niño edo La Niña gertaera bat zer den zehazteko atalase desberdina du, bakoitzaren interes espezifikoetara egokitua[8]. El Niñok eta La Niñak eragina dute klima globalean, eta eguraldi-eredu normalak eten egiten dituzte, eta, ondorioz, ekaitz biziak sor ditzakete leku batzuetan, eta lehorteak, beste batzuetan[9][10]. El Niño gertaerek epe laburreko (urtebete inguruko iraupena) gainazaleko, batez besteko, tenperaturaren igoera globalak eragiten dituzte, eta La Niña gertaerek, berriz, gainazaleko hoztea epe laburrean[11]. Beraz, El Niñoren maiztasun erlatiboak, La Niña gertaerekin alderatuta, eragina izan dezake hamar urte inguruko denbora-eskalan tenperatura globaleko joeretan[12]. ENSOk gehien kaltetutako herrialdeak dira Ozeano Barearen mugan dauden eta nekazaritza eta arrantzaren menpe dauden garapen bidean dauden herrialdeak.
Klima-aldaketaren zientzian, ENSO barne-klima-aldakortasunaren fenomenoetako bat gisa ezagutzen da[13]:23. Klima-aldaketaren ondorioz, ENSOren etorkizuneko joerak ziurgabeak dira[14], nahiz eta klima-aldaketak lehorteen eta uholdeen ondorioak areagotu. IPCCren seigarren ebaluazio txostenak, 2021ean, ENSOren etorkizunerako ezagutza zientifikoa laburbildu zuen honela: «Epe luzera, baliteke El Niño-Hegoaldeko oszilazioarekin lotutako prezipitazio-aldakortasuna handitzea»[13]:113. Zientzialarien adostasunak ere dio: «Baliteke ENSO telekonexioen indarraren eta espazio-hedaduraren aldaketekin lotutako prezipitazio-aldakortasunak aldaketa nabarmenak eragitea eskualdearen eskalan»[13]:114.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fenomeno hori bitik zazpi urtera bitarteko tarteetan agertu ohi da. Itsasoak eta atmosferak egoera anormala hartzen dute hamabi eta hemezortzi hilabete inguruko aldian. Fenomenoa Ozeano Bare tropikalean hasten da, Australia eta Indonesia inguruan. Hainbat lurraldetako presio atmosferikoak aldatzen dira; haizeek norabide eta abiadura aldaketa bortitzak jasan, eta ingurune tropikaleko masa euritsuak mugitu egiten dira.
Egoera normalean, ekialdetik mendebaldera doazen alisio haizeek ur eta bero kantitate handiak pilatzen dituzte Ozeano Barearen mendebaldean. Horren ondorioz, itsasoaren maila Indonesian, gutxi gorabehera, metro eta erdi goragoa izan ohi da Peru eta Ekuadorreko kostaldean baino. Gainera, itsas gainazaleko tenperaturaren inferentzia 8 °C-koa da bi zonaldeen artean. Itsaso azpialdean higitzen diren ur-masa hotzek Amerikako kontinentearen kontra jotzean azaleratu egiten baitira, goi geruzak hoztuz.
Eurite gehienak Asia hego-ekialdean gertatzen dira, hodeien formazioa eta ondorioz sorturiko prezipitazioak Ozeano Bareko itsaso beroen gainean berotu eta higitutako airearen ondorio baitira. Ozeano Barearen ekialdea, Amerikatik gertu dagoen sektorea, ordea, nahiko lehorra da.
El Niño garaian, ordea, alisio haizeak ahuldu egiten dira presio aldaketen eraginez. Itsasoaren gainazaleko tenperatura maximoak ekialderantz higitzen dira, sei hilabeteren barruan Hego Amerikako kostara iritsiz. Ondorioz, Ozeania ingurua hoztu egiten da. Ozeano Barearen ekialdean presioa jaitsi egiten da, eta, mendebaldean, igo egiten da; ondorioz, aire masa eta laino eta euriak ere Amerikarantz mugitzen dira.
Guzti horren ondorioz, aipatu bezala, normalean oso hezeak diren inguruak, Indonesia kasu, lehor izatera igarotzen dira, eta, normalean lehorra den Hego Amerikako mendebaldeko kostan, prezipitazio ugari gertatzen dira.
La Niña
[aldatu | aldatu iturburu kodea]La Niña fenomenoa El Niñoren kontrakoa da. Kasu horretan, ekialdean, presio altuak mantentzen dira denbora luzez, eta, mendebaldean, presio baxuak sortzen dira. Gainera, alisio haizeak biziagotzen dira, eta, ondorioz, El Niñoren kontrako fenomenoa gertatzen da: aire masa hezeak mendebalderantz higitzen dira, eta Asia hego-ekialdean eta Ozeanian prezipitazio gogorrak gertatzen dira.
ENSO gertaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Bareko tropikoetatik lurburuetarako latitudeetaraino antizikloi zelulak dira nagusi; zelula horietan ekuatore alderako alisioak sortzen dira. Antizikloi zelulek, ekuatore aldean, ekialdetik mendebalderako haizeak eratzen dituzte, eta haize horiek itsaso aldera jotzen dute antizikloi zelulekin batera, ekuatorearen paraleloan ekialde-mendebal norabideko bi itsaslaster paralelo eratuz (ekuatore iparraldeko eta ekuatore hegoaldeko itsaslasterrak, hain zuzen). Itsaslaster horiek ur epelez kargatuta daude; ur epela Ozeano Barearen mendebaldean pilatzen da, eta, pilatze horren ondorioz, Asiatik Ameriketara 5-6° ipar latitudera doan ekuatoreko kontrako itsaslaster bat eratzen da, Erdiko Ameriketara eta Mexikora iristen dena. Hego Ameriketako kostaldean, ordea, ez da joera hori betetzen, eta ur hotzeko itsaslasterra da nagusi.
Txileko kostaldean, goi latitudeetatik iristen dira ur hotz horiek, hego-mendebaldeko haizeekin batera; iparralderago, ipar-mendebaldeko norabidea hartzen du haizeak, eta iturbegi edo goranzko izeneko fenomenoa eragiten du Peruko kostaldean; fenomeno horren ondorioz, oso ur hotza izaten da inguru horretan, batez ere 15-20° hego latitudeen artean. Hego hemisferioko udan (urtarrila-martxoa), Ozeano Barearen hegoaldeko antizikloiak hego-mendebalderantz egiten du.
Horrek indarra kentzen die Txile-Peru kostaldeko alisioei, eta, aldi berean, gorantz egitea eragozten dio itsas hondoko ur hotzari.
Ekuatoreko kontrako itsaslasterrak hegoalderanzko joera har dezake horrela, Peruko kostaldean barrena, eta depresioa (presio gutxiko zelula bat, alegia) sor dezake; depresioak euria eragingo du Perun, Ekuadorren eta beste herrialde batzuetan.
Iturbegi delako gertaerarekin loturik, aipatzekoa da Latinoamerikako Ozeano Bareko kostalde guztian hego-ekialdeko haize alisioak Peruko itsaslasterreko edo Humboldt itsaslasterreko ur hotzaren gainean mugitzen direla; azaleko ura kostaldetik urrutira eramaten dute, eta sakoneko urak, ur hotzagoak eta elikagaiez beteak, gorantz igotzen dira iturbegi fenomenoaren bidez. Goialdeko geruzetako ura mendebalderantz aldatze hori Ozeano Barearen hegoalde guztian gertatzen da, Pazko uharteko tropikoz kanpoko presio garaiko zelularen eraginpean (zelula hori da, hain zuzen ere, alisioen eragileetako bat, ekuatoreko lerroaren azpialdeko alisio zerrenden eragilea zehazki). Ura mendebaldean pilatzen da, eta ur epeleko geruza gero eta lodiagoa egiten da, edo, beste era batera esanda, gero eta sakonago dago termoklina (tenperatura alde handia duten uren arteko bereizketa egiten duen ur zerrenda edo geruza).
Horrela, Hego Ameriketako aldean, 50 metroko sakoneran hasten da termoklina, eta Ozeano Barearen mendebaldean, aldiz, ez da 200 metro baino gorago hasten. Indar handiko ENSO gertaera, Hego Amerika aldean, alisioen zirkulazioa gehiegi baretzen denean antzematen da.
Hegoaldeko oszilazioa Walker eta Blissek aurkitu zuten 1924an; esapide horrekin adierazten den gertaeraren ezaugarri nagusia presioaren gorabehera da, tropiko aldeko Ozeano Barean ekialdearen eta mendebaldearen arteko egurats presioaren aldearen gorabeherak, hain zuzen ere. 1920ko hamarkadan, Gilbert Walkerrek, Indiako meteorologia zerbitzuko zuzendari zenak, India aldeko udako montzoiaren intentsitatea eta hasiera data antzemateko sistema bat aurkitu nahian, kontrako zeinuko korrespondentzia aurkitu zuen Ozeano Bareko hego-ekialdeko (edo Pazko uharteko) antizikloiaren eta Indiako ozeanoaren presio eremuaren artean, eta hegoaldeko oszilazioak Indiako udako montzoiaren jardueran zerikusi handia zuela ikusi zen horrela.
Gertaera horri, El Niño izena eman zioten espainiar konkistatzaileek. El Niño itsaslaster epela eta, oro har, ahula zen, eta Ekuador hegoaldean eta Peru iparraldean agertzen zen Eguberri aldera; horregatik jarri zioten izen hori. Inguru horretako ur azalean, Humboldt itsaslaster hotza (elikagaiez betea) mugitzen da; horrek fitoplanktona elikatzen du, eta, horrela, antxoa sardak hazten dira. Eguberrietan, ur epela iristean, uraren elikagaiak gutxitu egiten dira, eta horrek arrantza jarduera jaitsarazten du. Peruko iparraldera bitarteko ura bakarrik epeltzen da, ordea, eta, martxoa-apirila bitartean, berriro iristen da ur hotza eremu horretara ere. Ur epelarekin batera, bestalde, itsasoaren eta kontinentearen arteko haize erregimena aldatu egiten da. Horrela, apiriletik aurrera, kontinentetik itsaso aldera jotzen du haizeak, eta, urte amaiera aldera, haize jario hori eten egiten da, eta kontrako joera ere hartzen du. Gertaera hori Indietako zenbait bidaiarik eta kronikagilek aipatu zuten, eta horrek aukera eman zion Fray Tomas Berlangakoari, 1535ean, Galapago uharteak aurkitzeko, haren itsasontzia, otsaila amaieran Panamatik Ekuadorrera abiatu ondoren, aldatu egin behar izan baitzuen hasierako norabidea.
Tarteko tenperatura ohi baino askoz ere garaiagoak euri gogorrak eta uholdeak eragiten dituzte eremu horretan; hau da, giroaren erabateko aldaketa gertatzen da; aldaketa horren ondorioz, plankton asko hiltzen da, eta horrek kalte egiten dio (ura gaixotu egiten dela esaten da, azido sulfhidrikoek usteldu egiten baitute) Humboldten itsaslasterrarekin eratutako kate trofikoari edo elikaduraren kateari (izaki bizi bakoitzak bere beharrak asetzeko elikagaiak bilatu behar ditu, eta beste izaki batzuk janez lortzen du behar hori asetzea; elikaduraren kate horretan, izaki mota batzuek beste mota batzuen beharra duten egoerari deritzo kate trofiko edo elikadura katea).
Arrantzan eta arrantzarekin loturiko jardueretan ere, arazo handiak izaten dira, eta itsasoko hegazti asko hiltzen dira. Aldiz, eta nahiz eta arrantzan hondamen handiak izaten diren, ENSOren indar handiko ekinaldiak eragiten duen udako euria onuragarria zaie landei, eta alubioiek hondamena ekartzen ez badute edo guano (itsasoko hegaztien zirina, ongarri gisa erabiltzen dena) nahiko sortzen ez bada, nekazaritzako uzta hobetu egiten da.
ENSO gertaerarekin, El Niñoren itsaslaster kontrakoa gehiago nabarmentzen da, eta aurrez adierazitako denbora-espazio mugak gainditzen ditu. Ur epelak hartzen du Ekuador eta Peruko kostalde guztia eta Txilekoaren parte bat; batzuetan, Valparaisorainoko tartea hartzen du (33° hego latitudea), eta ,handik, Ozeano Barearen hegoalderaino, mendebaldetik 150-160° latituderaino iristen da, eta ez da martxoan edo apirilean desagertzen, hantxe gelditzen da urte guztian.
Horrela, 1525etik aurrera, 81 ekinaldi nabarmendu dira, indar handikoak edo oso indar handikoak, horietako batzuk: 1578, 1728, 1791, 1828, 1877, 1878, 1891, 1925-1926, 1957-1958, 1972-1973 eta 1982-1983. Bereziki aipagarriak izan ziren 1925-1926, 1972-1973 eta, batez ere, 1982-1983 urteetakoak; Peru aldeko kostaldeko uraren tenperatura 7 °C igo zen inguru hartako batez besteko tenperaturaren balioarekin alderatuta, eta, arrantzan, galera handiak eragin zituen berotze horrek.
XX. mendeko ENSOren gertaerarik indar handikoena 1982-1983koa izan zen. Urte horretan, Ozeano Bareko antizikloia hainbeste mugitu zen hego-mendebaldera, ezen Ozeano Barearen ekialdea eta erdialdea haren eraginpetik at gelditu zirela, eta, eremu horretan eragin ordez, Australian (urte sasoi horretan depresio termikoa izaten da, oro har), Indonesian eta Koral itsasoan kokatu zen. Horrela, ekuatoreko itsaslaster kontrakoaren ur epelak ohi baino latitude beheagoetara iritsi ziren, eta Peruko kostaldean kokatu ziren; horrek galera handiak ekarri zizkion arrantzari, eta (Peruko biztanleriaren parte handi bat arrantzarekin loturiko jardueretan aritzen dela kontuan harturik), ekonomiari, oro har. Horrez gainera, itsaso epel horien gainean kokaturiko depresioak uholde-euriak eragin zituen Perun eta Ekuadorren, eta hondamen handia gertatu zen. Ozeano Barearen erdialdean ere, antzera gertatu zen; antizikloiaren eragina gutxitu zenean, lurruntzea ere gutxitu egin zen, eta itsasoko tenperaturak gora egin zuen, 27 °C-tik gora; horren ondorioz, zikloi tropikalak eratu ziren, eta 12° eta 27° hego latitudeen arteko uharteak suntsitu zituzten. Ozeano Barearen mendebaldeko muturrean, aldiz, lehorte handia gertatu zen Australia guztian, eta baita Afrikan eta Hego Amerikan ere, batez ere mendebaldean, hego-mendebalderantz mugitu baitziren Indiako ozeanoko eta Ozeano Atlantikoaren hegoaldeko antizikloiak.
Beraz, Hego hemisferioko eguratsaren zirkulazioan, erabateko aldaketa gertatu zen; gorabehera horrek hondamen handia eragin zuen, hemisferio guztian eratzen diren harremanak kontuan harturik, hemisferioaren eremu guztian.
ENSO gertaeraren nondik norakoak aztertu ondoren, garrantzi handikoa litzateke ekinaldiak noiz hasiko diren antzematea.
1982-1983ko ekinaldi indar handikora arte (hura izan da orain arte XX. mendeko handiena), ohikoa baino alisio indar handiagokoak zirenean Ozeano Barearen hego-mendebaldean eta erdialdean, Kelvin uhin indar handikoak gertatzen zirela uste izan da, eta horrek ur epela eramaten zuela Hego Amerika aldera. Dena dela, 1981eko eguberrien aurretik, ez zen haize alisio handirik izan, eta, beraz, haize alisio indar handikoak izatea ez da ezinbesteko baldintza ENSO gerta dadin.
Ikusten denez, gertaera horren arrazoiak eta xehetasunak ez dira zehatz-mehatz ezagutzen oraindik.
Itsasoaren gainazaleko tenperaturaren hiru fase
[aldatu | aldatu iturburu kodea]El Niño-Hegoaldeko oszilazioa klima-fenomeno bakarra da, ia-aldizka hiru faseren artean fluktuatzen duena: Neutroa, La Niña edo El Niño[15]. La Niña eta El Niño fase kontrajarriak dira, eta, horietako gertaera bat deklaratu aurretik, aldaketa batzuk eman behar dira, bai ozeanoan, bai atmosferan[15]. ENSOren fase hotza La Niña da, Pazifikoko ekialdean itsasoaren gainazaleko tenperatura batez bestekoaren azpitik dagoenean ematen dena eta Pazifikoko ekialdean aire-presioa altua eta Pazifikoko mendebaldean baxua. ENSOren zikloak, El Niño eta La Niña barne, tenperatura eta prezipitazio globalak aldatzen ditu[16][17].
Fase neutroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]El Niño baldintzak ezartzen dira Walker zirkulazioa ahultzen edo alderantzikatzen denean eta Hadley zelula indartzen denean, eta horrek darama ozeanoko ur epelen banda bat garatzera Pazifiko erdiko eta ekialde-erdiko ekuatorean (gutxi gorabehera, Nazioarteko egun aldaketa lerroaren eta 120° W -en artean), Hego Amerikako mendebaldeko kostaldeko eremua barne[18], Ia urte guztien erdia aldi neutraletan ematen dira[19], ur hotzaren azaleratze gutxiago, edo batere ez, ez baita gertatzen itsaso zabalean[20].
Berotze horrek zirkulazio atmosferikoaren aldaketa eragiten du, Ozeano Barearen mendebaldean aire-presio handiagoa eta ekialdean presio txikiagoa eraginez[21]; hala, prezipitazioak murriztu egin dira Indonesia, India eta Australiako iparraldean, eta prezipitazioak eta zikloi tropikalak ugaritu egiten dira Ozeano Bare tropikalean[22]. Azaleko maila baxuko haize alisioak, ekuatorean, normalean, ekialdetik mendebaldera jotzen dutenak, ahuldu egiten dira edo beste norabidetik jotzen hasten dira[15].
El Niño fasea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]El Niño faseak bi eta zazpi urte arteko tarte irregularretan gertatzen direla jakina da, eta bederatzi hilabete eta bi urte arteko iraupena du[23]. Batez besteko epealdia bost urtekoa da. Berotze hori zazpi eta bederatzi hilabeteko bitartean gertatzen denean, El Niñoren baldintza gisa sailkatzen da; iraupena luzeagoa denean, berriz, El Niño gertakaritzat hartzen da[24].

Pentsatzen da El Niñoko 30 gertaera izan direla, gutxienez, 1900 eta 2024 bitartean, 1982-1983, 1997-1998 eta 2014-2016 urteetako gertaerak historiako indartsuenen artean daude[27]. 2000. urtetik, El Niño gertaerak 2002–2003, 2004–2005, 2006–2007, 2009–2010, 2014–1016, 2018–2019[28][29][30] eta 2023–2024[31][32] urteetan behatu dira.
ENSOren gertaera garrantzitsuak 1790–1793, 1828, 1876–1878, 1891, 1925–1926, 1972–1973, 1982–1983, 1997–1998, 2014–2016 eta 2023–2024 urteetan erregistratu ziren[33][34][35]. El Niño gertaera indartsuetan, itsas gainazaleko tenperaturaren bigarren mailako gailur batek, batzuetan, hasierako gailurrari jarraitzen dio ekialdeko Ozeano Bareko ekuatore urrunean[36].
La Niña fasea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bereziki indartsua den Walker zirkulazio batek eragiten du La Niña, El Niño-Hegoaldeko oszilazioaren (ENSO) fenomeno meteorologiko zabalagoaren fase ozeaniko hotz eta atmosferiko positibotzat jotzen dena, baita El Niño eguraldi ereduaren kontrakoa ere[37], non erdialdeko Ozeano Barearen ekialdeko ekuatore-zatian itsas azaleko tenperatura normala baino 3–5 °C baxuagoa izango den. Fenomenoa gertatzen da haize bortitzek jotzen dutenean Hego Amerikako ozeanoaren azaleko ur epela urruntzen dutela Ozeano Barearen zehar Indonesiarantz[37]. Ur epel hori mendebaldera mugitzen den heinean, itsaso sakoneko ur hotza Hego Amerikatik gertu dagoen azalera igotzen da[37].
Planetaren laurden batean hainbeste beroren mugimendua eta, batez ere, ozeanoaren azaleko tenperatura gisa, eragin handia izan dezake mundu osoko eguraldian. Itsas azaleko tenperatura-mapetan ikus daitezkeen ezegonkortasun tropikaleko uhinak, ur hotzagoko mihia erakusten dutenak, maiz agertzen dira baldintza neutrotan edo La Niñakoetan[38].
La Niña eredu meteorologiko konplexua da, urte gutxian behin gertatzen dena[37]; askotan, bost hilabete baino gehiago irauten dute. El Niño eta La Niña mundu osoko eguraldi aldaketen adierazle izan daitezke. Atlantikoko eta Ozeano Bareko urakanek ezaugarri desberdinak izan ditzakete haizearen zizailadura txikiagoa edo handiagoa delako eta itsas azaleko tenperatura hotzagoak edo beroagoak dituztelako.

La Niñaren gertaerak ehunka urtez behatu dira, eta modu erregularrean gertatu ziren XVII. zein XIX. mendeen hasieran[41]. XX. mendea hasi zenetik, La Niñaren gertaerak hurrengo urteetan gertatu dira:
- 1903–1904
- 1906–1907
- 1909–1911
- 1916–1918
- 1924–1925
- 1928–1930
- 1938–1939
- 1942–1943
- 1949–1951
- 1954–1957
- 1964–1965
- 1970–1972
- 1973–1976
- 1983–1985
- 1988–1989
- 1995–1996
- 1998–2001
- 2005–2006
- 2007–2008
- 2008–2009
- 2010–2012
- 2016
- 2017–2018
- 2020–2023
Trantsizio faseak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]El Niño edo La Niñaren hasierako edo irteerako trantsizio-faseak ere faktore garrantzitsuak izan daitezke eguraldi globalari dagokionez, telekonexioei eragiten baitiete. Pasarte esanguratsuak, Trans-Niño izenez ezagutzen direnak, Trans-Niño indizearen (TNI) bidez neurtzen dira[42]. Ipar Amerikako denbora laburreko klima kaltetuaren adibideak dira AEBko ipar-mendebaldeko prezipitazioak[43] eta AEB kontinentaleko tornadoen jarduera biziak[44].
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lekuan lekuko klimatologiaren azterketan, garrantzi handia ematen zaio gaur egun ENSO gertaeraren eta mundu guztiko eskualdeetako klima aldagaien balioen arteko loturari.
«Urruneko loturak» dira, hau da, ENSO eta beste gertaera ez ohiko batzuek munduan zehar eragiten dituzten aldaketak, gertaera ez ohikoaren eta lekuan lekuko klimen artean eratzen diren lotura bitxiak.
ENSO gertaerak ondorio hauek ditu Ozeano Barearen hegoaldean: euri ugari Perun eta Txileko iparraldean, antxoa sardak suntsitzea eta lehortea Australia inguruan eta Indonesian. Ondorio horiei dagozkien datu sozioekonomikoak bereziki aipagarriak dira: 1970 eta 1983 artean, Peruko arrantza-guneetako arraina 12 milioi tonatik (munduko lehenengo herrialdea) milioi eta erdi tonara jaitsi zen ENSOren 1972-1973 eta 1982-1983 urteetako gertaera bortitzen ondorioz. Antxoaren arrantzarentzat, oso ondorio kaltegarriak izan zituen, batez ere 1972-1973ko ekinaldiak: 1.500 itsasontzi gelditu zen lanik gabe, eta 200 bat arrain-lantegi itxi behar izan ziren, eta arrantzan edo arrantzari loturiko jardueretan aritzen ziren ehun bat mila lagun langabezian gelditu zen.
Arrantzaren hondamenaz gainera, ENSOren erasoek Ozeano Bareko Iberoamerika aldeko nekazaritza ekoizpena eta etxebizitzak eta azpiegiturak honda ditzakete, uholdeen eraginez, besteak beste. 1982-1983ko ENSOk, esaterako, 3.000 milioi dolarreko galerak eragin zituen Perun, Ekuadorren eta Bolivian beroaren ondorioz.
Bestalde, 300 lagunetik gora hil ziren gosez Indonesian, eta, Australian, baso asko errez gainera, gari uztaren erdia galdu zen, eta hainbat abelburu hil ziren: orotara, 2.500 milioi dolarreko galerak izan ziren.
Baina lekuan lekuko gorabehera horiez gainera, ENSOren indar handiko ekinaldiek mundu guztian zehar eragiten dituzte meteorologia gorabeherak. Horrela, Tahitiko uharteak adibidez, nahiz eta hiru urtez behin bakarrik izaten duen zikloi bat, sei zikloi tropikal izan zituen ENSOren 1982-1983ko ekinaldian zehar; horien artean, «Veena» izenekoa (apirilaren 12a), azken berrogeita hamar urteetan izan duten gogorrena.
Era berean, lotura ikusi da Hego hemisferioko itsaso tropikaletako tenperatura ohi baino garaiagoen eta Sahel inguruko Afrikako lurraldeetan udan prezipitaziorik ez izatearen artean. Mediterraneoko arroaren mendebaldean ere, antzeman da harremanik ENSOren eta udazkeneko prezipitazio indar handikoen artean.
Zenbait adituren ustez, Valentzia inguruan, ohi baino prezipitazio gehiago izaten da ENSOren ekinaldiaren garaian; izan ere, 1891z gero, Ozeano Barean gertatu diren ENSOren ekinaldietatik, % 77 ohiko balioez gaindiko euriteak izan dira Espainiako sortalde aldean.
Azpimarratzekoa da 1957ko urrian (Turiaren uholdea, Valentzian), 1972ko (Segura arroko uholdea, Alacanteko Baix Segura eskualdean) eta 1982ko (Campo de Alicante eta Jucar ibaiaren arroa) urrian izan ziren udazkeneko euri jasa gogorren eta ENSOren 1957-1958, 1972-1973 eta 1982-1983ko ekinaldien arteko lotura.
Hala ere, ez dago erabat finkatuta ENSOren eta munduko beste lurralde batzuetako gertaeren arteko lotura hori.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Ana, Galarraga Aiestaran. (2002-04-01). «Tropikoko bihurriak: El Niño eta La Niña» Elhuyar aldizkaria (kontsulta data: 2022-10-20).
- ↑ Txantiloi:Us-EN «El Niño & La Niña (El Niño-Southern Oscillation) | NOAA Climate.gov» www.climate.gov (kontsulta data: 2022-10-20).
- ↑ Martija, Maialen. (2012-10-21). «La Niña // NOrteko Ferrokarrila» www.eitb.eus (kontsulta data: 2022-10-25).
- ↑ «Euskalterm» www.ivap.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-07-18).
- ↑ Climate Prediction Center. (2005-12-19). Frequently Asked Questions about El Niño and La Niña. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2009-08-27) (kontsulta data: 2009-07-17).
- ↑ Trenberth, K.E.; P.D. Jones; P. Ambenje; R. Bojariu; D. Easterling; A. Klein Tank; D. Parker; F. Rahimzadeh et al.. «Observations: Surface and Atmospheric Climate Change» in Solomon, S. Climate Change 2007: The Physical Science Basis. Contribution of Working Group I to the Fourth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change. Cambridge, UK, 235–336 or. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-09-24) (kontsulta data: 2014-06-30).
- ↑ El Niño, La Niña and the Southern Oscillation. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-10-27) (kontsulta data: 2015-08-18).
- ↑ (Ingelesez) «December's ENSO Update: Close, but no cigar. | NOAA Climate.gov» www.climate.gov (kontsulta data: 2025-07-19).
- ↑ (Ingelesez) «El Niño and La Niña | Earth Sciences New Zealand | NIWA» niwa.co.nz (kontsulta data: 2025-07-19).
- ↑ (Ingelesez) Becker, Emily. (2016-10-01). «How Much Do El Niño and La Niña Affect Our Weather?» Scientific American doi:. (kontsulta data: 2025-07-19).
- ↑ (Ingelesez) Brown, Patrick T.; Li, Wenhong; Xie, Shang-Ping. (2015). «Regions of significant influence on unforced global mean surface air temperature variability in climate models» Journal of Geophysical Research: Atmospheres 120 (2): 480–494. doi:. ISSN 2169-8996. (kontsulta data: 2025-07-19).
- ↑ (Ingelesez) Trenberth, Kevin E.; Fasullo, John T.. (2013). «An apparent hiatus in global warming?» Earth's Future 1 (1): 19–32. doi:. ISSN 2328-4277. (kontsulta data: 2025-07-19).
- 1 2 3 IPCC, 2021: Climate Change 2021: The Physical Science Basis. Contribution of Working Group I to the Sixth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change [Masson-Delmotte, V., P. Zhai, A. Pirani, S.L. Connors, C. Péan, S. Berger, N. Caud, Y. Chen, L. Goldfarb, M.I. Gomis, M. Huang, K. Leitzell, E. Lonnoy, J.B.R. Matthews, T.K. Maycock, T. Waterfield, O. Yelekçi, R. Yu, and B. Zhou (eds.)]. Cambridge University Press, Cambridge, United Kingdom and New York, NY, USA, 2391 pp. doi:10.1017/9781009157896.
- ↑ Collins, M.; An, S-I; Cai, W.; Ganachaud, A.; Guilyardi, E.; Jin, F-F; Jochum, M.; Lengaigne, M. et al.. (2010). «The impact of global warming on the tropical Pacific Ocean and El Niño» Nature Geoscience 3 (6): 391–7. doi:. Bibcode: 2010NatGe...3..391C. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-09-14) (kontsulta data: 2019-01-10).
- 1 2 3 (Ingelesez) «What is the El Niño–Southern Oscillation (ENSO) in a nutshell? | NOAA Climate.gov» www.climate.gov (kontsulta data: 2025-07-19).
- ↑ (Ingelesez) Climate Prediction Center. (2005-12-19). Frequently Asked Questions about El Niño and La Niña. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2009-08-27) (kontsulta data: 2009-07-17).
- ↑ Sergey K. Gulev; Peter W. Thorne; Jinho Ahn; Frank J. Dentener; Catia M. Domingues; Sebastian Gerland; Daoyi Gong; Darrell S. Kaufman et al.. «Changing state of the climate system» Climate Change 2021: The Physical Science Basis. The contribution of Working Group I to the Sixth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change. Cambridge, UK jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-03-02) (kontsulta data: 2024-01-18).
- ↑ Climate Prediction Center Internet Team. (2012-04-26). Frequently Asked Questions about El Niño and La Niña. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-05-02) (kontsulta data: 2014-06-30).
- ↑ International Research Institute for Climate and Society. (2002ko otsaila). More Technical ENSO Comment. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-07-14) (kontsulta data: 2014-06-30).
- ↑ State Climate Office of North Carolina. Global Patterns – El Niño-Southern Oscillation (ENSO). jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-06-27) (kontsulta data: 2014-06-30).
- ↑ Intergovernmental Panel on Climate Change. (2007). Climate Change 2007: Working Group I: The Physical Science Basis: 3.7 Changes in the Tropics and Subtropics, and the Monsoons. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-07-14) (kontsulta data: 2014-07-01).
- ↑ What is El Niño and what might it mean for Australia?. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-03-18) (kontsulta data: 2016-04-10).
- ↑ Climate Prediction Center. (2005-12-19). ENSO FAQ: How often do El Niño and La Niña typically occur?. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2009-08-27) (kontsulta data: 2009-07-26).
- ↑ National Climatic Data Center. (2009ko ekaina). El Niño / Southern Oscillation (ENSO) June 2009. (kontsulta data: 2009-07-26).
- ↑ Historical El Niño/La Niña episodes (1950–present). 2019-02-01 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-11-29) (kontsulta data: 2019-03-15).
- ↑ El Niño - Detailed Australian Analysis. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-05-03) (kontsulta data: 2016-04-03).
- ↑ «El Niño in Australia» Bom.gov.au jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-03-07) (kontsulta data: 2022-03-01).
- ↑ Brian Donegan. (2019-03-14). El Niño Conditions Strengthen, Could Last Through Summer. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-03-15) (kontsulta data: 2019-03-15).
- ↑ «El Nino is over, NOAA says» Al.com 2019-08-08 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-09-05) (kontsulta data: 2019-09-05).
- ↑ (Ingelesez) «Here comes El Nino: It's early, likely to be big, sloppy and add even more heat to a warming world» The Independent 2023-06-08 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-06-10) (kontsulta data: 2023-06-23).
- ↑ Henson, Bob. (2023-06-09). NOAA makes it official: El Niño is here. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-06-10) (kontsulta data: 2023-06-11).
- ↑ «El Niño Outlook ( June 2023 - December 2023 )» Climate Prediction Division 2023-06-09 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-05-02) (kontsulta data: 2023-06-12).
- ↑ Davis, Mike. (2001). Late Victorian Holocausts: El Niño Famines and the Making of the Third World. London, 271 or. ISBN 978-1-85984-739-8..
- ↑ Very strong 1997-98 Pacific warm episode (El Niño). jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-05-03) (kontsulta data: 2015-07-28).
- ↑ Sutherland, Scott. (2017-02-16). «La Niña calls it quits. Is El Niño paying us a return visit?» The Weather Network jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-02-18) (kontsulta data: 2017-02-17).
- ↑ Kim, WonMoo; Wenju Cai. (2013). «Second peak in the far eastern Pacific sea surface temperature anomaly following strong El Niño events» Geophys. Res. Lett. 40 (17): 4751–4755. doi:. Bibcode: 2013GeoRL..40.4751K..
- 1 2 3 4 (Ingelesez) US Department of Commerce, National Oceanic and Atmospheric Administration. «What are El Nino and La Nina?» oceanservice.noaa.gov (kontsulta data: 2025-07-19).
- ↑ August 2016 ENSO update;Wavy Gravy. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-12-11) (kontsulta data: 2021-10-16).
- ↑ Cold and warm episodes by season. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-09-26) (kontsulta data: 2020-09-11).
- ↑ La Niña – Detailed Australian analysis. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-12-28) (kontsulta data: 2016-04-03).
- ↑ Druffel, Ellen R. M.; Griffin, Sheila; Vetter, Desiree; Dunbar, Robert B.; Mucciarone, David M.. (2015-03-16). «Identification of frequent La Niña events during the early 1800s in the east equatorial Pacific» Geophysical Research Letters 42 (5): 1512–1519. doi:. Bibcode: 2015GeoRL..42.1512D. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-01-15) (kontsulta data: 2022-02-26).
- ↑ Trenberth, Kevin E.; Stepaniak, David P.. (2001-04-15). «Indices of El Niño Evolution» Journal of Climate 14 (8): 1697–1701. doi:. Bibcode: 2001JCli...14.1697T. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-12-23) (kontsulta data: 2019-08-27).
- ↑ Kennedy, Adam M.; D. C. Garen; R. W. Koch. (2009). «The association between climate teleconnection indices and Upper Klamath seasonal streamflow: Trans-Niño Index» Hydrol. Process. 23 (7): 973–84. doi:. Bibcode: 2009HyPr...23..973K..
- ↑ Lee, Sang-Ki; R. Atlas; D. Enfield; C. Wang; H. Liu. (2013). «Is there an optimal ENSO pattern that enhances large-scale atmospheric processes conducive to tornado outbreaks in the U.S?» J. Climate 26 (5): 1626–1642. doi:. Bibcode: 2013JCli...26.1626L..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Caviedes, César N. (2001). El Niño in History: Storming Through the Ages. Gainesville: University Press of Florida. ISBN 978-0-8130-2099-0.
- Fagan, Brian M. (1999). Floods, Famines, and Emperors: El Niño and the Fate of Civilizations. New York: Basic Books. ISBN 978-0-7126-6478-3.
- Glantz, Michael H. (2001). Currents of change. Cambridge: Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-78672-0.
- Philander, S. George (1990). El Niño, La Niña and the Southern Oscillation. San Diego: Academic Press. ISBN 978-0-12-553235-8.
- Kuenzer, C.; Zhao, D.; Scipal, K.; Sabel, D.; Naeimi, V.; Bartalis, Z.; Hasenauer, S.; Mehl, H.; Dech, S.; Waganer, W. (2009). "El Niño southern oscillation influences represented in ERS scatterometer-derived soil moisture data". Applied Geography. 29 (4): 463–477. doi:10.1016/j.apgeog.2009.04.004.
- Li, J.; Xie, S.-P.; Cook, E.R.; Morales, M.; Christie, D.; Johnson, N.; Chen, F.; d'Arrigo, R.; Fowler, A.; Gou, X.; Fang, K. (2013). "El Niño modulations over the past seven centuries" (PDF). Nature Climate Change. 3 (9): 822–826. Bibcode:2013NatCC...3..822L. doi:10.1038/nclimate1936. hdl:10722/189524.