Edukira joan

El pueblo unido jamás será vencido

Wikipedia, Entziklopedia askea
El pueblo unido jamás será vencido
Sergio Ortega (en) Itzuli musika-lana
Egilea(k)Sergio Ortega (en) Itzuli
Argitaratze-data1973
IzenburuaEl pueblo unido jamás será vencido
Ezaugarriak
Genero artistikoaTxileko Kantagintza Berria
Hizkuntzagaztelania
Ekoizpena
Ekoizleabaliorik ez
HitzakEduardo Carrasco (en) Itzuli eta Sergio Ortega (en) Itzuli
Bestelako lanak
MusikagileaSergio Ortega (en) Itzuli
Eduardo Carrasco (en) Itzuli

Allmusic: mc0002444512 Edit the value on Wikidata

El pueblo unido jamás será vencido (euskaraz «Herri batua ez da inoiz garaitua izango» litzateke) txiletar protesta abestia da. 1973an Sergio Ortega Alvaradok musika konposatu zuen eta gero Quilapayún taldearekin batera hitzak jarri zizkion. Mundu guztian da ezaguna -protesta kanta ezagunenetarikoa da-, bere jatorrizko hitzekin edo beste hizkuntza batzuetan jarritakoekin. Era berean, Ortegaren Venceremos kantarekin batera Nueva Canción Chilenaren abesti ezagunenetarikoa da. Bertsio andana izan ditu (Krabelinen Iraultzan, Irango Iraultzan, Arabiar Udaberrian eta abar). 2021ean LAB sindikatuak euskaraz jarri zituen kantaren hitzak, eta Andreina Jolin taldeak haren bertsioa egin zuen.

Dirudienez, kantaren izenburua Jorge Eliécer Gaitán buruzagi politiko kolonbiarraren esaldian inspiratuta legoke, 1940ko hamarkadan diskurtso batean esanda. Txileko Unidad Popular koalizio ezkertiarreko manifestariek hedatu zuten oihu gisa 1970eko urteen hasieran, Salvador Allende lehendakari sozialistaren garaietan. Eta Sergio Ortegak kontatu izan duenez, halako izenburuko kanta konposatzea bururatu zitzaion gazte bati esaldi hori oihukatzen entzun ziolarik, 1973ko ekainean, Santiagon, bere etxeko bidean ari zela.

Kanta 1973an grabatu zuten lehenbiziko aldiz Txilen, Quilapayunen kontzertu jendetsu batean, Santiagoko Alameda etorbidean, Augusto Pinochetek estatu-kolpea eman, Allende erail eta diktadura militarra hasi baino hiru hilabete eskas lehenago. Kontzertu hori baino lehentxeago, Salvador Allendek Sergio Ortega Alvarado Unida Popularreko kultur enbaxadore izendatu zuen; aldi labur batez partekatu zuen ohorezko kargu hura Víctor Jararekin, kolpe militarraren lehen egunetan erail zutena.

Quilapayunen logoa, kantaren letraren egileak Sergio Ortegarekin batera.

Ordutik aurrera, eta hurrengo urteetan, abestia hainbat banda eta kantautoreren albumetan agertu zen, baina, batez ere, Quilapayun eta Inti-Illimani taldeen diskoetan. Biek ala biek diktadura-aldi osoa erbestean eman behar izan zuten, Frantzian eta Italian, hurrenez hurren. Herrialde horietan jarraitu zuten musika-karrera oparoak izan zituzten.

Indio Juan eta Quilapayun bandako kideak Santanderren (Espainia), 1979an.

Abestiaren lehenbiziko grabazioa 1973an berean izan zen, hainbat musikariren Primer festival internacional de la canción popular zuzeneko albumean. DICAP zigiluak argitaratu zuen diskoa, Quilapayún bandak ixten zuena El pueblo unido... eta Las ollitas kantekin. Diskoan, besteak beste, musikari hauek hartu zuten parte: Inti-Illimani, César Isella, Isabel Parra, Tito Fernández eta Alfredo Zitarrosa.

Gai iraultzaileagatik eta hizkuntza desberdinetan interpretatzea erraza denez, abesti honi makina bat bertsio egin diote, garai eta estilo desberdinetakoak.

  • 1974an, Portugalgo Krabelinen Iraultzaren ondoren, Pedro Osório musikariak Portugal Ressuszitua abestia konposatu zuen (euskaraz, «Portugal berpiztu»); kanta horren letra Ary dos Santos poetak idatzi zuen. Abesti horrek honako esaldi hau du, «Agora, o povo unido nunca mais será vencido»; baina, jatorrizko bertsioaren egitura eta espiritu lirikoa mantentzen dituen arren, antzekotasunak oso txikiak dira jatorrizko melodiarekin.
  • 1975ean, Frederic Rzewski piano-jotzaile estatubatuarrak The People United Will Never Be Defeated! konposatu zuen, eta konposizio entzutetsuenetako bat bihurtu da, gai horri buruzko 36 pianorako bariazio dituena. Harrezkero, disko hau askotan berrargitaratu da.
  • Iranen, melodia abesti iraultzaile baterako erabili zuten, persiar hizkuntzan, Barpakhiz («Altxatu») izenburupean. Kanta ezkerreko iraultzaile iraniarrek sortu zuten 1979ko Irango Iraultzan.
  • Filipinetan, Patatag taldeak Awit ng Tagumpay («Garaipen kantua» esan nahi du) bezala itzuli zuen kanta. Tagalo hizkuntzako errepikak honela dio: «Hanay Tibayin ang, Gapiin ang Kaaway!» («Lerroak indartu, zapaltzaileak suntsitu»), eta manifestazioetan erabili zain dute protesta kanta gisa. Abestiak 1986an argitaratutako Nagbabagang lupa («Lurra errez») taldearen albuma ixten du.
  • 1994an, Frantzian egoitza zuen Mano Negra taldeak «El pueblo unido jamás será vencido» oihua sampler moduan erabili zuen Viva Zapata kantan, Casa Babylon diskoan.
  • 2002a, Espainiako Ska-P taldeak Estampida kanta sartu zuen ¡¡Que corra la voz!! diskoan. Kantan horretako paragrafo batean «El pueblo unido jamás será vencido» oihukatzen dute jatorrizko melodia erabilita, bai eta horren aldaera bat ere: «El pueblo vencido jamás estuvo unido» ("Garaitua izan zen herria ez zen inoiz batua egon").
  • Kantari eta musika talde askok erabili izan dute kanta beren zuzenekoetan. Hala nola, Los Tres, Los Miserables, Pettinellis eta Legua York txiletarrek; Anti-Flag estatubatuarrek; Hannes Wader alemaniarrak; edo 99 Posse eta Banda Bassotti italiarrek.
Kantaren euskarazko hitzak biltzen dituen eskuorria, LAB sindikatuarena.
Andreina Jolin kantuan, Iruñean, LAB sindikatuaren Maiatzaren Leheneko ekitaldia.
  • 2021eko Maiatzaren Lehenerako, LABeko kazetari Asier Azpilikuetak kantaren euskarazko hitzak apailatu zituen (Herria, batua, inoiz ez garaitua izenburupean) eta sindikatuak Andreina Jolin Iruñeko taldeari emakumezko ahotsak jartzeko eta kanta grabatzeko eskatu zion. Kantaren bideoklipa Unai Redinek egin zuen, YouTube bidez zabaldu zuten, eta bi egunetan 20.000 ikustaldi izan zituen. Gainera, Andreina Jolinek zuzenean jo zuen kanta LABen Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioaren bukaera ekitaldian.
Jatorrizkoa (gaztelaniaz) Euskarazko itzulpen literala LABek proposaturiko euskarazko bertsioa

De pie, cantar, que vamos a triunfar.

Avanzan ya banderas de unidad.

Y tú vendrás marchando junto a mí.

Y así verás tu canto y tu bandera florecer.

La luz de un rojo amanecer

anuncia ya la vida que vendrá.


De pie, luchar, el pueblo va a triunfar.

Será mejor la vida que vendrá

a conquistar nuestra felicidad

Y en un clamor mil voces de combate se alzarán,

dirán canción de libertad.

Con decisión la patria vencerá.


Y ahora el pueblo

que se alza en la lucha

con voz de gigante

gritando: ¡adelante!

El pueblo unido, jamás será vencido.

El pueblo unido jamás será vencido.


La patria está forjando la unidad.

De norte a sur se movilizará,

desde el salar ardiente y mineral,

al bosque austral, unidos en la lucha

y el trabajo irán, la patria cubrirán.

Su paso ya anuncia el porvenir.


De pie, luchar, el pueblo va a triunfar.

Millones ya imponen la verdad.

De acero son, ardiente batallón.

Sus manos van llevando la justicia

y la razón. Mujer, con fuego y con valor,

ya estás aquí junto al trabajador


Y ahora el pueblo

eue se alza en la lucha

con voz de gigante

gritando: ¡adelante!

El pueblo unido, jamás será vencido.

El pueblo unido jamás será vencido.

Zutik, kanta, garaitzera goaz.

Aurrera doaz batasun banderak.

Eta zu etorriko zara nirekin batera.

Eta horrela ikusiko dituzu zure kantua eta zure bandera loratzen.

Egunsenti gorri baten argiak

iragarri du etorriko den bizitza.



Zutik, borrokatu, herriak irabaziko du.

Hobea izanen da etorriko zaigun bizitza

gure zoriontasuna konkistatzera.

Eta oihu batean milaka borroka ahots altxatuko dira,

eta askatasun kanta erranen dute.

Erabakitasunez aberriak irabaziko du.



Eta orain herriak,

borrokan altxatu denak,

erraldoi baten ahotsarekin

oihukatu du: aurrera!

Herri batua ez da inoiz garaitua izanen.

Herri batua ez da inoiz garaitua izanen.



Aberria ari da batasuna sortzen.

Iparretik hegora mobilizatuko da,

gatz-lautada kartsu eta mineraletik,

oihan australera, borrokan eta lanean batuak

joanen dira, aberria zeharkatuko dute.

Beren urratsak geroa iragarri dute jada.



Zutik, borrokatu, herriak irabaziko du.

Milioka pertsonak egia inposatzen dute jada.

Altzairuzkoak dira, batailoi kartsua.

Beren eskuek justizia eta arrazoia daramatzate.

Emakume, suarekin eta adorearekin,

dagoeneko hemen zaude langilearen ondoan.



Eta orain herriak,

borrokan altxatu denak,

erraldoi baten ahotsarekin

oihukatu du: aurrera!

Herri batua ez da inoiz garaitua izanen.

Herri batua ez da inoiz garaitua izanen.

Zutik, kanta, garaitzera goaz.

Hemen dira batasun banderak.

Ta zu, zatoz, gurekin batera,

ikusiko kantua ta indarrak loratzen.

Gorri da ekiaren goiza,

igarri du datorren bizitza.



Zutik, altxa, herria aurrera.

Hobea da iritsiko dena,

gure poza konkistatua da

ta mila ahots oldartuko dira,

ozen erran dute askatasun kanta,

laster dator gure garaipena.



Ta oraintxe herriak,

borrokan altxatuak,

garrasi egin du:

“Aurrera, eta batu!”.

Herria, batua, inoiz ez garaitua.

Herria, batua, inoiz ez garaitua.



Herria ari da batasuna sortzen

nafar baratzetik ipar trenbidera,

sortaldeko borda argitsutik

sartaldeko fabrika ilunera,

lanean gabiltza, herria badabil,

pausoz pauso geroa du ekarri.



Zutik, altxa, herria aurrera.

Borroka da guztion egia.

Harrizkoa, langile multzoa,

justizia da bere animoa.

Adore, maitasun ta elkartasunez

hemen zaude, borrokan bidaide.



Ta oraintxe herriak,

borrokan altxatuak,

garrasi egin du:

“Aurrera, eta batu!”.

Herria, batua, inoiz ez garaitua.

Herria, batua, inoiz ez garaitua.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri, batua, inoiz ez garaitua. Euskal bertsioaren bideoa