Elektrizitatearen historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Elektrizitatearen historia gizakiak burutu duen elektrizitateren ikerketa eta erabilerari lotua dago, bai eta fenomeno fisiko gisa haren aurkikuntza eta bere erabilpenerako gailuen askakuntzari ere bai[1].

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indar elektrostatikoari buruzko lehen aurkikuntzak oso aspaldikoak dira. Antzinako Grezian egin ziren gai honi buruzko lehen ikerketak. Tales Miletokoa (K.a. 640-546) greziar matematikari eta filosofoa ohartu zen anbarrak, igurtziz gero, propietate berezi bat hartzen zuela, igurtziz gero gauza txikiak erakartzeko gaitasuna hartzen zuela hain zuzen. Erakarpen ahalmen hori imanaren erakarpen magnetikoarekin nahastu izan zen sarritan.

Tales Miletokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tales Miletokoa (Mileto, K.a. 640 - K.a. 546) Antzinako Greziako zazpi jakintsuen artean gailendu zen. Matematikaren sortzailea esaten zaio Antzinako Egiptoko eta Babiloniako kulturetatik harturiko ezaupide garrantzitsu batzuk eman zituelako geometriaren eta algebraren alorretan. Bere izena duen teoreman hirukiaren angeluen arteko erlazioa ikertu zuen. Astronomia ere landu zuen, eta eguzki eklipse bat iragarri ere zuen zehaztasun handiz K.a. 585 urteko maiatzaren 28rako. Teoria kosmologiko bat aurkeztu zuen, unibertsoa lau elementuz osatua dagoela dioena: ura, sua, airea eta lurra. Filosofian, politikan eta merkataritzan ere ari izan zen.

XVI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina lehenengo ikerketak aspaldi egin ziren arren, ez zen gertaera horiei buruzko azalpen garbirik eman XVI. mendea arte. XVI. mendean, Ingalaterrako erreginaren osagile zen William Gilbertek (1540-1603) sistematikoki aztertu zituen efektu elektrikoak eta magnetikoak. Eta anbarraz gainera beste material batzuek ere propietate hura bera zutela frogatu zuen. Adibidez, beirazko ziri bat igurtziaz beirazko ziriak ezaugarri berezi bat hartzen du, elektrizazio deritzona. Elektrizaturiko beirazko ziria, kortxozko esfera baten aurrean jartzean, kortxozko esfera beirari hurbiltzen zaio beiraren elektrizazioagatik. Eta esperientzia hori bera egiten bada elektrizaturiko anbarrezko ziri batekin, beirarekin gertatutako erakarpen fenomeno bera gertatzen da. Gilbertek efektu elektrikoak eta magnetikoak bereizi zituen, eta ondoko terminoak definitu zituen: indar elektrikoa, erakarpen elektrikoa eta polo magnetikoa. (Elektriko hitza grekerazko elektron-etik dator, eta anbar esan nahi du; magnetiko hitza, berriz, Magnesia eskualdetik dator, han topatu baitzen lehenengoz magnetita edo imana). Dirudienez, Gilbert ez zen konturatu aldaratze elektrikoaren efektuaz.

William Gilbert[aldatu | aldatu iturburu kodea]

William Gilbert (Colchester, Essex, 1540 - 1603), britainiar fisikari eta sendagilea izan zen. Cambridgeko St. John´s College-n egin zituen ikasketak. Londresen hartu zuen bizilekua, eta Elisabet I.a Ingalaterrakoa eta Jakue I.a Ingalaterrakoa eta VI.a Eskoziakoaren gorteko sendagile ere izan zen. Errege Sendagile Eskolako lehendakari izendatu zuten 1600ean. Urte hartan bertan, “De Magnete, Magneticisque corporibus, et de Magno Magnete Tellure, Physiologia Nova” idatzi zuen, Ingalaterran argitaratu zen fisikako lehen liburu garrantzitsua. Liburu horretan, batetik, bere teoria baliatu zuen Lurraren magnetismoa azaltzeko, eta bestetik, marruskadura bidezko elektrizazioa azaldu zuen.

XVII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otto von Guericke (1602-1686) alemaniar fisikariak elektrostatikari buruzko ikerlanak burutu zituen.

XVIII. mendea: Iraultza Industriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroago, Charles François de Cisternay du Fayk (1698-1739) material elektrikoen artean bi elektrizazio mota desberdin gertatzen direla baieztatu zuen. Kortxozko esfera baten aurrean elektrizaturiko anbarrezko eta beirazko ziriak batera jarriz gero, erakarpena handitu ordez, moteldu edo erabat desagertu egiten zela ohartu zen Du Fay. Horren azalpen gisa, beirak eta anbarrak kontrako efektuak eragiten dituztela esan zuen. Mota honetako esperimentuak eginez aurkitu zuen gai batzuek elkar erakartzen dutela igurtziz gero, eta beste batzuek berriz aldaratu egiten direla. Hau guztia kontuan harturik bi eratako elektrizazioa zegoela berretsi zuen: alde batetik, beirak eta beste materialeek sortzen dutena, eta bestetik, anbarrak eta beste material batzuek sorturikoa.

1729. urtean, Stephen Gray britainiarrak (1696-1736) erakarpen eta aldarapen elektrikoa gorputz batetik beste batera igaro daitezkeela ikusi zuen. Horretarako, bi gorputzek zenbait gauzarekin, batez ere metalekin, konektaturik egon behar zuten. Horrela frogatu zuen propietate elektrikoak gorputz batetik beste batera pasa daitezkeela; hura izan zen korronte elektrikoaren lehenengo aipamena.

1747. urtean, Benjamin Franklinek (1706-1790) bi elektrizazio motei buruzko teoria osatu zuen; teoria horretan zeinuen kontzeptua azaldu zuen. Beirak sortzen duen elektrizazioari positibo deitu zion; eta anbarrak sortutakoari negatibo. Definizio honen aukeraketa, esan beharrik ez dago, guztiz hautazkoa izan zen, izenak alderantziz ere erabil baitzitzakeen nahi izanez gero.

Horiek izan ziren fisikaren alor berri baten, hau da elektrikaren, azterketan eman ziren lehenengo pausoak. Elektrikaren definizio zehatza hau da:

« "Geldirik dauden karga elektrikoek sorturiko fenomenoak aztergai dituen fisikaren alorra."  »

Elektrikari buruzko atal honetan, beraz, kargak bere horretan aztertuko dira, geldirik daudela; lastertasunik eta azeleraziorik gabeko kargak eta horiek sorturiko efektuak aztertuko dira.

Charles-Augustin de Coulomb[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles-Augustin de Coulomb (Angulema, 1736 - Paris, 1806) Frantzian jaio zen. Ingeniaria izan zen bederatzi urtez frantses gudarostean. 1781ean Frantziako Akademian sartu zen, gudarostean egon zenean idatzi zituen artikulu batzuei esker. Marruskadurari buruzko ikerketengatik da ezaguna. Hark asmatu zuen indar elektrikoak eta magnetikoak neurtzeko bihurritze balantza, eta tresna horri esker aurkitu zituen elektroestatikaren eta magnetismoaren lege esperimental eta teorikoak. Coulomben legea da horien artean aipagarriena. Polarizazio eta momentu magnetiko kontzeptuak asmatu zituen. Frantziako Iraultza bitartean, pisu eta neurri sistema berri bat ikertzen ari izan zen beste batzuekin batera. Nazioarteko sisteman erabiltzen den elektrizitate kopuruak eta karga elektrikoaren banakoak haren izena du, coulomb (C).

Alessandro Giuseppe Volta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alessandro Giuseppe Volta (Como, 1745-1827) italiar fisikaria izan zen. Eudiometroa egokitu zuen (1776) eta elektrizitateari buruzko ikerketak egin zituen. 1800ean lehenengo bateria asmatu zuen, eta pila elektrikoa deitu zion. Potentzial-diferentziaren banakoari volt izena jarri zitzaion haren omenez.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

André-Marie Ampère[aldatu | aldatu iturburu kodea]

André-Marie Ampère (Lyon, 1775 - Marseilla, 1836) frantziar fisikari eta matematikaria izan zen. Lyon inguruan jaio zen. Oso ume bizkorra izan zen, eta txikitatik egon zen matematikara emana. Matematikako irakaslea izan zen Pariseko Eskola Politeknikoan (1809-1828), eta Fisikako irakaslea, Frantziako Unibertsitatean (1826-1836). 1819an H. C. Oersted-ek elektrikaren eta magnetikaren arteko harremanak aurkitu zituen. Lan horiek oinarri harturik, Ampèrek elektromagnetismoa azaltzen duen teoria matematikoa landu zuen, eta elektrodinamismoa deitu zion elektromagnetismoari. Haren ikerketei esker, korronte elektrikoaren intentsitatea neurtu ahal izan zen, imanak erabiliz. Tresna haren gaur egungo bertsioari galbanometroa esaten zaio. Ampèrek eman zion hain zuzen ere izena korronte elektrikoaren intentsitatearen banakoari: anpere (A). Matematikan, bestalde, alor hauetan egin zituen Ampèrek ekarpen garranzitsuenak: bariazioen kalkuluan, probabilitateen kalkuluan, eta deribatu partzialetako ekuazio diferentzialen integrazioan.

Hans Christian Oersted[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hans Christian Oersted (1777- 1851) daniar fisikaria izan zen. Elektrizitatea eta magnetismoaren artean lotura bat bazegoela jabetu zen, horretarako korronte elektrikoek alboan iparrorratz bat badute, haren gainean eragiten dutela konturatu zen. Kopenhageko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta gero fisikako irakasle izan zen unibertsitate horretan bertan (1806). Korronte elektrikoa hari eroale batetik igarotzen denean alboan duen orratz imandu bat mugiarazten duela aurkitu zuen 1820an. Era horretara konturatu zen korronte elektrikoek eremu magnetiko bat sortzen dutela. Kimikaren alorrean ere lan egin zuen. Adibidez, 1825ean aluminatik aluminioa lortu zuen.

Karl Friedrich Gauss[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl Friedrich Gauss (Brunswick, 1777 - 1855) alemaniar matematikaria eta astronomoa izan zen. Gotingako Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Elektromagnetismoaren oinarri matematikoa finkatu zuen W. Weber-ekin batera. Lurreko magnetismoaren legeak formulatu zituen. Estatistika matematikoan erroreen teoria landu zuen. Heliografoa ere asmatu zuen. Bere izena daraman Gaussen legea definitu zuen.

Georg Simon Ohm[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georg Simon Ohm (Erlangen, 1787 - Munich, 1854) alemaniar fisikari izan zen. Erlangengo unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1825ean hasi zen bere izena duen legea aurkitzeko ahaleginetan. 1827ean deskribatu zuen Ohmen legea. Hura izan zen elektrizitate kopurua eta indar elektroeragilea kontzeptuak erabili zituen lehena. 1829an fisikako irakasle izendatu zuten Municheko Unibertsitatean. 1861ean nazioarteko sistemak bere izena eman zion erresistentzia elektrikoaren banakoari: ohm (O). Akustikaren arloan ere lan egin zuen.

Michael Faraday[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Michael Faraday (Newington Butts, 1791 - Hampton Court, 1867) ingeles fisikaria eta kimikaria izan zen. [eremu magnetiko]] aldakor batek kontserbakorra ez den eremu elektriko bat sortzen zuela erakutsi zuten. Michael Faradayk bere izena daraman Faradayren legea zehaztu zuen.

Hasierako ikerketetan bentzenoa aurkitu zuen. Korronte elektriko batek iman batean sortzen dituen aldaketei ohartu zitzaien gero. Horrela aurkitu zituen imanek eta korronteek elkarren artean dituzten eraginak. 1831. urtean indukzio elektromagnetikoaren aurkikuntzaren berri eman zuen, eta gertaera hori aurkitu izanari esker, lehen dinamoa sortu zuen. 1834. urtean gatz disoluzioen deskonposatzearen legeak eman zituen, elektrolisiarenak, alegia. Hark erabili zituen lehendabizi anodo eta katodo izenak tresna elektrolitikoan dauden elektrodo positibo eta negatiboa definitzeko. Diamagnetismoa ere aurkitu zuen (1846), eta baita diamagnetismoak kristalaren indarrarekin duen harremana ere (1849). Haren aurkikuntzak oso garrantzitsuak izan ziren, eta bidea erraztu zioten James Clerk Maxwelli teoria elektromagnetikoaren formulazio zehatza egiteko. Haren garaian ezagutzen ziren ia gas guztiak isurkari bihurtzea lortu zuen. Kapazitate elektrikoaren banakoak haren izena du: faraday (F).

Joseph Henry[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseph Henry (Albany, 1797 - Washington Hiria, 1878) estatubatuar fisikaria izan zen. Albanyko akademian egin zituen ikasketak; matematika eta filosofia naturaleko irakasle izendatu zuten unibertsitate horretan bertan. 1830. urtean, lehenengo telegrafo elektromagnetikoa sortu zuen. Autoindukzioa aztertzea izan zen (1832) elektromagnetismoan egin zuen ekarpenik nagusia. Urte hartan bertan New Jerseyko Eskolara (gaur egun Princetongo Unibertsitatea du izena) joan zen irakasle. Gasak isurkaritan disolbatzeari buruzko legea aurkitu zuen, Henry legea esaten zaiona. Nazioarteko sisteman induktantzia banakoak haren izena du: Samuel Morserekin polemika gogor bat izan zuen, zeinek beretzak baitzeukan telegrafo elektrikoaren aurkikuntza.

Charles Wheatstone[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Wheatstone (Gloucester, 1802 - Paris, 1875) ingeles fisikaria izan zen. 1829an kontzertina asmatu zuen. Londreseko King’s College-ko kidea izan zen 1834tik aurrera. Estereoskopioa eta telegrafo elektriko bizkor bat (1837) asmatu zituen. Baina 1843an sortu zuen tresnagatik da batez ere ezaguna. Tresna horrek erresistentzia elektrikoa neurtzeko balio du, eta Wheatstone zubia deitu zitzaion. Argiari eta soinuari buruzko ikerketak ere egin zituen (1823-35).

Wilhelm Eduard Weber[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wilhelm Eduard Weber (Wittenberg, 1804- Göttingen, 1891) alemaniar fisikaria izan zen. Halleko eta Göttingengo unibertsitateetan egin zituen ikasketak. K. F. Gaussekin lan egin zuen Lurreko magnetismoa ikertzen, eta telegrafo elektromagnetikoa asmatzen. Higitzen ari diren partikula kargatuek eragiten dituzten indarren oinarrizko legea aurkitu zuen 1846an. Argiaren ikuspuntu elektromagnetikoaren oinarriak finkatu zituen. Uhinen higidura ikertu zuen Ernst Heinrich bere anaia nagusiarekin batera. Eduard Friedrich anaia gaztearekin, berriz, gizakien higiduraren fisiologia aztertu zen. Hari zor zaio banako elektrikoen sistema absolutua, gauss banako magnetikoan oinarritua.

James Prescott Joule[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Prescott Joule (Salford, 1818 - Sale, 1889) ingeles fisikaria izan zen. Hasierako ikerketak magnetismoaren alorrean egin zituen, burdinaren imantazioa ardatz harturik. Eroale batetik korronte elektrikoa igarotzen denean sortzen den beroa korrontearen intentsitatearen berreduraren eta eroalearen erresistentziaren proportzionala zela aurkitu zuen 1840an. Lege horri Jouleren legea esaten zaio. Kaloriaren baliokide mekanikoa kalkulatu zuen (1842). 1843an termodinamikaren lehenengo printzipioa eman zuen. Horri esker energia mekanikoaren kontserbazio printzipioa adierazi zuen, eta gas molekulen batez besteko lastertasuna kalkulatu zuen, gasen teoria zinetikoa erabiliz. Nazioarteko sisteman lan, energia eta bero kopuruaren banakoak haren izena du: joule (J).

Jean-Bernard Léon Foucault[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean-Bernard Léon Foucault (Paris, 1819 - 1868) frantziar fisikaria izan zen. Astrofisika eta astronomia izan zituen lan alor nagusiak. Hura izan zen astronomian fisika erabili zuen lehenengotaeko bat. 1851. urtean Lurraren errotazio higidura frogatu zuen bere izena duen Foucaulten penduluaren bidez. Pendulu hori Pariseko Panteoiko kupulan jarri zuen. Giroskopioa ere asmatu zuen 1852. urtean. Eroale metalikoetan eremu magnetiko aldakorrez induzitutako korronte elektrikoak aurkitu zituen, Foucaulten korronteak edo korronte parasitoak esaten zaienak. Argiak airean eta uretan duen lastertasuna ere kalkulatu zuen. Oso zientzialari emankorra izan zen.

Hermann von Helmholtz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hermann von Helmholtz (Postdam, 1821 - Berlin, 1894) alemaniar aisikari eta fisiologoa izan zen. Berlinen egin zituen ikasketak, eta Bonn, Heidelberg eta Berlingo Unibertsitateetan izan zen irakasle. Bere garaiko jakintsu handietako bat izan zen. Alor asko landu zituen, eta horietan guztietan ekarpen garrantzitsuak egin zituen. Termodinamikan, 1847. urtean, energiaren iraupenaren hatsapena formulatu zuen. Elektromagnetismoan, berak sortuak dira Helmholtzen “txirrikak”. Txirrika horiek eremu magnetiko uniforme bat sortzen dute espazioko eremu batean. Energia potentzialaren kontzeptua azaldu zuen. Akustikan, harmonikoak aurkitu zituen. Alor asko landu zituen: oftalmologia, otologia, meteorologia eta abar.

Gustav Robert Kirchhoff[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gustav Robert Kirchhoff (Königsberg, 1824 - Berlin, 1887) alemaniar fisikaria izan zen. Elektrizitatearen arloan, Wheatstone-ren zubia hobetu zuen, eta elektrizitatea argiaren lastertasunaz hedatzen dela frogatu zuen. Halaber, oinarrizko legeak eman zituen zirkuitu elektrikoei buruz, Kirchhoffen legeak esaten zaienak. Espektroskopia asmatu zuen; elementu kimiko bakoitzak bere espektroa duela frogatu zuen, eta espektro bidezko analisiaren teoriaren oinarriak jarri zituen R. W. Bunsenekin batera. Horri esker argitu ahal izan zen eguzkiaren espektroan agertzen diren Fraunhoferren marren zergatia. Espektroskopiaren bidez zesioa (1860) eta errubidioa (1861) aurkitu zituen. Gorputz beltzaren kontzeptua ere hark sortu zuen, eta hark eman zituen mekanika estatistikoan eta fisika kuantikoan hain garrantzitsua den kontzeptu horri buruzko legeak.

James Clerk Maxwell[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Clerk Maxwell (1831-1879) eskoziar fisikaria izan zen. Edinburgheko eta Cambridgeko unibertsitateetako ikaslea izan zen. 1864an uhin elektromagnetikoei buruzko teoria eman zuen argitara. Teoria horren arabera, argiaren lastertasun berbera dute uhin elektromagnetikoek eterrean. Hura izan zen elektrizitatearen eta magnetismoaren teoriak bateratu zituen lehena, eremu elektromagnetikoaren lege orokorrak emanez (1873). Argia eremu elektromagnetiko batekin identifikatu zuen. Argiak eta uhin elektromagnetikoak lastertasun berbera zutela esperimentu bidez frogatu zenean onartu zuten zientzialariek Maxwellen teoria. Termodinamika ere landu zuen, eta lan batzuk egin zituen gas molekulen lastertasunaren banaketaz. Energia berdin nola banatzen den azaltzen duen legea eman zuen, eta koloreak nola sumatzen diren ere aztertu zuen. Eremu elektriko aldakor batek, eremu magnetiko bat sortzen duela frogatu eta formulazio matematikoa zehaztasun handiz adierazi zuen. Horrela, elektromagnetismoa teoria bakar batean bilduta utzi zuen: Maxwellen ekuazioak.

Karl Ferdinand Braun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karl Ferdinand Braun (Fulda, 1850 - New York, 1918) Alemanian jaio zen, eta Marburgo eta Berlingo unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Alemaniako unibertsitate batzuetan lan egin zuen irakasle. Lehen Mundu Gerran Estatu Batuetara joan zen. Elektrika, magnetismoa, telegrafia eta termodinamika landu zituen batez ere. 1897. urtean, oszilazio elektrikoak aztertzeko izpi katodikoko hodi bat asmatu zuen. Hodi horri osziloskopio katodikoa esan zitzaion. 1898. urtetik aurrera, haririk gabeko telegrafoa aztertu zuen. 1909an Fisikako Nobel Saria eman zioten hari eta Guglielmo Marconiri.

Joseph John Thomson[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseph John Thomson (Cheetham Hill, 1856 - Cambridge, 1940) britainiar kimikari bat izan zen. Cambridgeko Trinity College-n egin zituen ikasketak. Cavendish-eko laboratorioa zuzendu zuen. Izpi katodikoak aztertuz elektroia materiaren oinarrizko karga zela aurkitu zuen 1897an. Elektroiaren eta protoiaren masa eta karga elektrikoa finkatu zituen, e/m zatidura neurtuz. Masa espektrografoa ere asmatu zuen. Tresna horrek atomoak pisatzeko balio du, eta horri esker isotopoak aurkitu ziren beranduago. 1906an Fisikako Nobel Saria eman zioten.

Nikola Tesla[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikola Tesla (Smiljan, 1856 - New York, 1943) kroaziar fisikaria eta asmatzailea izan zen. 1884an Estatu Batuetako Edison laboratorioetara joan zen lanera. Sortzaile bikaina izan zen, hark landutako tresnen ugariak erakusten duenez: korronte alternoko motorra (1888), transformadorea edo Tesla bobina (1891), haririk gabeko igorpen sistema (1893), eta eremu magnetiko birakorraren printzipioa (1893) Nazioarteko sistemak haren izena jarri zion indukzio magnetikoaren banakoari: tesla (T).

Heinrich Rudolf Hertz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heinrich Rudolf Hertz (Hanburgo, 1857 - Bonn, 1894) alemaniar fisikaria izan zen. Matematikan eta fisika esperimentalean prestakuntza bikaina izan zuen Helmholtzi esker besteak beste. Uhin elektromagnetikoek argiaren ezaugarri berak dituztela frogatu zuen berak asmaturiko osziladorearen bitartez. Uhin elektromagnetikoak islatuak, errefraktatuak, difraktatuak eta polarizatuak izan daitezke beraz, argia bezala. Bere aurkikuntzek aurrerabidean jarri zuten hertziniar uhinen bidezko haririk gabeko telegrafia. Efektu fotoelektrikoa eta elektroiek materia nola zeharkatzen duten ere aztertu zuen. Nazioarteko sistemak haren izena jarri zion uhinen maiztasunaaren banakoari: hertz (hz).

Robert Andrews Millikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Andrews Millikan (Morrison, 1868 - San Marino, Kalifornia), 1953) Illinoisko Morrison herrian jaio zen. Efektu fotoelektrikoa eta karga elektriko txikia landu zituen. Hori dela eta, 1911an, elektroiaren karga elektrikoa neurtu zuen berak asmatutako esperimentu baten bidez. Aurkikuntza horrengatik, Fisikako Nobel Saria eman zioten 1923an. Izpi ultramoreak eta kosmikoak ere aztertu zituen.

Guglielmo Marconi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guglielmo Marconi (Bolonia, 1874 - Erroma, 1937) italiar ingeniaria eta fisikaria, familia aberats batean jaio zen. Boloniako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han hasi zen uhin elektromagnetikoak komunikazio telegrafikoan nola erabili aztertzen. Esperimentu horien emaitzak 1896an aplikatu ziren Britaina Handian, Penarthen eta Westonen artean. Haririk gabeko telegrafiaren (irratiaren) sortzailea izan zen. 1901eko abenduaren 12an lortu zuen lehenengo aldiz irrati bidezko komunikazioa Atlantikoaren bi aldeen artean. 1909an Fisikako Nobel Saria eskuratu zuen K. F. Braunekin batera, irrati-telegrafian eta uhin elektromagnetikoen ikerketan egin zituen ekarriengatik 1930ean Italiako Zientzia Akademiako lehendakari izendatu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Elektrizitatearen historia