Elementu klasikoak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elementu klasikoek, Antzinako Greziako lurra, ura, sua eta airea kontzeptuei egiten diete erreferentzia, zeinak natura eta materia guztiaren konplexutasuna azaltzeko erabiltzen ziren, hauen oinarrizko subtantzia gisa identifikatuz[1][2]. Egipto, Babilonia, Japonia, Tibet eta Indiako antzinako kulturetan ere antzeko kontzeptuak erabiltzen zituzten, batzuetan “haizea” erabiltzen zuten “airea”-ren ordez; eta, beste batzuetan, bosgarren elementu bat gehitzen zuten, “hutsa” bezala itzuli daitekena. Txinatar Wu Xing sistemak Egurra ( 木mù),  Sua (火huǒ), Lurra (土tǔ), Metala ((金jīn) eta Ura (水shuǐ) kontzeptuak zituen, baina hauek materia mota desberdinak deskribitu baino, energia edo trantsizioak azaltzeko erabiltzen ziren.

Antzinako kultura hauek, baita filosofo anitzek ere, azalpen oso desberdinak ematen zituzten elementuen ezaugarriei eta fenomeno naturalekin duten erlazioari buruz, baita kosmologiarekin duten loturaren inguruan ere. Batzuetan, teoria hauek mitologiarekin nahasten ziren, eta elementu hauek jainkotasun batean pertsonifikatuak ziren. Beste batzuetan, interpretazio atomista (materiaren zati oinarrizkoena, ñimiñoa eta zatiezina) ikus daiteke teoria hauetan. Baziren beste teoria batzuk ere esaten zutenak elementu hauek infinituraino zatitu daitezkeela hauen izaerari eragin gabe.

Robert Fludd-en, 1617, makrokosmoaren antolakuntzaren proposamena, non terra (lurra), aqua (ura), aer (airea) eta ignis (sua) esferak ikus daitezken.

Antzinako Grezia eta Indian Airearen, Lurraren, Suaren eta Uraren inguruko sailkapenak modu filosofikoago batean egiten ziren bitartean, Islamaren Urrezko Aroko zientzialariek behaketa esperimentalak egiten zituzten materia sailkatzeko. Europan, Aristotelesen antzinako sistema erdi aroko sistema (elementu klasikoak) bilakatu zen, zeina 1600. urtera arte, Iraultza Zientifikoaren garaira arte, ez zen modu esperimental baten bitartez frogatu.

Azken mendeetako ikerketa enpirikoaren bitartez frogatu da antzinako sistema hauen azalpenak okerrak zirela. Jakina da teoria atomikoa azalpen zuzena dela, eta atomoak ehun baino gehiago diren elementu kimikotan sailkatu daitezkeela; oxigenoa, karbonoa eta merkurioa adibidez. Elementu hauek konposatu eta nahasketa kimikoak osatzen dituzte, eta tenperatura eta presio desberdinetan, substantzia hauek materiaren egoera desberdinetan azaldu daitezke. Normalean ikus daitezkeen materia-egoerak, egoera likidoa, solidoa eta gas-egoera dira. Plasmak baditu ezaugarri antzekoak Lurra, Ura, Airea eta Sua elementu klasikoekin alderatuz, baina orain badakigu hauek ez direla atomo, substantzia edo energia berezi bati esker sortuak.

Antzinako garaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pentsamendu klasikoan, Empedoklesek proposatutako lurra, sua, ura eta airea askotan hartzen ziren kontutan. Aristotelesek “eter”-a gehitu zuen bosgarren elementu gisa. “Eter” hau Indian “akasha” deitua izan zen eta “kintesentzia” Europan.

Bost elementuen kontzeptua Hinduismoan eta Buddhismoan oso zabaldua izan zen. Hinduismoan, testuinguru esoteriko baten baitan ulertzen zen, materiaren lau egoerek materia deskribatzen zuten eta bosgarren elementuak materiaren mundutik hareagokoa deskribatzen du. Antzinako Txina, Korea eta Japonian antzekoa gertatzen da. Buddhismoan lau elementu handiei, batzuetan beste bi gehitzen zaizkie, ez dira substantzia gisa ulertzen, baizik eta esperientzia sensorialaren kategoria bezala.

Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hermes Trismegistus idazleari esleitutako Kore Kosmou (“Munduko Birjina”) testu greziarrean, lurra, ura, airea eta sua aipatzen dira. Horrela deskribatzen dira:

"Eta Isisen erantzuna bete egin zen: Bizidunen artean, lagun batzuk suarekin adiskidetzen dira, beste batzuk urarekin; batzuk airearekin, beste batzuk lurrarekin; batzuk hauetako bi edo hirurekin, beste batzuk guzti hauekin.  Adibidez, seme, otiak eta euli guztiek suarengandik ihes egiten dute; arranoak eta belatzak eta altu hegan egiten duten txori guztiek urarengandik ihes egiten dute; arrainek, airea eta lurrarengandik; sugeak eremu zabalak ekiditen ditu. Sugeak eta gauza maltzur guztiek lurra maite dute; igeri egiten duten gauza guztiek ura maite dute; hegoak dituzten gauzek, airea, bertako hiritarrak izanik; eta bitartean, gorago hegan hegiten duten horiek sua maite dute eta bertatik gertu bizi dira.  Beste animalia batzuek ere sua maite dute; arrabioak adibidez maite du, etxeak bertan baititu. Honek badu zergatia, izan ere, elementu hauetako batak edo besteak euren gorputzen kanpo geruzari forma ematen baitie. Arima bakoitza, beraz, honen barruan egonik, lau elementu hauen bidez sortua eta osatua da."

Galenoren arabera, Hipokratesek lau elementu hauek erabili zituen giza gorputza deskribatzeko, eta hauek lau humoreekin lotu zituen: behazun horia (sua), behazun beltza (lurra), odola (airea) eta flema (ura). Zaintza malgua zen, eta helburua gaixoa bere oreka naturalera itzultzea zen.[3]

Elementu Kosmikoak Babilonian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enûma Eliš izeneko mitologia babiloniarraren kosmogonian, K.a. XVIII-XVI mendeen artean idatzitako testu batetan elementu kosmikoek pertsonifikatutako lau jainko azaltzen dira: itsasoa, lurra, zerua eta haizea. Beste testu babiloniar batzuetan fenomeno hauek ez dira jainkotasun batekin lotzen[4], hauek ez baitira unibertsoaren oinarrizko elementu gisa hartzen, hau ondoren gertatuko da Enpedoklesekin.

India[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hinduismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost elementuen sistema Vedaken aurkitu daiteke, Ayurveda hain zuzen ere. Hinduismoaren “bost elementu handiak” hauek dira: bhūmi (lurra), jala (ura), tejas (sua), marut (airea edo haizea) eta vyom (espazioa edo zeroa) edo akash (eterra edo hutsa)[5]. Aurrerago esaten da sorkuntza guztia, baita giza gorputza ere, bost elementu hauetaz osatuta dagoela; eta heriotza ondoren, giza gorputza bost elementu hauetan disolbatzen da berriz, naturaren zikloa berriz orekatuz.

Bost elementuak bost zentzumenekin lotzen dira, eta hauek esperientzia sentsibleen medio gisa funtzionatzen dute. Elementu baxuena, lurra, gainontzeko elementuak erabiliz sortua, bost zentzumenen bidez hauteman daiteke -(i) entzumena, (ii) ukimena, (iii) ikusmena, (iv) dastamena, eta (v) usaimena. Hurrengo elementuak, urak, ez du usainik, baina bai gainontzeko zentzumenak. Hurrengoa sua da, entzuna, ikusia eta sentitua izan daitekena. Area entzun eta sentitu egin daiteke. “Akasha” (eter-a) usaimenetik, dastamenetik, ikusmenetik eta ukimenetik haratago dago; hau soilik entzumenaren zentzumenak pertzibitu dezakelarik.[6][7]

Buddhismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paliar literaturan, mahabhuta (“elementu handiak”) edo catudhatu (“lau elementuak”) ura, lurra, sua eta airea dira. Hasierako Buddhismoan, lau elementuak sufrimendua eta sufrimendutiko askapena ulertzeko oinarria ziren. Oinarrizko lau elementu hauek solidoaren, fluidoaren, tenperaturaren eta higiduraren kualitate sentsibleak dira. Lurra, ura, sua eta airearen karakterizazioa abstrakzio gisa ulertzen da, materia existente bezala ulertu baino, gauza fisiko bat nola sentitzen den, nola hautematen den ikusten da.[8]

Lau elementuak behatzen dituen Buddharen irakaspenak, filosofia baino, sentsazio erreal guztien behaketaren oinarri gisa ulertu ohi da. Lau ezaugarriak honako hauek dira: kohesioa (ura), sendotasuna edo inertzia (lurra), hedapena edo bibrazioa (airea) eta beroa edo energia euskarria (sua). Adimena eta materiaren sailkapen bat proposatu zuen zortzi “kalapas”-en (atomo) arabera, non lau elementuak lehen mailan dauden eta kolorea, usaimena, dastamena eta nutrizioa bigarren mailan dauden (hauek lau elementuen deribazioak izanik).

Txina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatar kulturan elementuen sailkapena desberdina da: Sua, Lurra, Metala (literalki urrea), Ura eta Egurra. Hauek energia mota desberdin bezala ulertuak ziren, bata bestearekin etengabeko interakzio eta jarioan egonik.

Nahiz eta normalean “elementu” bezala itzulia den, xing hitz txinatarrak literalki “izatearen egoera aldakorrak”, “permutazioak” edo “izatearen metamorfosiak” esan nahi du[9]. Sinologoek itzulpen desberdinak egin dituzte hitz honen inguruan. Elementu txinatarrak beti aldaketan eta mugimenduan ikusten ziren.

Pa Kuan, metala兌Duì (lakua edo lokaztia) eta 乾 Qián (zerua edo zeruak) figura jainkotiarrekin lotzen dira, egurra巽Xùn (haizea) eta震Zhèn (tximista)-rekin. Burdin meteorikoaren iraupena ikusirik, metala eterrarekin lotzen da, zeina batzuetan pneuma estoikoarekin alderatu den, biek airea esan nahi baitute. Taoismoan, qi-ak pneumaren antzeko papera betetzen du, fenomeno biologiko eta bizigabekoak azaltzeko balio izanik.

Filosofia txinatarrean unibertsoa zerua eta lurrak osatzen dute. Bost planeta nagusiek ondorengo elementu hauen izena jasotzen dute: Jupiter木星 Egurra (木) da, Marte 火星 Sua (火), Saturno土星 Lurra (土), Artizarra 金星 Metala (金) eta Merkurio 水星 Ura (水). Gainera, Ilargiak Yin (陰) eta Eguzkiak 太陽 Yang (陽) errepresentatzen dute. Ying, Yang eta bost elementuak I Ching-en gaiekin lotzen dira. I Ching txinatar testu klasikoetatik zaharrenak dira, eta bertan kosmologia eta filosofia sistema bat azaltzen da. Bost elementuak Txinatar astrologiaren zati garrantzitsu bat dira, baita Feng shui izenez ezaguna den geomantzia-sisteman ere.

Bost faseen doktrinak bi oreka ziklo deskribatzen ditu, sortzaile edo eratzailea (生, shēng) den zikloa, eta  gainditzailea edo suntsitzailea (克/剋, kè) den zikloa.

Sortzailea

  • Egurrak Sua elikatzen du;
  • Suak Lurra sortzen du (errautsa);
  • Lurrak Metala erditzen du;
  • Metalak Ura biltzen du;
  • Urak Egurra elikatzen du.

Suntsitzailea

  • Egurrak Lurra zatitzen du;
  • Lurrak Ura xurgatzen du;
  • Urak Sua itzaltzen du;
  • Suak Metala urtzen du;
  • Metalak Egurra mozten du.

Badira bi desoreka ziklo ere, ziklo gain-ekintzailea (cheng) eta ziklo mingarria (wu).

Grezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Grezian oinarrizko bost elementutan sinisten zuten: Lurra (γῆ ge), Ura (ὕδωρ hudor), Airea (ἀήρ aer), Sua (πῦρ pur) eta Eter-a (αἰθήρ aither). Garai presokratikoetatik datatu daiteke sailkapen hau, eta Erdi Aroan zehar iraun zuen Berpizkundera arte, Europako pentsamendua eta kulturarengan erabat eraginez.  Batzuetan bost elementu hauek bost solido platonikoekin lotzen dira.

Enpedokles (K.a. 450 urte inguruan) filosofo siziliarrak frogatu zuen (gutxienez bere burua asetzeko) airea aparteko substantzia bat zela, ikusiz nola buruz behera jarritako ontzia uretan murgiltzean ez zen urez betetzen. Enpedoklesen aurretik, filosofo greziarrek elementu garrantzitsuenaren inguruan eztabaidatu zuten, jakin nahian zein zen besteak sortzen dituen elementua. Heraklitok sua zela zioen, Talesek ura eta Anaximenesek airea. Anaximandrok esan zuen substantzia lehena ez zela horietako bat ere, baina hau elementu horietan bilakatu zitekela, baita elementu bat bestean ere. Enpedokles izan zen lehena lau elementuak proposatzen. Lau “erroak” (ῥιζὤματα, rhizōmata) izena jarri zien.

Badirudi Platon izan zela lehendabizikoa “elementu” (στοιχεῖον, stoicheion) terminoa erabiltzen airea, sua, lurra eta urari buruz hitz egiteko. Antzinako greziako “elementu” hitza, stoicheion (stoicheo hitzetik, “lerrokatu”) hitzetik dator, eta honek “zatiketa txikiena (eguzki erloju batena), silaba” esan nahi du, hitz bat esatean azaltzen den unitate txikiena izanik. Alfabetoaren inguruko metafora antzekoa izan daiteke latinezko elementum hitzaren jatorria, seguruenik ‘l’, ‘m’ eta ‘n’ hizkietan oinarriturik. Dena den, ideia honen inguruan eztabaida dago oraindik.

Aristotelesen Sorkuntza eta Ustelkeriaren Inguruan obran[10], lau elementuetako bakoitza lau ahalmen sentsibleen arteko birekin lotzen dira:

  • Sua beroa eta lehorra da.
  • Airea beroa eta hezea da.
  • Ura hotza eta hezea da.
  • Lurra hotza eta lehorra da.

Eskema klasikoak karratu bat beste batean kokatzen du, baten izkinak elementu klasikoak izanik, eta bestearenak honen ezaugarriak izanik. Beste aldeko izkina ezaugarri horren kontrakoa litzateke, “beroa – hotza” eta “lehorra – hezea”.

Aristotelesek eter-a gehitu zuen bosgarren elementu, kintaesentzia bezala. Sua, lurra, airea eta ura lurtarrak eta ustelgarriak izanik, eremu zerutiarretan ez dirudi aldaketarik ematen denik, beraz izarrak ezin dira lau elementu horietaz sortuak egon. Izarrak aldaezina den substantzia zerutiar desberdin batez egina egon behar du.[10]

Proklo filosofo neoplatoniarrak Aristotelesen teoria ukatu zuen. Elementu bakoitzak hiru ezaugarri dituela esan zuen: Sua zorrotza, fina eta mugikorra da; lurra kamutsa, lodia eta mugiezin da. Bi hauek airea eta ura diren bitarteko elementuen bidez elkartzen dira modu honetan:

Sua Zorrotza Fina Mugikorra
Airea Kamutsa Fina Mugikorra
Ura Kamutsa Lodia Mugikorra
Lurra Kamutsa Lodia Mugigaitza

Tibet[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bön edo antzinako tibetar filosofian; lurra, ura, sua, airea eta espazioaren oinarrizko bost prozesuak fenomena edo osotasun guztien materia esentzialak dira. Oinarrizko prozesuak egutegiaren, astrologiaren, medikuntzaren eta psikologiaren funtsa dira, baita shamanismoaren, tantra eta Dzogchen tradizio espiritualenak ere.

Elementuen izenak eta mundu naturalean katalogatutako sentsazio enpirikoen izenak berdinak dira. Izenak sinbolikoak dira, eta bakoitzak atxiki dituen ezaugarrientzako giltzarria dira. Bön filosofian, oinarrizko prozesuak kanpo, barne eta sekretuak diren energia-indarrekin lan egiteko metaforak dira.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendeko ikur alkimikoa, lau elementu klasikoak erakusten dituena irudiaren izkinatan, erdiguneko hirukiko tria prima-tik irteten direnak.

Erdi Aroko alkiminian erabilitako sistema nagusia Jābir ibn Hayyān (Geber) pertsiar-arabiar alkimistak garatu zuena izan zen. Sistema honek oinarrizko lau elementuak erabiltzen ditu, eta bi elementu filosofiko gehitzen dizkio: sufrea, errekuntza printzipioa ezaugarritzen, “erretzen den harria”; eta merkurioa, ezaugarri metalikoen printzipioa ezaugarritzen. Lehen alkimistek bi elementu hauek unibertsoaren[11] ezaugarri sinplifikaezin gisa ikusten zituzen.

Hiru printzipio metalikoak (sufrea sukoitasuna edo errekuntzarekin, merkurioa aldakortasuna eta egonkortasunarekin, eta gatza sendotasunarekin) Parazeltso alkimistaren tria prima bilakatu ziren. Aristotelesen lau elementuen teoria gorputzetan hiru printzipio bezala agertzen zirela defendatu zuen. Printzipio hauek oinarrizkoak direla esan zuen, honetarako egurra sutan nola erretzen den azaldu zuen. Merkurioak kohesio printzipioa ere bazuen, horregatik egurretik alde egiten zuenean, hau desegiten zen. Keak aldakortasuna deskribatzen zuen (printzipio merkuriarra), beroa ematen duten garrek sukoitasuna deskribatzen zuten (sufrea), eta geratzen den errautsak sendotasuna (gatza).

Mundu Islamiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Al-Kindi, Avicenna eta Fakhr al-Din al-Razi filosofo islamiarrek lau elementuak beroa eta hotzaren (indar aktiboa), eta lehortasunaren eta hezetasunaren (hartzaileak) izaerekin lotu zituzten.[12]

Japonia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizio japoniarrak 五大 (godai, literalki “bost handiak”) izeneko elementu multzoa erabiltzen du. Hauek lurra, ura, sua, haizea/airea eta hutsa dira. Indiako Vastu shastra filosofiatik eta sinismen buddhistetatik dator. Gainera, elementu klasiko txinatarrak (五行, wu xing) ere badute presentzia kultura japoniarrean, batez ere Erdi Aroko Neo-Konfuzianistei esker.

  • Lurrak gauza solidoak errepresentatzen ditu.
  • Urak gauza likidoak errepresentatzen ditu.
  • Suak suntsitzen duten gauzak errepresentatzen ditu.
  • Aireak mugitzen diren gauzak errepresentatzen ditu.
  • Hutsak edo Zeruak gure egunerokotasunetik kanpo dauden gauzak errepresentatzen ditu.

Mendebaldeko Astrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko astrologiak lau elementu klasikoak erabiltzen ditu horoskopoekin lotzeko. Zodiakoaren hamabi zeinuak lau elementutan banatzen dira: Suak Aries, Leo eta Sagitario izendatzen ditu; Lurrak Tauro, Virgo eta Kaprikornio; Aireak Geminis, Libra eta Akuario; eta Urak Kantzer, Eskorpio eta Piszis.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizio Aristoteliarrak eta Alkimiak zientzia modernoaren teoria eta taxonomia berriei leku egin zien. Antoine Lavoisieren garaian, adibidez,  elementuen zerrendak jada ez zien elementu klasikoei erreferentzia egiten[13]. Zientzialari moderno batzuek elementu klasikoak materiaren lau egoerekin alderatzen dute: solidoa, likidoa, gasa eta ahulki ionizatuko plasma.[14]

Zientzia modernoak oinarrizko partikula motak onartzen ditu, zeinak ez duten azpiegiturarik (beste partikula batzuez eginda ez daudenak, alegia); baita partikula konposatuak ere, zeinak baduten azpiegitura (beste partikula batzuez eginda dauden partikulak).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Boyd, T. J. M.; Sanderson, J. J.. (2003-01-23). The Physics of Plasmas. Cambridge University Press ISBN 9780521459129. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  2. (Ingelesez) Ball, Philip. (2004-04-08). The Elements: A Very Short Introduction. OUP Oxford ISBN 9780191578250. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  3. (Ingelesez) Lindemann, Mary. (2010-07). Medicine and Society in Early Modern Europe. Cambridge University Press ISBN 9780521425926. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  4. (Ingelesez) «A consideration of Babylonian astronomy within the historiography of science» Studies in History and Philosophy of Science Part A 33 (4): 661–684. 2002-12-01  doi:10.1016/S0039-3681(02)00022-5. ISSN 0039-3681. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  5. (Ingelesez) Ranade, Subhash. (2001-12). Natural Healing Through Ayurveda. Motilal Banarsidass Publishe ISBN 9788120812437. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  6. (Ingelesez) Meyer-Dinkgräfe, Daniel. (2005). Theatre and Consciousness: Explanatory Scope and Future Potential. Intellect Books ISBN 9781841501307. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  7. (Ingelesez) Nath, Samir. (1998). Encyclopaedic Dictionary of Buddhism. Sarup & Sons ISBN 9788176250191. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  8. «What is and isn't Yogācāra» www.acmuller.net (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  9. (Ingelesez) Eberhard, Wolfram. (1986-01-01). A Dictionary of Chinese Symbols: Hidden Symbols in Chinese Life and Thought. Routledge & Kegan Paul ISBN 9780710201911. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  10. a b (Ingelesez) Lloyd, G. E. R.. (July 1968). Aristotle: The Growth and Structure of His Thought. Cambridge University Press ISBN 9780521094566. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  11. (Ingelesez) Clulee, Nicholas H.. (1988-01-01). John Dee's Natural Philosophy: Between Science and Religion. Routledge ISBN 9780415006255. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  12. (Ingelesez) «Lawh-i-Hikmat» bahai-library.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  13. «Lavoisier» web.lemoyne.edu (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  14. (Ingelesez) Kikuchi, Mitsuru. (2011-03-16). Frontiers in Fusion Research: Physics and Fusion. Springer Science & Business Media ISBN 9781849964111. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]