Elexazar

Koordenatuak: 43°05′05″N 2°58′03″W / 43.08477911°N 2.96738522°W / 43.08477911; -2.96738522
Wikipedia, Entziklopedia askea
Elexazar
Elexazar, Lejazar
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAraba
EskualdeaAiaraldea, Araba
Koordenatuak43°05′05″N 2°58′03″W / 43.08477911°N 2.96738522°W / 43.08477911; -2.96738522
Map
Historia
Materiala(k)Hareharri
GaraiaK.o. I. mendearen amaieran
UzteaK.o. III. mendea
Garaia(k)Goi inperioa
KulturaAntzinako Erroma, Autrigoia
Indusketa
Indusketa datak2009-2019
ZuzendariakJuanjo Hidalgo
EgoeraNahiko erautsia
JabetzaAmurrioko udala
Bisitagarriabai
Altitudea749 m

Elexazar Arabako Amurrio udalerrian dagoen erromatar garaiko aztarnategia da. Burdina lantzeko lanabesak eta nekazaritzako tresneria aurkitu direnez, ekoizpen multzo bat izan daitekeela uste dute.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru gelez osatutako eraikina
Aztarnategiko ipar ekialdean dagoen eraikin txikia

Itsas mailaren gainetik 565 metrora dago, garaiera ertainean beraz, harri silizeoz osatutako Larragorriko mendigunean, Nerbioi ibaiaren arroaren gainean. Amurrion egonda ere, Bizkaiko Orozko udalerria kilometro bat baino gutxiagora dago.

Amurrio eta Aspaltza mendien artean
Elexazarren kokapena mapan

Aloria izeneko erromatar aztarnategitik gertu dago eta harekin erlazionatzen da, hurbiltasun geografikoagatik eta antzeko ezaugarriak dituelako. Autrigoien lurraldean dago.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elexazar K.o. I. eta III. mendeen artean erabili zela uste du bere induskatzaileak, Juanjo Hidalgok. Aldare taurobolikoaren maila berberean eta zentimetro gutxira aurkitu zen Alexandro Severo enperadorearen txanpona, K.o. 227. urtekoa. Egindako C14 analisiek K.o. I eta II. mende bukaera arteko datazioak eman dituzte[1]. Aurretiko edo ondorengo eraikinik ez da aurkitu bertan.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean Lejazar izena ematen zioten gune honi, baina dokumentazioan Elexazar moduan agertzen da. Izen hau elexa eta zahar hitzek osatzen dute. Elexa Eliza hitzaren mendebaldeko euskalkiaren aldaera bat da.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin konplexuaren hormak
Eraikin konplexuaren hormak partzialki berreraiki dira

Lurra lutitaz osatua dago. Harlauzak erraz ateratzen dira hemendik eta pentsa daiteke eraikuntzetako harri harri-hormak betatik zirela. Hala ere, metro batzuetara, lutita azaleratze garrantzitsu bat dago, XX. mendera arte harrobi moduan erabili zena, nahiz eta ez dakigun noiz hasiko zen ustiatzen.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laukiluze oinplanta bat marrazten duten hormak. Harri hilara bakarra geratu da. Alboetan geratu dira hormako goiko hilaretatik eroritako harlauzak
Laukiluze oinplanoa duen eraikuntza, antza, gela bakarraz osatutako. Aztarnategiaren mendebaldean dago.

Lau eraikuntzez osatuta dago, erdian, patio zabal baten moduko hutsunea dagoelarik. Eraikin konplexuena karratua da eta hainbat esparrutan antolatuta dago: hainbat gelek barne-patio bat inguratzen dute, mediterraneoko eraikinetako ohiko distribuzioa. Zenbait eraikuntza fase atzeman dira, denboran zehar izan zituzten beharrizan funtzionalei erantzuteko egindakoak. Beste eraikin txikiagoa bat, karratu formakoa ere bai, eraikin honi konektatuta dago harlauzez estalitako kale batez[2]. Hirugarren eraikina induskatu gabe dago eta oraingoz ez da ia ezagutzen. Laugarren eraikina lauki zuzeneko oinplanoa du, 100 bat m2-koa eta, antza, barne zatiketarik gabekoa.

Hormek hareharrizko harri ilara gutxi batzuk mantendu dituzte zutik; beraz, ezin da jakin segurtasun osoz nolakoak izan ziren haien morfologia osoa, estaldura eta baoak ezta estalkien ezaugarriak ere. Hala ere, beste erromatar ereduekin alderatu daiteke hurbileko berreraikitze bat irudikatzeko: estalki inklinatua, isurialde bakarrekoa izango zuten eraikinek eta hormak baliteke luzituaz estalita egotea. Teilak ez dira aurkitu baina bai harlauza zabal eta meheak, teilatua osatuko zutenak. Beste harlauza asko, lurzoruan horizontalki etzanda aurkitu direnez, litekeena da zoladura moduan erabili izana.

Zortzi gelaz osatutako eraikuntza. Hiruzpalau errenkada ikusten dira egun, berreraikuntza egon ondoren.
Elexazar aztarnategiko hego-ekialdean dagoen eraikin konplexua. Hainbat gelek, patio bat inguratzen dute. Hau da erromatar etxearen ohiko konfigurazio eta horregatik uste du ikertzaileak bizilekua izan zitekeela

Agertutako objektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdinazko eta berunezko elementu ugari aurkitu dituztenez, baita errementari baten ingudea eta sutondo txiki bat ere, Elexazar metalurgia arloko kokagune bat izan zela eta inguru hartako natura baliabideen ustiapenari lotuta egon zitekeela uste da. Era berean, ikerlariek ez dute baztertzen Elexazarreko aztarnategia inguratzen duten mendialde zabaletan abeltzaintzan jarduten zutelako aukera, inguruko herriguneek edota militar taldeek zituzten premiei erantzutearren[3].

Zeramika finik (terra sigillata) ez da aurkitu baina bai lapikoetako zeramika. Bertako lurra oso azidoa denez, material asko denboraren poderioz desagertu dira baina zeramika mota hau lodiagoa denez gehiago iraun du[4]. Lapiko hauetan seguruenik kanpotik ekarritako jaki edo edariak ekarriko zituzten eta ondoren lapikoak aprobetxatu biltegi moduan.

Suharriz eta hareharrizko lanabesak ere topatu dituzte.

Aldare taurobolikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

hareharriz egindako aldarea. Zezen, idi edo bahi baten buruaren erliebea erakusten du. Ez du inskripziorik
Elexazarren aurkitu eta Bibat museoan gordetzen den aldare taurobolikoa

2011ko indusketa lanetan taurobolio baten aurkikuntza nabarmendu behar da. Bi zatitan apurtuta eta jatorrizkoa ez den beste modu batean jarrita aurkitu zuten. Etxebizitza izan zitekeen eraikuntza barruan zati bat agertu zen eta bestea kanpoaldean. Hareharrizko bloke angeluzuzen batean landutako aldare bat da (50 x 30 cm eta 60 kg inguru), aurrealdean erdierliebea duena. Bertan zezen baten burua dago irudikatuta, soka bikoitz batez inguratuta eta frontoi klasikoz errematatua. Haren oinarria zutoin baten gainean jartzeko prestatuta dago. Bada, izate sakratuak gurtzeko balio zuen elementu sinbolikoa da. Otoitz edo sakrifizioak egiteko erabiliko zuten edo norberarentzako beharrezko babesa edota Elexazarren egiten zituzten lan guztiak behar bezala gauza zitezen eskatuko zuten haren aurrean.

Aurkikuntza hori Zibeleren gurtzarekin lotuta dago. Zibele Frigiar jatorriko andregoikoa da, Erroman gurtzen zutena, naturaren eta ugalkortasunaren Magna Mater delakoa baitzen. Honelako aldareak aurkitu dira Nafarroan, Aragoiko mendebaldean, Extremaduran, Portugalen, Frantzian (Akitania-ko probintzian, Galia Nabonensisen eta Galia Celtica-n[5]), Portugalen, Italian, Grezian eta Algerian. Hauetariko asko IV. mendekotzat jo dituzte. Itxuraz, erritu paganoei eusten zieten, Inperioan jada ofizialki kristautasuna nagusi zen garaian.

Périgueux Vesunna museoa. Kibeleren aldarea
Périgueux Vesunna museoa. Kibeleren aldarea

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Exposición sobre el yacimiento romano de Elexaza.» Noticias de Álava (Grupo Noticias): 182. 2013-02-24 (Noiz kontsultatua: 2018-07-15).
  2. Hidalgo, Juanjo. (2011). «Yacimiento romano de Elexazar, Amurrio» Arkeoikuska (Vitoria-Gasteiz) (11) (Noiz kontsultatua: 2018-07-20).
  3. (Gaztelaniaz) «Araba-Eus - Elexazar. Amurrio» www.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-15).
  4. (Gaztelaniaz) «Séptima campaña de excavaciones arqueológicas en el yacimiento de Elexazar | HAUXE DA AMURRIO» www.hauxeda.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-15).
  5. Ikusi frantsesezko Wikipedia: Autel_taurobolique

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]