Elias Salaberria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elias Salaberria

Bizitza
JaiotzaLezo1883ko apirilaren 16a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMadril1952ko uztailaren 14a (69 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
KidetzaSan Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia

Elias Salaberria Intxaurrandieta (Lezo, Gipuzkoa, 1883eko apirilaren 16aMadril, Espainia, 1952ko uztailaren 14a) margolaria izan zen. Meza-laguntzaile zela, Eusebio Pildain apaizak marrazten oso trebea zela antzeman zion eta Gurutze Santua ikustera maiz etortzen ziren Cubas-eko Markesen esku utzi zuen 1896an, eta horien babespean arte-prestakuntza sendoa jaso zuen.

Honela, lehenik Donostiako Arte eta lanbide eskolan sartu zen. Gerora Madrileko San Fernando Arte Ederren Eskolan, non Alejandro Ferrant-en ikasle izan baitzen, eta azkenik, Luis Menéndez Pidalen lantokian aritu zen. 1903an Gipuzkoako Aldundiaren pentsio bat irabazi zuen eta "Estudio de interior" izeneko bere koadroa Madrileko "Circulo de Bellas Artes"eko erakusketan irabazle gertatu zen.

Sari gehiago lortu ondoren, 1909an Parisera joan zen garai hartan pil-pilean zeuden joera artistikoak ezagutzera eta bere estilo klasizista finkatzera. 1912an, "La procesión del Corpus en Lezo" izeneko bere lanik bereizgarrienarekin Madrileko Erakusketa Nazionaleko lehen domina irabazi zuen, eta 1913an Munich-eko Nazioarteko erakusketako urrezko domina.[erreferentzia behar]

1944an "Real Academía de Bellas Artes de San Fernando" delakoan sartu zen akademiko oso gisa. Bat-batean hil zen Madrileko San Francisco el Grande elizako Concepción Kaperaren sabaiko pintura batzuk berritzen ari zela.

Bere lehengusu Tomas Garbizuk honela gogoratzen zuen:[1]

« Euskaldun garbia. Hainbeste urte Madrilen egin eta Lezotik atera zen egunean bezalaxe egiten zuen euskeraz. Zenbat dira, urte bi kanpo aldean egon direlako euskara galdu dutenak, zabarkeriaz edo lotsakizunez. Betikoa: zenbat eta ezjakinago, orduan eta harroputz handiago. Elias Salaverriak bazekien ondo bere jaiotza hizkuntza eta jakinduri ospea ez ziren elkarren kontrakoak. Gizon ezjakinak, burua arin eta bihotza epel; gizon ikasiak, bihotza sugar eta burua trinko. »


Pintore errealista zen. Euskal Herriko gaiari loturiko hainbat margolan egin zituen: Corpuseko prozesioa Lezon, Elkanoren eskaintza, Gu, San Ignazio Loiolakoa, eta abar. Erretratu-lan ugari ere baditu. Bere jaioterri Lezon, kale bat du bere izenarekin.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Madariaga, Luis. Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2010-02-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biografia
Gipuzkoa
Artikulu hau Gipuzkoako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.