Elizjendearen Adierazpena (Eskozia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elizjendearen Adierazpena (ingelesez: Declaration of the Clergy) 1309ko (edo 1310eko) eskoziar agiri bat da,[1][oh 1] Robert the Bruceri eskoziarren errege izateko herri horretako apezpikuen babesa ematen diona. Agiria ez da ospetsua, baina bere garrantzia du. Bertan, Saint Andrewsen bildutako apezpikuek adierazi zuten 'herriak' Robert the Bruce hautatzen duela errege. Arbroatheko Aldarrikapenarekin batera (1320), erabakigarria izan zen Eskoziaren eta bertako Elizaren ikuspegi politikoa finkatzen, eragin handikoa XVI eta XVII. mendeko erregetza absolutuaren eta presbiterianismoaren (National Covenant) arteko gatazka eta eztabaidetan.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

St Andrewseko katedralaren aztarnak

1296an, Ingalaterrako Eduardo II.ak Eskozia inbaditu zuen, Ingalaterra eskoziarren nagusia zelakoan. 1308an, Roberto the Brucek Comyn leinua azpiratu zuen, eta haien lurraldea, Great Glenetik gertu, suntsitu. Eskoziar buruzagia Saint Andrewsera bildu zen, bertako katedralaren eraikuntza bukatzear zegoela. Batzarra (parlamentua) deitu zuen bertan, ideia berri batzuk bertan azaltzeko.

Agiria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agiriak erakusten ditu 1302an Joan Duns Eskotok William de Lambertonekin izandako eztabaidetatik apezpikuek aterako ondorioak.[1] Gutun ireki batean, apezpikuek erregetzari buruz zuten ideia adierazi zuten: herriak hautatu zuela erregea[oh 2] eta 'herri' horrek Robert the Bruce erregetzat onartzen zuela "erresumako akatsak konpon ditzan, eta zuzendu beharreko gauzak zuzendu". Apezpikuen agintaritza horren bidez, eskoziarren errege horri erresuma esleitzen zitzaion, agiriak zioenez.[1]

Agiriko herriaren ideiak "Erresumako Erkidegoa"ri egiten dio erreferentzia, alegia, eskoziar goi-mailako elizgizon eta jauntxoei. Agiria aita santuari bidali ez ezik, kopiatu eta lurralde osoko elizetan esan zen behin eta berriz. Adierazpen horren bitartez, Robert the Brucek bere gaitasun militar gogorra zilegitasunez jantzi zuen.[1] Horren beharra ere bazuen, aita santuak eskumikatu egin baitzuen, Ingalaterrako Eduardo II.ak horretara bultzatuta.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. History Scotland webguneak, 2017ko otsailean, 2010eko otsailaren 23ko data ematen du, eta kokapena Dundeen jartzen du, ez St Andrewsen
  2. Aurrez aurre talka egiten zuen erregetzaren nagusitza eztabaidaezintzat jotzeko ingelesek zuten ikuspegiarekin; ikus Oliver, Neil. 2009, 174. or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Oliver, Neil. 2009, 142-143. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oliver, Neil. (2009). A History of Scotland. Weidenfeld&Nicolson (W&N) ISBN 978-0-7538-2663-8..
The Declaration of the Clergy and People was issued - On this day in histor. (Noiz kontsultatua: 2017-09-10).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]