Elsa Arokallio
| Elsa Arokallio | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Kurkijoki (en) |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Helsinki, 1982ko urriaren 3a (90 urte) |
| Familia | |
| Aita | Gustaf Arokallio |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Helsinkiko Teknologia Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | finlandiera |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | arkitektoa |
| Jasotako sariak | |
Elsa Arokallio (Kurkijoki, Finlandiako dukerri handia, 1892ko abuztuaren 18a – Helsinki, Finlandia, 1982ko urriaren 3a) finlandiar arkitektoa izan zen, bere ibilbidean Estaturako kuartelak eta eskolak proiektatzen lan egin zuen urte luzez.
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gustaf Arokallio politikaria izan zuen aita. 1919an arkitekto titulua lortu zuen Helsinkiko Teknologia Unibertsitatean, Finlandian. Graduatu ostean, arkitektura-enpresa bat ezarri zuen Erkki Vänänen senarrarekin batera. Senarra ezkondu eta lau urtera hil zen, eta Arokalliok bakarrik jarraitu zuen bere enpresa kudeatzen.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerren arteko sasioan, Elsa Arokalliok Defentsa Ministeriorako lan egin zuen, Eskandinaviako herrialde gazteak estatu-azpiegitura militar sendoa eraiki behar zuen garaian. Azpiegitura horretan; kuartelak, jantokiak, ospitaleak eta aire-baseak aurkitzen ziren, besteak beste. Defentsa Ministerioko Sail Teknikoak arkitekto ugari kontratatu zituen Finlandiako arkitektura klasizismotik funtzionalismorako trantsizioan laguntzeko. 1928tik 1939ra bitartean, bederatzi emakume arkitektok lan egin zuten Torsten Elovaarak zuzendutako bulegoan, non 14 gizonek ere parte hartzen zuten. Bulego horretan, emakumeak etxebizitza-proiektuetara, erizaintza-zainketetara eta lorezaintza-proiektuetara bideratu ziren. Elsa Arokalliok, Ragnar Ypyä, Martta Martikainen eta Aulis Blomstedtekin batera, “Gaztelua” diseinatu eta eraiki zuen, Kauhavako Aire Armadaren Akademiaren kuartelak hartzeko (1928). Arkitektura, klasizismo zorrotz eta dotorekoa, plan nagusi axial eta simetrikoari erantzuten zion (eraikin honen barrualdea nabarmen eraldatu zen 1980an). Gainera, kostaldeko artilleriaren egoitza diseinatzen lagundu zuen Lahdenpohjan (1933). 1930eko hamarkadan Elsi Borgekin ere lan egin zuen.[1]
Bigarren Mundu Gerraren ostean, Arokallio Lahtiko Könönen bulegoko kide izan zen, eta bertan familia bakarreko etxeak diseinatu zituen. 1953tik 1959ra, Finlandiako Eraikuntza Batzordean lan egin zuen, eta eskolak eraiki zituen Kokkola, Jakobstad, Tampere eta Varkaus-en. Lerro zuzenen obrak dira, eta haien funtzionaltasuna eta eraginkortasuna eraikuntzaren erritmoan ezagutzen dira, eta argia ikasgeletara iristen da.
Elsa Arokalliok altzariak ere diseinatu zituen.Arlo horretan egin zuen lan esanguratsuenetako bat Finlandiako Parlamentuko egoitzako geletarako izan zen (1931) —Johan Sigfrid Sirén (1889–1961) arkitektoaren lana—, non gobernuaren irudi publikoa indartzeko Finlandiako diseinuaren azken joerak erakutsi nahi izan ziren. “Gela Grisa” eta “Gela Horia” altzariak, emakumeentzat erreserbatuak, Arokalliok diseinatu zituen Marja Kansanen (1880–1957) ehungintzako artistarekin batera.[2] Laurogeiko hamarkadan, monumentu izendatu ondoren, eraikina birmoldatu egin zuten; gela horietan jatorrizko alfonbra eta gortinak ez ziren kontserbatu, baina Irna Kukkasjärvi ehun-artistak horiek hartu zituen inspirazio-iturri eraberritzeko.

Finlandiako arkitekto aitzindari honen ondarearen zati bat Helsinkiko Arte Museoan dago: 1983an dohaintzan emana, Elsa Arokallio Bildumak bere lagun arkitektoen lanak, Alvar Cawen eta Marcos Collinen pinturak, besteak beste, eta baita bere marrazki eta krokis batzuk ere.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lisa Hagmanin eskola (1925)
- "Gaztelua". Kauhavako Aire Armadaren Akademia, Finlandia (1928)
- Finlandiako Parlamentuaren egoitzako geletarako altzariak (1931)
- Kostaldeko Artilleriaren egoitza Lahdenpohjan (1933)
- Simpeleko eliza (1933)
- Lahti Homeschool Homes (1950)
- Johanna etxea (1953)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ”White” Military architecture in Finland, 1926–1939. .
- ↑ «Parliament's buildings and art» Hilding Ekelund in Arkkitehti magazine.