Eltzegor
Eltzegor | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Euskal Herria |
Musika mota | folk |
Urteak | 1976 - 1992 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | IZ |
Taldekideak | |
Jakes Etxeberria Juantxo Garzia Marko Jossie Benito Zubeldia Joxemari Ostolaza 'Xalbardin' Fernando Unsain Juantxo Garzia Pantxoa Albizur Juanma Zaldua | |
Informazio gehigarria | |
Eltzegor 80ko hamarkadako ahots taldea izan zen Eltzegor, Iparraldeko eta Hegoaldeko abeslariek osaturikoa. Juantxo Garcia, Joxemari Ostolaza Xalbardin, Marco Jossie, Fernando Unsain, Pantxoa Albiztur, Jakes Etxeberria, Juanma Zaldua eta Benito Zubeldia izan ziren taldekideak, une batean edo bestean. Abertzaletasunaren ikuspegitik Euskal Herriko egoera politiko eta sozialari lotutako abestiak sortu zituen, eta hiru disko grabatu zituen, ia hogei urteko ibilbidean: Ebihotz (1984), Sasitik sasira (1988) eta Herrialde berdean (1992).
Taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eltzegor 1976an sortu zen, Jose Antonio Garmendia Artola Tupa eta Angel Otaegi ETAko militanteen aurkako epaiaren harira antolatutako nazioarteko kanpainaren barruan. Herbehereetara egindako bidaia batean bat egin zuten Joxemari Ostolaza Xalbardin-ek eta Alegera taldean aritzen ziren hiru kantarik: Juantxo Garzia, Jakes Etxeberria eta Marco Jossie. Denak haurtzarotik kantuaren inguruan ibilitakoak ziren. Horrela zioen Xalbardinek elkarrizketa batean: «Hamazazpi urterekin profesionalak izateko aukera oso onak izan genituen. Talde batean aritzen ginen, erdaraz kantatuz eta Mexikora joateko hiru urteko kontratua egin genuen. Borrokarekin topo egin, euskaraz kantatu behar zela eta abar, taldea bertan behera utzi, eta handik pixka batera hasi ginen euskara ikasi eta euskaraz kantatzen. Ez Dok Amairu sortzeke zegoen artean» (1). Geroago, Fernando Unsain abeslari eta IZ diskoetxeko arduraduna eta Benito Zubeldia batu zitzaizkien. Euskal Herriko errealitate politiko eta kulturalari atxikitako taldea eratzea erabaki zuten. «Eltzegor ez litzateke izango gure Herrian halako egoera sozial eta politiko bat bizi ez bagenu» (2). Kantariak mugaz bi aldeetakoak izateak ere taldearen nortasuna markatzen zuen. Batek ez zekien euskaraz, beste batek ez zuen gaztelaniaz hitz egiten, frantsesa arrotza zitzaion beste bati... «Teorizatu beharrik gabe eskuartean aurkitzen dugu Herri honen arazorik handienetako bat» (2).
Herriz herri zenbait urtez kantari aritu ondoren, Ebihotz (IZ, 1984) grabatu zuten. Estudioan klarinete, txelo eta akordeoiz egindako moldaketez jantzi zituzten kantuak, Joseba Sarrionandia, Joxemi Zumalabe eta Ostolazaren hitzekin, besteak beste. Euskal kantagintzan ezohikoa zen estilo bat jorratzen zuen Eltzegorrek, baina, hala ere, harrera ona zuen, batez ere Iparraldean. «Guk betidanik kantatu izan duguna duk, gure heziketaren fruitua duk. Normalean entzuten denaren diferentea dela? Bai, baina entzuten den hori beste leku batetik doalako. Kontsumozko merkatu bat eraiki nahi duk eta eraikitzen ari duk. Musika hau ez zegok koordinatu horietan, baina kantaldietan ikusi duguna ikusita, jendea ez dago irratitan jartzen diotena bakarrik entzuteko prest» (3).
Diskoak harrera ona izan zuen taldearen zaleen artean, baina arazoak ere ekarri zizkion Eltzegorri. 1985ean, kantuen hitzak zirela eta, elizan kantatzea debekatu zion Ziburuko (Lapurdi) apezak, eta Bidarraiko auzapezak ere bertan behera utzi zion emanaldi bat.
Lan arazoak zirela medio, Jakes Etxeberriak eta Benito Zubeldiak taldea utzi zuten, eta Pantxoa Albizur sartu zen.
Sasitik sasira diskoan (IZ, 1987) beste pauso bat eman zuen taldeak, eta kantata bat egin zuen. Fernando Unsainek sortu zuen musika eta Xalbardinek hitzak jarri zizkion. «Fernandok kantataren eskema bat grabatu zuen eta askotan entzuna geneukan. Asmo bat ere bazegoen: hipotesis batean errefuxiatu bat jartzen genuen, eta iheslari hau bere etxea utzita beste leku batera doa, Euskadi den baina beretzako hain Euskadi ez den leku batera. Hegoaldetik Iparraldera, edo Iparraldetik Hegoaldera, doan bat; han aurkitzen da sistema ezberdin batekin, historia eta balore ezberdinekin» (2). Egokitze arazoak, bakardadea eta bestelako arazoak azalduz doaz kantatan. Ahotsek dute garrantzia disko honetan, haiek egiten dituzte moldaketak eta bakarkako zatiak, eta pianoa, gitarra eta gaitarena da musika akonpainamendu bakarra.
Aurrekoan bezala, beste lau urte igaro ziren hurrengo diskoa kaleratu bitartean. Diskoak grabatzea ez zen taldearen lehentasuna. Adiskidetasunak batzen zituen taldekideak, eta elkarrekin kantatzeko plazerak arnasa ematen taldeari. Hirugarren diskoaren izenburua, Herrialde berdean (IZ, 1992), Iharra eta Xenki ETAko kideek 1970-71. urteetan idatzitako ipuin batetik hartuta dago. Ipuin horretan agertzen den Euskal Herriaren metafora bera erabili zuen Xalbardinek kantuen hitzetan. Euskal politika, presoen egoera, estradizioen auzia eta Euskaldunon Egunkaria hizpide dituzte kantuek, besteak beste. Lan horrek aurrekoak ez bezalako planteamendua zuen, Fernando Unsainek sortutako musikak hitzek adina garrantzi hartu baitzuen. Hala, musikari askok hartu zuten parte diskoan, eta Joserra Senperena pianista arduratu zen moldaketak egiteaz.
Atzerrian kantatzera maiz atera zen Eltzegor taldea. Birritan aritu zen Antwerpen hirian (Flandria), Flandria-Euskadi batzordeak Seaskako ikastolen alde antolatutako jaialdian, eta Herbehereetan, Frantzian, Suitzan, Espainian eta Katalunian ere abestu zuen, baita herri horietako zenbait telebistatan atera ere. Zuzenekoetan, Mikel Artiedak eta Angel Unzuk lagundu zuten taldea.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat «Eltzegor» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.