Emakumeak Parisko Komunan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Batzar bat Saint-Germain-l 'Auxerois elizako Emakumeen klubean - Frédéric Lix

Parisko Komunako emakumeak —"communardes", frantsesez— Parisko Komunan aktiboki parte hartu zuten emakumeak izan ziren. Ekintzaile hauek, bere konpromisoarekin, emakumeen eskubideak sustatzen lagundu zuten.

Parisko Komuna XIX. mendean hiri hartan gertatutako matxinadari esaten zaio. Bi hilabete pasatxo baino ez zuen iraun, 1871ko martxoaren 18an hasi eta 1871ko maiatzaren 28an, "Aste odoltsuan", amaitu baitzen. Erreboltariek ez zuten ontzat hartu gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez hautatu berria zen Asanblea Nazionaleko gobernua eta arbuiatu egin zuten.

Komunan, emakumeek oso parte-hartze garrantzizkoa izan zuten, batez ere beren eskubideak eta laneko eta familiako bizi-baldintzak hobetzeko.[1] Hainbat eginkizunetan lehen lerroan izanik, Komuna emakumeen emantzipaziorako bidean urrats garrantzitsua izatea lortu zuten.[2][3] Nahiz eta Komunaren bilakaera mugatua izan bere iraupen laburragatik, utzi zuen ondare politikoa oso garrantzitsua izan zen emakumeentzat, ordukoak baitira parekotasunaren aldeko lehen aldarrikapenak, eta baita emakumeen antolaketa egituratuaren hastapenak ere: Union des femmes pour la défense de Paris et les soins aux blessés (Parisko Defentsarako eta Zaurituen Zaintzarako Emakumeen Batasuna) erakundea eta Comité de vigilance de Montmartre (Montmartreko Zaintza Batzordea) batzordea Komunan sortu ziren.[oh 1][4]

Emakumeen egoera Komunaren bezperan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizimodu baldintza eskasak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Inperioan, soldaten arteko desberdintasunak oso handiak ziren: gizonek emakumeek baino bi aldiz gehiago irabazten zuten[5][6], eta horregatik emakumeak beren lehiakidetzat hartzen zituzten, oso lansari txikien truke lan egiten zutelako.[6] Gehienak langileak ziren.[5] Oro har, etxean bertan egiten zuten kanporako lana, horrela familiaren zaintzaz ere arduratu zitezkeelako. Etxean, gainera, askotan alkoholak eragindako arazo larriak jasan behar izaten zituzten.[5] Beste aldetik, lehia handia zegoen industriaren eta doako esku-lanaz baliatzen ziren moja komentuen artean, eta horrek ere emakumeen soldaten jaitsiera ekartzen zuen.[5] Batzuetan, emakumeek prostituzioa izaten zuten familiaren bizimodua ateratzeko bidea.[5][6]

Emakumeen mugimenduaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1848ko iraultzan ospea lortu zuten zenbait emakumek, hala nola Jeanne Deroin edo Pauline Roland-ek, baina laster ahaztuak izan ziren.[1] Emakumeen eskubideen aldeko borrokak jarraitu zuen, baina arlo intelektualean bakarrik, langileen egoeraz ardurarik ez baitzegoen.[6][7]

Lehen feminista frantsesak 1860ko hamarkadaren ondoren agertu ziren. André Léok[8], adibidez, Bigarren Inperioaren lehen urteetan egon zen askatasun apurraz baliatuta, argitaratu ahal izan zituen genero-berdintasunari buruzko zenbait lan. 1866an Emakumeen Irakaskuntza Hobetzeko Elkartea sortu zuen eta 1868an generoen parekotasunaren aldeko testu bat argitaratu zuen, Frantziako lehen talde feministaren sorreran eragina izango zuena.[9] Badira emakumearen emantzipazioaren aldeko beste aitzindari batzuk, hala nola, Julie Daubié, 1861ean batxilergoa lortu zuen lehen emakumea, Paule Minck, Amélie Bosquet edo Adèle Esquiros.[8] Emakume horien guztien gogoetek ondorioak izango zituzten, haiei esker hainbat aldizkari eta elkarte agertu baitziren, adibidez Léon Richer-en Le Droit des femmes aldizkaria (1869) edo André Léok urte berean sorturiko Société pour la revendication des droits civils de la femme.[6] Emakumeen egoera hobetzeko ekimenek helburu desberdinak izaten zituzten. Batzuen xedea neskentzako hezkuntza lortzea zen, eta beste batzuek, berriz, parekotasun legala eta zibila zuten helburu.[10]

1870eko gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko setioa (1870).

1870eko irailaren 8an, André Léok eta Louise Michelek gidaturiko manifestazio bat egin zen Parisko Udalaren aurrean armada prusiarrari aurre egiteko armak eskatzeko.[5][7] Hurrengo hilabetean, 1870eko urriaren 7an,[11] 150 bat emakumek 1870eko gerran zauritutakoak frontean bertan artatzeko eta anbulantzietan gizonak ordezkatzeko eskubidea aldarrikatu zuten.[7][oh 2] 1871ko urtarrilaren 26an, Frantziaren kapitulazioak amaiera eman zion Parisko setioari, baina Paristarrek, ia lau hilabetez arerioari aurre egin eta negu hartako gosete larria sufritu ondoren, onartezina iritzi zioten egoera berriari. Setioak iraun zuen bitartean, Parisen hainbat klub eta elkarte herrikoi sortu ziren, zeinetan emakumeek aukera izan zuten beraientzat garrantzitsuak ziren gaiei buruz hitz egiteko.[12]

Ezin da ahaztu setioan ausarki lagundu zuten emakume horiek Komunan ere parte hartuko zutela. Haien artean, Sophie Poirier eta Louise Michel. Poirierek uniformeak egiteko 70-80 langileko lantegi kooperatibo bat ireki zuen. Bestalde, Michel propagandista izan zen, eta baita Montmartreko 61. batailoiko guardia, anbulantziako erizaina eta soldadua ere, horrez gain, Iraultzaren Kluba animatzen zuen Saint-Bernard de la Chapelle-ko elizan.[7]

Komunaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernuak paristarrak armagabetzea erabaki zuenean, herritarrak mehatxaturik sentitu ziren eta istiluak hasi zren. Emakumeak ere, bere haserrea azaltzeko, paristarren manifestazioetan parte hartzen hasi ziren eta aldez aurretiko planifikaziorik gabe elkartzen.[13] Martxoaren 18an, armada hirian sartu zen kanoiak eskuratzeko asmoz, baina Parisko herria matxinatu eta aurre egin zion. Emakumeak izan ziren soldaduen kontrako borroka hasi zutenak, eurak izan baitziren esnatu ziren lehenak.[12] Louise Michelek Montmartreko muinoko borrokan parte hartu zuen.[14]

Neurri sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eugenio Varlin, Léo Frankel eta Benoît Malon kenduta, esan daiteke Komunako gizonezko buruzagietako bakar bat ere ez zela arduratu garai hartako emakumearen egoerari zuzenean eragiten zioten gaiez. [15] Gainera, aldi hartan emakumeek ez zuten sarbiderik izan aginte-postuetan.[16][17]

Hala ere, Komunaren neurri askok familien eta langileen eskubideei eragiten zieten. Mugimenduak, adibidez, izatezko bikoteak inplizituki onartu zituen, ezkondutako edo ezkondu gabeko federatuen alargunei eta haien seme-alaba legitimo edo naturalei pentsio bat ordaintzean.[2][3] Horrez gain, prostituzioa debekatu zuten, eta lehen urratsak eman zituzten soldata-berdintasunaren printzipioa ezartzeko, hezkuntza eskubidea zabaltzeko eta dibortzioa errazteko.[18] Bistan denez, emakumeak neurri horien zeharkako onuradun nagusiak izan ziren.[15]

Denbora falta izan zuten, baina, emakumeen boto-eskubidea ezartzeko.[19] Jacques Rougerie historialariak dioenez, "ez dirudi emakumeek une hartan, 1848koek ez bezala, botoa emateko eskubidea —beren gizonezko kide iraultzaileek, zalantzarik gabe, ukatuko zietena— aldarrikatu zutenik".[1][20]

1871ko maiatzaren 10ean, Lan eta Trukearen Batzordeak, emakumeen lana antolatzeko helburuarekin, euren sindikatuak sortzeko beharra onartu zuen.[21]

Emakumeen mugimenduaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen Batasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen Batasunaren adierazpena

Parisko Defentsarako eta Zaurituen Zaintzarako Emakumeen Batasuna —geroago Emakumeen Batasuna bihurtuko zena— feminista gisa aurkezten zen lehen erakundeetako bat izan zen. 1871ko apirilaren 11n sortu zuten,[13] Parisko Temple kaleko kafetegi batean, Nathalie Lemelek eta Elisabeth Dmitrieffek.[13][22] Bere lehen deialdian, elkarteak Komuna langile klasea emantzipatzeko borrokaren barruan kokatu zuen, bere bi sortzaileak Langileen Nazioarteko Elkarteko (AIT) kide zirelarik. Hala ere, haien aldarrikapenak interes berrietara zabaldu ziren.[13] Bere ustez, Emakumeen Batasunaren lana AITkoarenari gehitu behar zitzaion, gizonek emakumeen gainean duten nagusitasuna klase-borrokaren osagaietako bat baita.[15]

Elkartearen helburua izan zen emakumearen inplikazioa areagotzea Komunaren zereginetan. Beren xedea lortzeko, emakumeen klubetan eta auzo-bileretan eginiko lanaz baliatu ziren.[13] Horrela, Batasunak, bere egitura indartsuari esker, laguntza-batzordeak antolatu ahal izan zituen barruti guztietan, eta anbulantzia guztiak emakumeek kudeatzea lortu zuen.[13][15] Gainera, Komunak Eliza eta Estatua eskoletako eta ospitaleetako kudeaketa lanetan banatzen zituen dekretua ezarri zuen, eta horren ondorioz, Emakumeen Batasunak Elizak karitatearen arloan betetzen zuen lekua bereganatu zuen.[15]

Batasunak lanerako eskubidea aldarrikatzen zuen, eta soldata-berdintasuna lortu zuen[23] (lehen aldiz ezarri zen institutrizen lanean[24]). Gainera, Versaillesen errefuxiatu ziren ugazabek utzitako tailerren erroldan parte hartu zuen[23], eta tailer autogestionatuak antolatu zituen.[15]

Barruti-batzorde batzuek prostituzio-etxeak ixteko eskatu zuten, arrakasta gehiagorekin edo gutxiagorekin.[13] Librepentsalarien Klubak emakumearen emantzipazio osoaren aldeko botoa eman zuen.[25]

Komunaren Batzorde Betearazleak babesa eman zien elkartearen aldarrikapenei, baina ez zuen inolako neurri praktikorik hartu.[13] Jacques Rougerie Komunaren historialariaren arabera, "zenbait emakume iraultzaileren talde gutxi batzuk baino ez ziren".[26]

Emakumeen Batasunaren eragina Komunan gero eta handiagoa izan zen, hainbat ardura hartu zituelarik: bilerak antolatu, erizainak prestatu, emakumeen artean armak banatu eta baita gizonak Paris defendatzeko errekrutatzera behartzea ere.[27]

Parisen Defentsarako eta Zaurituen Zaintzarako Emakumeen Batasunak 1871ko maiatzaren 18n langileei zuzendutako bilera-deia.

Beste elkarte batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen Batasunaz gain, beste emakume-erakunde batzuek ere jardun zuten Komunan. Arras kaleko Emakumeen Batzordeak, adibidez, tailer kolektiboak antolatu zituen "emakumeek eurek lanaren antolaketa beren kabuz presta zezaten"[28][29]; halaber, emakume soldaduak errekrutatu zituen eta ideia iraultzaileak zabaldu zituen.[28]

Hezkuntza Berria elkartean hainbat maistra elkartu ziren. Komunaren gobernuari ume guztientzako eskola laikoa, derrigorrezkoa eta doakoa ezartzea eskatu zion.[28][30][31] Era berean, Louise Michel-ek umezurztegi laikoak eta lanbide-eskolak sortzeko eskatu zuen.[28]

Aldarrikapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi aldarrikapen-mota bereizi daitezke, batak bestea baztertzen ez badu ere, emakumeen gizarte-jatorriaren arabera.[32] Emakume eskolatuek berdintasun politiko eta zibikoa (bozkatzeko eskubidea, hain zuzen) zuten helburu.[32] Langile-inguruneko emakumeen kezkak, ordea, zehatzagoak ziren; adibidez, soldata-berdintasuna, nesken heziketa, eta abar.[32]

Emakumeen eginkizunak Komunan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

André Léo (1824 - 1900)

Kazetaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, garai hartan emakumeen egunkari bat sortzeko baliabide eta laguntza gutxi egon zen, batez ere Komuna gertatu zen denbora tarte laburrean, emakumeen eta Komunaren beraren jarduera iraultzaileen ondorioz. Hala ere, La Commune, Le Rappel et La Sociale egunkariek aukera eman zioten André Léori, Benito Malonekin batera, bere ideiak zabaltzeko.[28] Paule Minckek ere La Communen idatzi zuen.[28]

Soldadua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeek Komunaren defentsaren parte izan nahi zuten sexu bereizketarik gabe, Komunaren batzorde exekutiboaren aurrean egindako diskurtso honek argi erakusten duenez [13]:

«Komunak pribilegio oro, desberdintasun oro, deuseztatzea aldarrikatzen duen printzipio nagusia defendatzen duela, eta horregatik, biztanleria osoaren aldarrikapenak kontuan hartzeko konpromisoa hartu duela, sexuaren bereizketarik gabe, gobernu-klaseen pribilegioen oinarri den antagonismoaren beharrak sortu eta mantentzen duen bereizketa baita».[33]

Louise Michel Légion des Fédérées talde armatuaren uniformearekin.

Emakumeek behin eta berriro eskatu arren, Komunaren gobernuak, hasieran, ez zien aukerarik eman Parisko defentsan parte hartzeko Versailleseko gobernuaren armadaren kontra, eta eman zienean ere, bere parte hartzea ez zen inoiz erabatekoa izan.[34] 12. legioak bakarrik antolatu zuen emakumezko herritar boluntarioz («citoyennes volontaires») osaturiko konpainia bat, (Emakumezko) Federatuen legioa («Légion des Fédérées») izenekoa.[16][34] Hala ere, beren ardura bakarra borrokari uko egiten zioten gizonak jazartzea baino ez zen izan, eta gainera, ezin ziren hiritik atera.[16] Federatuen Legioa Éloi klubari lotuta zegoen, eta haren agintariak Adélaide Valentin koronela eta Louise Neckbecker kapitaina ziren.[16]

Gehienetan, emakumeek ezin izan zuten frontean borrokatu[34], eta ekintza militarretan parte hartu zutenean, kluben eta barrutietako batzordeen, eta baita Emakumeen Batasunaren, ekimenei esker izan zen.[34] Nathalie Lemelek, adibidez, emakumeak armak hartzera deitu zituen Askapenaren Klubean («Club de la Délivrance»).[35]

Aste Odoltsuan (La Semaine sanglante), milaka emakume elkartu ziren barrikadetan Paris defendatzeko.[16][34] Une latz hartan, oso ezaguna dugu Louise Michelen irudia, federatuen uniformeaz jantzirik, baina Léontine Suétens, bi aldiz zauritua,[36] eta Marguerite Lachaise ere aipatu behar dira.[37]

Ambulancière, kantiniersa eta vivandière[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Federatuen eta Versailles-ekoen arteko borroketan, emakumeek zaurituen zainketan (ambulancière, hau da, anbulantziako erizaina, mediku-lanetako laguntzailea) edo borroka-guneetako horniduran (vivandière, borrokalarien jatekoaz arduratzen zena) parte hartuz lagundu zuten.[38] Borroketan familia osoa egoten zan, haurrak bertan zirela.[16]

Gerra-kontseiluek epaitutako 1.050 emakumeetatik gehienek zeregin hauetan jardun zuten.[16]

Klubak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko Defentsarako eta Zaurituen Zaintzarako Emakumeen Batasunak hainbat klub sortu zituen. Haien bitartez, Parisko defentsan lan egiteaz gain, ideia iraultzaileak zabaldu ahal izan zituzten eta emakumeen erreklutamendua bultzatu zuten.[25] Nathalie Lemelek koordinatze lana egin zuen, eta batzuetan, esku hartzen zuen Parisko langile-auzoetako bileretan.[25] Bilerak elizetan egiten ziren,[25][32] eta emakumeak bereziki aktiboak izaten ziren.[32] Honako hauek aipa daitezke:

Saint-Nicolas-des-Champs-eko kluba. Bertan, emakumeek parte hartze nabarmena izan zuten, hasieran hitz egiteko eskubidea ukatu bazieten ere. L'Illustration, 1871ko apirilaren 20a.

Les pétroleuses[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faubourg Saint-Germaineko pétroleuse-en epaiketa 4. Gerra Kontseiluaren aurrean.

Pétroleuse esaten zieten Versaillesko tropek Parisko Komuna zapaldu zutenean petrolioa erabilita suteak eragiteaz akusatutako emakumeei. Ez dago inongo ebidentziarik, baina, halako ekintzak gertatu zirela baieztatzeko.[34][42] Termino hori 1871ko maiatzaren 24ko Parisko Udaletxearen sutearen ondoren hasi zen erabiltzen, borroka armatuetan parte hartu zuten emakumeei erreferentzia egiteko, eta, horrela, Aste odoltsuan gertatutako bandalismoaren erantzule gisa aurkezteko. Uste oker horrek gaur egun arte irauten du.[43]

Bestelako eginkizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agar aktore eta abeslariak Komunaren aldeko kontzertu bat eman zuen Tuilerietan.[5][44]

Emakumeen parte hartzea Komunaren gertaeretan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Place Blanche-ko barrikada, emakumeek defendatua, Héctor Moloch-en litografia.[45]

Parisko egunkari batzuek, hala nola Le Rappel-ek, etxean gelditzeko eskatzen zieten emakumeei.

1871ko apirilaren 3an, hainbat emakumek martxa bat egin zuten Versallesera, 1789an egin zenaren modukoa, han baitzegoen errefuxiaturik Batzar Nazionala.[46][47] Martxa bertako errefuxiatuekin adiskidetzeko asmoz sortu sortu zen[38], baina ez zen Versailleseraino heldu.[5] Dena den, zalantzarik ez dago ekintza horrek 1871ko apirilaren 11n Parisko Defentsarako eta Zaurituen Zaintzarako Emakumeen Batasunaren sorrera ekarriko zuela.[27]

1871ko apirilaren 10ean, emakume talde batek gillotina bat eskuratu eta sinbolikoki Voltaire plazan erre zuen, iraultza eta urkabe kontzeptuen arteko aldea adierazteko.[48]

Parisko Komunako emakumeen barrikaden aipamena Le Rappel aldizkarian.

Aste Odoltsuan, Versailleseko tropak Parisen sartu zirenean, emakumeek Place Blanche defendatu zuten barrikada batean 1871ko maiatzaren 23an. Haien artean zeuden Elisabeth Dmitrieff, Nathalie Lemel, Blanche Lefebvre, Béatrix Excoffon eta Malvina Poulain.[46][49] Han, 120 emakumek Clinchant jeneralaren tropak geldiarazi zituzten, baina, azkenean, akituta eta muniziorik gabe, atzera egin behar izan zuten Pigalle plazara.[50][51] Montparnasseko geltokiaren defentsan edo Batignollesko Pigalle plazako barrikadetan ere hainbat communarde egon ziren.[5][34]

Versaillesko tropek Paris hartu zutenean, emakumeen patua ez zen izan gizonenaren desberdina: exekuzioa in situ edo judizio sumarioa.[34] Badirudi eraildako 20.000 pertsonetatik lau mila emakume izan zirela.[17] 4. Gerra Kontseiluak 1.051 emakume espetxeratu[5] eta epaitu zituen.[52] Hala ere, emakume bat ere ez zuten heriotzara kondenatu, baina bai, ordea, kartzelaratu, erbesteratu edo bortxazko lanetara kondenatu.[53] Askotan, agintari militarrek epaitutakoen sexu-inmoralitatea[53] (ohaidea, prostituta, lesbiana, garai hartan ezarritako terminoen eta mailaketaren arabera)[17] edo lapurrak, histerikoak edo kriminalak zirela frogatu nahi izaten zuten.[17] Oro har, Gerra Kontseiluak kezka handiagoa adierazi zuen emakume hauen jarduera iraultzaile eta ideologikoengatik bere ekintza militarrengatik baino.[17] Maria Deraismes izan zen haien defentsaz arduratu zen bakarretako bat.[17][53][54]

Batzuek ihes egitea lortu zuten, zenbait kasutan familiarekin.[52] Amnistia orokorra 1880an deklaratu zen.

Komunako emakumeak. Prison des Chantiers espetxean, 1871ko abuztuaren 15a, Versailles.
Eugène Appert-en Crimes de la Commune erretratu-fotomuntaketen bilduman.
Aurrean, eskuineko 2.a, Louise Michel.

Emakumeen garrantzia Komunan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iritziak ez datoz bat emakumeek Komunan izan zuten parte hartzearen garrantzia dela-eta, batez ere testigantza faltagatik. Dena dela, egia da haien partaidetzak autoritate morala eman ziola matxinadari.[38]

Jacques Rougeriek adierazi duenez, «emakumeek adorez jokatu zuten 1871ko egun labur haietan, iritzi horretan esajerazioak saihestu behar badira ere».[1] Eugène Schulkinden ustez, azpimarragarria da emakume hauek hasiera-hasieratik eta Komunako kide gehienak baino argiago konturatu izan zirela teoria iraultzaile batek arma gisa duen garrantziaz eta baita erakunde indartsu batek errealizazio-bide gisa duenaz ere.[55]

Paul Lidskyk, Frantziako eliteetako artista eta intelektualek Komunaren aurka idatziriko testuetan adituak, adierazi du Komunako emakumeek jasandako indarkeria oso berezia izan zela. Idatzi horietan, herri-klaseekiko mespretxua misoginia handiarekin lotuta zegoen. Emakume haien ausardia aitortzen zen, baina "sexu ahulak" berezkoak dituen arazo psikiatriko eta nerbioso espezifikoekin erlazionatuz. Beren moral sexuala zalantzan jartzen zen, eta prostitutak izatea leporatzen zitzaien. Perbertsio moral eta sexualari lotutako emakumeak ziren, harreman libreez edo komunismo sexualaz gozatu nahi zutenak. Dimentsio sozial eta politiko oro ukatzen zioten bere ekintzari. Alexandre Dumas semeak, adibidez, hauxe idatzi zuen: "Ez dugu ezer esango haien (comunard-en) emeei buruz emakumeekiko errespetuagatik, haien antza baitute... hilda daudenean".[56]

Communarde-en galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "Feminista" terminoa Komunaren ondoren agertzen da; beraz, ezin da erabili aldi hori izendatzeko.
  2. Emakumeek aurrerago lortuko zuten eskubide hau, Komuna ezarritakoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e (Frantsesez) Rougerie, Jacques. (1995). Paris insurgé : la Commune de 1871. Découvertes Gallimard ISBN 2-07-053289-5. PMC 34359690. (Noiz kontsultatua: 2022-09-22).
  2. a b c (Frantsesez) «Les Femmes dans la Commune de Paris» www.commune1871.org (Les Amies et Amis de la Commune de Paris - 1871) (Noiz kontsultatua: 2022-09-22).
  3. a b (Frantsesez) Rougerie, Jacques. (2021-05-19). La commune de 1871. in: Que sais-je ? 581. zk.. (Septième édition. argitaraldia) ISBN 978-2-7154-0708-4. PMC 1259033350. (Noiz kontsultatua: 2022-09-22).
  4. Linton, 1997. 25. or.
  5. a b c d e f g h i j (Frantsesez) Bazire, Françoise. (2018). Rémi Burlot ed. «Les femmes durant la Commune de Paris (1871)» Les Clionautes weborria. Rendez-Vous de l'Histoire de Blois 2018-11-07.
  6. a b c d e Linton, 1997. 26-28. or.
  7. a b c d Schulkind, 1950. 15-17. or.
  8. a b Riot-Sarcey, 2008. 51. or.
  9. Riot-Sarcey, 2008. 50. or.
  10. Riot-Sarcey, 2008. 52. or.
  11. Alméras, Henri. (1927). La vie parisienne pendant le siège et sous la Commune. Paris: Éditions Albin Michel, 312 or..
  12. a b Linton, 1997. 31. or.
  13. a b c d e f g h i Schulkind, 1950. 18-20. or.
  14. «Chronologie de la vie de Louise Michel» archive.ph 2012-12-09 (Noiz kontsultatua: 2022-09-23).
  15. a b c d e f Linton, 1997. 35-36. or.
  16. a b c d e f g h (Frantsesez) Deluermoz, Quentin. (2012). Des communardes sur les barricades, in Penser la violence des femmes (Quentin Deluermoz, Coline Cardi eta Geneviève Pruvost). La Découverte, 106-119 or..
  17. a b c d e f g (Frantsesez) «Violence des communardes : une mémoire à revisiter» Revue Historique 297 (2 (602)): 521–531. ISSN 0035-3264. (Noiz kontsultatua: 2022-09-23).
  18. (Frantsesez) Fleuri, Johann. (2016-04-01). «Les Japonaises indésirables au travail» Le Monde diplomatique (Noiz kontsultatua: 2022-09-23).
  19. «La Commune de Paris - 1871 - 8mars.info» 8mars.info (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  20. (Frantsesez) Rougerie, Jacques. (2009). La commune de 1871. in: Que sais-je? 581. zk.. (Zazpigarren edizioa. argitaraldia) PUF - Presses Universitaires de France, 96 or. ISBN 978-2-7154-0708-4. PMC 1259033350. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  21. Schulkind, 1950. 23-24. or.
  22. (Frantsesez) Audin, Michèle. (2021). «La place des femmes dans la Commune : mythes et réalités. Interview de Michèle Audin (Elkarrizketa)» Courant Alternatif (OCL - Organisation Communiste Libertaire) 308 - 2021-03 (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  23. a b (Frantsesez) Stive, Dany. (2011). «ANNA JACLARD (1844- 1887) L’aristocrate russe pétroleuse (16)» L'Humanité (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  24. Linton, 1997. 40. or.
  25. a b c d e f g Schulkind, 1950, or. 21-22
  26. (Frantsesez) Rougerie, Jacques. (2009). La Commune de 1871. in: Que sais-je ?. puf, 95 or. ISBN 978-2-7154-0708-4..
  27. a b (Ingelesez) Johnson, Martin Phillip. (1996). The paradise of association : political culture and popular organizations in the Paris Commune of 1871. The University of Michigan Press ISBN 0-472-10724-0. PMC 35102724. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  28. a b c d e f Schulkind, 1950, or. 24
  29. (Frantsesez) Villiers, Marc de (Baron). (1910). Histoire des Clubs de femmes et des légions d'Amazones (1793-1848-1871). Paris: Librairie Plon, Plon-Nourrit, 409 or..
  30. (Frantsesez) Henriette Garoste, Louise Laffitte, J. Manier, J. Rama, Rheims eta Maria Verdure.. (1871). «Demande de la société Éducation Nouvelle» Journal officiel de la République française (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  31. (Frantsesez) Michèle, Audin. (2021-03-30). «30 mars 1871, un étranger à la Commune, et l’Éducation nouvelle» L'Humanité (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  32. a b c d e f Linton, 1997. 37-39. or.
  33. «Adresse à la commission executive de la Commune» Journal officiel (de la Commune) 14 avril 1871.
  34. a b c d e f g h Schulkind, 1950. 24-27. or.
  35. Linton, 1997, or. 43
  36. (Frantsesez) SUÉTENS Léontine. LE MAITRON. Dictionnaire biographique. Mouvemente ouvrier. Mouvement social. 2020-06-30 (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  37. (Frantsesez) PRÉVOST Marguerite, née Guinder, dite Lachaise. LE MAITRON. Dictionnaire biographique. Mouvement ouvrier. Mouvement social. 2020-06-30 (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  38. a b c Linton, 1997, or. 41-42
  39. (Ingelesez) Johnson, Martin Phillip. (1996). The paradise of association : political culture and popular organizations in the Paris Commune of 1871. The University of Michigan Press, 167 or. ISBN 0-472-10724-0. PMC 35102724. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  40. (Frantsesez) Rémy, Tristan. (1970). La Commune à Montmartre, 23 mai 1871. Éditions sociales (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  41. (Ingelesez) Fauré, Christine. (2004-06-02). Political and Historical Encyclopedia of Women. Routledge ISBN 978-1-135-45691-7. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  42. Thomas, 1963
  43. (Frantsesez) Bensaad, Anaïs. (2014). «« La Représentation des Communardes dans le roman français de 1871 à 1900 », Master 1, sous la direction de Isabelle Tournier, Université Paris 8, 2013» Genre & Histoire (14, Primtemps 2014) ISSN 2102-5886. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  44. (Frantsesez) Lyonnet, Henry (1852-1933) Auteur du texte. (19..). Dictionnaire des comédiens français, ceux d'hier : biographie, bibliographie, iconographie.... T. 1. A-D / par Henry Lyonnet.... , 9 or. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  45. Michèle Audin. (2017). La ., une légende ?. ..
  46. a b (Frantsesez) Excoffon Béatrix [née Euvrie Julia. ] LE MAITRON. Dictionnaire biographique. Mouvement ouvrier, mouvement social. 26 juillet 2009 (Noiz kontsultatua: 2022-09-25)..
  47. (Ingelesez) Johnson, Martin Phillip. (1996). The Paradise of Association: Political Culture and Popular Organizations in the Paris Commune of 1871. University of Michigan Press ISBN 978-0-472-10724-7. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  48. Ross, Kristin. (2015). L'imaginaire de la Commune. La Fabrique éditions ISBN 978-2-35872-064-9. PMC 902796458. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  49. (Frantsesez) Pavard, Bibia; Rochefort, Florence; Zancarini-Fournel, Michelle. (2020-09-03). Ne nous libérez pas, on s'en charge. La Découverte ISBN 978-2-348-05567-6. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  50. Linton, 1997. 44. or.
  51. (Frantsesez) Thomas, Édith. (1971). «The Women of the Commune» The Massachusetts Review 12 (3): 416. ISSN 0025-4878..
  52. a b Schulkind, 1950. 28. or.
  53. a b c Linton, 1997. 45. or.
  54. Deraismes, Maria. (1871). «Les pétroleuses» L'avenir des femmes: 76-82..
  55. Schulkind, 1950, or. 29
  56. Lidsky, Paul. (1999). Les écrivains contre la Commune. La Découverte ISBN 2-7071-3144-X. PMC 467863581..
  57. «Marie Leroy andrearen erretratua (Komunean parte hartu zuen) | 1871 | Ernest Charles Appert argazkilaria | Paris Musées» www.parismuseescollections.paris.fr (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  58. (Frantsesez) LEROY Marie-Thérèse, épouse Devove. Maitron/Editions de l'Atelier 2021-02-24 (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  59. «Portrait de Boulanger Eugénie, pris à la prison de Versailles. (1870 baino lehenago) | Ernest Charles Appert argazkilaria | Paris Musées» www.parismuseescollections.paris.fr (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  60. (Frantsesez) BOULANGER Eugénie. Maitron/Editions de l'Atelier 2022-01-11 (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  61. (Frantsesez) PAPAVOINE Eulalie. Maitron/Editions de l'Atelier 2020-06-30 (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  62. (Frantsesez) MACHU Hortense, Aurore. Maitron/Editions de l'Atelier 2021-05-06 (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  63. «Portrait de David Aurore Hortense (femme Machu), pris à la prison des Chantiers à Versailles. Membre de la Commune de Paris en 1871. (1871) | Ernest Charles Appert argazkilaria | Paris Musées» www.parismuseescollections.paris.fr (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  64. «Portrait d'Aurore Hortense David (femme Machu) brossière, pris à la prison des Chantiers à Versailles. Membre de la Commune de Paris en 1871. (1871) | Ernest Charles Appert argazkilaria | Paris Musées» www.parismuseescollections.paris.fr (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  65. (Frantsesez) RÉTIFFE Élisabeth. Maitron/Editions de l'Atelier 2020-06-30 (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).
  66. (Frantsesez) MÉNAND Anne-Marie, Josèphe (ou MENANS, MENAN Marie, Louise ?). Maitron/Editions de l'Atelier 2022-07-21 (Noiz kontsultatua: 2022-09-26).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]