Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Emarock

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Emarock dokumentalaren azala, Argiatik hartua
Emarock dokumentalaren azala, Argiatik hartua

Emarock Euskal Herriko emakume musikariak ezagutzara emateko sortu zen proiektua da. Saioa Cabañas (Bilbo, 1982) argazkilariak bultzaturiko egitasmoa da eta aurretik lanean bazebiltzan ere, 2012ko maiatzaren 24ean aurkeztu zen publikoki.

Proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proiektua 2010ean hasi zen ernatzen, Cabañasi kontzertuetako argazkiak bilduko zituen erakusketa bat egitea proposatu ziotenean. Soilik emakumeez osatutako erakusketa egin zuen eta proiektuaren ideia hortik abiatu zen. Lehen erakusketa ez-ofiziala 2011. urtean Ondarruko Basatti pizzerian jarri zen.[1]

Ondoren etorri zen Emarock kultur elkartearen sorkuntza, 2011an eta proiektua ezagutzera eman aurretiko sukalde lanarekin hasi ziren. Proiektuaren helburuak emakume musikariak dituzten taldeak eta haien lanak ezagutzera ematea eta erreferenteak sortzea dira. Lan hau hiru fasetan planteatu zuten: 1. Informazioa bildu. 2. Informazioa editatu eta webgunean sartu. 3. Informazioa publikatu eta mundu guztiaren eskura jarri.[2]

Proiektuak epe luzera eragiteko asmoa du eta bi fasetan banatua dago. Lehenengoan, euskaraz egiten duten taldeetan sakonduko da, eta bigarrenean, Euskal Herrian hizkuntza ezberdinetan jarduten dutenetan.[2]

Euskal herriko musikan emakumeen presentziaz hausnartzeko beste proiektu baten garaikidea da, Fermin Muguruzaren Zuloak (Talka, 2012) dokumental faltsua.[3]

Ekimenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proiektuak hainbat ekimen barnebiltzen ditu bere baitan

Saioa Cabañas, Emarock proiektuaren sortzaileetako bat
Saioa Cabañas, Emarock proiektuaren sortzaileetako bat

Erakusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proiektuaren hasiera izan zen. 2012an hasi zen ofizialki erakusketa Tolosan eta ondoren Euskal Herriko zein Espainiako hainbat herri zeharkatu ditu: Gernika, Ordizia, Gasteiz, Donostia, Berriozar, Arrasate, Bartzelona, Asturias, Bilbo[1]

Liburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013. urtean Saioa Cabañasen argazkiekin (haietariko asko erakusketan erabilitakoak) Emarock. “Iragana, oraina eta geroa” argazki liburua kaleratu zuten[4], Durangoko Azokan jarri zelarik salgai. Banizu Nizuke argitaletxeak Euskal Herriko musika argazkilariak bildumaren 4. alea da.[5][6]

Emarock Gaua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume musikariak dituzten taldeen kontzertuak antolatzen zituzten ekimen honen bidez. Lehenengoa Bilboko Izarbeltz Ateneoan izan zen, 2013ko maiatzaren 18an[7]. Ondoren, Santurtzin[8] eta Aretxabaletan[9] ere egin ziren.

Emarock irratsaioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko Irola irrati librean bi astetik behin emititzen zen irratsaioa ere barnebiltzen zuen proiektuak, 2012. urteko azaroan hasi zelarik bere emisioa. Emakumeak dituzten musika taldeen elkarrizketak eta hauen zuzenekoek osatzen zuten saioaren egitura. Azkeneko irratsaioa 2014ko uztailaren 8an egin zuten, 25 irratsaio gutxienez eginez bitartean.[10][11]

Mursegok Emarock proiektuan parte hartu zuen
Mursegok Emarock proiektuan parte hartu zuen

Dokumentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proiektuaren aurkezpenarekin batera Euskal Herriko emakume musikarien inguruko dokumentala ere aurkeztu zen.[12] Musikan dauden emakume kopurua txikia da dokumentalaren abiapuntua, baina hari horretatik tiraka beste hainbat gai ere lantzen dira: gurasoak, itxura, amatasuna, lotsa, rolak… 16 emakumek parte hartu zuten dokumentalean, haien artean Zea Mayseko Aiora Renteriak, Maite Arroitajauregi Mursegok, Maixa eta Ixiarrek, Napoka Iria taldeko Miren Narbaiza ala Goseko Ines Osinagak.[1]

Abesti zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Youtube webguneko bideoekin osatutako zerrenda bat ere sortu zuten proiektuaren baitan, 2014ean.[13] Zerrenda osatzeko hiru irizpide finkatu zituzten: taldeak emakume musikari bat (gutxienez) izatea, Euskal Herrikoa izatea eta abesti propio bat izatea. Gaur egun zerrendak 145 bideo ditu eta azkenekoz 2015eko otsailaren 11an eguneratu zen. Zerrenda honetan agertzen da Garazi Zabaletak Emarock proiekturako propio sorturiko abestia.[1]

Gaur egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ofizialki proiektua aurrera doan arren, dirudienez gaur egun proiektua ez dago martxan, sare sozialetan zein webgunean egindako azken eguneraketak 2015. urtekoak baitira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Gaztelaniaz) EMAROCK PROIEKTUA . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  2. a b «Emaion rockari!» Argia . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  3. Berria.eus «Emarock» Berria . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  4. Saioa, Cabañas, (2013) Emarock : iragana, oraina eta geroa Banizu Nizuke ISBN 9788494019357.
  5. (Frantsesez) Euskalherriko Musika Argazkilariak - 00 Zka. Batzuk. Elkar.eus . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  6. Hodei, Esteban, (2013) Musika eteten denean dantzariak tokialdatu egiten dira Banizu Nizuke ISBN 9788494019340.
  7. «Emarock gaua Bilbon larunbatean» Argia . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  8. mscln.com Musikazuzenean agenda EMAROCK GAUA: Pottors ta klito + Octopussys + La Basu - Aneguria + Penadas Por La Ley + Puro Luego . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  9. EMAROCK eguna . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  10. (Ingelesez) Internet Archive Search: programasirola emarock . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  11. (Frantsesez) Emarock - Irola Irratia 107.5 FM (Bilbo) . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  12. EmarockTV (2014-12-05) EMAROCK "Iragana, oraina eta geroa" dokumentala . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.
  13. EMAKUME MUSIKARIAK EUSKAL HERRIAN - YouTube . Noiz kontsultatua: 2018-02-06.