Entella

Koordenatuak: 37°46′27″N 13°07′19″E / 37.774051°N 13.1219°E / 37.774051; 13.1219
Wikipedia, Entziklopedia askea
Entella
Fitxategi:File:Agora di Entella 08.jpg
Entellako agoraren atal bat
Datuak
Eskualdea Sizilia
Koordenatuak37°46′27″N 13°07′19″E / 37.774051°N 13.1219°E / 37.774051; 13.1219
Map
Historia
Garaia(k)570 m
KulturaSelimoar, Kartagotar, Greziar, Erromatar, Islamiar, Sikulo-normadiarra
Indusketa
http://lsa.sns.it/index.php?id=76&lang=it

Entella (antzinako grezieraz: Ἔντελλα)[1] antzinako hiri bat zen, Hipsas ibaiaren ezkerraldean (gaurko Belice) eta bi itsasoren erdiko bidean: 40 km Hipsas ibaiaren bokaletik eta antzeko distantzia Siziliako iparraldeko kostatik, hau da, Castellammare del Golfotik[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria antzinakoa da, beharbada sikanoa, nahiz eta kondairaren arabera jatorria elimoarra izan eta, agian, Troiako kolonia bat ere. Zenbait idazleren ustez, (Silio Italiko beste batzuen artean) Azestesek fundatu zuen eta hiriari bere emaztearen izena eman zion[3]. Beste batzuek, berriz, pentsatzen dute elimoek fundatu zutela[4]. Virgilioren arabera, Entellus (hiriko heroia eta fundatzailea) Azestesen laguna zen[5]. Tuzididesen ustez, Erice eta Segesta elimoar hiri bakarrak ziren[6] eta ez du Entella batere aipatzen baina bai beste hiri batzuk sikano edo sikulo jatorrikoak.

Entellaren lehenengo aipamen historikoa Diodororena izan zen. Honen arabera, K.a. 404an campaniar mertzenarioak, kartagotarren zerbitzura egon zirenak, abegi ona izan zuten hirian, baina gero, biztanleen kontra joan ziren eta gizonezko guztiak hil zituzten. Ondoren, zenbait urtez Entellaren jabeak[7] bilakatu ziren. Dionisiok Kartagoren kontra izandako gerretan, Entellako campaniarrek antzinako aliantzari eutsi zioten edo K.a. 396an sinatutakoari atxiki ziren, Siziliako hiri guztiak, bost izan ezik, Dionisioren alde lerrokatu zirenean[8].

K.a. 368an, Sirakusako tirano hau Entellaz jabetu zen. Dirudienez, hiria campaniarren esku zegoen baina, berriro, kartagotarren etsaia bihurtu zen. Afrikarrek K.a. 345ean, eskualdea hondatu zuten baita hiria setiatu ere. Timoleonek Entella berreskuratu ondoren, askatasuna eta independentzia eman zion[9]. Urte hauen ostean, ezer gutxi dakigu Entellari buruz. Bide batezko aipamen bat baino ez Lehen Gerra Punikoan[10], baina ematen du ez zuela parte hartu erromatarren eta kartagotarren arteko borroketan.

Erromatar garaian, nekazaritzari esker hiria garatu zen, lurraldea oso aberatsa zelako ardoan[11] eta zerealetan. Zizeronek laudatu zituen biztanleen artisautza eta nekazaritza[12] baina, Siziliako hiri gehienetan bezala, Verresen ordainarazpenak pairatu zituen.

Izena berriro agertzen da Pliniorekin[13] eta Ptolomeorekin[14], antzinako beste egile batzuk aipatzen ez badute ere. Hala ere, Entella existitu zen XIII. mendera arte. Sarrazenoen gotorlekua izanik, Frederiko II.ak zeharo suntsitu eta gero, biztanleak Nocera Inferiorera, Napoliren ondoan mugitu zituen. Fazelloren garaian, hiriak oraindik izenari eusten zion. Historialari honen arabera, hiriak berezko indarra zuen, toki guztietatik (batetik ian ezik) amildegi malkartsuez inguraturik zegoelako, goiko parteko eremu zabala eta laua izan ezik.

Rocca d'Entellan kokatuta dago, Contessa Entellinako udalerrian, Belice ibaiak iparraldetik eta mendebaldetik hiria inguratzen du. Dirudienez, Fazelloren garaian zeuden hondakinak Erdi Aroko hirikoak ziren baita sarrazenoen gaztelua ere[15].

Indusketa arkeologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Scuola Normale Superiore di Pisak egindako indusketek adierazi dute Entella populatuta zegoela Brontze erdiko aroan, urbanizazioa askoz beranduago egin bazen ere. Eskualdean aurkitu dira artisautzazko toki bat, gotorleku bat eta gurtzarako eskualde batzuk.

Demeter eta Kore gurtza K.a. V. eta III. mendeen artean gauzatu zen, harresietatik kanpoko santutegi batean. Garai helenistikokoak dira nekropoliaren hilobi gehienak. Garai hartakoak dira ere hilobiratze mota, baxera eta brontze-koloreko tabletak (Entella eta Nakone hirietako dekretuak zituztenak). Hauek legez kanpo induskatuak izan ondoren, antikuario merkatuan saldu ziren baina, zorionez, berreskuratu ziren. Pieza hauek garrantzitsuak dira tokia heleniar kokalekua zela adierazten dutelako.

Izan ere, 1970ean inguruan Entellaren ondoan brontzezko tableta batzuk aurkitu ziren, Entellako dekretuak izenekoak. Hauetan campaniarrak aipatzen dira, K.a. III. mendean hirian finkatu zirenak. Nahiz eta tabletako idazkera grekoa izan, herriak beste hizkuntza batean hitz egiten zuen.

Entellan zenbait txanpon eriden dira ΕΝΤΕΛΛΙΝΩΝ legendarekin; baina badaude beste batzuk campaniar okupazioarenak ΕΝΤΕΛΛΑΣ aurrealdean eta ΚΑΜΠΑΝΩΝ atzealdean dutenak.

Siziliako antzinako hiriak

Elezaharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Contessa Entellinaren Dinareseko trokari buruzko elezahar bat dago, izen horrekin deitzen zaio Entellako haitza barrunbe karstikoari. Beste tradizio beten arabera, trokan 14 burutako munstro narrasti bat bizi zen, horren haserrea bakarrik asetzen zen egunero jateko neskato bat ematen bazioten.

Entella hiria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eneolitikotik eta Brontze Aroan zehar Entellako meseta eta haitzaren maldak populatuta egon ziren, honela adierazten dute aurkitutako aztarna arkeologikoek. Erromatar inperioan eta Erdi Aroan hiria garrantzitsua izan zen, baina 1246an, biztanleek utzi behar izan zuten.

Harresietatik kanpoko santutegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-mendebaldeko atetik hurbil, Petraro auzoan (antzinako kalean Belice ibarratik datorrena) eta harresien ondoan, botozko metaketa bat aurkitu da, Demeter gurtzari zegokiona. Material eta zeramika hauek Antiquarium di Contessa Entellinan[16] daude. Santutegia tesmoforia bat zen (jainko ktonikoak gurtzeko). Santutegi hau VI. mendeko amaieratik III. mendera arte erabili zen.

Erdi Aroko gotortutako jauregia eta greko-erromatar eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lautadako hegoaldean, Erdi Aroko gotortutako eraikin bat dago (XII. eta XIII. mendekoa). Eraikinak dorre bat du, sarrera bat eta artikulatutako solairu bat, bi gune irikien inguruan. Eraikinak antzekotasuna du Afrikako iparraldean dauden zenbait egiturarekin. Hegoaldean, bidean barrena, greziar garaiko eraikin bat ikus dezakegu, IV-III. mendekoa, aro garaikidean sute batek kiskali zuena. Hondakinen artean hainbat material jaso dira, besteak beste, botozko poteak. Erromatar garaiko eraikin baten hondakinak agertu dira K.a. I. mendekoa.

Harresia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harresi batek, 2.800 metrokoak, iparraldeko aldapa babestu zuen, irisgarriena zena ibarratik eta Belice ibaiaren ezkerraldetik (antzinako Krimiso). Hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean, horma harritsuek defentsa naturalak osatzen dituzte. Harkaitzaren erliebea bi sakanen artean dago eta, horien erdian ateak.

Agerikoa da ipar-mendebaldeko atea. Hona heltzen da kale batetik Cozzo Petraroren malden artean dagoena. Zailagoa da identifikatzea ipar-ekialdeko kalea, hiriko agorara zeramana. Ipar-mendebaldeko atearen ondoan, nekropoli islamiko bat agertu da.

Agora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko sakanan, eraikin publikoko aztarna izugarriak ikusgai daude: peristasi gabeko tenplu bat (oikos), barneko aldare batekin, K.a. V. mendekoa, eta K.a. IV. mendeko aletegi bat, K.a. II. mendean sute batek kiskali zuena.

Erreginaren parpaila

Bi eraikinak handi hauek agorako ekialdean zeuden. Aletegian, botozko metaketa bat aurkitu da Demeter gurtzarako estatua txikiekin baita igeltsu-harrobi bat ere, gune hau egiteko erabili zena. Berriki, beste indusketa batzuek haitzetan induskatutako gune bat adierazi dute eta K.a. IV. mendeko beste botozko metaketa bat ere.

Erreginaren parpaila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harkaitzaren garaiera handienean (557 m), Erdi Aroko gaztelu baten hondakinak eta uharka bat ikusten dira. Hego-ekialdean, gotorlekuaren defentsarako harresiak zeuden, gortutako eraikin bat hegoko maldan eta egitura bat Cozzo petraron iparraldean.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Trismegistos GEO ID: 38465 http://www.trismegistos.org/place/38465
  2. Wilson, R., DARMC, R. Talbert, S. Gillies, V. Vitale, J. Prag, J. Becker, T. Elliott. "Places: 462197 (Entella)". Pleiades.
  3. SILIO ITALIKO:Tzetzes ad Lycophron 964.
  4. MAURO SERVIO HONORATO:Institionum divinarum v. 73.
  5. VIRGILIO: Eneida, V. 387.
  6. TUZIDIDES: VI. 2.
  7. DIODORO SIKULO: XIV. 9; EFORO ZIMEKOA ;ESTEBAN BIZANTZIOKOA: 'S. V. Ἔντελλα.
  8. DIODORO SIKULO: XIV. 48, 61.
  9. DIODORO SIKULO: XV. 73, XVI. 67, 73.
  10. DIODORO SIKULO: XIII. 8.
  11. SILIO ITALIKO: XIV. 204.
  12. ZIZERON: In Verrem. III. 4. 3.
  13. PLINIO ZAHARRA: populi stipendiarii
  14. KLAUDIO PTOLOMEO: III. 4. § 15.
  15. TOMMASO FACELLO: de Reb. Sic. X. 472 or.; AMIC. Lex. Topogr. Sic.vol. II. 241 or.; CLÜVER, Philipp: Sicil. 376.OR..
  16. L'Antiquarium di Entella "Giuseppe Nenci", su www.contessaentellina.gov.it. URL consultato il 6 gennaio 2016.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Entella: il territorio[collegamento interrotto], dal sito del Laboratorio di archeologia della Scuola normale superiore di Pisa
  • Filmato audio Gaspare Mannoia, I decreti di Entella.
  • Enciclopedia Treccani, Entella, su treccani.it.
  • Entellari buruzko web orria