Enterozito

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Heste meharraren epitelio. Bertan, enterozitoek (eskuinean) sortzen duten zelulen geruza ikusten da. Enterozitoen mikrobiloxkak ere ikusten dira, eskuineko irudian.

Enterozitoak heste-epitelioaren zelulak dira, heste-mukosan daudenak. Heste meharrean eta kolonean daude. Heste-lumenetik elikagai eta substantzia bakunak xurgatu eta organismoaren barnealdera (odola, linfa) garraiatzen dituzte.

Zelula zilindrikoak dira eta mikrobiloxka ugari dituzte, heste-lumenarekin kontaktua egiten duen zelularen muturrean (mutur apikala). Mikrobiloxka horiek zelularen azala areagotzen dute, 30-40 aldiz, substantzien xurgapena errazten duena [1]. Beheko muturrean (mutur basalean), aldiz, ez dago mikrobiloxkarik, eta bertan goikaldean hartutako substantziak jariatzen dira (odolera edo linfara pasatuz).

Enterozitoen bi poloek, honenbestez, ezaugarri anatomiko eta funtzional oso desberdinak dituzte: apikalak xurgapen funtzioa du, mikrobiloxka anitzekin. Behekoak funtzio jariatzailea burutzen du, goian xurgaturiko elikagaiak zirkulazio-aparatura eramanez (enterozitoen mutur basalean odol-kapilarrak eta hodi linfatikoak baitaude).

Nukleo zelularra zelularen beheko aldean dago, mutur basaletik gertu. Hor daude ere mitokondrio ugari eta erretikulu endoplasmatiko handia [2]

Enterozitoek heste-hesia osatzen dute. Hesi horrek zeregin oso garrantzitsua burutzen du, heste barruan dauden molekula handiak eta bakterioak odolera pasatzea ekiditen baitu (ondorio gaiztoak eragingo zituena). Horretarako, gainera, enterozitoen arteko alboko loturek oso estuak ere izan behar dute.

Enterozitoa: mutur apikalean mikrobiloxkak ditu, heste-lumenarekin kontaktua eginez. Mutur basala harremanetan dago odol-kapilarrekin

Molekula askoren xurgapena burutzen dute enterozitoek: ioiak (burdina, sodioa, kaltzioa...; garraio aktiboaren bidez sartzen dira enterozitoetan), ura (difusioaren bidez sartzen da), gluzidoak (glukosa, fruktosa...; molekula garraiatzailearen bidez sartzen dira), aminoazidoak (garraio aktiboa), lipidoak, B12 bitamina....

Heste barruko substantzia narritagarri eta bakterioekin harremanetan daudenez, enterozitoek kalte ugari jasotzen dituzte. Horregatik, azkar berritzen dira: gizakiengan heste-epitelioa 5 egunetatik behin guztiz berritzen da [3]

Enterozitoek lan oso hautakorra burutu behar dute: xurgapen selektiboa egiten dute, elikagai eta substantzia onuragarriak hesteetatik odolera garraiatuz, baina makromolekula, toxina eta heste barruko bakterioen sarrera ekidinez.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Salazar, Antonio Bernabé; Navarro Cámara, José Antonio; Pallarés Martínez, Francisco (2009) 25 Atala Intestino Delgado Citología e Histología veterinaria Open courseware. Universidad de Murcia. pp. Pag.1-2
  2. Atlas de histología vegetal y animal. Tipos celulare: Enterocito
  3. Atlas de histología vegetal y animal. Tipos celulare: Enterocito