Entzefalo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Entzefalo
Xehetasunak
KonponenteakGaruntxoa
enbor entzefalikoa
Identifikadoreak
Latinezencephalon
TAA14.1.03.001
Terminologia anatomikoa

Entzefaloa edo garuna[1] bizkarrezur-muinaren aurrealdeko zabalgune bat da, ornodunen nerbio-sistemaren organo gorena eta garrantzitsuena dena. Izan ere, bertan prozesatzen da bost zentzumenek jasotzen duten informazio guztia, eta giza-portaeran eta jokaeran eragina duten hainbat aldagaik (adimena, oroimena, pentsamendua eta gogoa, senak...) entzefaloan dute erroa. Halaber, entzefaloa gorputzaren mugimenduen kontrolaz arduratzen da.

Gizakiaren (eta oro har, ornodun guztien) nerbio-sistema zentralak bi egitura nagusi ditu: entzefaloa eta bizkarrezur-muina. Entzefalo barruan burmuina, garuntxoa eta bizkarrezur-erraboila daude. Era berean, hiru zatik osatzen dute ornodunen entzefaloa: prosentzefaloa (aurreko entzefaloa), mesentzefaloa (erdiko entzefaloa) eta erronbentzefaloa (atzeko entzefaloa).

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Garun" jatorriz Bizkaiko hitza da. XIX. mendearen azken urteetatik Gipuzkoa eta Iparraldeko zenbait egilek ere erabiltzen zuten. Aldaerak dira garun, garaun, garoin, garuin eta karaun.

Onarturik garun gara baten gainean osatua dela, gara + un ‘muin’ osaera proposatzen da, diptongoaren hainbat bilakaerarekin. Ez da erabat baztertzekoa diptongoaren bakuntzerik gabeko forma egotea garun-en oinarrian; baliteke gar- alomorfoaren gainean osatua izatea.

Esanahiaren aldetik, ‘gain aldeko muin’ da etimologikoki, gain aldea buruaren metafora gisa erabilita.[2]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burezurrak garuna inguratu eta babesten du. Heldu batengan, organo horrek 1,4 kg-ko masa eta 1.400 cm3 inguruko bolumena du.

Hiru dira entzefaloa eta bizkarrezur-muina biltzen duten mintzak (meninge izenekoak). Kanpotik barrura duramaterra, araknoidea eta piamaterra dira. Mintz horietan isurkari zerebroespinalez dago, zeina -burezurraren antzera- kolpeetatik babesten du entzefaloa.

Bestalde, gai grisa entzefaloaren gainaldean dago, eta gai zuria barnealdean. Jakina denez, neuronen gorputzek (soma izenekoek) osatzen dute gai grisa, eta neurona horien axoiek (mielinaz bilduta) gai zuria.

Entzefalo barnean lau barrunbe edo bentrikulu daude, haien artean komunikaturik eta isurkari zerebroespinalez beteta. Lehenengo hiru bentrikulu burmuinean daude, eta laugarrena gorputz kailukara izeneko egituran (burmuineko hemisferioak lotzen dituen egituran, hain zuzen).

Entzefaloaren zatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Prosentzefaloa (aurreko entzefaloa). Bi alde bereizten dira egitura honetan:
    1. Telentzefaloa (aurreko zatia)
    2. Dientzefaloa (atzeko zatia)
  1. Mesentzefaloa (erdiko entzefaloa)
  1. Erronbentzefaloa (atzeko entzefaloa). Bi zati ditu:
    1. Metentzefaloa (aurreko zatia)
    2. Mielentzefaloa (atzeko zatia)

Ugaztunengan, telentzefaloak, dientzefaloak eta mesentzefaloak burmuina osatzen dute.

Metentzefaloak garuntxoa osatzen du.

Mielentzefaloan, azkenik, bizkarrezur-erraboila dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «garun - EH - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-15).
  2. «garun - Hiztegia - EHHE» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]