Epidermis (landareak)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Epidermisa (grezieraz: ἐπιδερμίς, "azal-gaina") landareetan, hazkuntza primarioan zehar, zurtoinaren, sustraien, hostoen, loreen, fruituen eta hazien ehun dermatiko edo babeslea da.[1] Epidermisa, normalean, zelulen geruza bakar batez osaturik dago, baina, zenbait kasutan (zenbait espezieren sustrai aereoetan, adibidez), geruza bat baino gehiagoz osaturik dagoelarik.

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epidermisa babes-funtzioa duen egituratzat hartzen bada ere, bestelako funtzio garrantzitsuak betetzen ditu; besteak beste, transpirazioa kudeatzen du, gasak trukatu, metatu edo jariatu. Sistema dermikoak landareen kanpo-atala osatzen du eta kanpo-ingurunearekin kontaktuan dagoen landarearen atala da. Sistema dermikoak bi osagai nagusi ditu: epidermisa, hazkuntza primarioa duten landareetan agertzen den geruza babeslea, eta peridermoa, hazkuntza sekundarioa duten landareetan dagoen geruza.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kutikula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gune aereoan dauden zelula epidermikoek lipidotan ugaria den kutina deituriko substantzia bat sintetizatu eta jariatzen dute, eta kutikula deritzon geruza jarrai bat osatzen dute. Sustraien eta ile erradikularren epidermisean, suberina jariatzen da. Kutikularen lodiera aldakorra da eta, zenbait kasutan, kutikularen gainean, bestelako substantzia lipidiko batzuk metatu daitezke (argizariak).

Epidermisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leaf tissue structure flat.svg

Epidermisa egitura konplexua da eta, han, zelula mota bat baino gehiago agertzen da.[2]

  • Zelula epidermiko: Ugarienak diren zelula epidermikoak, derberdintzapen maila baxua dutenak, baina, halaber, derberdintzapen maila altuagoa duten estomen zelula oklusiboak edo trikomak. Zelula epidermikoak elkarrekin estuki lotuta agertzen dira eta morfologia aldakorra dute landarearen zein ataletan dauden. Hala, zurtoinean, luzeagoak izaten dira, adibidez.
  • Trikoma: Itxura oso aldakorreko epidermiseko luzakin edo ileak dira. Landare eta egitura gazteetan kopuru handietan aurkitu daitezken bitartean, garapenean zehar galduz joaten dira. Beren funtzioa aldakorra da organoaren arabera; hostoetan babesa ematen dute, inguruneko transpirazio eta argi mailaren arabera, lurruna barreiatu dezakeen geruza bat sortuz. Egitura jariatzaile gisa ere funtziona dezakete. Sustraietan, ur eta mineralen xurgapenerako espezializatzen dira, sustrai-ile moduan, zelularen azalera zabaldu eta xurgapen area handiagotzeko.
  • Idioblasto: hainbat substantzia mota metatzen dituzten epidermiseko zelulak.
  • Zelula oklusibo:
Leaf Structure.svg
Opening and Closing of Stoma.svg

Konplexu estomatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estomak, hostoen epidermiseko poro txikiak dira, zelula epidermikoez gain ehunean aurkitu daitezkeen egitura espezializatuak. Estomak edo konplexu estomatikoak bi zelula oklusiboz osaturik daude; zelula hauek modu berezian antolatzen dira ostioloa izeneko irekidura bat sortzeko, eta, hala, landarearen barne-ingurua kanpo-inguruarekin kontaktuan jartzen da. Ostioloaren azpian, airez betetako ganbara azpiestomatikoa dago. Zelula oklusiboek giltzurrun-itxura dute, eta mitokondrio ugari, nukleo handia eta kloroplasto gutxi dituzte. Gainera, zelula oklusiboak gaineztatzen duen kutikula epidermiseko zelulak gaineztatzen duenetik desberdina da, konposizio kimikoari dagokionez. Zelula oklusiboen kutikula urarekiko iragazkorragoa da. Beren pareta zelularra modu ez-uniforme batez lodituta dago, eta, dirudienez, tentetasun-aldaketekin, beren morfologia alda dezakete, ostioloaren tamaina handituz edo txikituz.

Ontogenesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epidermisaren jatorria meristemo apikalen kanpo-geruzan dago, protodermoan, hain zuzen, eta handik desberdintzatzen da.[1] Meristemo apikalak zurtoin eta adar bakoitzaren erpinean kokatzen dira, baita sustrai nagusiaren zein bigarren mailako sustraien erpinaldean ere. Meristemo apikaletatik sortzen diren zelulek lehendabiziko desberdintzapen bat jasaten dute eta, oraindik ere, guztiz desberdintzatu gabeko ehun horiek izen desberdinak jasoko dituzte emango dituzten ehunen arabera. Hala, meristemo apikaletatik eratorriko dira protodermoa (geroago epidermisa eratuko duena), protocambiuma (geroago sistema baskularra eratuko duena) eta oinarrizko meristemoa (geroago oinarrizko sistemako osagaiak eratuko duena). Meristemo apikalek luzeran hazarazten dituzte landareak.

Hazkuntza sekundarioan, hau da, zabalerako hazkuntza duten landareetan, ertzetako meristemoak agertzen dira. Meristemo horiek adar edo sustraien diametroa handitzearen arduradun nagusiak dira. Ertzetako meristemoetako zelulak plano periklinalei jarraituz zatitzen dira. Meristemo horiek ez dira landare guztietan agertzen (monokotiledonetan, adibidez, ez dago ertzeko meristemorik) ezta organo guztietan ere (hostoetan, adibidez, ez dago ertzeko meristemorik). Ertzeko meristemoaren bi mota daude: cambium baskularra deritzona, ehun garraiatzaile sekundarioak eratzeaz arduratzen dena, eta cambium suberogenoa edo felogeno deritzona, epidermisaren aitzindaria dena. Edozein kasutan, ertzeko meristemoak, biak, hodi jarrai gisa edo itxi gabeko eraztun gisa kokatzen dira zurtoin edo adar osoan zehar. Landare monokotiledonetan, ordea, zurtoinaren luzerako hazkuntza ez dago meristemo apikalen menpe, meristemo tartekatuen menpe baizik. Meristemo tartekatuak ehun ez-meristematikoen artean egoten dira, nagusiki korapiloen artean baita hostoen gaineztaduran ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Ortiz Zarragoitia, Maren; Bilbao Castellanos, Eider; Izaguirre Aramayona, Urtzi; Orbea del Rey, Amaia; Zaldibar Aramburu, Beñat. (2020). Ehunen biologia. Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua ISBN 978-84-9082-718-5. (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
  2. Glover, B. J.. (2000-03-01). «Differentiation in plant epidermal cells» Journal of Experimental Botany 51 (344): 497–505. doi:10.1093/jexbot/51.344.497. (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]