Edukira joan

Eramateko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eramateko txinatar janaria poliestirenozko ontzi batean.
Urdaiazpiko otartekoa.

Eramateko janari edo edaria, aurrez prestatutakoa eta saltokia ez den lekuan jatekoa da. Taberna, jatetxe (batez ere janari lasterrekoa) edo bestelako saltokietan saltzen da. Kultura askotan aurkitzen den kontzeptua, eramateko janaria mundu osoan ohikoa da eta hainbat forma har dezake. Euskal Herrian ohikoena-edo ogitartekoa da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinetik dator saltokitik kanpo jateko prestaturiko janarien kontzeptua. Janaria saltzen zuten azokako eta bide ertzeko salguneak ohikoak ziren antzinako Grezian eta Erroman[1]. Ponpeian, arkeologoek termopolio sail bat aurkitu dute, kalera irekitzen ziren eta eramateko janaria ematen zuten salmahaiak. Ponpeiako etxeetan jangela formala eta sukaldea falta dira, eta horrek pentsaraz dezake etxean jatea edo, gutxienez, janaria prestatzea ezohikoa zela. 200 termopolia baino gehiago aurkitu dira Ponpeiako hondakinetan[2].

Termopolioa Herkulanon

Erdi Aroko Europako hirietan, kaleko saltzaile batzuek eramateko janaria saltzen zuten. Erdi Aroko Londresen, adibidez, kaleko saltzaileek haragi-pastelak, antzarak, arkume-hankak eta ardo frantsesa saltzen zituzten, eta Parisen, berriz, haragi erreak, usakumeak, tartak eta flanak, gaztak eta arrautzak. Gizartearen zati handi batek erosiko zien janaria saltzaile horiei, baina bereziki maila sozioekonomiko txikikoek, ez baitzuten lekurik sukaldatzeko.

X. eta XI. mendeetako Txinan, Kaifeng eta Hangzhou hirietan adibidez, herritarrek yuebing eta congyoubing opilak eros zitzaketen eramateko. XIII. mende hasieran, Kaifeng hirian, mota honetako bi denda arrakastatsuenek "berrogeita hamar labe baino gehiago" zituzten. Florentziako bidaiari batek XIV. mende amaieran jakinarazi zuen Kairon jendeak larru gordinez egindako piknik-oihalak erabiltzen zituztela kaleetan zabaltzeko eta kaleko saltzaile erositako arkume-kebabak, arroza eta kauserak jateko. Pizkundeko Turkian, bidegurutze askotan ikusten ziren "haragi beroko mokadu usaintsuak" saltzen zituzten saltzaileak, oilasko eta arkume erreak barne. Azteken merkatuetan, prestatutako janaria ere salgai zegoen: atolli edariak (arto-orez egindako ahia), ia 50 tamal mota desberdin (indioilar, untxi, karraskari, igel, arrain, fruta, arrautza edo arto-lorez beteak)[3], baita intsektuak eta erregosiak ere.

Zerbitzua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahai zerbitzua duten saltokien artean, batzuek eramateko janaria ere eskaintzen dute, eta hau mahaian zerbitzatzen den janaria baino merkeagoa izaten da.

Saltoki asko daude, mahai zerbitzurik gabe, janaria prestatzeko eta ontziratzeko bakarrik sortu eta espezializatu direnak, ondoren saltokitik kanpo eramateko. Asko jota, saltoki hauetan mahai txikietan edo barran kontsumitu daitezke jan-edanak, baina betiere gutxieneko zerbitzuarekin edo zerbitzurik gabe. Herrialde batzuetan, bereziki AEBetan, ohitura da eskupeko txiki bat uztea jatetxe barruan eramateko janaria kontsumitzen denean.

Ghost kitchen edo black kitchen delakoak ere badaude, eramateko janaria bakarrik prestatzen duen sukaldea baino ez duena, hau da, bertara banatzaileak bakarrik doaztenak eta ez bezeroak.

Eramateko janaria ontzi berezietan ontziratu ohi da, paper, kartoi edo plastikozkoak, edota elikagaientzako poliestirenozkoak.

Etxera eramateko zerbitzua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pizza banatzailea (Hong Kong)

Azken urteotan, gero eta janari-saltoki gehiagok eskaintzen dituzte etxera eramateko zerbitzua, eta bezeroak aldez aurretik harremanetan jarri behar dute jatetxearekin, telefonoz edo internetez. Herrialde askotan, Euskal Herrian barne, janaria online eska daiteke, eta horren ondoren:

  • bezeroak zuzenean eskaera jasotzen du,
  • jatetxekoek eramaten dute,
  • hirugarren enpresa batek banatzen du.

2000ko hamarkadan, enpresa banatzaile mora hori garatzeko etapa berri bat hasi zen, internet eta geroxeago telefono mugikorrak hedatu baitziren. 2008tik, satelite bidezko nabigazioak aukera ematen die bezeroei Internet bidez banatzailearen kokapena denbora errealean ikusteko.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) The Oxford Companion to American Food and Drink. 580 or. ISBN 9780195307962..
  2. (Ingelesez) Entertaining from Ancient Rome to the Super Bowl: An Encyclopedia. Greenwood Press, 252–253 or. ISBN 9780313086892..
  3. Susan Evans. (2001). Archaeology of Ancient Mexico and Central America: An Encyclopedia. ISBN 9780815308874. (Noiz kontsultatua: 2012).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]