Edukira joan

Ereño Gorria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Infotaula de mineralEreño Gorria
Ezaugarri orokorrak
Kategoriacommon matter (en) Itzuli > materia barioniko > ordinary matter (en) Itzuli > substantzia > material > material natural > haitz > arroka sedimentario > carbonate rock (en) Itzuli > kareharri
Identifikazioa

Ereño Gorria edo Bilbo Gorria Bizkaian ekoitzitako eraikuntzarako eta monumentuetarako harri mota bat da, Ereñoko marmol gorria ere deitua, nahiz eta ez den berez marmol edo haitzurdina, kareharri mota bat baizik. Harrobi nagusia, Andrabidekoa, Ereñotik gertu egon arren, Gautegiz Arteagako udalerriaren mugen barruan dago. Bi herri hauetako ordezkariak izan ziren ekitaldi ofizialean 2024an harri gorri hau ondare harri izendatu zuenean Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak.[1] [2]

K.o. I. mendetik arkitekturan edo eskulturan erabili delako zantzuak daude. 21. mendean Bizkai inguretako eraikin, baserri eta Bilboko eraikin nagusietan aurki daiteke. Gautegiz Arteagako Gazteluan edo Andra Mari elizan auki daiteke, Bilboko Arriaga Antzokian, Areatzako iturrian edo Ziortzako Monasterioan, eta antzinako aztarnetan ere, hala nola Forua erromatarrena. Euskal Herritik kanpora ere eraman dute: Espainian Diputatuen Kongresuan aurki daiteke, Toledoko katedraleko sakristian eta Murtziako Parlamentuan. Urrunago, Buenos Airesko Colon antzokiko alargunen palkoan, Vatikanoko Done Petri basilikan ere bai.[3] [4]

Ustiaketa puntu nagusia Andrabide harrobia izan da mendeetan, harrobi gorria ere esaten zaiona. 1980ko hamarkadaren bukaeran utzi zioten harrobia ustiatzeari eta 21. mendean Gautegiz Arteagako Udalarena da jabetza. Urte batzuk utzita egon zen, zaborra pilatzen, baina 2020ko hamarkadan zaindua dago eta Jendeak hondakinak botatzen sartzeko baimena behar da. Bizkaiko Ondare Historiko izendatuta dago, eta Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak interes geologikoa aitortu diote.

Jatorria geologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geologikoki duela 100 milioi urte inguruan zen itsasoan aurkitu behar da harriaren jatorria. Sakonera txikiko eta plataforma karbonatatuko itsasoa zen, Behe Kretazeoko garaia zen, giro subtropikala zuen, eta moluskuak ugari zeuden; batez ere, errudista bibalboak, agregazio handietan bizi zirenak bioeraikuntzak osatuz: forma fosil horiek, hain zuzen, oso bistakoak dira Ereño Gorrian. Harria mozten den moduaren arabera, forma bat edo beste izango du: goitik begiratuta, zirkulu bat ikusiko dugu, erroskila bat bezalakoa; luzetara mozten badugu, V formako zati zuria izango dugu.

Antzeko beste itsaso batzuetatik ere sortu da kareharria munduan, baina ohikoan kolore grisa izaten du. Aldiz, Ereño eta Gautegiz Arteaga inguruan badago eremu bat non kareharriaren oinarri izan zen lokatza hori burdina oxido ultrafinez (hematitez) tindatu zen. Sakoneko isurietatik ailegatu ziren oxido horiek lokatzetara, eta ez zuten lortu fosiletan sartzea, ordurako moluskuak osatzen zituzten mineralak zigilatuta zeudelako; horregatik geratu ziren zuri, gorriz inguratuta.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Iturbe, Zaloa. (2024-07-05). «Nazioarteko ondare harri izendatu dute 'Ereño Gorria' kareharria» Busturialdeko Hitza (kontsulta data: 2025-07-08).
  2. (Ingelesez) «Rojo Ereño (Limestone)» IUGS (kontsulta data: 2025-07-08).
  3. Maruri Bilbao, Ibai. (2024-07-15). «Laura Damas Molla: «Moden ondorioz, tokiko harriak kentzen dira eraikuntzetatik»» Berria (kontsulta data: 2025-07-08).
  4. (Ingelesez) Damas Mollá, L.; Uriarte, J. A.; Zabaleta, A.; Aranburu, A.; García Garmilla, F.; Sagarna, M.; Bodego, A.; Clemente, J. A. et al.. (2021-01-07). «Red Ereño: an Ornamental and Construction Limestone of International Significance from the Basque Country (northern Spain)» Geoheritage 13 (1): 2.  doi:10.1007/s12371-020-00529-5. ISSN 1867-2485. (kontsulta data: 2025-07-08).

Damas Molla, Laura. (2011). Las calizas rojas de Ereño: facies, paleoambiente, mineralización y diagénesis. Patrimonio geo-histórico de Bizkaia. Tesia - Euskal Herriko Unibertsitatea.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]