Eresoinka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eresoinka

Datuak
EgoitzaSaint-Germain-en-Laye Frantzia
Musika motaTalde folklorikoa
AhotsakAbesbatza mistoa, instrumentistak eta dantzariak
Taldekideak110
DiskoetxeakAgorila
Urteak1937 - 1939
FundatzaileaGabriel Olaizola, Felipe Urkola, Rafael Pikabea, Jose Maria Uzelai, Manuel Sota, Jose Antonio Agirre

Eresoinka musika eta dantza talde bat izan zen, Euzko Jaurlaritzak 1937an sortu zuena, Espainiako Gerra Zibilean Hego Euskal Herrian bizitzen ari zen egoera munduan azaltzeko.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937an, kolpistek Bilbo hartu aurreko egunetan, Jose Antonio Agirre lehenbiziko Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak euskal musikari bati egoeraren larritasuna aitortu zion; Agirreren arabera, Euskal Herriak gerra plano militarrean galdu arren, kultura eremuan jarrai zezakeen. Horrela sortu zen munduan zehar enbaxada artistiko bat bidaltzeko ideia, "askatasunaren alde hiltzen ari zen" herri baten ordezkari bezala. Horretara, erbestera joan aurretik, Parisen Euzko Jaurlaritzaren ordezkariei (Rafael Pikabea eta Felipe Urkiola) idatzi zien Agirrek, gutuna eramango zien Gabriel Olaizolari asmo horretan ahal bezainbeste lagundu ziezaioten.[1] Jaurlaritzan Arte Ederretako zuzendari izandako Jose Maria Uzelai eta Manuel de la Sota intelektualek ere ikuskizunaren sorreran parte hartu zuten.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eresoinkak ahozko musika zein instrumentala erabiltzen zituen, koreografiekin eta dekoratu ikusgarriekin. Talde hartan emakumeek zein gizonek hartu zuten parte. Guztira 110 kidek osatzen zuten. Ikuskizunetan Euskal Herriaren ikuspegi katoliko eta tradizionala aurkezten zen, faxisten erasoei kontrajartzen zitzaiena.

Hau zen taldearen organigrama orokorra; ikus daitekeenez, zenbait artistak arlo batean baino gehiago parte hartzen zuten.

Zuzendaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Manuel de la Sota: zuzendaritza orokorra, ekoizpena eta promozioa (1937 amaierarako, oraindik taula gainera igo gabe, Eresoinkak ikuskizun-agenda betea izatea lortu zuen). Espektakuluetan aurkezle paperak ere egiten zituen.
  • Enrique Jordá: musika zuzendaritza orokorra.
  • Gabriel Olaizola: abesbatzaren zuzendaritza.
  • Txomin Olano: pianoa.
  • Jose Etxabe: abokatua, Zumaiako udal idazkari izandakoa, eta Oldarra abesbatzaren zuzendari bihurtuko zena.
  • Jesus Luisa Esnaola: koreografia.
Eresoinka abesbatza entsegu batean, Le Belloy jauregian, Gabriel Olaizolaren zuzendaritzapean.

Musikagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abeslariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1. sopranoak: Aurora Abasolo durangarra, Miren Derteano zornotzarra, Auxilio Lizundia zarauztarra, Andone Olaizola donostiarra, Iñake Olaizola donostiarra, Margarita Trueba zumaiarra, Matilde Zabalbeaskoa pasaitarra (Donostiako Orfeoiko bakarlaria).
  • 2. sopranoak: Juanita Arias donostiarra, Ramona Azurmendi bilbotarra, Isabel Etxenagusia bilbotarra, Isabel Egurrola donostiarra, Miren Teresa Oñate bilbotarra, Feliza Orbegozo tolosarra, Miren Orrantia bilbotarra, Maitane Trueba zumaiarra, Maria Luisa Zulueta donostiarra.
  • 1. alti: Miren Abrisketa bilbotarra, Monika Arrillaga tolosarra, Anita Azkarate bergararra, Maria Etxabe zarauztarra, Karmele Etxenagusia bilbotarra, Pilar Sansinenea tolosarra, Margarita Uzelai zornotzarra
  • 2. alti: Anita Casteres tolosarra, Garbiñe Etxenagusia bilbotarra, Pepita Enbil getariarra, Asun Lizundia zarauztarra, Miren Olaizola donostiarra, Miren Trueba zumaiarra, Karmele Urresti ondarroarra, Aurora Velasco donostiarra, Eugenia Velasco donostiarra.
  • 1. tenorrak: Eugenio Berasategi zumaiarra, Manuel Etxeberria ondarroarra, Patxi Garate bilbotarra, Ramon Irusta debarra, Ramon Laborda bergararra, Juan Madariaga bilbotarra, Jose Ramon Otero pasaitarra, Txomin Sagarzazu hondarribiarra.
  • 2. tenoreak: Ixaka Aspiazu elgoibartarra, Isidor Etxeberria ondarroarra, Eugenio Eizagirre pasaitarra, Teodoro Hernandorena zizurkildarra, Pablo Garmendia pasaitarra, Mariano Gonzalez irundarra (Donostiako orfeoiko bakarlaria, gero Luis Mariano bezala ezagun egingo zena), Eduardo Sesé tolosarra, Tomas Yarza tolosarra, José Antonio Zabala donostiarra.
  • Baritonoak: Jose Luis Arriola ondarroarra, Pablo Egibar andoaindarra, Jesus Elosegi tolosarra, Jose Izaga donostiarra, Txomin Olano iruratarra,[2] Jose Maria Ormaetxea bilbotarra, Fernando Sesé tolosarra, Paulin Urresti ondarroarra.
  • Baxuak: Jose Etxabe zumaiarra, Santiago Insausti donostiarra, Gil Iturrioz donostiarra (Donostiako Orfeoiko kidea), Patxi Iza donostiarra, Blas Labadia tolosarra, Serafin Lakatza eibartarra, Guillermo Lizaso errenteriarra, Ramon Moraiz tolosarra, Gotzon Olalde bergararra, Jose Maria Solabarrieta[3] ondarroarra.
Eresoinkako dantzariak Parisko Pleyel aretoan, 1937ko abenduan.

Dantzariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haietako batzuk abeslariak ere baziren:

  • Emakumezkoak: Haydee Agirre santurtziarra, Josune Alexandre bilbotarra, Maite Cruzado irundarra, Aurea Etxebarria bilbotarra, Garbiñe Etxenagusia bilbotarra, Irune Ibarguen balmasedarra, Iñake Olaizola donostiarra, Miren Olaizola donostiarra, Pili Olaizola donostiarra, Maitane Trueba zumaiarra, Karmele Urresti ondarroarra, Julene Urzelai azkoitiarra.
  • Gizonezkoak: Vicente Amunarriz donostiarra, Jose Maria Arregi donostiarra, Esteban Berazadi zarauztarra, Jon Bilbao[4] bilbotarra, Santos Busto donostiarra, Kepa Garate bilbotarra, Anton Iradi donostiarra, Perico Mungia donostiarra, Jose Oñatibia oiartzuarra, Manuel Otaño donostiarra, Leoncio Pildain bilbotarra, Satur Salegi donostiarra, Jesus Maria Sanchez Azkona, Perico Santamaria, Jose Miguel Saseta, Santiago Urkiola.

Musikariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte plastikoa eta jantziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pleyel aretoan, Antonio Gezalak egindako gramofono erraldoiarekin.

Dantza espektakuluetarako, Euskal Herriko bizimodua islatzen zuten dekoratuak egiten ziren: pilota partida bat, herriko festak... Haien diseinuan parte hartu zuten artisten artean aipa daitezke: Jose Mari Uzelai, Antonio Gezala, Julian Tellaetxe, Arrue anaiak, Juan de Aranoa...

Jantzigintzan hainbat jostunek parte hartu zuten, baita Parisekoak ere, haien artean Coco Chanel eta Pierre Cardin.

Kirmen Uriberen "Elkarrekin esnatzeko ordua" eleberrian (2016) Eresoinkaren nondik norakoak aipatzen dira, besteak beste espektakuluaren backstage-aren irudikapen bizi honekin:

"Gezalak diseinatu zuen Eresoinkako ikurra, haritz hosto bat bi ezkurrekin, eta baita kaleko hormetan jartzeko kartel iragarlea ere. Baina ez hori bakarrik, berak asmatu zituen, Sotarekin batera, dekoratu ia gehienak. Ikusgarriena, agian, Pleyel aretoko agertokirako margotu zuen gramofono erraldoia izan zen. Eszenaren atzealdean zegoen gramofonoaren ahotik agertzen ziren dantzariak taulara, musika notak balira bezala, ikusleen harridurarako.

      Eresoinkaren lanak eta jardunak jasoz, bi olio-pintura handi margotu zituen Gezalak Parisen. Eresoinka 8.45[5] eta Eresoinka 20.45[6] izena dute. Lehenak, estreinaldi eguneko goiza jasotzen du, goizeko bederatziak laurden gutxitan nola muntatzen ari diren agertokia. Bigarrenaren motiboa saioa bera da. Baina margolariak ez du hartzen ikuslearen ikuspegia; horren ordez, antzeztokiaren atzealdean gertatzen ari dena erakusten digu, normalean ikusgai ez dagoen hori. Margo bietan agertzen da Txomin Letamendi. Lehenengoan, muntaketa lanetan dabil goiz partean, alkandora gorriz eta praka urdinez, dekoratuko zati den panel handi bat mugitzen dihardu. Bestean, Manu Sota bera, Gabriel Olaizola abesbatzako zuzendaria, Enrique Jorda Gallastegi orkestra gidaria —denak frakez— eta Txomin Letamendi —oraindik alkandora gorriarekin— agertokiaren atzealdean daude azken xehetasunak lotzen. Jendaurrean irakurri behar duen testua errepasatzen ari da Sota, berak idazten baitzituen gidoiak, eta narratzaile lanak ere egiten zituen, ikuskizuneko ekitaldi batetik bestera dauden tarteetan azalpenak emanez. Atzealdean dantzariak ikusiko dituzu, taulara irteteko prest, jantzi zuriekin. Buruen artetik ikurrin bat erdikusten da".


Parisko irudiak. 16. atala.[7]

Beste partaide batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artistekin batera, Eresoinkarekin beste pertsona asko mugitzen ziren, era askotako lanetan laguntzen. Haien artean aipa ditzakegu:

Egoitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ihartzeartia etxean (Sara), Gaspar Montes Iturrioz eta horma-margolanak.

Taldea sortzeko lehenengo urratsak Saran eman ziren, 1937ko iraila hasieran. Bertan 110 artista inguru bildu ziren eta ikuskizuna prestatzeari ekin zioten. Lanak 1937ko irailean hasi ziren. Artistak Sarako hotel eta etxe desberdinetan aurkitu zuten alojamendua: lehendabizikoak Paul Dutournierrek bere Hôtel de la Posten jaso zituen; Garipuy familiak beste asko jaso zituen Prefetenea etxean. Baita frontoi ondoan dagoen Eskualduna Hotelak ere. Eresoinkako kideak oso maitatuak izan ziren Sarako biztanleen aldetik;[1] otorduak Maitagarria eta Laztiri jatetxeetan egiten zituzten, eta askotan egin zituzten kantaldiak Pleka trinketean, eta herriko plazan. Entseguak Ihartzeartea etxean egiten zituzten; dantza aretoan, Gaspar Montesek zenbait horma-irudiak margotu zituen, Eresoinkako kideak irudikatuz; Ihartzeartea etxea hotela da gaur egun, eta oraindik horma-irudiak han ikus daitezke.[8]

Le Belloy[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Le Belloy, 1939ko Aberri Egunean, Agirre lehendakariari harrera egiten.

Eresoinka Euskal Herriko benetako enbaxada kulturala bihurtu zen. Horrek Parisetik gertu kokatzea behartu zien; 1938ko udaberrian Paristik gertu dagoen Saint-Germain-en-Layen, Euzko Jaurlaritzak Belloy gaztelua alokatu zuen. Aurrerantzean, biren arteko bilgunea izan zen.

Birak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo aurkezpena Parisen egin zen, 1937ko azaroaren 20an. Hortik aurrera ikuskizuna behin eta berriro egin zen Parisen eta Europako beste hiriburuetara eraman zuten, baita jakina, Ipar Euskal Herrian ere.

Eresoinkako kideak Parisko Gare du Nord geltokian, emanaldi baterako bidean.

1937[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Azaroaren 20a: Sainte-Geneviève eliza, Paris.
  • Azaroaren 25a: Saint-Pierre de Chaillot eliza, Paris.
  • Abenduaren 18tik 20ra: Pleyel aretoa, Paris. Emanaldi honek garrantzi berezia izan zuen, abenduaren 20an hainbat goi mailako politikari bertaratu baitziren: Jose Antonio Agirre lehendakaria, Euzko Jaurlaritzako hainbat kiderekin; Manuel Irujo Espainiako Errepublikaren ministroa; Argentinako eta Txileko diplomatikariak; eta Kataluniako Generalitateko ordezkariak hurbildu baitziren ikuskizunera. Egun horretan bertaratu ziren, baita ere: Serge Lifar dantzari ospetsua, Eresoinkako dantzarien maila goretsi zuena; eta Jacques Maritain filosofoa, François Mauriac eta Georges Bernanos idazleekin batera Euskal Herriaren borroka babestu zuena. Ikuskizunaren aurretik, publikoari katalogoak banatu zitzaizkion, Boris Lipnitzkyk entseguetan hartutako argazkiekin.
  • Abenduaren 23a: Pleyel aretoa, Paris.
  • Abenduaren 26a: Sainte-Geneviève eliza, Paris.
Eresoinkako antzezpen bat, Erresuma Batuan eginiko biran, 1938ko udan. Irudian "Lurrun kresala" funtzioa.

1938[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Urtarrilaren 9a: Saint-Louis eliza, Paris.
  • Urtarrilaren 27a: Porte Champerret, Paris.
  • Urtarrilaren 31a: Sainte-Geneviève eliza, Paris.
  • Otsailaren 3a: grabaketa Unibertsitatean, Paris.
  • Otsailaren 7a: Radio Schaerbeek, Brusela.
  • Otsailaren 8tik 14ra: Théâtre Royal, Brusela.
  • Otsailaren 20a: Église des Pères Blancs, Brusela.
  • Otsailaren 22a: Théâtre Royal, Gante.
  • Otsailaren 23a: Théâtre Royal, Amberes.
  • Otsailaren 24a: Théâtre des Beaux Arts, Brusela.
  • Otsailaren 27a: Chapelle Expiatoire, Brusela.
  • Otsailaren 28a: Opera, Brujas.
  • Martxoaren 2a: Théâtre Royal, Amberes.
  • Martxoaren 4a: Stadsschouwburg, Amsterdam.
  • Martxoaren 7a: Gebouw Kunsten aretoa, Haga.
  • Martxoaren 10a: Grand Théâtre, Amersfoort.
  • Martxoaren 12a: Stadsschouwburg, Amsterdam.
  • Martxoaren 12a: Gooiland antzokia, Hilversum.
  • Martxoaren 13a: Gebouw Kunsten aretoa, Haga.
  • Martxoaren 14a: Schouwburg, Utrecht.
  • Martxoaren 17a: Stadsschouwburg, Haarlem.
  • Martxoaren 18a: Stadsschouwburg, Amsterdam.
  • Martxoaren 20a: Gooiland antzokia, Hilversum.
  • Martxoaren 21a: Groote Schouwburg, Rotterdam.
  • Apirilaren 6a eta 7a: Théâtre de Paris.
  • Apirilaren 7a: grabazioa Columbia estudioan, Paris.
  • Apirilaren 8a: irrati emanaldia, Paris.
  • Apirilaren 8a: Théâtre de Paris.
  • Apirilaren 9a: irrati emanaldia, Radio Luxembourg, Paris.
  • Apirilaren 9tik 19ra: Théâtre de Paris.
  • Apirilaren 24a: Radio Paris.
  • Apirilaren 27a: hileta meza Saint-Germain l'Auxerrois elizan, Paris.
  • Maiatzaren 22a: Kaputxinoen komentua, Paris
  • Ekainaren 13tik 25era: Aldwych antzokia, Londres.
  • Ekainaren 27tik uztailaren 9ra: Royal Opera House, Covent Garden, Londres
  • Abuztuaren 15a: meza Pont-Marly parrokian.
  • Irailaren 13 eta 14: Herri Antzokia, Baiona.
  • Irailaren 15a: Biarritzeko kasinoa.
  • Irailaren 16a: San Andres eliza, Baiona.
  • Irailaren 19a: Paue.
  • Irailaren 21a: Donibane Garazi.
  • Azaroaren 1a: meza Pont-Marly parrokian.
  • Azaroaren 20a: meza Saint-Germain l'Auxerrois elizan, Paris.
  • Azaroaren 25a: Saint-Pierre-de-Chaillot eliza, Paris.
  • Abenduaren 8a: Madeleine eliza, Paris.
  • Abenduaren 11a: Radio Paris.
Eresoinkako kideak diskoa grabatzen, Parisko Unibertsitatean: Miren Orrantia, Pepita Enbil, Txomin Sagarzazu, Eugenio Berasategi, Jesus Elosegi, Santi Insausti.

1939[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Urtarrilaren 22a: Tarbeko katedrala.
  • Urtarrilaren 29a: meza Le Vésinet parrokian.
  • Otsailaren 19a: Parisko Kontserbatorioa.
  • Otsailaren 26a: emanaldia Radio Toulousen, Paris.
  • Martxoaren 11a: emanaldia Radio Ile-de-Francen, Paris.
  • Martxoaren 20a: Pleyel aretoa, Paris.
  • Martxoaren 28tik apirilaren 1era: Saint-Germain-en-Layeko antzokia.
  • Apirilaren 6 eta 7: Belloy jauregia, Saint-Germain-en-Laye.
  • Apirilaren 8a: Radio PTT, Paris
  • Apirilaren 9a: Belloy jauregia, Saint-Germain-en-Laye.
  • Maiatzaren 15a: herriko festa aretoa, Saint-Germain-en-Laye.
  • Maiatzaren 22a: Salle des Expositions, Paris.
  • Maiatzaren 26a: kontzertua Elai-Alai taldearekin Chaillot antzokian, Paris.
  • Uztailaren 14a: dantza emanaldia Place de l'Opéran, Paris.

Amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eresoinkako kideak 1938ko udan, Erresuma Batuko biraren amaieran. Victoria tren geltokian.

Taldeak arrakasta handia izan zuen, eta Europako antzoki askotan aritu zen: Frantzian, Belgikan, Herbeheretan eta Erresuma batuan.[10] Promozio lan handiari esker, Eresoinkaren espektakulua komunikabideetan asko aipatu zen, beraz esan daiteke hasierako helburua hein handi batean lortu zela: Euskal Herrian gerra militarki galdu arren, kultura eremuan jarraipena ematea.

Prentsan nabarmendu daitezke Florent Schmitt ek Le Temps egunkarian egindako gorespenak; baita Le Figaron Stan Golestan[11] eta André Warnod[12] ere; The Times ingelesak ere artikulua argitaratu zuen.[13] Artikuluotan artisten arteko giroa aipatzen da, ekimenean zuten ilusioa islatzen duena: "Joan den arratsaldean Eresoinkak Parisen emango duen espektakuluaren entsegu batean izan ginen... Taula gainean ez zeuden artistak publikoaren eserlekuetan zeuden. Irri eta solasetan aditzen genituen, haien hizkuntza soinulari eta musikalean... Bitartean, taula gainean abeslariek taldeak egiten zituzten, elkarri itsatsita, benetako giza-organua osatuz..." (Warnod, Le Figaro, 1937ko abendua).

De la Sotak Ameriketako Estatu Batuetan ere emanaldiak lotuak zituen, baina 1939an, hara zihoazela, Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta Ameriketara eramaten zituen transatlantikoak Europara itzuli behar izan zuen. Azkenik, dirua agortu zenez, taldea desegin zuten.

1939an, mundu gerraren hasierarekin batera, ekimena bertan behera gelditu zen eta partaideak sakabanatu ziren; haietako batzuk erresistentzia antifrankistan engaiatuz, eta gehienak anonimotasunean murgilduz.

Grabaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eresoinkaren disko baten entzunaldia Jesus Elosegiren eta Pilar Sansinenearen etxean, Pasaian (1943). Frankismoan Eresoinka taldea ultradebekatua izan zenez, uler daiteke entzunaldiaren signifikazioa, eta bolumen baxuan entzungo zutela.

1938an "Elai Alai" filma errodatu zuen Nemesio Manuel Sobrevillak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz. Bertan Elai-Alai dantza taldea ageri da, Segundo Olaetaren musikarekin eta Eresoinkako haur-koruarekin, Parisko emanaldietako filmazioetan.[14]

1938ko abenduaren 21ean, Espainiako Errepublikako Propaganda Sailaren enkarguz, “Canciones Populares de la Guerra de la Independencia de España” izeneko 5 disko grabatu ziren Parisen. Musikariak Eresoinkako 9 abeslari eta 4 txistulari izan ziren, eta besteak beste "Euzko Gudariak" kantua grabatu zuten, historian lehen aldiz.[15]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Txomin Laxalt, Pays Basque Magazine n° 57, p. 67.
  2. MUJIKA, Jose Antonio. 2013. Txomin Olano, Herrerako organista. Altza, Hautsa Kenduz XII:225-244.
  3. Jesus Elosegiren artxiboan bere argazkia ikusita, ez dirudi izen eta garai bereko Jose Maria Solabarrieta denik, Ondarroako alkatea eta Iñaki Anasagastiren aitaginarreba alegia.[1]
  4. Jesus Elosegiren artxiboan bere argazkia ikusita, ez dirudi izen bereko Jon Bilbao Azkarreta denik, garai beretsuan Euzkaditik erbesteratutakoa.
  5. Anasagasti, Iñaki. (2014). Los otros "Guernica". https://ianasagasti.blogs.com/.
  6. (Gaztelaniaz) «Eresoinka 20 h. 45» Museo de Bellas Artes de Bilbao (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  7. «Susa literatura - Elkarrekin esnatzeko ordua» susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  8. a b (Frantsesez) «Son histoire» Au milieu des fougères (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  9. «Eresoinka taldea eta Elbira Zipitria, Saran - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  10. Chorale mythique Eresoinka Categorynet.com
  11. Philippe Salquain, Luis Mariano, la légende basque, Hors-Série de l'hebdomadaire La Semaine du Pays basque, 2010, p. 19
  12. Txomin Laxalt, Eresoinka, le chœur d'un peuple libre, Pays basque Magazine no 57, p. 68
  13. Txomin Laxalt, Eresoinka, le chœur d'un peuple libre, Pays basque Magazine no 57, p. 69
  14. dantzancom. «Elai-Alai dantzan 1938ko film batean» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  15. (Gaztelaniaz) SLU, Herritar Berri. (2018-12-26). «El legado oculto de Eresoinka» 7K revista dominical (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jose Antonio Arana Martija: Eresoinka, embajada cultural vasca, 1937-1939. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1986. 269.or.
  • Philippe Oyhamburu: De Tbilissi à Getaria, en passant par New York, Suite (1995-2007) des Chroniques saltimbanques (1942-1994), 2008.
  • Txomin Laxalt: Eresoinka, le chœur d'un peuple libre, Pays Basque Magazine 57 zk. (2009). 66-69 or.
  • Philippe Regnier, Eresoinka, de Sara à Paris : La formidable épopée d'une poignée de réfugiés basques en Iparralde, 1937-1939, éd. Iru Erege, 2013

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Chorale Eresoinka, Bakearen Ikurra. CD formatoa. Argitaratzailea: Agorila. Erreferentzia: AG CD 556.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]