Edukira joan

Erlijioa Mesopotamian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gravure dans la pierre représentant Le roi Melishipak II de Babylone (1186–1172 av. J.-C.) présentant sa fille à la déesse Nanaya
Babiloniako Melishipak II.a erregea (K.a. 1186–1172) alaba Nanaya jainkosari aurkezten dio, Susan aurkitutako kudurru baten xehetasuna.

Mesopotamiako erlijioak Antzinaroan, K.a. IV. milurtekotik aurrera eta K.a. I. mendera arte, Mesopotamian bizi izan ziren herrien praktika eta sinesmen erlijioso politeistak biltzen ditu, hau da, herri edo estatu hauenak betez ere: sumertarrak, akadtarrak, babiloniarrak eta asiriarrak.

Antzinako mesopotamiarrek jainko eta jainkosa asko gurtu zituzten, unibertsoaren eta gizadiaren sortzaile eta ordenatzaileak zirenak. Mesopotamiako (Bi ibaien lurralde) estatuek, beren subiranoak buru zituztela, gizartea eta ekonomia antolatzen zituzten jainkoen mantenua bermatzeko moduan. Jainkoek ezarri zuten ordena hausten zuenak ondorioak jasaten zituen, eta, erritoak zuzen betetzen zituztenek, aldiz, aurrera egin zezakeen. Hortik, jainko-esferaren eta giza esferaren arteko harremanekin lotutako sinesmen eta praktika multzo bat zetorren, otoitzak, ereserkiak eta erritualak barne hartzen zituenak, nahiz eta, mesopotamiarrek sortzaileen borondateak ondo ulertzeko gai ez zirela onartu zuten arren.

Antzinako Mesopotamiako erlijioaren ezagutza Bibliari lotuta egon da urte askotan. Baina, apika, Mesopotamiako erlijioa bera ere aztergai bihurtu zen, eta haren ulerkerak aurrera egiten jarraitzen du, testu berriak argitaratuz eta aspaldidanik ezagunak diren iturriak berrinterpretatuz.

Azterketaren baldintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere historia luze eta konplexuan, antzinako mesopotamiarrek, Antzinateko beste herriek egin zuten bezala, ez zuten "erlijio" kontzeptu bat: antzinako Mesopotamiako erlijioa, beraz, historialari modernoen lanek berreraiki zuten XIX. mendetik aurrera, "Erlijio" nozioaren definizio propioen arabera. Berreraikuntza hori historialariek mesopotamiar herrien unibertso erlijiosoa islatzat hartzen duten iturri ugariren hautaketan eta interpretazioan oinarritzen da.[1][2][3]

Erlijioa zer den definitzea, oro har, ezinezkotzat jotzen dela kontuan hartzen badugu, edo, behintzat, ez dagoela hari buruzko adostasunik, erlijiosotzat" jotzen dena aldatu egin daiteke espezialista batetik bestera.[4] Adibidez, "gizakiaren eta hura gainditzen duen zerbaiten arteko harreman-sistema" gisa definitu ahal izan da, hau da, Mesopotamiako testuinguruan, lehenik jainkozkoak, baina baita mamuak, deabruak eta munstroak ere, gizabanakoen eta komunitate politikoen bizitzan eragiteko gai direlakoan (A. Zgoll)[5].

Erlijio jakin batek berezkoa du naturaz gaindikoaz eta sakratuaz duen ikusmoldea, erlijio-sentimendua, eta elkarri lotuta dauden sinesmenak (edo irudikapenak; mitologia batekin) eta praktikak (kultua, jokabideak). Erlijio politeista zaharrak, hala nola mesopotamiarrak, erlijio errebelatuetatik bereizten dira, askotan monoteistak, mundu modernoan hedatuenak direnak, fundatzaile figurarik, testu sakraturik, sinesmenik eta erlijio autoritateek finkatutako portaerarik ez dutelako, eta leial orok bete behar dituelako (ortodoxia eta ortopraxia, dogmak)[6].

Girsuko hainbat jainkori sakrifizioak egiteko, animalien eskaintzak erregistratu dituen oholtxoa. c. K.a. 2120 Louvre Museoa.

Gizarteko beste alderdi batzuekin gertatzen den bezala, mesopotamiar erlijioari buruzko iturri ustiagarriak askotarikoak dira.

Iturri idatziak, batez ere taulatxo kuneiformeetan idatzi zituztenak, antzinako mesopotamiarren erlijioa aztertzeko iturri nagusia dira.[7] Ikertzaileen arreta, batez ere, mitoak kontatzen dituzten literatura-testuetara bideratu da, hala nola Gilgameshen Epopeia, Sorkuntzaren Epopeia, Inannaren Infernuetarako Jaitsiera, edo Atrahasis, bereziki Bibliarekin dituzten paralelismoengatik. Baina idazki horiek ez dira Mesopotamiako biztanleen eguneroko erlijioari buruzko iturri, botere politikotik hurbil egon ohi zen giza talde intelektual baten emaitza baitira, eta ez baitute, halabeharrez, herri-ahozko tradiziorik transkribatzea helburu.[8] Erlijio-izaerako ereserkiak, otoitzak eta olerkiak dokumentu garrantzitsuak dira, baina litekeena da literatura horrek ahoz erabiliko zenaren zati txiki bat baino ez izatea. Kultu-praktikak izaera teknikoko testuetan atzematen dira, igarleei, astrologoei, exorzistei, deitoratzaileei eta abarri laguntzeko balio zutenak, bai eta eskaintzak egiteko produktuak entregatzea erregistratzen zuten administrazio-testuetan ere.

Kultu-eszena bat irudikatzen duen zigilu-zilindroa, Eguzkiaren jainkoari, Shamashi, itzulia.

Erlijioaren arte bereziki garrantzitsua da eta, dudarik gabe, idatzizko iturrietan egiaztatutakoa baino espektro sozial askoz zabalagora hedatzen zen. Obra batzuk tenplu eta jauregietarako gordetzen baziren, bereziki botozko estela ugariak, eta gehiengoaren bistatik aparte gordetzen, beste batzuk herriaren eskura egon behar zuten. Gainerakoan, egoitzen egin diren indusketek kutun funtzioa zuten objektuak azaleratu zituzten. Bestalde, norbanakoek tenpluetan utzitako ex-voto batzuk ere aurkitu dira. Zigilu zilindrikoak ohikoak izan ziren gizarte mesopotamiarrean, eta maiz erlijio-eszenak izaten dituzte. Kasu horretan ere, zenbait lorpenek erlijioaren alderdi "herrikoia" irudika badezakete ere, artelan erlijioso aipagarrienak eliteen munduaren ondorio ziren han ere, batez ere erregeek edo Mesopotamiako erresumetako pertsonaia handiek eskatutako estatua eta behe-erliebeak.[9]

Antzinako Mesopotamiako aztarnategiak induskatu zituzten arkeologoek funtzio erlijiosoa zuten eraikin arkitektonikoak ezagutarazi zituzten, baita bestelako kultu-instalazioak ere, nahiz eta askotan, zaila izan den haien izaera eta funtzio zehatza ondo ulertzea. Historialariek, antikuarioek edo arkeologoek, eta haiek finantzatzen zituztenek, eskualdeko hiri handietako espazio garrantzitsuenetan interesatu ziren lehenik, beraz, haien bihotz politiko eta erlijiosoari lehentasuna eman zieten eta Mesopotamiako hegoaldeko tenplu nagusiak argitara atera ziren. Hilobiak antzinako mesopotamiarren unibertso espirituala berreraikitzeko iturri garrantzitsua ere badira.[10]

Azkenik, iturri mota ezberdinen konbinazioak ahalbidetzen du erlijio praktikak ezagutzea. Testuetan deskribatzen diren apaiz mesopotamiarraren keinuak beren esparru espazialean kokatzea ahalbidetzen dute, eta eraikinak identifikatzen eta horien osagai ezberdinen funtzioa ulertzen laguntzen dute.[11]

Historiografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinate klasikoko idazleek antzinako mesopotamiarren praktika erlijiosoei buruzko idazki gutxi utzi zituztenez. Hori dela eta, Mesopotamian ekoiztutako testuak ezagutzen ez ziren denboran eta geroago, oriandik irakurri eta itzuli ezin zirenean, esan nahi du gutxi ezagutzen zela bertako erlijioari buruz.

Mesopotamiako antzinako hirien lehen indusketak behar izan ziren erlijio hori argitara ateratzeko, XIX. mendearen bigarren erdian. Aurkikuntzarik ikusgarrienak Niniveko liburutegietako testu mitologikoak izan ziren, bereziki George Smithek 1872an argitaratutako Gilgameshen Epopeiako uholdearen testua zuen ohola[12]. Mesopotamiar erlijioaren aurkikuntza, batzuetan, Testamendu Zaharraren testuaren eta mesopotamiar erlijioaren arteko loturen izaerari buruzko eztabaida sutsuek markatu zuten, bereziki Alemanian XX. mendearen hasieran, Friedrich Delitzschek hasitako "Babel und Bibel" kereilarekin, judutar zaharren erlijioa Babiloniatik zetorrela defendatzen baitzuen, eta azkenean bere posizioak erradikalizatu zituen, antisemitismoraino.[13]

Geroago, eztabaidak baretu egin ziren, baina Bibliaren mamua beti da nagusi Mesopotamiako erlijioaren ikasketetan, batez ere Estatu Batuetan. Nahiko ohikoa da Mesopotamiako testuen analisia israeldar erlijioarekiko paraleloak bilatzearen ikuspegitik ikustea, dela eraginaren ikuspegitik, dela kultura-esparru berdineko ("Antzinako Ekialde Hurbila") kide izateagatik komunean dituzten puntuetatik. Gaur egun asiriologoen (antzinako Mesopotamiako historialarien) jarrera nagusia, alde batera utzi ezin dituzten galdera horien aurrean, bien arteko paralelismoak aztertzea da, baina baita diferentziak ere, hurbilketa moderatua eskaintzeko.[14]

Mesopotamiar erlijioaren iraganeko beste irakurketa tradizio historiografiko bat, greziarren pentsamendu espekulatibo eta arrazoituenaren aldean, oso adierazkortzat, hitzezkotzat eta hunkigarritzat jotzen den erlijiotasun "semitikoa" zela adierazten zuen azen. Baina XX. mendearen hasieratik, Antzinako Mesopotamiako espezialistak, batez ere, Mesopotamiako erlijioa bere horretan (besteekin uneoro alderatu gabe) ikertzen saiatu dira. Hori dela eta, Mesopotamia bertako corpus-a gehiago ikertu da, eta erlijioaren alderdi praktikoak (kultuaren garapena, erritualak, etab.) gehiago ezagutu dira. Zenbait aditu saiatu dira Mesopotamiako erlijioaren ikuspegi oroharrekoa ematen, nahiz eta Adolph Leo Oppenheim, itzal handiko XX. mende erdialdeko asiriologoak esan zuen, hori alferrikako lana zela. Ikuspegi "ezkorra" zuen aditu austriar-estatu batuarrak, eta uste zuen eskuragarri dauden iturriek eliteen erlijioa islatzen dutela funtsean, eta itzalpean uzten dutela besteena, eta kontzeptuzko oztopo horiek erlijio mesopotamiarra ulertzea zailtzen dutela.[15] Jarrera hori ez dator bat Thorkild Jacobsen XX: mendeko asiriologo daniarraren lanetan garatu zen ikuspegi fenomenologikoarekin, Mesopotamiako erlijioaren hainbat garapen-fase bereizten saiatu baitzen[16], ez eta Jean Bottéro frantses adituaren lanarekin ere. Botterok (2007an zendu zena) hurbilketa espiritualagoa egiten du, praktika erlijiosoak erabat integratzen dituen bitartean (aurrekoek ez bezala)[17] Ikerlari horien sintesiak eta dibulgazio-lanak bereziki nabarmenak izan dira, bai ikerketaren esparruan, bai publiko zabalaren artean, duten kalitateagatik[18][19]; gauza bera gertatzen da Samuel Noah Kramer-ek sumertar mitoei buruz egindako itzulpenekin[20].

Azkenaldiko planteamenduek garrantzi handiagoa ematen diote Mesopotamiako erlijioari buruzko iturrien testuinguru sozialak aztertzeari[15], Mesopotamiako kulturan eta gizartean nola txeratzen diren kontuan hartzeari, iritzirik eman gabe (batez ere ustezko eboluzionistek egindakoak, haientzat, politeismoak monoteismoak gainditutako erlijioaren forma zaharkitua baita.)[3].

Testuinguru kulturala eta historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ur hiriko zigurat-a. K.a. 2100. Goian AEBetako soldaduak daude, Irakeko inbasioaren ondoren hartu baitzuten argazkia.

Mesopotamiako erlijioa, hiru milurteko baino gehiago hartzen dituelarik, ez da fenomeno estatiko eta uniformea: aldaketa asko izan zituen denboran, eta aldakuntzak izan ziren ere bai eskualde eta lekuen arabera (eta baita gizarte-inguruneen arabera ere).

Mesopotamiako sinesmen eta praktika erlijiosoei buruzko informazioa handiagoa da K.a. IV. milurtekoaren amaieratik (Uruk garaia) eta K.a. III. milurtekotik (dinastia arkaikoen garaia) aurrera, idazketaren garapenaren faseak, baina baita arkitektura sakratuarenak eta ikusizko arteena ere (batez ere, zigilu zilindrikoenak (erliebeak dituztenak) eta eskulturei buruzkoak). Aldaketa horiek, batez ere, Mesopotamia Beherean gertatzen dira, garai hartan bi populazio nagusi bizi ziren eskualdean, sumertarrak (hizkuntza isolatua hitz egiten zutenak) eta akadtarrak (hizkuntza semitikoa). Iparralderago zeuden eskualdeak ez dira hain ezagunak. Hizkuntza semitikoak hitz egiten dituzten biztanle kopuru handia barne hartzen dituzte. Akadtarrak eta sumertarrak nahastean, erlijio bat sortzen da, eta panteoian, normalean, bi izen dituzten jainkoak aurkitzen ditugu, bata sumertarrez eta bestea akadieraz (adibidez, Inanna/Ixtar), eta sinkretismo fenomeno baten adierazgarritzat hartzen delarik. Santutegi monumentalak ageri dira hegoaldeko hiri handietan, batez ere Uruk-en Denborarekin, santutegiak gero eta monumentalagoak izan ziren eta dekorazio landuagoa izan zuten.

Uruk hiriko (Warkako) edalontziaren goiko zerrenda. Eskuinean agertzen den emakume irudia Inannaren izan daiteke (edo bere apaiz batena). Jainkosa balitz, historian, jainko edo jainkosa baten lehenetatiko irudikapen antropomorfoa litzateke.

Itxura monumentala hainbat osagaiek ematen diote, baian batez ere, tenpluak terraza gainean eraikitzen direla, gero eta gorago, eta gero eta terraza gaiagoren gainean, zigurat asmatzen dutelarik. Gurtza estatua gordetzeko erabiltzen den gela (sancta santorum) garai horietako eraikinetan agertzen da estreinakoz. Jainkoak giza eran (antropomorfismoa) irudikatzen hasi ziren K.a. IV. milurtekoaren bigarren erdian, gutxienez (Urukeko ontzia). Errege irudiak ikonografian eta kultuan toki handia hartzen du, desordenaren indar basatien aurrean, ordenaren eta egonkortasunaren bermatzaile gisa agertzen da (Uruk garaian -K.a. 4000-2900- "errege-apaiza" moduan irudikatzen dute, eta geroko garaitan, oturuntza eta borroka eszenetan). Hiri handi bakoitzak bere erdigunean dagoen santutegi nagusi bat du, eta bertan, bere jainko edo jainkosa nagusia gurtzen den (adibidez, Larsan, Utu gurtzen zuten), eta horren ondorioz, panteoiko jainko nagusiek gutxienez hiri nagusi bat dute, K.a. III. milurtekoan gutxienez. Tokiko bizitza komunitarioaren une gorenak diren festa handietan ospatzen du hiri bakoitzak bere jainko edo jainkosa nagusia. Jainko nagusi horiek, aldi berean, jainkoen zirkulu batez inguraturik daude, beren familiak (emaztea, seme-alabak, neba-arrebak) eta beren zerbitzariek (bizkaitarra, mezularia, gortesaua, etab.) osatzen dutena, Lagasheko erresumaren garaian (c. K.a. 2500-2100), dagoeneko ongi ezagutzen zirenak.

Horrek dinastia arkaikoen Behe Mesopotamiako egoera politikora garamatza, non eskualdea, zenbait erresuma txikiren artean banatzen den, erregeak eta haien ingurukoek gobernatzen zituzten "hiri-estatuak". Hau da, tokiko familia edo talde jainkotiarra, tokiko erregearen familiaren eta gortearen isla ziren. Mundu jainkotiar eta oparo hori antolatzen saiatu ziren, batez ere idatzi zituzten jainkoen zerrenden bidez eta mitoak kontatzen eta abesten zituzten ereserkia eta poemen bidez. Literaturan, leku garrantzitsua eman zitzaion jainko handien zirkulu txiki bati, bereziki Enlil Nippurrekoari, jainkoen erregetzat hartu zutena. Horrek adierazten digu, halaber, erlijioan adituak zirenak espezialistak agertu zirela, tenpluetan edo tenpluen ingurunean lan egiten zutenak eta errege-boteretik hurbil zeudenak.[21] [22]

K.a. III. milurtekoaren azken laurdenean lehen "inperioak" agertu ziren, Akkadtarrena (K.a. 2300-2150) eta Ur III.koa (ikus 2100-2000). Inperio horiek Mesopotamia Behereko hiriak bateratzen dituzte aldi baterako, eta haratago hedatzen dira aurrekaririk gabeko kanpaina militarretan, Mesopotamia Garairaino eta Siria eta Irango mendebaldearekin harremanak estutzen dira. Sumerar-akadtar sinkretismoa Akaden dinastian (Enheduana-ren ereserkiak) hedatuago dagoela dirudi. Hala ere, sumerriera gero eta gutxiago hitz egiten da, eta azkenean desagertu egiten da eguneroko bizitzan, kultura hizkuntza bihurtzeraino, II. milurtekoaren lehen mendeetan (Paleo-babiloniar aldia, Isin-Larsako garaia) prestigio elementu bihurtzen duten ingurune letraduetan bakarrik erabiltzen dena. Mesopotamiara beste populazio batzuk ere iristen dira, batez ere iparraldean kokatzen direnak: Amorritak, Mesopotamiako hizkuntzekin zerikusirik ez duen hizkuntza batez mintzatzen direnak (batez ere Mittanni erresuma gobernatzen dutenak). Sumertar-akkadtar kulturaren moldera egokitzen dira, baina, aldi berean, beren erlijio tradizioetatik datozen elementuak ekartzen dituzte mesopotamiar. Adibidez, siriar jatorriko mitoa, jainko heroi baten eta itsasoaren arteko borroka kontatzen duena, edo jainkozko berriak, urrita izenak dituztenak. Jainko eta jainkosa berriak sortzen dira eta garrantzia hartzen dute hirietan, bereziki Marduk Babiloniakoa (Babiloniako lehen dinastiaren garaian)[23].

II. milurtekoaren bigarren erdian, izaera "nazionala" zuen eskualdeko boterearen agerpenak markatu zuen, Asiria iparraldean (Asiriar erdiko inperioa) eta Babilonia hegoaldean (Babiloniako kasita dinastia, Babiloniako lehen inperioa, kassitar jatorriko erregeak nagusi zituena, kultura nagusia aldatzen ez dutenak. Alderantzia, eurek Mesopotamiako kultura bereganatzen dute.). Herri haien hiriburuko jainkozko tutoreak, Assur eta Marduk, hurrenez hurren, erreinua pertsonifikatzen duen jainko "nazional" mailara igotzen dituzte. Goratze hori izango litzateke, neurri batean, jainko handiak gizabanakoen egunerokotasunetik aldentzearen erantzule, eta gizabanakoak, aldi bereran, jainko babesle eta artekariengana jo zuten orduan. Badirudi garai hartan erlijioak alderdi "pertsonalagoak" hartzen dituela bere eremuan, gizakien eta jainkoen arteko erlazioez galdetzen duen jakinduriazko literatura eta otoitzetan bereziki adierazten den ezaugarria.[24]

K.a. I. milurtekoa nazio aunitz biltzen zituzten inperio multinazional handien sorrera garaia da, Mesopotamia ez ezik Ekialde Hurbileko zati handi bat ere hartzen duena: lehenik Asiriar Inperio berria (K. a. IX.-VII. mendeak) eta ondoen, Babiloniako inperio berria (K.. VI. mendea). Garai horretan, erlijioaren ikuspuntutik aztertuta, aitzineko tradizioak jarraitzen, eta berreskuratzeko joera dago. Zirkulu letradunetan, joera kontserbatzaile eta arkaikoak garatzen dira. Eboluzio nagusi bat inperio "unibertsal" baten agerpenarekin gertatzen da: Assur eta Marduk jainko "nazionalak" jainko unibertsal, sortzaile eta munduaren ordenatzaile estatusa ematen zaie;Enūma elis kutsu politiko handiko ereserkia mitoan formulatzen da subirautzaren ikuspegi hori. Poema, XII. mendean sortu zela uste da, baina urte hauetan garrantzi handia hartzen duena. Jainkoek, euren izenean mundua gobernatzeko zeregina subiranoei ematen diete ereserki horretan. Are gehiago, zenbait testutan jainko horiek beste jainkozko batzuk bere baitan hartzen dituzten jainko moduan deskribatzen dira (henoteismoa).[25]

Erlijio sinemenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainko-andregoikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mesopotamiar sineskizunen arabera, mundua naturaz gorago dauden izakiek gobernatzen dute, jainkoek, alegia (dingir/ilu(m)).[26] Hilezkorrak dira, handiak, boteretsuak, loriatsuak, oso jakintsuak eta adimentsuak, eta abar. Jainkoen handitasunaren gorazarrea argia da eskriba mesopotamiarrek utzitako ereserki ugarietan. Jainkoak betiko bizi dira, nahiz eta hilezkorrak ez izan, salbuespen gisa gertatzen baita beste batek hilaraztea. Jainkoak beren probetxurako sortu duten munduaren administratzaileak dira: "patua" (namtar/šimtu (m)) esleitzen diete osatzen duten gauza guztiei. Azken batean, zibilizazioa osatzen duten elementu guztien sorburu dira. Sumertarrek me izeneko botereak dutela esaten zuten, baina me horren esanahia ez daugu ondo ulertzen.[27] Hal ere, mitoetan jainkoek, hala ere, akats asko dituzte, gizakiek bezala: suminkorrak izan daitezke, engainatzaileak, hordi egon, beren irrika sexualei men egin diezaiekete, eta abar.

Mesopotamiarrek jainko asko gurtzen zituzten, modu hierarkikoan eta genealogikoan antolatuta zegoen "panteoi" moduko bat osatzen ez zutena. Mesopotamiako historia politiko eta kulturalaren konplexutasuna bere unibertso jainkotiarrean islatzen da.[28] Jainko batzuk, elementu naturalekin lotuta zeuden: argizagiak (Xamax Eguzkia eta Sîn Ilargia), landareak (Ashnan zerealetarako), etab. Batzuetan, baita ibai edo mendi jainkotuekin ere (Assur, beharbada, Assur hiria eraikitzen den muinoaren jainkotzea da). Gizonen jarduerek ere bazituzten beren jainkozkoak (Uttu irulea, Nisaba eta Nabu eskriben jainko eta jaikoa, Zababa eta Ixtar gerrarako, Ninkasi garagardoa egiteko, Gula medikuntzarako), bai eta bizitzaren alderdietarako (ugalketa). Jainkoek, ondoren, hiri jakin batzuetan errotu ziren, jainko handiak, hiri bat edo gehiagoren patroiak ere bazirelarik (Ningirsu Girsun, Dagan Tuttul hirian eta Terqa, Sîn Ur eta Harran hirietan). Azkenean, jainko edo jainkosa berak izaera eta alderdi asko izan zitzakeen, batez ere sinkretismoen jokoan (Marduk exorzismoaren jainko bihurtzen da Asarluhi jainkoaren alderdiak xurgatuz) edo bere alderdien garapenean: Shamash Eguzkia zen, baina baita dena ikusi eta argitzen zuen jainkoa ere, justiziaren eta sorginkerien patroia.

Euren inguruan, "zirkulu" bat zegoen, euren senideak (adiera murriztuan: paredro (bikotekidea) eta seme-alabak) eta euren laguntzaile eta zerbitzariek (adibidez, Ushmu Ea jiankoaren kontseilaria zen) osatua. Zirkulu horretako jainkozko txikiek gurtza jasotzen zuten jainko handiaren tenpluan bertan, gertuko tenpluetan, tokiko panteoi txikiak osatuz[29].

K.a. III. milurtekoa, Mesopotamiako jainkotasunei buruzko ezagutza zabala dugun lehen aldia, tokiko panteoien garaia da: hiri eta estatu bakoitzak bere tokiko jainkoen sistema du, bere ondokoengandik ezberdina. Baina horrek ez du eragozten denen gainetik eta amankomunean dauden jainkoen "triada" bat sortzea: An/Anu (zerua), Enlil (agian haizearen jainkoa edo, nolanahi ere, jainkoen erregea) eta Enki/Ea (Azpimunduko jainkoa). Euren ondoan, sarri, jainko astralak daude: Nanna/Sîn (ilargi jainkoa), Utu/Xamax, (eguzki jainkoa), eta Inanna/Ishtar (Artizarra eta maitasunaren eta gerraren jainkosa). Mesopotamia Garaian jainko horiek berak gurtzen ziren, baina beste batzuk zituen lehen postuetan: Dagan jainkoa, nekazaritzan jatorria duena, eta ekaitzaren jainkoa (Adad, Addu edo Hadad izena zuena). Babilonia eta Asiriaren nagusitasunaren garaian, Marduk eta Assur jainko "nazionalak" panteoiaren buru dira, aurretik zituzten jainko subiranoen alderdiak eurentzat eskuratu ondoren. K.a. I. milurtekoan, beraz, henoteismorako joera ikusten da (jainko batek lehentasunezko gurtza du), nahiz eta horrek ez duen inoiz eragozten jainko andana existitzea.[30][31]

Jainkoek atributuak edo enblemak zituzten, artean eta artisautzan jainko jakin bat sinbolizatzen zituztenak eta euren presentzia adieraz zezaketenak: animaliak (zezena ekaitzaren jainkoarentzat erabiltzen zen, lehoia Ishtarrentzat, eta abar)[32]. Mardukentzat aitzurra, jatorriz, nekazaritzarekin lotutako jainkoa izan baitzen, ilargiaren ilgora Sînentzat eta abar. Planetekin, izarrekin edo gaueko zeruko konstelazioekin erlazionatuta egon zitezkeen ere bai.

Mesopotamiako testu mitologikoetan munduaren sorkuntzari (Kosmogoniari) buruzko hainbat tradizio daude. Kontakizun bakar bat ere ez dago gertakari hori azaltzeko eta bakoitza kontakizun zabalago batean txertatua dago. Mundua sortzeari buruzko behin eta berriz aipatzen den gai batek dio hau Zerua (an) eta Lurra (ki) bereiziz egin zela, jatorrian elkartuta egon baitziren. Azpigai hori Gilgamex heroiaren sumertar kontakizun batean agertzen da, bai eta akadtarra den Atrahasisen mitoan ere. Sumertar olerki-abesti batean (hizketaldi baten formatua duena), "Zuhaitza ihiaren aurka", Zerua eta Lurra bananduta daude, eta Zeruak lurra ernaltzen du, landaretza agerraraziz. Medikuntza testu batek, "haginetako zizare" (haginetako mina egozten zitzaiona) baten aurka borrokatzeko argibideak ematen duenak, kontatzen du nola Anu jainkoak Zerua sortu zuen, Lurra sortu zuen, Ibaiak sortu zituen, etab. Munduaren sorrerari buruzko mitorik zehatzena Enuma Elish da. Olerki horretan Marduk jainkoak sortzen du mundua; jainkoen errege bihurtzen da Tiamat, jainkoen ama, garaitu ondoren, eta jainkosaren gorputzetik sortzen du Mundua.[33]

Kosmosaren mapa babiloniarren ikuskeran. Carlos Guitérrez Saenz irakaslearen Der Urritum : Sündenfall, Fluch und Verderben, 72. or. irudikapen bat baino gehiago egin dira jatorrizko estuetan oinarrituta, eta denak ez dira berdin-berdinak.

Testu ezberdinetatik egindako berregiteen arabera, mesopotamiarrek Unibertsoa esfera zabal bat bezala irudikatzen zuten, goialdea Zerua zuena, eta behealdea Infernua.[34] Lurrak bere diametroan ebakitzen zuen esfera hori, Lurpeko Uren (Apsû) gainean zegoen, eta haren muturretan beste bi itsaso zeuden. K.a. VII. mendeko taulatxo neo-babiloniar batek Munduaren mapa komentatu bat aurkezten du, aldi horretan espazioa nola irudika zitekeen erakusten duena: lurrazala bi zirkulu zentrokidek irudikatzen dute, kontinentea (Mesopotamiako lautadak (Babilonian zentratua) eta inguruko eskualdeek osatua) eta hura inguratzen duen itsasoa (Marratu); kanpoko itsasoaren muturretan dauden triangeluek urruneko eskualde misteriotsuak irudikatzen dituzte (Nagû).[35]

Gizakiaren sorrerari buruzko mitoak nahiko homogeneoak dira: jainkoek sortzen dute jendea, askotan buztinetik eta sakrifikatutako jainko baten odoletik. Buztina Mesopotamia Behereko funtsezko lehengaia da, eraikuntzak, buztingintza eta eguneroko beste objektu batzuk, baita taulatxoak ere, idazteko erabiltzen dena. Jainkoaren odolak, berriz, bizitza ematen dio buztinean moldaturiko izakiari. Hiru mitok garatzen dute gai hau: Enki eta Ninmah, Atrahasis-en mitoa (edo "oso jakintsu"-aren mitoa) eta Enūma eliš (Sorkuntzaren epopeia). Gizakiaren sorkuntzaren eginkizuna, hein handi batean, Enki/Ea jainkoari ematen zaio, eta bere seme Marduk jainkoarekin batera, Enūma eliš kontakizuenan. Mito horretan, Qingu jainkoaren (Marduk hil zuen Tiamat jainkosaren tropen jeneral burua) sakrifizioa egiten da,eta jainkoaren odolak lehen gizakiari ematen dio bizia.[36]

Aldi bakoitzean, sorkuntza horren helburua berbera da: jainkoei eguneroko biziraupenerako behar dituzten ondasunak jasotzeko aukera ematea. Gizakiak jainkoentzat lan egitera etortzen dira mundura, beren tenpluak sakrifizio iraunkorrez mantentzera. Hori da, beraz, gizakien bizitzeko arrazoia. Jainkoek, gizakien artean, gobernatuko dituzten subiranoak aukeratzen dituzte, eta jainkoen gurtzan amaitzen den gizartearen martxa ona gainbegiratzen dute: Sumertar Errege Zerrendaren arabera, erregetza "zerutik jaitsi" zen gizateriaren jatorrian. Jainkoen zerbitzua behar bezala egiten ez bada, orduan gizakiek erruak izan ditzakete eta jainkoen mendekua pairatu.

Lagax hiriko Ur-Nanshe erregearen botozko erliebea, Ningirsu/Girsuren tenplua berreraiki dela ospatzen. Dinastia arkaikoen garaia.

Jainkoek ziurtatzen dute gizakiak ezin direla hilezkorrak izan, heriotzak beren izaeraren gutxiagotasuna sinbolizatzen duelarik. Gizaki bakoitzaren patua finkatzen dute, baita Lurrean dagoen gauza bakoitzarena ere. Haien erabakiak igarkizunaren bidez ezagut daitezke, eta, jakina, erabaki horiek agindu balioa zuten.[37] Hortik abiatuz, Mundua osatzen duen edozein gauza Jainkoaren boterearen agerpena dela uler daiteke. Behar izanez gero, jainko baten faborea eskura edo berreskura zitekeen exorzismo erritualen edo otoitzen bidez. Jainkoaren borondateari jarraitzen ziotenek, beraz, bizimodu baketsua izan behar zuten. Baina hori ez zen beti horrela izaten, eta horrek zenbait idazleri zalantza sakonak sorrarazi zien, eta zalantza horiei buruz hausnartzeko, Mesopotamiako jakinduriazko literaturaren piezarik ederrenetakoak garatu ziren. hala ere, jainkozkoen erabakien ulergaitzak direla beste erantzunik ez zuten ematen adituek. Nolanahi ere, onartua zegoen lorpena jainkozko faborearen ondorio baino ezin zitekeela izan: "jainko bat izatea" esamoldea "zortea izatea"-ren baliokide mesopotamiarra zen.[38]

Ninmah/Ninursag jainkosaren tenpluaren oinplanoa, Babilonian (K. a. VII. eta VI. mendeak): sarrera iparraldean du, erdiko patio baten inguruan antolatua (Hof) dago, hegoaldera ezkaratz batera irekitzen duena (VC), eta, ondoren, cella (C), bere sarrerako atearen aurrean, gurtza estatuarentzako horma-hobi bat daukana. "Babiloniar motako" deritzon planoa duen tenplua.

Kultuaren espazioak eta denborak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazkera hasi aurretiko garaietatik, hiruko planoko tenplua kultu erlijioso publikoaren gunea izan da Mesopotamiako gizartean. Jainkoaren bizileku lurtar bezala hartzen zen tenplua, bere "etxea"; hori da, hain zuzen, sumerteraz zein akkaderaz tenplua izendatzen erabili zen hitzaren esanahia. Tenpluaren antolaketa, beraz, egoitza batena zen[39]: sarri, barneko patio nagusi baten inguruan antolatzen ziren, eta, gela nagusi bat zegoen, cella edo Sancta Sanctorum, atari baten atzean. Jainko nagusiaren estatua zegoen bertan, batzuetan, bere familia eta zerbitzarienak inguratzen zutena. Estatuak podium baten gainean egon zitezkeen edo nitxotan. Indusketetan beste kultu-instalazio batzuk ikusi ahal izan dira, baina haien funtzio zehatza ez da beti argia: aulkiak, eskaintzak eta sakrifizioak aurkezteko balio izan zezaketen plataformak, abluzio-putzuak, ezkaratzak, etab. Espazio sakratuak, hasieran, kultua antolatzen zuten langileentzat bakarrik ziren irisgarriak.

Oro har, hiri handiek tenplu nagusi bat zuten, beren tutoretzapeko jainkozkoari eta bere gorteari eskainia, erregeek arreta handiz atondutako eta zaharberritutako benetako jauregiak zirenak, eta oso altzari aberatsak zituztenak. Denboraren poderioz, eraikuntza haiek gero eta handiagoak ziren, eta konplexu monumentaletan txertatu ziren, hegoaldeko hirietan espazio sakratu bat mugatzen zuen esparru zabal bat. Konplexu erlijiosoek kultuarekin lotura zuzena zuten instalazioak hartzen zituzten (sukaldeak, garagardotegiak, biltegiak, apaizen liburutegiak eta administrarien artxiboak), baita kultu-funtzioa izan zezaketen beste eraikin batzuk ere, hala nola atariak (batzuetan justizia egiten zen bertan), zabalguneak eta terrazak, bigarren mailako kaperak eta zigurat ikusgarriak,. Ziguratak erlijio-gune handiak mailakatuak ziren, altuak eta ikusgarriak baina argi eta garbi bigarren mailakoak kultuetan[40]. Hiri handiek, beren tenplu nagusiaz gain, beste tenplu batzuk ere bazituzten, batzuetan oso garrantzitsuak.

Mesopotamiar tenpluek, sumereraz, izen zeremonial bat zuten, "etxea"/"tenplua" (é) hitzarekin hasten zena. Tenpluaren izen osoak, sarri, eraikinaren sakratutasunari edo bere handitasun eta handitasunari erreferentzia egiten dio: Ezida "Etxe Garbia" (é-zida) izena Nabu jainkoaren zenbait tenplutarako erabili zen; Ekur "Mendi Etxea" (é-kur) Nippurreko Enlileko tenplua izendatzeko. Beste batzuetan, tenpluko jainko nagusiaren funtzioarekin lotua dago: Ekishnugal "Argi handiaren etxea" (é-kiš-nu-gal) Sîn jainkoarentzat Ur hirian; E-Abzu "Amildegiaren etxea" (é-abzu) Eridu hirian Enki jainkoarrentzat eraiki zen tenplua izendatzeko. Zigguratek ere izen zeremoniala zuten, batzuetan beren funtzio kosmologikoari lotua: Eduranki "Zeruaren eta lurraren arteko lokarri etxea" (é-dur-an-ki), Nippurren; Ekunankuga "Zeru Garbiaren atalase etxea" (é-kun4-an-kù-ga), Sippar hirian. Gauza bera gertatzen zen ate, patio edo sukaldeekin. Izenek, askotan, beren izaera nabarmena agerian jartzen zuten terminoekin osatzen ziren, hala nola, "agurgarri"/"goren" edo "sakratu"/"txukun"/"garbi"[41]. Izen horiek, antzinako mesopotamiarren izpiritualtasunean garrantzi sinboliko eta erreala zutenak, leku haiek, bertan bizi ziren jainkoen sakratutasunaren zati bat bereganatu zutela adierazten dute. Errege inskripzioek, oso motxak ez badira, tenpluei eman nahi zitzaien handitasuna ospatzen zuten, eta tenplu batzuei buruzko ereserkiak ere egin zituzten olerkariek.[42]

Tenpluen eraikuntza eta berreraikuntza, beraz, erabakigarria zen; subiranoen betebehar nagusietako bat zen tenplu horiek mantentzea eta goraipatzeko modu bat. Espazio sakratuak zaindu eta errespetatu behar zirenez eta ez zitenez bertako lurra hankaz gora jarri, leku berean eraikitzen ziren askotan tenplu berriak, aurrekoaren materialak gehiegi kendu gabe, eta horrela, batzuetan, gurtza leku baten iraupena bermatzen zen (batez ere Eridun). Antzinako planoak maiz jaso ziren, eta eraikinaren lanak egin zituzten erregeen idazkunak errespetatzen ziren. Gainera, tenplua eraikitzen zenean edo berreraikitzen, garbiketa-erritoak eta, ondoren, jaiak ere ospatzen zituzten.[43]

Bestelako leku sakratu eta tenplu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultua tenpluak edo haien inguruak ez ziren leku pribilegiatuetan egin zitekeen. Hiri-espazioan, batzuetan, kapera moduko eraikin txikiak identifikatu dira, miniaturazko tenpluak, alegia. Testu batzuek, bestalde, hirietako karriketan zeuden kultu instalakuntza mota askotarikoak aipatzen dituzte (podiumak, horma-hobiak, etab.)[44]

Etxebizitzetan, baliteke partikularrek zenbait gelatan etxeko gurtzarako instalazioak izatea, nahiz eta zaila izan gurtzarako balio izango zuten etxeetako aretoak identifikatzea. Hori da Leonard Woolleyk Ur hiriko indusketak zuzendu zituenean, etxe askotan ikusi nahi izan zuena. Etxeko kultu horiei buruz asko ez dakigu. Familiako jainkoei egiten zuten izan zitezkeen, batez ere etxeko buruaren jainkozko pertsonalari egina, baina, batez ere, familiaren arbasoen gurtza izango zen, familiako hildakoak sarritan lurperatzen baitzituzten etxebizitzan bertan.[45]

Beste kultu batzuk aire zabalean, hiri eremuetatik kanpo, egingo zirela uste da. Elementu naturalak jainkotuak dira, batez ere ibaiak eta muinoak edo mendiak, eta antzinako Mesopotamiako "paisaia sakratuaren" zati dira, gizakiak eraikitako santutegiak paisaia horren zati diren neurri berean[46]. Uraren hurbiltasuna bilatzen zen erritualen eraginkortasuna hobetzeko. Ibai-ibilguak ibai-ordalia egiteko erabiltzen ziren. Erritu horren bidez, delitu larriren baten susmagarri zen pertsona uretara botatzen zen ibaiko jainkoak epai zezan. Botatzen zen gizona bizirik ateratzen zen jainkoak bere errua garbitzea erabaki zuela esan nahi zuen, eta bertan hilez gero, jainkoak berak hiltzen zuela esan nahi zuen eta hura zen bere erruduntasunaren froga[47].

Kultu egutegiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Mesopotamiako egutegiak ilargiaren eta eguzkiaren aldaketetan oinarrituak zeuden: eguzki urte bat (mu/šattu), hamabi ilbete (iti/warhu) zituen, eta hilbete bakoitzak 29 eta 30 (eguzki) egun bitartekoa (ud/ūmu); tartekako hilabeteak gehitzen zituzten, urtaroen haria ez galtzeko. Aro arkaikoan, hiri-estatu bakoitzak bere egutegia zuen, ihes egiten digun historia luze batetik sortua.[48] K.a. II. milurtekoan, Babilonia osoak, Nippur hiriko egutegia onartu zuen, ondoren, Asirian berreskuratua izan zena. Urteko zatiketa nagusiek urtaroen erritmoari jarraitzen zioten eta hortik abiatzen zen nekazaritzaren erritmoari. Urtea udaberriko ekinozioan hasten zen (Assurren izan ezik, II. milurtekoaren hasieran, non urtea udazkeneko ekinozioan hasten zen). Hilen izenaren etimologiak, batzuetan, ziklo horretara eramaten gaitu, baina, maizago, jai erlijiosoetara eta mitologiara (den aden, hori guztia batera zihoan). Dumuzi jainkoaren izena daraman hilabeteak (uztaila-abuztua), Dumuzik infernuetatik irteteko eskubidea izan zuen unea gogorarazten du, urte erdia bertan eman baitzuen. Egutegian zeremonia liturgiko ugari ageri ziren, erlijio-festak tarteka behin da berriz ospatzen zirenak. Batzuk hilean behin baino gehiagotan ospatzen ziren, eta beste batzuk, berriz, urtean behin, Urteberri eguna kasu. Hiri bakoitzak, baita tenplu bakoitzak ere, bere jai egutegia zuen, bertako jainko handien arabera josia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Foster, 2007, or. 164-165
  2. ↑ Brisch, 2020
  3. 1 2 Brisch, 2020, 322. or.
  4. ↑ R. Azria (2010) « Avant-propos », in, R. Azria et D. Hervieu-Léger (zuz.), Dictionnaire des faits religieux, Paris, VII. or.
  5. ↑ «Religion als beziehungssystem zwischen dem Menschen und etwas, was ihn übersteigt» : Zgoll 2007, 323 or.
  6. ↑ Bottéro 1998, 21-30 or.
  7. ↑ Bottéro, 1998, or. 59-71
  8. ↑ M. G. Masetti-Rouault (20099 “Du bon usage de la mythologie mésopotamienne”, in, X. Faivre, B. Lion eta C. Michel (zuz.), Et il y eut un esprit dans l'Homme, Jean Bottéro et la Mésopotamie, Paris, 19-29 or.
  9. ↑ Erlijioaren artearen formei buruz, ikus:(Ingelesez) Bladadt Jeremy eta Green Anthony (1998) Gods, Demons and Symbols of Ancient Mesopotamia, An Illustrated Dictionary, Londres.
  10. ↑ Margueron, 1991 110-1119 bilduma.
  11. ↑ Mota horretako lanak ikusteko, ikus, batez ere Charpin, Dominique (1986) Le clergé d'Ur au siècle d'Hammurabi, (XIXe-XVIIIe siècle av. J.-C.) Geneva, Hautes Etudes Orientales, eta, Zettler, Richard L. (1992), The Ur III Temple of Inanna at Nippur, The Operation and Organization of Urban Religious Institutions in Mesopotamia in the Late Third Millennium B.C., Berlin: Dietrich Reimer (Berliner Beiträge zum Vorderen Orient, Band 11).
  12. ↑ D. Charpin, « 1872 : la Bible avait donc copié ! », dans Dossiers d'archéologie no 204, 1995, 2-5 or.
  13. ↑ M. T. Larsen, « The "Babel/Bibel" Controversy and Its Aftermath », dans Sasson (zuz.) 1995, 95-106 or.
  14. ↑ (Ingelesez)Foster 2007, 207-209. or. M. W. Chavalas, « Assyriological and Biblical Studies: A Century and A Half of Tensions », in, M. W. Chavalas eta K. Lawson Younger Jr (zuz.), Mesopotamia and The Bible: Comparative Explorations, Londres eta New York, 2002, 21-67 or.
  15. 1 2 Brisch, 2020, 321. or.
  16. ↑ ikus batez ere. Jacobsen T., 1976 (The Treasures of Darkness: A History of Mesopotamian Religion) eta 1987 (The harps that once…, New Haven).
  17. ↑ Sintetizatua hauetan: Bottéro 1998, 59-71 or. eta Bottéro 1997.
  18. ↑ Foster, 2007, 161 et 164. or.
  19. ↑ Brisch, 2020, 321-322. or.
  20. ↑ Kramer, 1986
  21. ↑ Foster, 2007, 165-170. or.
  22. ↑ Pongrats-Leisten, 2013, 33-36. or
  23. ↑ Foster, 2007, 170-171. or.
  24. ↑ Foster 2007, 171. or.
  25. ↑ Foster 2007, 168 eta 175.
  26. ↑ Bottéro 1998, 127-161 or.
  27. ↑ B. Lafont (2001) « ME », dans Joannès (zuz.) 514-515 or.
  28. ↑ Bottéro 1998, 101-126 or.; F. Joannès, « Panthéon », in, Joannès (zun.) 2001, 630-632 or.
  29. ↑ Black et Green 1998, 123 or.
  30. ↑ Black eta Green (1998)
  31. ↑ Brisch, Nicole. (2019). «Marduk» Ancient Mesopotamian Gods and Goddesses (Oracc and the UK Higher Education Academy).
  32. ↑ Black et Green 1998, 39-40 or
  33. ↑ Mesopotamiako kontakizun kosmogoniko desbidenen azalpena irakurtzeko. Bottéro 1998, 169-185 or.
  34. ↑ Bottéro 1998, 162-169 or.
  35. ↑ Horowitz, W. (1988) « The Babylonian Map of the World », in: Iraq 50, 147-165 or.
  36. ↑ Bottéro 1998, 198-208 or.
  37. ↑ Bottéro 1998, 195-225 or.
  38. ↑ W. G. Lambert (1960) Babylonian Wisdom Literature, Oxford University Press.
  39. ↑ Margueron 1991 eta E. Heinrich, Die Tempel und Heiligtümer im alten Mesopotamien, Typologie, Morphologie und Geschichte, Berlin, 1982, liburuan, Mesopotamian argitaratutako tenplu nagusiei buruzko informazio arkeologikoa biltzen da; sintesi laburrago baterako M. Roaf, « Palaces and Temples in Ancient Mesopotamia », dans Sasson, Jack M. eta Baines, John (zuz.) (1995) in: Civilizations of the ancient Near East ; 1, 423-411. or.
  40. ↑ M. Guichard, « Ziggurat », in: J. Servier (dir.), Dictionnaire critique de l'ésotérisme, Paris, 1998, 1393-1395 or.; C. Castel, « Ziggurat », in: Joannès (zuz.) 2001, 918-919 or.
  41. ↑ George, A. R. (1993) House Most High: The Temples of Ancient Mesopotamia, Winona Lake, 59-172 or.
  42. ↑ Bottéro 1998, 230-239 or.
  43. ↑ Black et Green 1998, 46-47 or. ; M. Sauvage, « Récit de construction », in, Joannès (zuz.) 2001, 712-713 or. ; Id., « Reconstruction des temples », in Joannès (zuz.) 2001, 714-715. or.
  44. ↑ U. Steinert (2014) « City Streets: Reflections on Urban Society in the Cuneiform Sources of the Second and First Millennium BCE », in:N. N. May et U. Steinert (zuz.), The Fabric of cities : aspects of urbanism, urban topography and society in Mesopotamia, Greece and Rome, Leyde eta Boston, 132-137 or.
  45. ↑ K. Van der Toorn (2008) « Family Religion in Second Millennium West Asia (Mesopotamia, Emar, Nuzi) », in, J. Bodel eta S. M. Olyan (zuz.), Household and Family Religion in Antiquity, Malden eta Oxford, 20-36 or.; P. Villard (2009) « Les cultes domestiques », in “Maisons urbaines au Proche-Orient ancien”, Dossier d'archéologie, 332, 70-72 or.
  46. ↑ C. Cursio (2023) « Ancient Mesopotamia: A Sacred Landscape? », in, N. Marchetti et al. (dir.), Proceedings of the 12th International Congress on the Archaeology of the Ancient Near East, Bologna, 6-9 April 2021, Vol. 1, Wiesbaden, 641-650 or.
  47. ↑ Black et Green 1998, 155-156 or. ; S. Lafont, « Ordalie », in, Joannès (zuz.) 2001, 607. or.
  48. ↑ C. Michel, « Calendrier », dans Joannès (zuz.) 2001, 151-154 or. (Ingelesez) M. E. Cohen, The Cultic Calendars of the Ancient Near East, Bethesda, 1993 ; (Alemanez) W. Sallaberger, Der kultische Kalender der Ur III-Zeit, Berlin-New York, 1993

Testu iturriei buruz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Ingelesez) Pritchard, James B. (zuz.) (1969), Ancient Near Eastern Texts Relating to Old Testament, Princeton, Princeton University Press.
  • (Frantsesez) Seux, Marie-Joseph (1976) Hymnes et prières aux dieux de Babylonie et d'Assyrie, Paris, Le Cerf, bild. "Littératures anciennes du Proche-Orient"
  • (Frantsesez) Labat, René (1970) "Les grands textes de la pensée babylonienne", in, Labat, René; Caquot, André; Sznycer, Maurice eta Vieyra, Maurice, Les religions du Proche-Orient asiatique, Textes babyloniens, ougaritiques, hittites, Paris, Fayard,  1-349
  • (Frantsesez) Kramer, Samuel N. (1986) L'histoire commence à Sumer, Paris, Arthaud.
  • Bottéro, Jean eta Kramer, Samuel N. (1989) Lorsque les dieux faisaient l'Homme, Paris, Gallimard, bild. « NRF »,
  • (Ingelesez) Hallo, William W. (zuz.) (2003), The Context of Scripture, Leyde eta Boston, Brill.
  • (Ingelesez) Black, Jeremy;Cunningham, Graham; Robson, Eleanor eta Zólyomi, Gábor (2004) Literature of Ancient Sumer, Oxford, Oxford University Press,
  • (Ingelesez) Foster, Benjamin R. (2005) Before the Muses: an Anthology of Akkadian Literature, Bethesda, CDL Press,

Mesopotamiako zibilizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Ingelesez) Postgate, John Nicholas (1992) Early Mesopotamia : Society and Economy at the Dawn of History, Londres eta New York, Routledge
  • (Ingelesez) Sasson, Jack M. (zuz.) (1995), Civilizations of the Ancient Near East, New York, Scribner.
  • (Frantsesez) Joannès, Francis (zuz.) (2001), Dictionnaire de la civilisation mésopotamienne, Paris, Robert Laffont, bild. « Bouquins »,
  • (Frantsesez) Bordreuil, Pierre; Briquel-Chatonnet, Françoise eta Michel, Cécile (zuz.) (2008), Les débuts de l'histoire : Le Proche-Orient, de l’invention de l’écriture à la naissance du monothéisme, Paris, Éditions de la Martinière.
  • (Ingelesez) Karen Radner et Eleanor Robson (zuz.) (2011), The Oxford Handbook of Cuneiform Culture, Oxford, Oxford University Press,
  • Liverani, Mario (1991) Antico Oriente: Storia, società, economía (El Antiguo Oriente: Historia, sociedad y economía, Crítica, Bartzelona, 1995).
  • (Frantsesez) Lafont, Bertran; Tenu, Aline; Clancier, Philippe eta Joannès, Francis (2017) Mésopotamie : De Gilgamesh à Artaban (3300-120 av. J.-C.), Paris, Belin, «Mondes anciens» bild.

Mesopotamiako erlijioari buruzko sarrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Ingelesez) Jacobsen, Thorkild (1987) “Mesopotamian Religion: An Overview”, in, Mircea Eliade (zuz.), The Encyclopedia of Religion, 9. lib., New York, Macmillan.
  • (Frantsesez) Arnaud, Daniel (1997) “Les religions de la Mésopotamie”, in, Frédéric Lenoir eta Ysé Tardan-Masquelier (zuz.), Encyclopédie des Religions, 1. Histoire, Paris, Bayard, 55-71. or.
  • (Ingelesez) Foster, Benjamin R. (2007) “Mesopotamia”, in, John R. Hinnells (zuz.), A Handbook of Ancient Religions, Cambridge, Cambridge University Press, 161-213. or.
  • (Alemanez) Zgoll, Annette (2007) “Religion. A. In Mesopotamien”, in, Reallexicon der Assyriologie und Vorderasiatischen Archäologie, vol. XI (5/6), Berlin, De Gruyter,  323-333. or.
  • (Ingelesez) Seymour, Michael J. (2011) “Mesopotamia”, in, Timothy Insoll (zuz), The Oxford Handbook of the Archaeology of Ritual and Religion, Oxford, Oxford University Press, 775–794. or.
  • (Ingelesez) Pongratz-Leisten, Beate (2013) “Mesopotamia ”, in, Barbette Stanley Spaeth (zuz.), The Cambridge companion to ancient Mediterranean religions, Cambridge, Cambridge University Press,  33-54
  • (Ingelesez) Brisch, Nicole (2020) “Ancient Mesopotamian Religion”, in, Daniel C. Snell (zuz.), A Companion to the Ancient Near East, Hoboken, Wiley Blackwell, 2. arg.,  321-337. or.

Mesopotamiako erlijioari buruzko oroharreko lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Frantsesez) Dhorme, Edouard (1945) Les religions de Babylonie et d'Assyrie, Paris, Presses Universitaires de France
  • (Ingelesez) Jacobsen, Thorkild (1976) The Treasures of Darkness : A History of Mesopotamian Religion, New Haven, Yale University Press.
  • (Frantsesez) Bottéro, Jean (1997) Mésopotamie, L'écriture, la raison et les dieux, Paris, Gallimard, Folio Histoire bilduma, (1go arg. 1987)
  • (Frantsesez) Bottéro, Jean (1998) La plus vieille religion : en Mésopotamie, Paris, Gallimard, Folio Histoire bilduma.
  • (Ingelesez) Black, Jeremy eta Green, Anthony (1998) Gods, Demons and Symbols of Ancient Mesopotamia, Londres, British Museum Press.
  • (Frantsesez) Margueron, Jean-Claude (1991) “Sanctuaires sémitiques”, in, Jacques Briend eta Édouard Cothenet (zuz.), Supplément au Dictionnaire de la Bible,fasc. 64 B-65, Letouzey et Ané, bild. 1104-1258
  • (Alemanez) Krebernik, Manfred (2012) Götter und Mythen des Alten Orients, Münich, C. H. Beck
  • (Ingelesez) Hrůša, Ivan (2015) Ancient Mesopotamian Religion : A Descriptive Introduction, Münster, Ugarit-Verlag.
  • (Frantsesez) Charpin, Dominique (2017 ) La vie méconnue des temples mésopotamiens, Paris, Collège de France - Les Belles Lettres, (ISBN 9782251446714)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]