Erosketa agindu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
erosketa-agindu formatuaren adibidea

Erosketa-agindua erosketa-transakzio bat baimentzen duen merkataritza-dokumentua da. Erosle batek saltzaile bati zenbait salgai eskatzeko igortzen dion dokumentua da.

Enpresa-jarduera garatzeko beharrezkoak diren salgaiak edo materialak eskuratzeak berekin dakar erosketa-zikloa osatzen duten ondoz ondoko etapak martxan jartzea. Etapa horiek hasten dira enpresa hornitu beharra sortzen denean, eta amaitzen da produktua eta erosketa-faktura erosleari iristen zaionean.

Erosketa-agindua erosketa-zikloaren lehenengo urratsa da. [1]

Orokortasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salerosketa-prozesuak hainbat merkataritza-dokumentu erabiltzea eskatzen du, hala nola erosketa-agindua, albarana, faktura eta ordainagiria.

Erosketa-aginduen helburua da zuzeneko kontsumorako edo izakinetarako materialak edo zerbitzuak eskuratzea. Kanpoko baliabideak erabiliz bezeroaren eskakizunak betetzeko balio du.

Erosleak eta saltzaileak sinatzen dute eta bi aldeak derrigortzen dituen kontratu-balioa du.

Saltzaileak (hornitzaileak) eskaera onartu behar du. Hainbat kasutan, bi aldeek sinatzen dute dokumentua.

Publizitatearen sektorean, publizitate-kanpaina egin ahal izateko erabiltzen da. Publizitate-kanpainaren izena, egin nahi diren iragarkiak, kanpainaren hasiera-data eta amaiera-data adierazten dira, xehetasunak, prezioa eta ordainketa-baldintzak, besteak beste adierazten dira dokumentuan.

Erosketa-aginduak, gutxienez, kopia bat du: jatorrizkoa, saltzailearen esku gelditzen dena, eta dokumentuaren kopia, erosleak izango duena. Biek dute zehaztutako eragiketaren berri: erosleak, zer salgai eskatu dituen frogatzeko; eta saltzaileak, aldiz, eskaera prestatzeko eta fakturazio-prozesua hasteko.

Ez du faktura baliorik.

Osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zein produktu edo zerbitzu mota, kantitate, adostutako prezioa, eta entregatzeko eta ordaintzeko baldintzak, edo ta bi aldeetako batek zehazten dituen beste hainbat baldintza zehazten dira. Enpresa saltzailea eta enpresa eroslea identifiikatzen ditu.Besteak beste, erosketa-aginduek honako hauek zehazten dituzte:

  • Eroslearen eta saltzailearen identifikazio datuak.
  • Erositako produktu edo zerbitzua.
  • Marka eta modelo-zenbakiaren izen espezifikoa.
  • Erositako kopurua.
  • Prezioa unitateko. Hornitzaileak aldez aurretik egin ohi du prezio-jakinaraztea.
  • Erosketa- eta bidalketa-datak.
  • Bidalketa-kokalekua. Erosleak salgaiak jaso nahi dituen kokapena adierazten du.
  • Erosketa-agindu zenbakia. Eskaria identifikatzen duen ondoz ondoko zenbakia da.

Prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengo hau da erosketa-prozesua:

  • Erosketa erabakia: erosleak erosketa erabakia hartzen du hornitzeko beharra sortzen denean.
  • Erosketa-aginduaren jaulkipena. Dokumentua sortu.
  • Eskaeraren jakinaraztea: eskaera hornitzaileari bidaltzen zaio.
  • Hornitzaileak eskaera bete daitekeela baieztatzen dio bezeroari. Ezingo balu eskaera bete, erosketa-agindua bertan behera gelditzen da. Baliogabetua gelditzen da.
  • Hornitzaileak salgaiak helarazten ditu. Albarana sortzen da, salgaiak erosleak jaso dituela justifikatzen duen dokumentua, alegia.
  • Fakturazioa: saltzaileak erosketaren faktura eta albarana igortzen dizkio erosleari.
  • Ordainketa: erosleak fakturan adierazitako baldintzen arabera ordainketa egiten du.

Abantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengo hauek dira erosketa-agindua egiteak dituen abantailak:

  • Eroslearen asmoa esplizituki adierazten du.
  • Eskaeraren berrespena suposatzen du.
  • Eskaeraren kudeaketa errazten du.
  • Saltzailea babesten du eroslearen ordainketa uko egite egoeraren aurrean, bi aldeen arteko kontratu-balioa duelako.
  • Hornitzaileek produktu eta zerbitzuen erosketa kontrolatzeko erabiltzen dute eta enpresa-baliabideen plangintzan laguntzen du.
  • Erosketa-prozesua prozedura estandarizatua bihurtzen du.
  • Finantzazioa lortzeko dokumentu bideratzailea da.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi erosketa-agindu mota daude:

  1. Irekia
  2. Hitzartutakoa

Erosketa-agindu irekia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salgaien salerosketan lege-baldintzak ezarri ez direnean ematen da. Salmentaren baldintzak eta prezioa hornitzaileak ezartzen ditu, enpresak duen eskaintza-eskari eta prezio-politikaren arabera.

Jaulkitako erosketa-aginduak balioa du erosleak (jaulkitzaileak) berak baliogabetu arte. Erosleak erosketa-agindua bertan behera utz dezake hainbat arrazoirengatik; salgaiaren prezioa aldatu egin delako merkataritza-harremana hasi zenetik erosketa-agindua egin arte, besteak beste.

Hitzartutako erosketa-agindua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prezioak hitzarmen baten bidez adostuta daude. Pezio-arautuak dituen enpresetan edo lizitatutako salgaien kasuan gertatzen da.

Emititzeko moduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erosketa-agindua, aldez aurretik adostuta dauden hainbat bidetatik egin daiteke: gutuna, faxez, posta elektronikoz, ahoz, telefonoz, etab. Azken bi kasu hauetan, ahozko eskaeraren ondoren, idatzizko baieztapena bidali behar da.

Erosketa-aginduak, gutxienez, kopia bat du: jatorrizkoa saltzaileari ematen zaio, eta erosleari kopia. Modu honeta, biek dute zehaztu den eragiketaren berri.

Jatorrizkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saltzaileak gordetzen duen dokumentua da. Eskaera prestatzeko eta fakturazio-prozesua hasteko balio du.

Bikoiztua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erosleak gordeko duen dokumentua da. Zein salgai eskatu dituen frogatzeko balio du.

Formatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago eredu ofizialik dokumentu horietarako, diseinu librea baizik. Enpresak merkatuan dauden eredu estandarrak erabil ditzake, edo bereak sortu, bere irizpide eta beharren arabera. Lagungarri ditu logistika-kudeaketa sistemak edo informatika aplikazioak.

Logistika-sistemak erabiliz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ERP sistema erabil daiteke. ERP sistemak SKU kodea[2] eskatzen du.

Informatika-aplikazioak erabiliz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresak sortutako txantiloia bidez. Prozesua mekanizatu egiten da eta errezagoa da.

Garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erosleari eskatzen dituen salgaien ziurtagiri gisa balio dio, baina ia ez da horrela erabiltzen. Gehiago erabiltzen da gastu mota eta zenbat gastatu zuen jakiteko.

Eskaera onartuta dagoenean, saltzaileak eskaera prestatzeko eta fakturazioa bideratzeko balio du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Escrivá Monzó, Joan. (2014). Gestión de compras. McGraw Hill Education, 5 or. ISBN 978-84-481-9360-7 PMC 892546564 . Noiz kontsultatua: 2020-04-21.
  2. Avittathur, Balram; Introduction, Janat Shah. (2016). «The Retailer’s Stock-Keeping Unit Allocation Problem» Developments in Logistics and Supply Chain Management (Palgrave Macmillan UK): 170–180 ISBN 978-1-349-55848-3 . Noiz kontsultatua: 2020-04-23.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]