Erradioisotopo sintetiko
Erradioisotopo sintetikoa naturan aurkitu ezin den erradionuklidoa da: ez dago hura ekoizten duen prozesu edo mekanismo naturalik, edo hain ezegonkorra da, denbora laburrean desintegratzen dela. Horren adibide dira teknezio-95 eta prometio-146 isotopoak. Gehienetan isotopo hauek erreakzio nuklearren bitartez ekoizten dira. Batzuk partikula-azeleragailuetan sortu behar dira.
Ezkoizpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreaktore nuklearretan erradioisotopo asko sortzen dira. Esaterako, 1994an kalkulatu zen munduko erreaktore nuklearretan 78 tona teknezio ekoiztu zirela ordurako, hau da, munduko teknezio-iturririk nagusiena horixe zela. Hala ere, ekoiztutako isotopoen zati txikiko bat besterik ez da erabiltzen merkataritza-erabilerarako.
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erradioisotopo sintetikoak oso erradioaktiboak dira eta erdibizitza laburra daukate. Osasunerako oso arriskutsuak diren arren, zenbait kasutan industrian eta medikuntzan erabiltzen dira.
Diagnostikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputzeko hainbat organo eta sistemen funtzionamendua behatzeko konposatu trazadore erradioaktiboak erabiltzen dira. Trazadore hauek bizitza laburreko erradioisotopo bat daramate, normalean gamma izpiak igortzen dituen bat. Gamma izpiak gorputza zeharkatu eta gamma kamera baten bidez harrapatzeko bezain indartsuak izan behar dute. Gamma kamerak eta antzeko detektoreak oso eraginkorrak dira eta konposatu trazadoreak oso ondo kontzentratzen dira ikertu nahi den gorputzeko atalean; beraz, material erradioaktiboaren kantitate oso txikiak aski dira lana egiteko.
Tc-99m isomero nuklear metaegonkorra oso hedatua dago medikuntzan diagnostikoak egiteko, 6 orduko erdibizitza baitauka eta oso erraz fabrika baitaiteke ospitalean.
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erradiosendagaia tratamendu medikurako erradioisotoporen bat erabiltzen duen edozein konposatu da. Esaterako, yodo-131 guruin tiroideoaren zenbait akats eta tumore tratatzeko erabiltzen da.