Errazkin
| Errazkin | |
|---|---|
Errazkin, Arritxo gainetik ikusita. | |
| | |
![]() | |
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Udalerria | Larraun |
| Administrazioa | |
| Posta kodea | 31891 |
| Herritarra | errazkindar |
| Geografia | |
| Koordenatuak | 43°00′25″N 1°57′38″W / 43.006944444444°N 1.9605555555556°W |
| Garaiera | 415 metro |
| Demografia | |
| Biztanleria | 63 (2020) |
Errazkin Larraungo udalerriko (Nafarroa Garaia) herri eta kontzeju bat da. 2024an, 60 biztanle zituen. Itsas mailatik gora 410 metroko altitudean kokatuta dago.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugakide ditu mendebaldean Betelu, ekialdean Albiasu, iparraldean Azpirotz, hego-mendebaldean Aralarko Malloak, eta hego-ekialdean Baraibar.
Administratiboki Larraungo udalerriko kontzeju bat izan arren, Araitz-Beteluko bailararekin elkartuta dago naturalki, Errazkingo errekaren eta Araxes errekaren bidez. Iruñea eta Donostia lotzen dituen errepide zaharraren ondoan kokatzen da, 3 km-ko errepide txiki batetik joanda. Tolosa 20 minututara eta Lekunberrin hartzen den A-15 autobia 8 minututara ditu, Donostia eta Iruñea biak 45 km-tara izanik.

Inguru menditsuan dago kokatua, Leitzaldeko mendien hegoaldean eta Aralarko Malloen (parke naturala) magalean, itsas-mailatik 415 metrotara, belardi zein baso ugariz inguratua eta klima atlantiko hezearekin. Urtean 1600 mm/m2 euri egiten ditu bataz beste, uda epel eta negu hotzekin.
Abiapuntu egokia da Ttutturre mendira (1.282 m) igotzeko. Belutako Langarako bide ezagunaren hasiera ere bada, herrigunetik gora dagoen Kastabal belardietatik hasita. Albiasura doan GR bidea Errazkingo Aiutu baserritik pasatzen da, eta GR berak San Donato baselizarekin eta Betelurekin lotzen du, mendiko pista eta bideen bidez.
Hegoaldean Aralarko mendilerroa herriaren mugakide naturala du, Aralarko Mallo ikusgarriak bertatik bertara daudela: Ttutturre (1282 m), Hirumugarrieta (1431 m), Aldaon (1411 m), Uakorri (1306 m) eta Balerdi (1197 m) dira tontor garrantzitsuenak.
Ipar-ekialdean, berriz, Elosta (937 m) mendia dago.
Herrigunean 28 etxe, kontzeju etxea, eliza, parkea, frontoia, hilerria eta Txirrika elkartea daude, eta 7 baserri daude bi auzotan banatuta: Erason lau baserri daude eta beste hiru albiasu aldera, Aiutua, Mortxa eta Artetxea, denak herrigunetik 1-2 kilometro ingurura, Betelu aldera jaisten, itsas-mailatik 300 metrotara. Horietaz gain, 3 granja eta hainbat borda daude sakabanatuta.
Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Errazkingo biztanleriaren bilakaera 2000-2024 | |||
| Urtea | Guztira | Gizonak | Emakumeak |
| 2024 | 60 | 39 | 21 |
| 2023 | 62 | 40 | 22 |
| 2022 | 62 | 40 | 22 |
| 2021 | 60 | 41 | 19 |
| 2020 | 63 | 44 | 19 |
| 2019 | 67 | 45 | 22 |
| 2018 | 69 | 45 | 24 |
| 2017 | 71 | 45 | 26 |
| 2016 | 73 | 47 | 26 |
| 2015 | 72 | 47 | 25 |
| 2014 | 77 | 49 | 28 |
| 2013 | 77 | 50 | 27 |
| 2012 | 83 | 53 | 30 |
| 2011 | 79 | 51 | 28 |
| 2010 | 79 | 52 | 27 |
| 2009 | 77 | 52 | 25 |
| 2008 | 73 | 49 | 24 |
| 2007 | 76 | 50 | 26 |
| 2006 | 77 | 50 | 27 |
| 2005 | 77 | 50 | 27 |
| 2004 | 80 | 51 | 29 |
| 2003 | 50 | 32 | 18 |
| 2002 | 71 | 43 | 28 |
| 2001 | 74 | 46 | 28 |
| 2000 | 77 | 47 | 30 |
Nafarroa Garaiko beste hainbat herritan bezala, despopulazio arazoa nabarmena da Errazkinen eta inguruko herrietan (Larraun, Araitz...). Azken 25 urtean biztanleen % 25 galdu ditu.
Errepidez, handiagoa den Betelu herria du 4 kilometrora; hori dela eta, herriko biztanle gehienek Betelun dute eguneroko bizitza, han baitaude zerbitzuak, hala nola ikastetxea, janari-dendak, farmazia, okindegia, bankuak, tabernak eta aisialdia. Herritar askok Betelun egiten dute lan, eta beste askok Gipuzkoan edo Iruñean. Garraio publikoa urria denez, autoarekiko menpekotasuna erabatekoa da egunerokoan.
Malloetako kableak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mende hasieran, Araizko bailarako larre gehienak nekazaritzarako erabiltzen ziren, artoa, lekaleak etab. ekoizteko. Animaliak maiatzetik urrira Aralarren libre bizi ziren (gaur egun ere jarraitzen du honek), goiko larre berde handietan, janari ugariarekin. Neguan ordea, beheko bailaran nahiko larre ez zegoenez, edo ez zenez belar nahikoa jaiotzen hotzagatik, ganaduarentzat jana izateko Malloetako belarra mozten zuten, haranera jaitsiz.
Aralarko Malloak oso malkartsuak dira, animaliak hor bizitzeko arriskutsua, aldapa eta malkarretatik erori baitaitezke. Baina belar ugari dago magaletan, eta 1920. urte alderarte segaz moztu eta astoekin edo bizkarrean jaisten zituzten belar-fardo pisutsuak (30-50 kg).

1920. hamarkadan Malloetako belarra haranera jaisteko modu bat aurkitu zuten, eta mendiko magaletatik haraneko baserrietara kable sistema bat eraikitzen hasi ziren. "Burusiak" edo belar-fardoak txirriketan (poleak) zintzilik jaurtitzen zituzten kableetan behera, ondoren baserriko ganbaran gordetzeko, neguan animaliei jaten eman ahal izateko. Malloetan belarra mozteko, askotan soka bat lotu behar izaten zuten gerrira, malkarretan behera ez erortzeko, izugarrizko aldapak baitaude.

Uda osoa pasatzen zuten familia osoak belarra mozten, kableetan behera bota eta ganabara betetzen. Fardoek abiadura ikaragarria hartzen zuten, eta haraneko zaharrek kontatzen dutenez, batzuetan txirrika marruskaduragatik berotu, txispak bota eta belar-bolak sua hartzen zuen. Horrela, suzko bola bat zerutik hegan ikus zitekeela diote bertakoek.
Kable luzeenak 1900 metro zituen eta Txarragain eta Errazkingo Maatselenea baserria lotzen zituen. Desnibel handiena 550-575 metrokoa zen, Asteasu eta Bengoetxea baserria lotuz. Guztira, 30 kabletik gora erabili ziren, 1970eko hamarkadan erabiltzez utzi ziren arte.
Gaur egun, kable ugari ikus daitezke Malloetan lurrean (Astunalden, Belutako bidean, Intza-Ttutturreko bidean...). Kablearen hasierako harrizko torreak ere ikus daitezke, hala nola Txarragaingoa edo Asteasukoa, bertatik kable herdoildua beheraka erortzen ikusten delarik.
Gaintzako herrian, Malloetako kableen erakusketa puntu bat dago, panel informatibo eta benetazko kable batekin. Urtero, herrian Araizko Kablearen Eguna ospatzen da. Bertan garai bateko familia baten udako egun bat irudikatzen da, belarra moztuz segarekin, fardoak eginez, kablea tentsatuz, eta azkenik, fardoa kablean behera botaz.
Ospakizun eta erakusketa-puntu honek haraneko historia ez ahazteko balio du, eta etorkizuneko belaunaldiek ere ezagutu dezaten, garai batean Azkarate, Gaintza, Uztegi, Intza, Errazkin, Lezaeta, Atallu, Arribe eta Beteluko biztanleek sortutako sistema berrigarria, beraien animalien eta bizimoduaren biziraupenerako ezinbestekoa izandu zena.
Jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errazkingo jaiak abuztuaren lehenengo igandean ospatzen dira, ostiral horretatik astelehenera arte. Puskabiltza (etxez etxeko erronda), herri bazkaria, gaueko kontzertuak, igandeko herri kirol eta aizkolariak eta astelehenko zikiro-jatea dira festetako ekintza nabarmenenak.
Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errazkinen[1] Larraungo euskara[2] mintzatzen da, sortaldeko gipuzkeraren aldaera bat. Biztanleen gehiengoak euskaraz egiten du, eta gazteen %100ak. Euskarazko Mailope aldizkaria eta Aralar Irratia dira bertako komunikabideak.
Errazkindar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Juan Bautista Oreja, Oreja III.a, (1944-1984), esku-huskako pilotaria.
- Joxe Migel Argiñarena, (1948-), bertsolaria.
- Jose Martin Martinikorena, (1954-), esku-huskako pilotaria.
- Eneko Saralegi, aizkolaria.
- Iker Vicente, aizkolaria (familia errazkindarra).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
| Larraungo kontzejuak | ||
|---|---|---|
|
Kontzejuak: Albiasu • Aldatz • Alli • Arruitz • Astitz • Azpirotz-Lezaeta • Baraibar • Errazkin • Etxarri • Gorriti • Iribas • Madotz • Mugiro • Oderitz • Uitzi | ||
- ↑ a b «Errazkin - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (kontsulta data: 2018-11-29).
- ↑ a b «Larraungoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (kontsulta data: 2018-11-29).
