Errealismo filosofiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Platonen estatua, Municheko Glyptothek museoan.

Errealismoa ez da jarrera propio gisa deskribatzen, beste gai batzuekiko ikuspegi modura baizik. Gauza mota jakin bati buruzko errealismoa (zenbakiei edo moralari buruzkoa, adibidez) tesi bat da, horrelako gauzek gogamenarekiko existentzia independentea dutela defendatzen duen tesia, objektuok ez direla ikuslearen begietako irudi hutsa, alegia[1] [2][3].  Errealismo filosofikoa deritzo, esaterako, objektuaren eta subjektuaren arteko bereizketa ontologikoari buruzko teoria filosofikoen multzoari, errealitatearen berezko existentzia, subjektuaren gogamenaz haraindi objektuak benetan existitzen direla, baieztatzen dutenak.

Tesi hauek baieztapen xalo eta akritiko soilak izan daitezke, zentzumenen ageriko ebidentzian baizik oinarritzen ez badira. Errealismo filosofikoak, ordea, arrazoibidez eusten dio pentsamendutik eta esperientziatik independentea den mundu erreal baten existentziari, baina ez dio mundua den bezala hautematen dugunik. Beraz, baieztapen ontologiko bat da, ezagutzaren edo epistemologiaren teoria jakin bat barne hartzen duena (existitzen den kanpoko mundua ezagutu daiteke), baita pertzepzioari buruzko teoria bat ere (gauzak ez dira zertan hautematen diren bezalakoak).

Metafisikan, berriz, objektuek behatzen duen subjektuarekiko existentzia independentea dutela adierazten du. Zentzu horretan, anti-errealismoaren, eszeptizismoaren, idealismo forma batzuen (idealismo subjektiboa, idealismo transzendentala, solipsismoa) eta, neurri batean, konstruktibismoaren aurkakoa da. Bere forma muturrekoan, errealismo inozoa deritzonekoan, zentzumenek hautematen dituzten gauzak diruditena direla pentsatzen da. Bertsio konplexuagoetan, batzuetan errealismo metodikoa deitzen zaienetan, aldiz, objektuaren eta behatzailearen arteko erlazioaren azalpena ematen da ilusioak, haluzinazioak eta pertzepzioaren beste akats batzuk gertatzeko aukera aintzat hartuz.

Errealismoak epistemologiaren eta metafisikaren baitako hainbat jarrera barnebiltzen ditu, beraz; [4] zeinak aplika dakizkiekeen mundu fisikoari, iraganari nahiz etorkizunari, edota niari. Gainera, eta nahiz eta modu ez hain zuzenean izan, kontzeptu unibertsalekin, egia matematikoekin, egia moralekin eta norberaren pentsamenduarekin ere erabili daitezke. Hala ere, errealismoak errealitatearen tratamendu metafisikoak erabat baztertzen dituzten hainbat jarrera izan ditzake [5].

Errealismoa defendatzen duten filosofoek esan ohi dute egia irudikapen kognitiboen eta errealitatearen arteko elkarrekikotasunean datzala [6]. Errealistek uste dute sinesten dugun guztia errealitaterako hurbilketa bat besterik ez dela, baina ulermenaren zehaztasuna eta osotasuna hobetu egin daitezkeela.

Testuinguru batzuetan, errealismoa idealismoari kontrajartzen zaio. Gaur egun, oro har, anti-errealismoari kontrajartzen zaio, adibidez zientziaren filosofian.

Errealismo terminoa beren artean oso ezberdinak diren korronte filosofikoei aplikatzeko arrazoia bere izaera da. Materiala izan daiteke, baina baita zerbait metafisikoa ere. Errealismoa objektu eta fenomeno filosofiko askori aplika dakieke, hala nola entitate matematiko bati, ideia bati, teoria zientifiko bati, beste buru batzuei, iraganari, etorkizunari, kategoria moralei, mundu fisikoari eta pentsamenduari.

Etimoloia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Real" latin berantiarreko hitzetik dator, eta Immanuel Kantek erabili zuen lehen aldiz zentzu metafisiko abstraktuan 1781ean. [7]

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealismo metafisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealismo metafisikoa jarrera ontologiko eta/edo epistemologiko bat da, zeinaren arabera gauzak existitzen diren, hautemango dituen kontzientzia bat egon ala ez. Munduak dituen objektuek, beren propietateekin eta mantentzen dituzten harremanekin batera, bere izaera finkatzen dute, eta objektu horiek existitzen direla deskubritzeko dugun gaitasunaz gaindi existitzen dira; izan materialak edo inmaterialak.

Errealismo metafisikoaren arabera, "Existitzen den guztia da, eta dituen propietateak eta erlazioak ditu, bere existentzia edo izaera pentsatua edo esperimentatua izatetik eratortzen den kontuan hartu gabe". [8]

Errealismo inozoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealismo inozoa, pertzepzioaren teoria oinarrizkoenean errotutako gogamenaren filosofia da, zentzumenek kanpoko munduaren kontzientzia zuzena ematen digutela baieztatzen duena. Aitzitik, idealismo forma batzuek baieztatzen dute ez dagoela mundurik gogamenaren mendeko ideiez aparte, eta eszeptizismo forma batzuek esaten dute ezin garela gure sentimenez fidatu. Ikuspuntu errealista inozoak, aldiz, objektuek propietateak dituztela, hala nola testura, usaina, zaporea eta kolorea, eta propietate horiek erabat zuzen hauteman ohi direla diosku. Benetan diren bezalakoak hautematen ditugula, alegia.

Errealismo mota honek ez du ezagutzari buruzko galderarik planteatzen. Korronte horren jarraitzaileentzat, dagoena ikusten edo hautematen dena da, objektu bakoitzaren berezko berezitasunak ere zentzumenetatik datozkigu.

Errealismo zientifikoa =[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealismo zientifikoa, laburki, zientziak deskribatutako mundua mundu erreala dela dioen ikuspegia da, beste modu batzuetara ere interpreta daitekeela aintzat hartu gabe.

Karl Popper.

Oro har, errealista zientifikoek diote behaezinei buruzko baieztapen fidagarriak egin daitezkeela behagarriei buruzkoak egin daitezkeen gisan. Filosofo analitikoak errealismo zientifikoarekin konprometituta egon ohi dira, metodo zientifikoa errealitatearen izaeraren gida fidagarritzat hartzearen zentzuan. Errealismo zientifikoaren alternatiba nagusia instrumentalismoa da [9].

Karl Popper eta Mario Bunge zientziaren errealismoaren defendatzaile zorrotzak dira. Errealistek, zentzu sendoan, teoria eta kontzeptu zientifikoek errealitateari buruzko ezagutza ematen digutela defendatzen dute, teoria zientifikoen eta naturaren artean nolabaiteko elkarrekikotasun-harremana dagoelako. Mario Bungek epistemologia desberdinen arazoak aztertzen ditu, hasi Popperren arrazionalismo kritikotik eta enpirismo, neopositibismo, subjektibismo edo erlatibismoraino. Errealista kritikotzat du bere burua, zientzia hutseginkortzat hartzen duena (munduaren ezagutza behin-behinekoa eta zalantzan jarri daiteke), baina, hala ere, errealitatea existitzen dela eta objektiboa dela baieztatzen du.

Bi hauez gain, Roy Bhaskar britainiarra, Hilary Putnam, Philip Kitcher eta Richard Boyd estatubatuarrak eta Ilkka Niiniluoto finlandiarra ere aipa daitezke.

Errealismo morala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealismo morala edo errealismo etikoa, perpaus etikoek munduaren ezaugarri objektiboei buruzko proposizioak adierazten dituztela dioen posizio metaetikoa da; esaldi horietako batzuk egiazkoak izan daitezke, baldin eta ezaugarri horiek zehaztasunez deskribatzen badituzte. Errealismo morala, bi azpitalde nagusitan banatzen da: naturalismo etikoa eta ez-naturalismo etikoa.

Filosofo askok diote, errealismo moralaren, doktrina filosofiko modura, hastapenetara jotzeko, gutxienez, Platon eta Aristotelesengana zuzendu behar dela, eta gaur gaurkoz, defendatu daitekeen doktrina morala izaten jarraitzen duela bi autore klasiko hauena. 2009ko inkesta batek, 3,226 parte-hartzailerekin, filosofoen % 56k errealismo morala onartzen duela edo horretarako joera duela (% 28: antirrealismoa; % 16: beste batzuk) publikatu zuen.

Errealista moral garrantzitsuenen adibide nabarmen batzuk John McDowel, Peter Railton, Michael Smith, Russ Shafer-Landau, George E. Moore, John Finnis, Richard Boyd, Thomas Nagel, Derek Parfit eta Michael Huemer dira. Norman Gerasek argudiatu izan du Karl Marx ere errealista morala zela. Dena dela, errealismo morala hainbat aplikazio filosofiko eta praktikotan aztertua izan dela argi ikusten da.

Errealismo estetikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealismo estetikoa gogamenarekiko independenteak diren egitate estetikoak daudela dioen ikuspegia da [10][11]. Gauzen propietate estetikoak benetakoak direlako ideia defendatzen du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korronte filosofiko moduan Erdi Aroan agertu bada ere, Antzinaroan, errealismoa, oro har, kategoria jakin batzuen gainean defendatzen den posizio bat da, jarrera antirrealista edo eszeptiko batekin batera doana. Errealismoaren eta antirrealismoaren arteko konbinazio hori aspaldikoa da, eta Platonengana jotzen dugu gutxienez; unibertsalei buruzko doktrina errealistak Platonek eta Aristotelesek proposatu zituzten. Platonek "ideien" (eîdos) edo "esentzien" existentzia eta banako izaki hautemaleen izaera faltsua berretsi zituen. Aristotelesek, esentziei buruzko errealista bera ere, jarrera hori apaltzen du, esentziak izaki sentitzaile indibidualetatik bereizita ezin direla existitu argudiatuz.

Epikuro ilustratuta.

Errealismo platonikoa, unibertsalen edo objektu abstraktuen existentzian datzan errealismoa da. Platonek unibertsalak ideia forman ulertu zituenez, jarrera horri idealismo platonikoa ere deitzen zaio sarritan. Ez da nahastu behar Idealismoarekin, George Berkeley bezalako filosofoek aurkeztu zuten bezala: abstrakzio platonikoak, espazialak, denborazkoak edo mentalak ez diren heinean, ez dira bateragarriak azken Idealismo horrek proposatzen duen existentzia mentalaren tesiarekin. Platonen Formek zenbakiak eta irudi geometrikoak barne hartzen dituzte, errealismo matematikotzat hartu izan den adierazpena; bestalde, Ongiaren Forma barnebiltzen du, eta horrek, gainera, errealismo etikoaren teoria modura ere interpretatu izana ekarri du.

Demokrito, Epikuro eta Lukrezio atomistek, bereziki, gertatzen diren fenomenoak munduaren errealitatea osatzen duten elementu bakunen – Atomoak – konbinazioan oinarritzen direla uste dute. Demokritok askoz hobeto lotzen ditu ideia errealistak, errealismo kritikoa deritzonarekin, hain zuzen ere. Pentsalari honek, objektuak berez existitzen direla aitortuz, pertsona bakoitzak bere zentzumenez hautematean ekartzen dituen zenbait nolakotasun daudela pentsatzen du.

Azkenik, Aristoteles ez dator bat Demokritoren pentsamenduarekin, eta hautematen diren propietate horiek behatzaileari iruditzen zaionarekiko modu independentean existitzen direla adierazten du. Errealismo naturala deritzona da.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Errealismo" hitzaren erabilerarik zaharrena Erdi Aroko filosofia grekoaren interpretazio eta egokitzapen eskolastikoetan agertzen da.

Platonen Ideien teoriari dagokionez, errealismo platonikoa deitu zitzaion. Erdi Aroko errealismoa unibertsalen arazoari buruzko eztabaidetan oinarrituta garatu zen [12]. Unibertsalak gauza askori aplika dakizkiekeen terminoak edo propietateak dira, hala nola "gorria", "edertasuna", "bost" edo "zakurra". Erdi Aroko errealismoak baieztatzen zuen kontzeptu unibertsalek objektu materialetatik aparteko existentzia erreala eta objektiboa dutela.

Garaiko errealismoak (gehiegizko errealismoa ere esaten zaionak), kontzeptualismoarekin eta nominalismoarekin talkan, halako unibertsalak benetan existitzen direla dio, modu independentean eta nolabait munduaren aurretikoak direla. Errealismo moderatuak, aldiz, existitzen direla dio, baina gauza konkretuetan oinarritzen diren heinean bakarrik; ez direla gauza konkretutik bereizita existitzen, alegia. Honen defendatzaileen artean Tomas Akinokoa, Buenaventura eta Duns Escoto daude [13], eta errealismo aristotelikoa nahiz tomismoa ere deitu izan zaio, bi posizioek forma platonikoak edo kontzeptu unibertsalak errealtzat hartzen dituzte.

Kontzeptualismoak dio, bestalde, unibertsalak badirela, baina gogamenean bakarrik, eta nominalismoak dio ez direla inola ere "existitzen", objektu espezifikoak deskribatzen dituzten hitzak baino ez direla eta (flatus vocis). “Errealismo” terminoa nominalismoaren eta kontzeptualismoaren aurkakoa da, beraz.

Kategoria horien arabera, Platonen Ideien teoriari errealismo platonikoa deitu zitzaion, unibertsalak zeudela onartzen baitzuen. Baina ez da ahaztu behar Platonen ondorengo mendeetan aplikatutako izendapena dela, eta haren ideien sinplifikazioa dela. Aristotelesi buruz ere antzeko zerbait esan daiteke: errealista moderatua deitu zitzaion, nahiz eta hau egiatan egokiagoa litzatekeen aristotelismo tomista kontzeptuarentzat.

Errenazimendua eta Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenazimentutik eta, batez ere, Aro Modernotik aurrera, errealismoa krisian sartu zen filosofian, idealismoen gorakadaren ondorioz. Errealismo metafisikoak defendatzen zuen izatea (hau da, gauzak) kontzientziatik urrun existitzen direla. Errealismo gnoseologikoak (gauzak ezagutzeko moduaz arduratzen dena), Kanten idealismo transzendentalari kontrajarrita, gauzak gure kontzientziak haien kategoriak inposatu gabe ezagut ditzakegula baieztatzen zuen. Kant tarteko posizioan dago, eta errealismo enpirikoa (fenomenoak enpirikoki errealak dira) idealismo transzendentalarekin (fenomenoen forma gogamenari zor zaio) konbinatzen du.

Filosofia modernoan errealismo terminoa egozten zaio zentzumenen bitartez hautemandako objektu komunek, hala nola mahai eta aulkiek, hauteman berri den izatearekiko existentzia independentea dutela dioen doktrinari; hau da, objektuen izate edo existentzia bera, behatzen duen subjektuarekiko independentea dela adierazten duen jarrera filosofikoari. Zentzu honetan, antirrealismoaren, eszeptizismoaren, idealismo forma batzuen (idealismo subjektiboa, idealismo transzendentala, solipsismoa), George Berkeley nahiz Kantena esaterako, eta, neurri batean, konstruktibismoaren aurkakoa da.

Aro Modernoaren hasieran, Descartesek defendatu eta garatutako mekanismoa errealismo zientifikoa da, eta, beraz, "Errealismo inozoaren" aurka dago. Galileok bezala, Descartesek uste du natura materiaz eta higiduraz bakarrik azal daitekeela. Descartes errealista da bere fisikagatik, eta antirrealista objektuen ezaugarri sentsorialei dagokienez: sentimenek gauzen existentziaz hitz egiten digute, baina inola ere ez haien izaeraz. Ezaugarri sentsorialak, hala nola koloreak, soinuak, usainak, etab., ez dira existitzen munduan; gizakien gogamenean bakarrik existitzen dira.

Mekanismo kartesiarra errealismo zientifikoa da, zientziak materia ("hedadura") eta mugimendua adierazten dituelako. Errealismo zientifiko hori metafisikoa da -materia mugimenduan gure adimenetik independentea dena-, baita epistemologikoa ere: errealitate hori ezagut dezakegu ulermenaren bidez edo arrazoimenaren bidez.

Mekanismoa Francis Bacon, Thomas Hobbes, Pierre Gassendi eta beste XX. mendeko filosofo askok ere ukatu egin zuten.

“Giza adimenari buruzko entseiuak” (II. liburua) lanean, Lockek "lehen mailako ezaugarriak" eta "bigarren mailako ezaugarriak" bereizten ditu. Lehen ezaugarriak zentzumen ezberdinek hautematen dituzte, pertzepzio sentsorial bakar baten menpe dauden bigarren ezaugarriek ez bezala. "Forma", "Tamaina" eta "Higidura", oinarrizko koalitateekin lotutako ideiak, gogamenean eragiten dituzten objektuen antzekoak dira, naturan baliokiderik ez duten bigarren mailako koalitateen aldean.

Filosofia moderno goiztiarrean, Eskoziako Zentzu Bateratuaren Errealismoa eskola filosofiko bat izan zen, errealismo inozoa paradoxa filosofikoaren eta eszeptizismoaren aurka defendatzen saiatu zena, argudiatuz zentzuzko arazoak adimen komunaren esku daudela eta zentzuzko sinesmenek ere gobernatzen dituztela adostu gabeko sinesmenen bizitzak eta pentsamenduak. Thomas Reid, Adam Ferguson eta Dugald Stewart Zentzu Bateratuaren Eskoziako Eskolako kide garrantzitsuenen ideietan du jatorria, XVIII. mendeko Eskoziako Ilustrazioan, eta XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran loratu zen Eskozian eta Amerikan.

Sen onaren errealismo eskoziarraren erroak John Locke, George Berkeley eta David Hume bezalako filosofoei emandako erantzunetan aurkitzen dira. Ikuspegi hau, zentzumenen esperientziaren mugei buruzko Descartesen kontzeptuarekin hasi, eta Locke zein Humeren erlijioa eta zentzumenen ebidentziak zalantzan jartzen zituen eszeptizismora eraman zituen "sistema idealaren" erantzuna izan zen. Zentzu Bateratuaren Errealistek eszeptizismoa zentzugabea edo zentzu komunaren aurkakoa zela pentsatu zuten, eta baztertu egin behar zela zioten [14].

Filosofia moderno berantiarrean, errealismo metafisikoa defendatzen zuen pentsamendu-eskola nabarmen bat Austriako errealismoa izan zen. Bere kideen artean zeuden Franz Brentano, [15] Alexius Meinong, Vittorio Benussi, Ernst Mally, eta lehen Edmund Husserl [16].

Materialismo dialektikoa, Karl Marx eta Friedrich Engels modernitate berantiarreko filosofoen idazkietan oinarritutako naturaren filosofia, errealismo ontologikoko modu gisa interpretatzen da [17].

Michael Resniken arabera, Gottlob Fregeren 1891. urtearen ondorengo lanak errealismoari egindako ekarpen gisa interpreta daitezke [18].

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Garaikidean errealismoak ospea berreskuratu zuen filosofoen artean. Beharbada, XIX. mendearen amaieran herrialde anglosaxoietan sortu zen neorrealismoa da erantzule nagusia. Errealismo ingelesaren defendatzaileen artean, G. E. Moore, B. Russell, S. Alexander, Lloyd Morgan, C.D. Broad eta A. N. Whitehead leudeke.

XIX. mendearen erdialdetik aurrera, positibismoaren (Comte, Mach, Duhem), nahiz neopositibismoaren, eta enpirismoaren garapenarekin, XX. mendearen lehen erdian, (Vienako Zirkulua, AJ Ayer, Ryle) anti-errealismo modu bat behar da. Jarrera horiek guztiek komunean dute metafisika eta horri lotutako errealismoa arbuiatzen dutela.

Rudolph Carnap Vienako Zirkuluko kide garrantzitsuenetakoaren arabera, errealismoa kanpoko munduaren errealitatea baieztatzen duen tesi metafisikoa da, idealismoak ukatzen duen bitartean. Carnap-en ustez, kontrako bi jarrera horiek ez dute zentzurik, "Esperientziaren beste aldean" daudelako. Biak metafisikan galtzen ziren.

1950eko hamarkadatik aurrera, errealismoa izan zen tradizio analitikoko filosofoen artean nagusi, metafisikaren birgaitzearekin, oraingoan natur zientziekin (fisika, bereziki) lotuta pentsatua.

B. Russell

Filosofia analitiko garaikidean, Bertrand Russell, [19] Ludwig Wittgenstein, [20] J. L. Austin, [21] Karl Popper, [22] [23] eta Gustav Bergmannek [24] errealismo metafisikoa defendatu zuten. Hilary Putnamek errealismo metafisikoa defendatu zuen hasieran, [25] baina geroago "barne errealismoa" deitu zion antirrealismo forma hartu zuen [26]. Bestalde, errealismo kontzeptualista (David Wigginsek proposatutako ikuspegia) errealismo modu bat da, zeinaren arabera gure esparru kontzeptualak errealitatea marrazten duen [27].

Karl Popperrek dio teoria zientifiko baten ezaugarria bere izaera ezeztagarria edo "faltsagarria" dela, puntu honetan positibismo logikoak proposatutako irizpidearen aurka eginez, zeinarentzat enpirikoki egiaztagarriak izan behar duten enuntziatu zientifikoek. Gainera, "barne-munduaren" eta "kanpo-munduaren" arteko errealismoaren barruko oposizio tradizionala teoria zientifiko baten eta teoria gainditzen duen errealitate baten arteko oposizio bihurtzen du. Problematika hori zientziaren arlokoa den arren, errealismoa doktrina metafisikoa da oraindik Popperren ustez, ez baita frogagarria, logika edo matematika diren bezala, eta ezta, zientzia enpirikoak bezala, ezeztagarria ere. Baina errealismoaren izaera metafisiko horrek, gutxietsi beharrean, metodologia zientifikoaren oinarri-rola betetzea ahalbidetzen dio.

Errealismo espekulatiboa, inspirazio kontinentaleko filosofia garaikidearen mugimendua da [28], eta bere burua modu lausoan definitzen du filosofia kantiar-ostekoaren forma nagusien aurkako errealismo metafisikoaren jarreran [29].

Errealismo fenomenologikoan, filosofiak objektiboki beharrezkoak diren esentziak, eta horien artean izaten diren lotura apriorikoak aztertu behar ditu, batez ere. Horren arabera, objektiboki beharrezkoak diren egitateak aurkitzea, deskribatzea eta sistematizatzea izan behar du bere betebehar propio eta benetakoa, izaera bereko esentzietan kokatuta, filosofiak tradizioz ikertu izan dituen eremu eta esparruetan (logika, metafisika, ontologia, gnoseologia, etika, estetika, teodizea eta abar) mugituz.

Errealismo xaloa naturalismo filosofikoarekin identifikatzen da, abiapuntua naturaren existentzia delako zentzuan. "Sen onaren" posizio intuitiboa da. Honez gain, errealismo kritikoak bere baitango gauzak existitzen direla baieztatzen du, baina ezagutzaren objektua ez dela nahitaez hori, gauzari dagozkion ezaugarri multzo bat baizik.

Garai hontan ere, errealismo zientifikoak dio zientzia dela errealitatearen ezagutzarik onena ematen duena; bertan, arrazoimena eta esperientzia behar dira egia ezagutzeko.

Errealismo absolutuarentzat ez dago ezagutza-objektuaren eta bere baitango gauzaren arteko desberdintasunik, eta ezin da egon. Materialismo dialektikoaren errealismo materialista jarrera filosofikoa da, Karl Marxek eta Friedrich Engelsek garatua, Hegelen pentsamendu dialektikoari berrekiten diona, baina "buelta emanez". Autore horien arabera, subjektuekiko independentea den errealitate materiala dago, baina gizakien jarduerak bakarrik ulertzen duena. Hau da, errealitatea gizaki zehatzen jardunaren bidez bakarrik da errealitate. Gizakiak errealitatea eraikitzen duela dioen ideiak ez du oztopatzen gizakiak errealitatea den bezala ezagutu ahal izatea, kontrakoa baizik, horrela bakarrik ezagut dezake sortutako giza errealitatea eta natura.

Neotomismoak errealismo ez-naturalista defendatzen du. Bere baitango gauzak gugandik aparte existitzen dira, baina izate hori ez da objektu naturaletara mugatzen, gogo-objektuak ere existitzen baitira. Bide beretik, korronteak aztertuz, existentzialismoak gizakiaren existentzia aztertzen du munduan, eta, beraz, errealismoa haren oinarriaren parte da.

Errealismo liberalak (Antonio Muñoz Ballesta) XXI. mendeko gizarteak aztertzen ditu, politikaren printzipio errealistetan eta Austriako Ekonomia Eskolako zientzia sozial eta ekonomikoan oinarrituta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Craig, Edward. «Realism and antirealism» Routledge Encyclopedia of Philosophy (Routledge) (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  2. Malin, Heather; Damon, William. (2019-03). «Purpose» Character Lab Playbook  doi:10.53776/playbooks-purpose. ISSN 2769-3147. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  3. Loux, Michael J.. (2005-09-08). «Realism and Anti-Realism: Dummett's Challenge» Oxford Handbooks Online  doi:10.1093/oxfordhb/9780199284221.003.0022. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  4. Khlentzos, Drew. (2004). Naturalistic Realism and the Antirealist Challenge.  doi:10.7551/mitpress/4870.001.0001. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  5. Petrov, Kristian. (2019-03-04). «‘Strike out, right and left!’: a conceptual-historical analysis of 1860s Russian nihilism and its notion of negation» Studies in East European Thought 71 (2): 73–97.  doi:10.1007/s11212-019-09319-4. ISSN 0925-9392. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  6. «Schluss» Veritas est adaequatio intellectus et rei (BRILL): 184–185. 1992-01-01 (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  7. Heidemann, Dietmar. (2019-12-07). «Kant and the forms of realism» Synthese 198 (S13): 3231–3252.  doi:10.1007/s11229-019-02502-4. ISSN 0039-7857. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  8. Addis, Laird; Jesson, Greg; Tegtmeier, Erwin. (2007-12-31). Ontology and Analysis.  doi:10.1515/9783110327038. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  9. Fine, Arthur. «Scientific realism and antirealism» Routledge Encyclopedia of Philosophy (Routledge) (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  10. Zangwill, Nick. (2001-01-01). The Metaphysics of Beauty. Cornell University Press ISBN 978-1-5017-1135-0. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  11. McIntosh, G.. (2004-01-01). «Review: The Metaphysics of Beauty» Mind 113 (449): 221–226.  doi:10.1093/mind/113.449.221. ISSN 0026-4423. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  12. Marenbon, John. (2016). Medieval Philosophy: A Very Short Introduction.  doi:10.1093/actrade/9780199663224.001.0001. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  13. Bowen, Francis. «Realism, nominalism, and conceptualism.» Modern philosophy: From Descartes to Schopenhauer and Hartmann (4th ed.). (Charles Scribner's Sons): 127–140. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  14. Cuneo, Terence, ed. (2004-01-26). The Cambridge Companion to Thomas Reid.  doi:10.1017/ccol0521812704. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  15. «AUSTRIAN THEORIES OF JUDGMENT: BOLZANO, BRENTANO, MEINONG, AND HUSSERL» Austrian Phenomenology (DE GRUYTER): 233–262. 2008-12-31 (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  16. Albertazzi, Liliana; Jacquette, Dale; Poli, Roberto. (2017-07-05). The School of Alexius Meinong. Routledge ISBN 978-1-315-23717-6. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  17. «Critical realism and Marxism» Marxism and Realism (Routledge): 22–81. 2012-12-06 ISBN 978-0-203-18611-4. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  18. Resnik, Michael D.. (1979-01). «II. Frege as Idealist and then Realist» Inquiry 22 (1-4): 350–357.  doi:10.1080/00201747908601884. ISSN 0020-174X. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  19. Russell, Bertrand. (2009-09-10). The Philosophy of Logical Atomism.  doi:10.4324/9780203864777. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  20. 1889-1951., Wittgenstein, Ludwig,. (2003). Tractatus logico-philosophicus. Routledge ISBN 0-203-01034-5. PMC 53373478. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  21. Austin, John L.. (2014). «1979[1961. ‘The Meaning of a Word.’ In Philosophical Papers, 3rd edition, 55-75, selected 56–62, 72–75. Oxford: Oxford University Press»] The Discourse Studies Reader (John Benjamins Publishing Company): 55–59. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  22. Popper, Karl. (2014-05-01). Conjectures and Refutations.  doi:10.4324/9780203538074. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  23. «The Eumenides: We Suffer into Truth» Karl Popper and Literary Theory (BRILL): 139–166. 2017-01-01 (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  24. POLTAWSKI, ANDRZEJ. (1969-05-01). «Gustav Bergmann, (1967): Realism: A Critique of Brentano and Meinong. University of Wisconsin Press. $3.75. Pp. viii+458» The British Journal for the Philosophy of Science 20 (1): 84–85.  doi:10.1093/bjps/20.1.84. ISSN 0007-0882. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  25. Putnam, Hilary. (1983). Realism and Reason. Cambridge University Press ISBN 978-0-511-62527-5. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  26. Allen, Barry. (1994-12). «Hilary Putnam Realism with a Human Face. James Conant, ed Cambridge, MA: Harvard University Press1990. Pp.lxxiv + 347. - HILARY PUTNAM Renewing Philosophy. Cambridge,MA: Harvard University Press1992. Pp. xii + 234.» Canadian Journal of Philosophy 24 (4): 665–688.  doi:10.1080/00455091.1994.10717392. ISSN 0045-5091. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  27. Ferner, A.M.. (2016-04-14). Organisms and Personal Identity. Routledge ISBN 978-1-315-62999-5. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  28. Strauch, Katina. (2010-09-01). «ATG Interviews John R. McHugh, Publishing Advisor and Consultant» Against the Grain 22 (4)  doi:10.7771/2380-176x.5603. ISSN 2380-176X. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  29. Thomson, Sir John Mackay, (21 March 1887–15 March 1974). Oxford University Press 2007-12-01 (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]