Edukira joan

Errefluxu (teknologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Errefluxua lurrunen kondentsazioa eta kondentsatu hori sortzen den sistemara itzultzea barne hartzen dituen teknika da. Destilazio industrialetan eta laborategikoeta erabiltzen da. Sinetsi kimikoan ere erabiltzen da, erreakzioak energiaz hornitzeko denbora luzez[1].

Errefluxua industrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errefluxu terminoa oso erabilia da eskala handiko destilazio-zutabeak eta destilazio zatikatua usatzen dituzten industrietan, hala nola petrolio-findegietan, planta petrokimiko eta kimikoetan, eta gas naturala prozesatzeko plantetan.

Testuinguru horretan, destilazio-zutabe batetik edo zatikatzaile batetik datorren eta zutabearen goiko aldera itzultzen den produktu likidoaren zatiari esaten zaio errefluxu. Zutabearen barruan, beheranzko errefluxuko likidoak goranzko lurrunak hozten eta kondentsatzen ditu, eta, hala, destilazio-zutabearen eraginkortasuna handitzen da. Izan ere, zutabeko tenperatura txikiagoa da goian behean baino eta, beraz, zatiak irakite-tenperaturaren arabera bereizten dira, zenbat eta astunago diren, beherago[2].

Errefluxua erreakzio kimikoetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreaktiboen eta disolbatzailearen nahastea ontzi egoki batean jartzen da, hondo biribileko matraze batean, adibidez. Ontzi hori urez hoztutako kondentsadore batera konektatuta dago, eta normalean goiko aldean egoten da irekita atmosferara. Erreakzio-ontzia berotu egiten da erreakzio-nahastea irakiteko; kondentsadoreak kondentsatu egiten ditu nahastetik sortutako lurrunak, eta grabitatearen eraginez itzultzen dira ontzira. Helburua erreakzioa termikoki bizkortzea da, tenperatura altu eta kontrolatu batera eramanez (adib. disolbatzailearen irakite-puntua) giro-presioa eta nahastearen kantitate handiak galdu gabe.

Erreakzio kimiko baterako errefluxu-sistema

Irudiak errefluxu-aparatu tipiko bat erakusten du. Nahastea berotzeko ur-bainua erabiltzen da.. Erabilitako disolbatzaile asko sukoiak direnez, Bunsen erregailu batekin zuzenean berotzea ez da normalean egokia, eta beste aukera batzuk erabiltzen dira: ur-bainua, olio-bainua, harea-bainua, plaka berotzailea edo manta berotzailea.

Errefluxua laborategiko destilazioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laborategiko destilazio-sistema: 2 = matrazea; 3 = destilazio-zutabea eta 5 = kondentsadorea

Irudian ageri den sistemak laborategiko destilazio bat irudikatzen du, destilazio ez-jarraitu batena zehazki.

Destilatu behar den konposatu-nahaste likidoa hondo biribileko matrazean jartzen da, burbuilen-kontrako pikor batzuekin batera, eta destilazioa-zutabea goiko aldean jartzen da. Nahasketa berotu eta irakin ahala, lurrunak zutabea igotzen du. Lurruna beirazko plataformetan kondentsatzen da (plater esaten zaie), zutabearen barruan, eta du beheko likidorantz isurtzen da; hala, errefluxua eginik. Platerik beroena zutabearen behealdean dago, eta platerik hotzena, berriz, goialdean. Egoera egonkorrean, plater bakoitzeko lurruna eta likidoa orekan daude. Zatirik lurrunkorrena bakarrik ailegatzen da gas-egoeran goiko alderaino. Zutabearen goiko aldeko lurruna kondentsadorera pasatzen da gero, eta han hoztu egiten da likido gisa kondentsatu arte..Prozesuak aurrera jarraitzen du, harik eta nahastearen osagai lurrunkorrak osorik irakin duen arte. Puntu hori ezagutu daiteke termometroak erakutsitako tenperatura-igoeragatik.

Destilazio jarraituaren kasuan, nahastea zutabearen erditik sartzen da sistemara.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Errefluxu. Zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar fundazioa.
  2. Destilazio zatikatu. Zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar fundazioa.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]