Errensa jainkosari eskainitako aldarea

Koordenatuak: 42°31′38″N 1°49′51″W / 42.52709378°N 1.83084017°W / 42.52709378; -1.83084017
Wikipedia, Entziklopedia askea
Errensa jainkosari eskainitako aldarea
Jatorria
Sorrera-urteaI. mendea
Argitaratze-data1989
Aurkikuntza lekuaLarraga
Aurkikuntza data1987
Kulturabaskoia eta antzinako erromatarra
Ezaugarriak
Materiala(k)hareharria
Dimentsioak98 (altuera) × 44 (zabalera) × 46 (sakonera horizontalean) cm
Hizkuntzalatina, eusko-akitaniera, akitaniera eta Euskal hizkuntzak
Idazketa-sistemalatindar alfabetoa
Kokapena
LekuaEretak museo eta aztarnategia
Berbintzana
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaNafarroa Garaia
Koordenatuak42°31′38″N 1°49′51″W / 42.52709378°N 1.83084017°W / 42.52709378; -1.83084017
Map

Errensa jainkosari eskainitako aldarea Larragako herrian aurkitu zuten erromatar garaiko aldarea da. Testuak, ohi bezala latinez egonik ere, eusko-akitanierazko izena duen jainkosa bat aipatzen du, aldarea hari eskainita baitago, Errensa jainkosari, hain zuzen.

Hareharri grisaxkaz egina dago eta zutabe baten harroina osatzeko egokitu zen: burualde biribildua eta zulatua du goialdean; oinarri molduratua eta hautsia eskuinaldean. Ez da aurkitu bere jatorrizko kokagunea. K.o. I. edo II. mendeetan egin zen.

Larragan aurkitu zuten, «Casa Macario»n, 1987ko martxoan eraikitze-lanak egin zirenean, beste kolomen hondar batzuekin batera. Iratxeko monasterioan gordeta egon zen eta Nafarroako Museoaren ardurapean dago[1]. 1989 urtean argitara eman zen L'Année épigraphique aldizkari-katalogoan. Gaur egun, Berbintzanako Eretak museoan erakusgai dago[2].

Transkripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«

D MATER
NA ERRENS
AE PRO L P I
L CRISTA AR
SUO S V

»

Carmen Castillo eta Jesús María Bañalesen irakurketa[3].

Irakurketa laburdurak osatuz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

D(omitía)• Mater/na•Errens--/ae•pro•l(iberis?) p(oni) i(ussit)/L (ucretia) • Crista• ar(bitratu)/suo•v(otum)•s(olvit)•

Itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domicia Maternak Errensari bere (semeengatik ala askatasunagatik?) hau jartzeko agindua eman zuen. Lucrecia Cristak, bere erabakiz, promesa hori bete zuen[4].

Inskripzioari buruzko argibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzen artean hiruki itxurako puntuazioa dago.

Testuaren egitura eta idazteko modua ez dira ohikoak: eskaintzailearen izena jainkosaren izenaren aurretik jarri da eta Crista kognomena latin arruntaren aldaera bat izan behar du, izen zuzena, Chresta baita[3]. Aldarea eskaintzen duen emakumeak eta jartzen duenak libertak izan zirela interpretatu dute: Batetatik Crista, Chresta izen grekoaren deformazioa da eta izen grekoak esklaboei eman ohi zitzaien. Bestalde, Domicia izena laburduraz idatzi da, eta azkenik, ez batak ez besteak, ez dute beren aitaren izena aipatzen[4]. Hori dela eta, badirudi jainkosari eskerrak ematen dizkiotela askatasuna (pro libertate) lortu dutelako.

Ez zen aztarnategi batean aurkitu, hau da, bere jatorrizko kokalekua izango zena, baina kontuan izan behar da Larraga Andelos hiri baskoi-erromatarretik gertu dagoela eta, seguruenik hiriaren eremu administratiboa izango ziren lurretan[oh 1] agertu zen[5].

Identifikazio kodeak bibliografian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AE[oh 2] 1989, 458 eta HEp[oh 3] 3, 1993, 261

Errensa izenari buruz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errensak izenak euskal hizkuntzaren berezitasun fonetiko batzuk erakusten ditu: e- protesikoa hitzeko hasierako r- baten aurrean, eta -nsa amaiera[6]. Silaben banaketa, ordea, beste bat izan daiteke[7]. Lehenik eta behin kontuan izan behar dugu -AE morfema latinaren datiboa (Nori edo Norentzat) marka dela izen femeninoetan, beraz nominatiboa (Nor) Errensa izan daiteke.

Izenaren esanahia ez dute oraindik adostu. Hitza honela banatzea proposatu da: Erren-sa. -sa, oparotasuna adierazten duen egungo -TZA bezala interpretatu da[8]. Lehen zatiari buruz, erren, erreka hitzarekin edota erein hitzarekin lotu dira, nahiz proposamena bera egin dutenek ez diote sinesgarritasun handirik ematen[8] [4].

Bestalde Euskaltzaindiaren hiztegian erren hitzaren bi sinonimo edo esanahia ematen zaizkio: arantza nafarreraz, nahiz eta gutxi erabilia, eta erraina[9]. Labayru hiztegian, bestalde, sinonimo hauek ematen dizkio: arantza, ar, elorri, xixta, berro[10].

Luis Mari Zaldua erren hitzaren azken erabilera horiek ere aipatzen ditu, eta gogorarazten du Arantzazuko Ama, elorri batean, arantzen artean agertzen dela legendan. Barandiaranek diola, elorria landare sakratua dela, oinaztarria saihesten omen baitu. Bestalde, filologoak esaten du -SA eta -TZA seguruenik ez daudela lotuta, -TZAren forma zaharra TZAHA izan zela uste baita. Toponimian Errensaren antzekotasunak daude toponimo hauetan: Resa/Arresa, Calahorratik gertu dagoen herri hustua, Burgoseko Resa lekua (Ressa 864an) eta Arresa Huescan (Arrensa dokumentatua 992an). Dena den, ohartarazten du R-az edo A-z hasten diren toponimo horiek ez dutela zertan Errensa-ren baliokideak izan. Erren osagaia duten beste toponimo daude XIII. mendetik dokumentatuta, Aralarren, Oiartzun-Lesaketan, Zufian, Eraulen, Zaren eta Larunben. Larunbekoa antza gehiena daukana da: Errenza; baina XVIII. mendekoa da dokumentatua agertzen den lehengo aipua[11].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Erromatar garaian, "hiriak", nukleo urbanoa eta bere lurrek osatzen zuten, eta beraz, eremu zabala okupatzen zuen.
  2. L'Année épigraphique
  3. Hispania epigraphica

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Madruga Flores, José-Vidal. «Dedicación a Errensa.» Hispania epigrafica.
  2. Colomo, Koldo. (2013-07-23). «Euskarazko jainkotasunaren izenak: zonaldeko kulturaren eta ekonomiaren aberastasun iturria» erabili.eus (Azpeitiko euskara Patronatua).[Betiko hautsitako esteka]
  3. a b (Gaztelaniaz) Castillo García, Carmen; Bañales Leoz, Jesús María. (1989). «Epigrafía romana de Andión y su entorno» Príncipe de Viana 50. urtea, 188: 521-532. ISSN 0032-8472 ISSN 0032-8472..
  4. a b c (Gaztelaniaz) Castillo García, Carmen. (1992). «La onomástica en las inscripciones romanas de Navarra» Príncipe de Viana. Anejo 14: 117-134. ISSN 1137-7054..
  5. Tubia, Iker. «Ur andelaren ondoko herria. Udako Serieak» Berria.
  6. (Gaztelaniaz) Olivares Pedreño, Juan Carlos. (2000). Divinidades indígenas de la Hispania prerromana. Universitat d'Alacant.
  7. (Gaztelaniaz) Gorrochategui Churruca, José Luis. (2013). «La religión de los Vascones. Una mirada comparativa. Concomitancias y diferencias con la de sus vecinos» Cuadernos de Arqueología de la Universidad de Navarra 21: 113-149..
  8. a b (Gaztelaniaz) Ramírez Sádaba, José Luis. (1994). "La romanizacion de los vascones. El paradigma de los Andelonenses". Nafarroako kondairaren hirugarren batzarre orokorra. Iruña, 1994ko irailak 20-23. Aktak. , 12 or..
  9. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
  10. «Labayru Hiztegia :: Bilatu» Labayru Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
  11. Zaldua Etxabe, Luix Mari. (2022). Euskal Herriko antzinaroko jainko eta jainkosen izenak. Euskaltzaindia ISBN 978-84-125463-9-2. PMC 1362868651. (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]