Erreplikante
Erreplikantea 1982. urteko Blade Runner eta honen ondorengoa den 2017. urteko Blade Runner 2049 filmeetan azaltzen den fikziozko androide biorrobotiko bat da. 1997. urteko Blade Runner bideo-jokoan ere azaltzen dira erreplikanteak.
Nexus serieko erreplikanteak gizaki heldu bat bezalakoak dira, baina indar, abiadura, bizkortasun eta adimen gehiago daukate. Gizakiekin duten antz handia dela eta, fikziozko Voight-Kampff testaren bitartez bakarrik hauteman daitezke. Test honen bitartez erantzun emozionalak bilatzen dira eta horiek gizaki eta erreplikanteetan desberdinak izan ohi dira.
Nexus 6 erreplikanteek segurtasun neurri bezala lau urteko bizitza bat daukate, gizakiekiko ezagutza enpatikoa garatzeko denborarik izan ez dezaten, horrek Voight-Kampff testa gainditzera eraman baititzake.
Erreplikanteei, erdeinuz, "larru-zati" ere esaten zaie.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Blade Runner filmearen inspirazio izan zen Philip K. Dick-en Do Androids Dream of Electric Sheep? eleberrian androide edo "andy" hitzak erabilitzen ziren arren, aurreiritzirik gabeko hitz bat nahi zuen Ridley Scott zuzendariak. David Peoples gidoia berridazten ari zelarik, mikrobiologia eta biokimikaren inguruan lanean ari zen bere alabari eskatu zion egokia izan zitekeen hitzen bat. "Erreplikatzea" proposatu zion, hau da, zelula batek bere kopia bat osatzeko egiten duen prozesu biologikoari ematen zaion izena. Ideia hartatik bietako batek erreplikante hitza atera zuen (geroago biek bestea izan zela gogoratuko zuten) eta Hampton Francher-en gidoian sartua izan zen.[1]
Erreplikanteak "Blade Runner" filmean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurrean erreplikanteak legez kanpoko bilakatu ziren Kanpo Munduan Nexus 6 erreplikanteek eragindako matxinada baten ondorioz. Matxinada hau filmean kontatutakoaren aurretik gertatua da. Filmaren hasiera baino bi aste lehenago, sei Nexus 6 erreplikantek hogeita hiru pertsona hil zituzten eta Lurreranzko anezka hartu zuten; filmaren gaia Deckard Blade Runner-aren erreplikanteekiko jazarpena da, honek Lurrean egon daitezken erreplikanteak ikertu eta "erretiratzen" (akabatzen) ditu.
Nexus 6 erreplikanteak, emozioak ez besteko alderdi guztietan gizakien kopia perfektuak izateko diseinatuak izan ziren. Tyrell Korporazioak Nexus 6ek obsesio arraro bat zutela antzeman zuen eta hauen kontrola errazteko oroitzapen faltsuak jarri zituen erreplikanteetan, gizakien urteetako bizipenei ordezko bat emateko eta era horretan, bere emozioekiko nola halako amortiguazio bat sortzeko.
Filmaren hasieran, Nexus 6en balizko garapen emozionala, Tyrell Korporazioak erreplikanteen bizia lau urtetara mugatzearen arrazoia izan daitekeela aipatzen dio Bryant kapitainak Deckardi. Aurrerago, Eldon Tyrell doktoreak aipatzen du lau urte horiek gainditzen saiatzeko egindako edozein ekintzak erreplikantearen heriotza dakarrela berekin.
Filmaren hasieran Deckardek ez dauka Nexus 6ekin inolako eskarmenturik. Bera eta Bryant kapitaina harriturik daude erreplikanteek lurrera itzultzeko arriskua hartu dutelako. Gainera Deckardek ez daki ze neurritan izango den erabilgarria Voight-Kampff testa Nexus 6engan,
Ihes egindako erreplikanteak (denak Nexus 6 modeloak):
- Roy Batty (Rutger Hauer-ek antzeztua) kolonizazioko defentsa programarako egindako borroka modelo bat da. (Mental-A, serie zenbakia N6MAA10816)
- Pris Stratton (Daryl Hannah-k antzeztua) langile militarrentzako oinarrizko plazer modelo bezala aurkeztua (Mental-B, N6FAB21416). Lau antzezle izan ziren paper honetarako azken hautaketan, tartean Hannah bera eta Stacey Nelkin (ondoren Mary bezala aukeratua izan zena). Antzezle bakoitzari paperarekiko bere itxura propioa ekartzeko eskatu zitzaion. Hannah-k ekarritako street-punk estiloa gailendu zen besteen panpin itxurako mozorroen aurrean[erreferentzia behar]
- Zhora Salome (Joanna Cassidy-k antzeztua) kanpo munduko hiltzaile talde bateko kide bezala entrenatua izan zen. (Mental-B, N6FAB61216)
- Leon Kowalski (Brion James-ek antzeztua) borroka modelo bat edo fisio nuklearrerako materialen manipulatzaile bat da. (Mental-C, N6MAC41717)
- Izenik gabeko erreplikante bat, Hodge izena eduki zuen gidoiaren lehenengo bertsioetan. Tyrell Korporazioan eremu elektriko batean hila suertatu zen
- 6. erreplikantea, Mary izena jaso zuena gidoiaren lehenengo bertsioetan. Erreplikante honekiko aipamen bakarra filmaren 2007. urteko Final Cut bertsioan egin zen. Hartan Bryant kapitainak Tyrell Korporazioko eremu elektrikoan bi erreplikante hil zirela aipatzen zuen, 1982. urteko bertsioan aipatzen zen bakarraren aldean.[erreferentzia behar]
Beste erreplikante batzuk:
- Rachael (Sean Young-ek antzeztua) erreplikante prototipo bat da, Eldon Tyrell-en ilobaren oroitzapenak dauzka inplantaturik. 2017. urteko filmean argitzen da haurdun gera daiteken erreplikante prototipo bat bezala sortua izan zela.
Deckard-en arabera erreplikante arrunt bat Voight-Kampff testaren bitartez 20-30 galdera ingururen ondoren ezagutu daiteke. Rachael-i 100 galdera baino gehiago erantzuten dizkio Deckard-ek erreplikante bat dela antzematerako. Jatorrizko filmaren bukaerako offeko ahotsak dionez, erreplikante esperimental bezala, Rachael-ek ez zuen lau urteko bizi mugarik, baina zuzendariaren muntaian ez zen horrelakorik aipatzen.
Ridley Scott-ek, paper honetarako antzezle gazte bat nahi zuela aipatu zuen, Rachael-en inozentzia azpimarratzeko.
Bigarren filmak gehiago garatu zuen bere jatorria eta bere diseinu bereziari buruzko informazio gehiago eskaini zuen. Batez ere ugalketarako erreplikante modelo esperimental bat zela garbi geratzen zen, Deckard-ekin alaba bat eduki zuena gainera. Giza hezurdura dauka eta bere begiak, ilea, azala eta ugal aparatua naturalak dira. Horrek gizaki giza pasatzeko duen gaitasuna argitzen du. Filmak bere adimena eta beste bizi organo batzuk bakarrik direla erreplikante jatorrikoak ematen du aditzera. Erditzerakoan jasandako zesarearen ondorioz hil zenez, ezin jakin daiteke zehazki benetan lau urte baino gehiago bizi zitekeen.
Do Androids Dream of Electric Sheep? liburuan, androideak egiten zituen Rosen Korporazioak, ez zekien nola lortu hauek lau urte baino gehiago bizitzeko gai izatea.
Deckard erreplikante bat al zen?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Blade Runner-en atmosfera paranoide ilunak eta filmaren bertsio desberdinek gai honekiko espekulazioa eta eztabaida bultzatu dituzte. Do Androids Dream of Electric Sheep? liburuan Rick Deckard (protagonista) puntu batean, polizia dela uste duen androide batek engainatzen du gezurrezko polizia-etxe batera erakarriz. Deckard-ek ihes egin eta androide batzuk "erretiratzen" ditu bere polizia-etxera itzuli aurretik. Itzultzean Deckard-ek Voight-Kampff testa egiten dio bere buruari eta gizakia dela baieztatzen du.
Filmetan Deckard-en papera antzeztu zuen Harrison Ford-ek aipatu izan du ez duela uste Deckard erreplikante bat denik. Gainera zuzendariarekin izan zituen eztabaiden ondoren, Deckard gizakia zela ondorioztatu omen zuten. Bestalde, Ridley Scott zuzendariak zenbait elkarrizketatan aipatu izan du Deckard erreplikante bat dela.[2] Bere pianoan argazkiak pilatzen ditu, baina ez du bistako familiarik, "arrain hotz" deitzen zion emazte ohi batekiko erreferentzia izan ezik. Rachael-ekin hizketan dagoen eszena batean, bien begi-niniek dir-dir egiten dutela dirudi eta hau erreplikanteen ezaugarrietako bat da.
Zuzendariaren muntaian Gaff agenteak (Edward James Olmos-ek antzetua) origamizko adarbakar bat uzten dio Deckard-i, honek bezperan halako batekin amets egin ondoren. Justu Deckard-ek adarbakarra aurkitu aurretik, Gaff-ek pasaeran "[Rachael-ek] ezin du bizi, lastima da... hala ere, nork ahal du?", esaten dio. J.F. Sebastian-en etxean gertatzen den eszena batean ere, momentu batez, adarbakar bat ikusten da sakabanatutako jostailuen artean (lotan dagoen Sebastian-en eskubian, Pris-ek bere trasteak miatzen dituen bitartean). Zuzendariaren muntaian ere adarbakar bat azaltzen da Deckard-en amets batean eta filmean azaltzen denez, Rachael-en oroitzapenak bere sortzaileek ezagutzen dituzte, armiarmen jaiotzari buruz duen oroitzapena bezala. Gaff-ek Deckard-en etxean origamia uzteak, Gaff-ek Deckard-en adarbakarraren ametsa ezagutzen duela esan dezake.
Will Brooker idazlearen iritziz baliteke amets hau ez izatea Deckard-ena, baizik eta Nexus 6-ei gehitutako nola halako ikutu pertsonal bat. Beste erreplikanteen ametsen berri ez dugunez, ezin argi genezake puntu hau. Honen arabera, espekulatu genezake Gaff ere erreplikante bat dela eta memoria bera elkarbanatzen dutela.[3]
Paul Sammon, Future Noir: The Making of Blade Runner liburuaren idazleak zenbait elkarrizketatan iradoki du Deckard Nexus 7 bat izan daitekela, gizagaindiko indar edo inteligentziarik gabea, baina giza ilusioa osatzen duten ezaugarri neurologikoak dituena. Ridley Scott-ek aipatu izan ditu "Nexus 7" eta "Nexus 8" erreplikanteak hurrengo filme baterako aukera gisa.[4] Sammon-ek ere proposatu du balitekela Nexus 7 erreplikanteek ez edukitzea bizi mugarik (hilezkorrak ere izateraino).[5]
Sammon-en arabera Ridley Scott-ek Deckard erreplikante bat izatea probokagarriagoa izango litzatekeela esaten zuen. Honek "zer da gizakia izatea?" gaiarekin dauka lotura. Garrantzitsua dena ez da Deckard erreplikante bat den, baizik eta anbiguotasunak gizaki eta erreplikanteen arteko muga lausotzen duela.[6]
2012ko urrian Scott-i Blade Runner-en jarraipen pelikula bat egitearen aukerari buruz galdetu zitzaionean "ez da zurrumurru bat; gertatzen ari da", esan zuen. "Harrison Ford-ekin? Ez dakit oraindik. Zaharregia al da? Tira, Nexus 6 bat zen, beraz ez dakigu zenbat bizi zitekeen. Eta hori da honi buruz momentuz esango dudan guztia"[7]
Budapest-en grabatua, Blade Runner 2049 filma 2017ko urrian izan zen argitaratua. Filmak, Deckard-ek modu naturalean haur bat sortu dezakeela argitzen du; filmean aurrera egin ahala alaba bat dela argitzen da. Aldi berean, Rachael erreplikante bat izan arren haurraren ama zela ere argitzen da. Rachael, Tyrell Korporazioak haurdun gera zitekeen erreplikante bat sortzeko egindako saiakera bakarra izan zen.
Organikoa edo mekanikoa?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prentsa oharrean argi eta garbi erreplikante bat "ingeniaritza genetikoz sortutako gai organikoz osoki eratutako izaki bat" zela esaten zen arren[8], erreplikanteen osaketa fisikoa ez dago hain garbi. Filmaren hasierako hitzaurrean, erreplikanteak "robot aurreratuen eboluzio"-aren ondorio zirela esaten zen eta "ingeniari genetikoek" sortuak zirela. Pertsonaiek aipatzen dutenez gizakiek bezalako begi eta burmuinak dituzte eta zauritzen direnean odola darie. Gizaki eta erreplikante bat ezberdintzeko modu bakarra galdera batzuk egin eta erantzun emozionala neurtzea litzateke eta honek osoki edo ia osoki organikoak direla esan nahiko luke.
Do Androids Dream of Electric Sheep?-en androideen osagai biologikoak aipatzen dira, baina baita robotei dagozkien zenbait alderdi mekaniko ere. Hezur-muin azterketa baten bitartez ezberdin daitezkeela androideak gizakiengandik ere aipatzen da.
2012ko maiatzean, Ridley Scott-ek baieztatu zuen erreplikanteek natura biologikoa daukatela eta Alien serieko androideekin alderatzen zituen. "Roy Batty oso garatua zen... Ez zen makina bat. Irekiko banu ez litzateke metalezkoa, hazia baizik (...) Alien-go Ash-ek ez zuen ezer ere egiterik Roy Batty-re aldean, Roy Batty humanoideagoa zelako, Ash aldiz metalezkoa zen".[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Interview with David Peoples in Sacrificial Sheep: The Novel vs. the Film. Enhancement Archive of Blade Runner Ultimate Collector's Edition Ingelesez
- ↑ "Blade Runner riddle solved". BBC News. July 9, 2000. Retrieved August 2, 2007.
- ↑ Will Brooker (2005) The Blade Runner Experience: The Legacy of a Science Fiction Classic, Wallflower Press, ISBN 9781904764304, p. 222
- ↑ "Blade Runner Interview with Ridley Scott and Sean Young". Event occurs at 3:40. Archived from the original on April 2, 2015.
- ↑ Sammon, Paul (2002) BRmovie.com — Interview with Paul M. Sammon, sections 13 and 17 (Archive.org)
- ↑ Sammon, Paul (2002) BRmovie.com — Interview with Paul M. Sammon, sections 13 (Archive)
- ↑ Sullivan, Kevin P. (October 12, 2012). "Ridley Scott Gives 'Prometheus 2' And 'Blade Runner 2' Updates". MTV Movies Blog. Archived from the original on October 4, 2013. Retrieved October 13, 2012{{inconsistent citations}}
- ↑ BRmovie.com: BR FAQ: Blade Runner Terminology
- ↑ Weintraub, Steve 'Frosty' (May 31, 2012). "Ridley Scott Talks PROMETHEUS, Viral Advertising, TRIPOLI, the BLADE RUNNER Sequel, PROMETHEUS Sequels, More". Retrieved June 2, 2012.
Gehiago irakurtzeko
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Glaser, Horst Albert and Rossbach, Sabine: The Artificial Human, Frankfurt/M., Bern, New York 2011 "The Artificial Human"