Erretiro
Erretiroa (Ipar Euskal Herrian, erretreta; Hego Euskal Herrian, jubilazioa) pertsona batek adin arrazoiak direla kausa behin betiko lan ordaindua egiteari utzi dioneko egoerari deritzo. Erretiroa hartu duen pertsonari erretiratua edo erretretatua esaten zaio —edo, Hego Euskal Herrian, jubilatua—; edo, pentsioa jasotzen badu, erretiroduna. Erretiratzeko adina 60-70 urte bitartekoa da herrialde gehienetan. Erretiratuak, gehienetan, pentsioa edo errenta jasotzen du, bizimodua atera ahal izateko, lan egindako urteetan egindako ekarpenen ordainetan, pentsio-sistema publikotik edo, horrelakorik ez duten herrialdeetan, berak aurreztutako dirutik. Beste alde batetik, erretiroa mugarri garrantzitsua izaten da pertsona baten bizitzan, lan egoeratik askotan egoera pasibora iragaten baita. Batzuetan, iragate horrek depresioa edo bestelako arazo larriak sortzen ditu.