Erromako kontsul
- Artikulu hau erromatar karguari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kontsulatu».

Erromako kontsula Erromatar Errepublikako magistratu nagusia zen. Urtero bi kontsul hautatzen ziren Errepublika garaian, urte batez batera jarduteko. Estatuaren eta, batez ere, gerra garaiko armadaren zuzendariak ziren, botere betearazlea baitzeukaten (imperium). Urtea izendatzeko, kontsulen izenak aipatzen ziren. Inperioa ezarri zenean, ordea, kontsulek botere eta autoritate franko galdu zuten, eta agintari sinbolikoak bilakatu ziren, Erromako historia islatzen zutenak. Erromatarrek, askotan, monumentuak edo gertakizunak datatzeko, urte artean kontsula nor zen aipatzen zuten, eta horretarako, kontsul izandakoen zerrenda historikoa ondo gordeta eta eguneratua izaten zuten: kontsulen taulak.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepublikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tarkinio Superbo azken errege etruskoa bota ondoren, erregeen agintea eta autoritatea, hein handi batean, ezarri berri ziren kontsulei eman zitzaizkien. Hasiera batean, "pretor" (lider) deitu zitzaien magistratu horiei, armadako buruak baitziren. K.a. 305ean, berriz, kontsul izena eman zitzaien.
Bake garaian ahalmen handiak zituzten, bai administrazioan, bai legegintzan, bai justizian, eta gerra garaian armadako buru nagusiak ziren. Horretaz gain, erlijio eginkizunak ere betetzen zituzten. Urtero bi kontsul hautatzen ziren, eta haietako bakoitzak bestearen egintzei betoa jartzeko eskubidea zeukan.
Tradizioari jarraikiz, hasiera batean patrizioak baino ez ziren kontsul karguan aritzen. K.a. 367an plebeioek magistratura horretan aritzeko eskubidea lortu zuten, Licinia Sexta legeak xedatzen baitzuen urteroko bi kontsuletatik bata plebeioa izanen zela. Hurrengo urtean, Luzio Sexto lehendabiziko kontsul plebeioa izan zen. Hala ere, egungo historialariek zalantzan jarri dute kontaera tradizional hori; izan ere, Luzio Sextoren aurretik izen plebeioak zeramatzaten kontsulak bazeuden.
Denborak aurrera egin ahala, kontsul izatea bilakatu zen norberaren ibilbide politikoaren gailurra eta azken pausoa. K.a. I. mendean, Silak ibilbide politikoa legeztatu zuenean, kontsul izendatu ahal izateko, 42 urte izan behar zituzten politikariek.[1] Julio Zesar Erromako kontsul hautatu zuten senatuan hainbat aldiz, K.a. 59an hasita.
Garai Inperialean (printzealdia)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai inperialean, enperadorea izaten zen ia beti bi kontsuletako bat eta errepikatu zezakeen nahi haina.
Eskumenak galtzeak, enperadoreen boterearen nagusitasunak eta ekiteen ordena administraziora igotzeak kontsulei beren izateko arrazoiaren zati handi bat kendu zioten, izendatua izateko eskatzen zen adina asko aurreratu zen eta kontsulatu bat baino gehiago maiz errepikatu ziren. Horrela, Konstantino I.a, enperadoreak, Erroma eta Konstantinoplako hiriburu bakoitzari kontsul bana emateko berritasuna sartu zuen. Inperioa Teodosiorekin bitan zatitu zenean, enperadore bakoitzak beren kontsulak izendatuko zituzten, salbuespenezko kasuetan izan ezik, kasu horietan enperadore batek bakarrik izendatu behar baitzituen biak.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 (Gaztelaniaz) Álvarez, Jorge. (2020-07-01). «Anicio Fausto Albino Basilio, el último cónsul de Roma» La Brújula Verde (kontsulta data: 2025-12-15).