Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Erromanikoa Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Leireko monasterioaren ataria.

Erromanikoa Euskal Herrian gaur egun presente dago batik bat Nafarroa Garaian eta Araban.

Europako beste toki batzuetan bezala, arte mota hau Donejakue bideari lotuta dago.

Nafarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eunateko baseliza.

Leireko monasterioa da bere tamainako eraikin erromanikorik zaharrena lurralde osoan, Esako udalerrian kokatutakoa. Honetaz gain, azpimarratzekoak dira Eunateko baseliza ikusgarria (Muruzabal) eta Aralarko San Migelen santutegia (Uharte Arakil), azken honek sinbolismo handia daukana. Sakana aldean ere, Zamartzeko monasterioa eta Itxasperriko Santiago eliza daude.

Bestela, Lizarrerrian alde batetik Hilobi Santuaren Eliza dugu, Torres del Rioko udalerrian kokatutakoa, eta bestetik Lizarran bertan dauden eraikinak: San Migel eta San Pedro de la Rua eliza azpimarragarriak eta Nafarroako errege-erreginen jauregia, lurralde osoko eraikin zibilik hoberena dena. Halaber, Lizarrako Santa María Jus del Castilloren, Hilobi Santuaren eta San Joanen elizak ere aipatzekoak dira. Merindade berean, Andre Mariaren eliza (Egiarte) eta San Andres eliza (Etaiu) ditugu.

Iruñerrian, Gatzolatz eta Araitz (San Martin) udalerrietako elizak ditugu, eta Iruñean Nafarroako Museoak arte bilduma ederra gordetzen du. San Andres eliza (Zarikiegi), Doneztebe eliza (Ezkabarte), Doneztebe eliza zaharra (Berriozar), San Emeterio eta San Zeledonio eliza (Zizur), San Kosme eta San Damian eliza (Antsoain), San Migel eliza (Orkoien) eta San Migel eliza zaharra (Noain) eskaulde honetan daude. Merindade berean, Gares udalerrian Garesko zubi erromanikoa, Gurutzearen eliza eta Done Jakue eliza daude.

Erriberriko merindadean, San Pedro eliza (Erriberri) eta San Martin eliza (San Martin Unx)| oso nabarmentzekoak dira. Orbaibarrek ere altxor ikusgarriak eskaintzen ditu: Katalaingo Kristo Santuaren baseliza(Garinoain), Etxanoko San Pedroren baseliza (Oloritz), Jasokundeko Andre Mariaren eliza (Leotz) eta San Martin baseliza (Orisoain).

Bertzela, Zangozako Santa Maria la Real eliza oso nabarmentzekoa da, bai eta Nabaskozeko Santa María del Campo izeneko baseliza, Ezkarozeko Madalenarena eta Otsagabian dagoen Muskildakoa ere. Merindade berean, Andre Maria eliza (Artze), San Martin eliza (Itzagaondoa), San Martin eliza (Untzitibar), Santa Maria basilika (Oibar), San Salbador eliza (Galipentzu), San Bizente eliza (Itzalle) eta Jasokunde edo San Sebastian baseliza (Bidankoze) daude.

Erriberan, Tuterako Santa Mariaren Katedralaren ipar eta hegoaldeko atariak eta mendebaldekoa ("Judizioaren Atea") ikusgarriak dira, klaustroarekin batera. Madalenaren Eliza bere dorrearekin eta San Julian ere nabarmentzen dira. Gainera, Fiteroko monasterioa, Olibakoa (Zarrakaztelu) eta Tulebraskoa baditugu. Azkenik, San Joan eliza (Cabanillas) dago.

Araba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estibalizko santutegi erromanikoaren atari nagusia, elizaren hego-fatxadan.

Armentiako basilika eta Estibalizko Andre Mariaren santutegia dira nabarmenenak; Gasteiz aldean daude biak. Halaber, aipagarri dira Abetxukuko San Migel, Lopidako eta Gamarragutxiako (Natibitatearena) elizak ere. Azkenik, Arabako Arte Ederretako Museoan ere ikusgai ditugu hainbat objektu erromaniko.

Bestela, Tuestako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Karkamoko San Joanena eta Toberako Andre Mariarena ditugu Añanako Kuadrillan.

Mendialdean, Markinezko San Joanen, Uribarri Haranako Andre Mariaren, Kontrastako Elizmendiko Andre Mariaren eta Maeztuko Landako Andre Mariaren baselizak daude.

Azkenik, Arabako Lautadan dauden Otobarren, Otogoien, Oreitia, Burgu, Dulantzi eta Gazeoko elizak ikustekoak dira, bai eta Trebiñun dagoen San Vicentejokoa ere.

Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bedoñako eliza (Arrasate), Aretxabaletako hilerriaren atea, Ormaiztegiko elizaren ataria, Idiazabalgo San Migel elizarena, Abaltzisketako ataria, Ezkio-Itsasoko ataria eta Tolosako Andre Mariaren elizarena ditugu. Badaude osagarri erromanikoak hurrengo elizetan ere: San Pedro eliza (Asteasu) eta San Martin Tourskoaren eliza (Berastegi).

Bizkaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztarna bakarrenetarikoak Arrigorriagako Abrisketako San Pedro ermitan, Bakioko San Pelaioren baselizan, Mungiako Zumetxagako San Migelenean eta Fruizko San Migel elizan ditugu.

Zuberoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ospitalepeko eta Santa Graziko eliza ederrak ditugu.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]