Erromaren arpilatzea (410)
Erromaren arpilatzea | |
---|---|
![]() | |
Mota | sack (en) ![]() arpilatze |
Honen parte da | Gerra Gotikoa (408-416) |
Denbora-tarte | 410eko abuztuaren 24a - 410eko abuztuaren 27a |
Data | 410eko abuztuaren 24a |
Kokaleku | Erroma |
Herrialdea | Mendebaldeko Erromatar Inperioa |
Parte-hartzaileak | |
Kaltetuak | Gardens of Sallust (en) ![]() Emilia Basilika Julia Basilika |
Erromaren arpilatzea 410eko abuztuaren 24tik abuztuaren 27ra bitarte jazotako gertaera izan zen. Egun horietan, Alariko errege zuten bisigodoek Erroma hiria hartu eta harrapakatu zuten.
Ordurako Erroma ez zen Mendebaldeko Erromatar Inperioaren hiriburu administratiboa, Mediolanumek (egungo Milan) ordezkatu baitzuen 286an eta Ravenak 402an. Hala ere, Erromatar Inperioaren «betiereko hiria» eta zentro espirituala izaten jarraitzen zuen. Ia 800 urtean lehen aldia izan zen atzerriko etsai baten eskuetan erortzen zela, eta arpilatzeak zirrara handia eragin zien bai garaikideei, bai inperioaren lagun eta etsaiei.
Arpilatzea mugarri garrantzitsutzat jotzen da Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdian. Betleemen bizi zen San Jeronimok idatzi zuenez, «mundu osoa hartu zuen hiria bera hartua izan zen».[1]
Bisigodoak Inperioaren barnean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hunoen erasoen ondorioz, godoek Danubioko muga gurutzatu zuten 376an aterpea aurkitu nahian. Valente enperadoreak Danubioren hegoaldean kokatzeko baimena eman zien, baina umiliazioak eta tratu txarrak pairatu zituzten, eta laster Erromaren aurka altxatu ziren. Valentek aurre egin zien, baina ezin izan zituen garaitu 378ko Hadrianopolisko guduan, eta bizia galdu zuen.[2] 382an, hitzarmen bat adostu zuten Teodosio I.a enperadorearekin: bisigodoak Inperioaren subjektu izatera pasatu ziren, foederati izaerarekin, eta eremu bat eman zitzaien Trazian koka zitezen, zerbitzu militarraren truke.[3]
Teodosio 395ean hil zenean, bisigodoek amaitutzat jo zuten hitzarmena. Alariko erregeak matxinatu eta Konstantinopla hiriburua mehatxatu zuen. Gero Greziara joan zen, bidean Mazedonia arpilatuz. Estilikok, mendebaldeko eta ekialdeko inperioetako armadak mendean zituela, aurre egin zien bisigodoei, baina gudurik eman gabe. Arkadio ekialdeko enperadoreak agintetik kendu zuen, eta horrek bide eman zien bisigodoei Greziako zati handi bat arpilatzeko. Handik Epirora joan zenean, Erromak haren baldintzak onartu zituen: Alarikok, Iliriako magister militum tituluarekin batera, probintzia horretan behar adina baliabide eskuratzeko baimena jaso zuen.
Bisigodoak Italian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeukan titulua galduta, eta Erromak hunoak haren kontra erabliko zituen beldurrez, Alarikok Italiara eraman zuen herria 401ean. Hasieran erresistentziarik aurkitu ez arren, Estilikok aurre egin zien, hasieran Milanen, eta gero Pollentian eta Veronan. Eraso horien ondorioz, Honoriok hiriburua Ravenara aldatu zuen, defendatzen errazagoa baitzen, inguruko padurak zirela eta.
405ean, Alariko Estilikoren aliatu bihurtu zen, eta elkarrekin egin zioten aurre Radagaisoren inbasioari. Baina aliantza horrek balioa galdu zuen 408an, Estiliko berriz adiskidetu zenean Ekialdeko Inperioarekin. Orduan, Alariko matxinatu eta 288.000 solido eskatu zituen, Italia inbadituko zuelako mehatxupean. Estutasun handiz lortu zuen Estilikok Senatuak ordainketa onartzea. Baina enperadorearekiko harremana gaiztotuta zegoen, eta Honoriok agindu zuen Estiliko atxilotu eta exekutatzeko. Alarikok, orduan, ez zuen agindutako dirua jaso. Erromako armada hasi zen orduan germaniar soldadu federatuak hiltzen, ordura arte aliatuak izan zirenak. Ihes egitea lortu zutenek Alarikorekin egin zuten bat.
Alarikok Estiliko hil eta sei hilabetera eraso zion Italiari. Hiriak arpilatzen zituzten hegoalderako bidean, Erromara ailegatu eta setiatu arte. Hirian, gosea zabaldu zen, eta arrazionamenduak ezarri ziren. Azkenean erreskate bat pagatu zen, 5.000 libera urre eta 30.000 libera zilarrekoa. Hiriko esklabo barbaroek bat egin zuten Alarikorekin.
Erromaren arpilatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alarikok bere herria finkatzeko lurrak nahi zituen. Negoziazioek atzera eta aurrera asko egin zituzten. Honoriorekin berarekin Ravenatik kanpo elkartzekoa zen egun batean, Alarikori eraso zion Saro etsai bisigodoak erromatarren indar txiki bat zuela. Alarikok, bizirik atera baitzen, erabaki zuen negoziazioei utzi eta Erromara jotzea. Setiatu eta, 410eko abuztuaren 24an, hirian sartu ziren. Hiru egunez arpilatu zuten.
Hiriko eraikin ospetsuenetako ugari arpilatu zituzten, besteak beste Augustoren eta Hadrianoren mausoleoak, non lehengo enperadore asko zeutzan. Nonahiko ondasun higigarriak lapurtu zituzten. Petriren eta Pauloren basilikak, aldiz, errespetatu zituzten, baina Laterango jauregitik zilarrezko ziborio bat ostu zuten, Konstantinoren oparia izan zena. Erromatar ugari hartu zituzten preso, besteak beste enperadorearen arreba, Gala Plazidia. Batzuengatik erreskatea kobratu zuten, eta beste asko esklabo saldu zituzten.
Arpilatzea, hala ere, ez zen izan zitekeen bezain okerra. Sarraski orokorrik ez zen izan, eta Petriren eta Pauloren basiliketan gordetakoak errespetatu zituzten. Hiriko eraikin eta monumentu gehienek iraun zuten, baina ondasun higigarriak galduta.
Erromatik Alarikok hegoaldera jo zuen. Bisigodoek Campania, Lucania eta Calabria hondatu zituzten. Ezin izan zuten, hala ere, Mesinako itsasartea zeharkatu. Alariko Consentian hil zen 410ean bertan. Gero, Ataulfo hautatu zuten errege bisigodoek, eta hark Galiara eraman zituen. Ataulfo 415ean hil zen, eta hurrengo erregeak, Waliak, lortu zuen Honoriok Garona inguruko lurrak ematea finka zitezen, ziur aski hospitalitas sistemaren azpian. Hitzarmen horren bidez, bisigodoek bertako zergak jasoko zituzten, eta, trukean, laguntza militarra eman beharko zioten Inperioari. Hala gertatu zen, esaterako, Atilaren kontra, Katalauniako Zelaietako Guduan, 451n.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Nicene and Post-Nicene Fathers: Series II/Volume VI/The Letters of St. Jerome/Letter 127 - Wikisource, the free online library» en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-21).
- ↑ Gibbon, Edward. Histoire de la décadence et de la chute de l’Empire romain, tome 5/XXVI. François Guizoten itzulpena, fr.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-13).
- ↑ Sivan, Hagith. On Foederati, Hospitalitas, and the Settlement of the Goths in A.D. 418. The American Journal of Philology, 108. liburukia, 4. zenbakia (negua, 1987), 759-772 orrialdeak, kuscholarworks.ku.edu (Noiz kontsultatua: 2024-12-14).