Erronkariarren zubia

Koordenatuak: 42°37′N 1°13′W / 42.62°N 1.22°W / 42.62; -1.22
Wikipedia, Entziklopedia askea
Erronkariarren zubia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaEsa
Koordenatuak42°37′N 1°13′W / 42.62°N 1.22°W / 42.62; -1.22
Map

Erronkariarren zubia Urraul ibarreko Esa udalerrian XI.-XII. mendeko harrizko zubi bat da, baliteke erromatar zubi baten gainean eraikia izatea, Aragoi ibaiaren gainean.

Zubia Erdi Aroko lau bideen arteko bidegurutze garrantzitsu batean zegoen: Donejakue bidea, Erronkariarren Errege Abelbidea, Almadiarien Ibilbidea eta erromatar galtzada[1].

Zubia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubiak 100 metro luze eta 2,60 metro zabal zeuzkan. Zazpi begi edo arku zituen, gaur egun horietatik hiru bakarrik mantendu izan dira, gainontzeko lauak suntsituta daude. Esa herrigunetik ekialdera dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI.-XII. mende arteko zubia da, baliteke erromatar zubi baten aztarnen gainean eraikia izana, Donejakue bidearen Aragoiko adarrean. Nafarroako Erresuma birkonkistatzeko ahaleginean, Esako Gudua borrokatu zen gaztelar gerlariak eta kolaboratzaileak ihes egiten ari zirenean. 1521eko maiatzaren 18an 300 nafarrek, Simon Ledeakoa buru zutela, bidea itxi zieten zubian Aragoira igarotzeko asmotan zebiltzala, eta istiluak hasi ziren. Ondorioz, gaztelar estandarte eta banderak eta 60 preso gaztelar atzeman zituzten.

Zubiaren ikuspegia.

Zubia mendeetan zehar hainbat alditan suntsitua eta berreraikia izan zen, azkena Bigarren Karlistaldian (1872-1876). Berehala egurrezko egitura batekin konpondua izan zen, baina 1930eko hamarkadan sute batek kiskaldu eta egungo egoeran utzi zuen. Erabilera behin betiko utzi zen, eta zubia ahaztua gelditu.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erronkaribarko armarria. Goian eta ezkerrean, Erronkariarren zubia eta "mairu erregearen" burua ikusgai.

Kondairaren arabera, 732an Esaren inguruan, Poitiersko guduan garaituak izan ondoren atzera bueltan zetozen mairuak eta baskoiak elkar borrokatu omen zuten: Olasteko gudua. Beste bertsioen arabera, Al-Andalusetik zetozen arabiar erasoaldi ugarietako bat izan omen zen.

Nolanahi ere, gudu hartan omeiarrak garaituak izan ziren, eta Erronkaribarko Sara izeneko emakume batek "mairu erregea" edo omeiarren gudarosteko buruzagiari burua ebaki eta zubi honetatik zintzilikatu omen zuen. Haren burua eta Erronkariarren zubia gaur egun Erronkaribarko armarrian agertzen dira. Beste bertsio batek hori Burgiko zubian gertatu zela dio.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]