Errose Bustintza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Errose Bustintza (Mañaria, Bizkaia, 1899ko irailaren 3a - Mañaria, 1953ko abuztuaren 20a) euskal idazlea izan zen. bila. Eusko abertzale sutsua zen (Emakume Abertzale Batzako kidea), euskaltzale fina, umore fin eta sarkor baten jabea.[1]

« Idazle biotz-samur ta eztia, mitxeleta egon-ezin antzera, mendi, baserri ta arkaitz-zulo zear ipuin tximel billa, iñoiz nekatu etzana dugu emakume argi au. Irudimen azkarra du, bere errikoen agotik jasoriko ipui, esaera ta elezarrez edesti ta kontaera zoragarriak eratzeko. »
Santi Onaindia[2]

Bizitza

Erroseren gurasoak Felix Bustintza Lasuen, harrigilea, eta Marzelina Ozerin Arriaga izan ziren, biak mañariarrak. Erroseren bizitzaz ez dakigu ezer asko. Ez dugu inolako berririk haren ikasketa, bizitza-zertzelada, adiskide, gorabehera, joan-etorri eta abarrez. Gutxi dira haren argazkiak ere.

Mañarian jaio, bizi eta hil zen. Kirikiñoren iloba eta ezkonarreba izanik (Erroseren ahizpa Basile zen Kirikiñoren emaztea), haren etxean bizi izan zen, neskazahar.

Euzkadi egunkarian hasi zen lanean idazle gisa, baina ez zituen bere kronikak sinatzen. Gero, bere osaba Kirikiño hil zenean, 1929an, Mañariko Errose edo Mañariko hartu zituen izen-ordekotzat.

Errose Bustintzak olerkiak, kantu-letrak eta aldizkarietarako kolaborazioak idatzi zituen, eta horiez gain ipuingintza ere landu zuen batik bat. Errose Bustintza irudimen handiko idazlea zen. Bere ipuinak 49 idazki herrikoi dira, betiere gai folklorikoen gainean eraikiak. Bere ipuinen eraginez egin zen ospetsu Errose, eta Euskal Herriko Ipuinak izeneko liburuan bilduta daude. Jaime Kerexeta Gallastegik Errose Bustintzaren han-hemenka argitaratutako idatziak hartu eta berridatzi egin ditu. Bere ipuinetan agertutako lekuak Durangaldeko herriak eta mendiak dira.

1936ko gerra baino lehenagoko abertzale mugimenduko parte-hartzaile izan zen, eta Emakume Abertzale Batzako kide. Gerratean, bere ahizpa Basilerekin batera erbesteratu zen. Gero Mañarira itzuli zen, eta ahizparekin bizi izan zen, harik eta, leuzemia edo odol-zurbil gaixotasunak jota, 1953ko abuztuaren 20an hil zen arte.

Lanak

Narrazioa

Erreferentziak

  1. Xabier KALTZAKORTA: Errose Bustintza, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza, 1999.
  2. Santi ONAINDIA: Milla euskal olerki eder, Itxaropena, 1954.

Kanpo loturak