Errumania

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Errumania
România
Bandera Armarria
Ereserkia: Deşteaptă-te, române! (Esnatu, errumaniar!)
Hiriburua
eta hiri handiena
Bukarest
Hizkuntza ofiziala(k) Errumaniera1
Herritarra errumaniar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Klaus Iohannis
 -  Lehen ministroa Sorin Grindeanu
Independentzia Otomandar Inperiotik
 -  Adierazia 1877ko maiatzak 9 
 -  Onartua 1878 
Azalera
 -  Guztira 238,391 km2 (82.)
 -  Ura (%) 3
Biztanleria
 -  2015[2] zenbatespena 19.511.000 (59.)
 -  2011[3] errolda 20.121.641
 -  Dentsitatea 84,4 bizt./km2 (117.)
Dirua Leu (RON)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 40
Internet domeinua ro
2 Hungariera, alemana, turkiera, Krimeako tatarera, greziera, romani, kroaziera, mazedoniera, ukrainera eta serbiera hainbat tokitan udal mailan ofizialak dira.

Errumania[1] (errumanieraz: România, romɨˈni.a ahoskatua) Hego-ekialdeko Europako estatu burujabea da. Mendebaldean Hungaria eta Serbiarekin du muga, iparraldean Ukrainarekin, ipar-ekialdean Moldavia eta Ukrainarekin, ekialdean Itsaso Beltzarekin, eta hegoaldean Bulgariarekin. 238.391 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2011n 20 milioi biztanle baino gehiago zituen. 2007tik, Europar Batasuneko kidea da. Bukarest da hiriburua eta hiri nagusia.

Izenak eta hizkuntzak adierazten dutenez, gaurko Errumaniaren eremua Erromatar Inperioaren parte izan zen, eta orduz geroztik historia luzekoa izan da. Errumaniar lurraldea behin baino gehiagotan beretu dute hungariarrek, turkiarrek eta errusiarrek, eta Lehen Mundu Gerraren ondotik da egungo estatu bateratua. Herrialde komunista izan zen berrogei urte baino gehiagoan, eta erregimen mota hori utzi zuen Europako azken herrialdea izan zen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumania ipar-ekialdeko Europan dago, 43° eta 49° N latitudeen, eta 20° eta 30°E longitudeen artean. 238.391 kilometro koadroko eremuarekin eskualdeko estatu handiena eta Europa osoko hamabigarrena da. Ukraina du iparraldean; Hungaria eta Serbia mendebaldean; Moldavia eta Itsaso Beltza ekialdean; eta Bulgaria hegoaldean

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar hego-mendebalde norabideko arku bat eratuz zabaltzen diren Karpato mendiek osatzen dute Errumaniako ardatza. Haien mendebaldean, ekialdean eta hegoaldean zabaltzen dira Errumaniako Herbehereak, Danubio ibaiaren eta Itsaso Beltzaren ertzetan. Bukovinako eta Maramureşko mendiak daude iparraldean. Handik hegoaldera, Ekialdeko Karpatoak (Pietrosul, 2.305 metro) hedatzen dira. Errumaniako erdialdean, Serbia aldera bihurtzen dira mendiak, Danubio ibaiaren lerro berean: Hegoaldeko Karpatoak edo Transilvaniako Alpeak dira; bertan daude Errumaniako mendi gorenak (Moldoveanu, 2.544 metro).

Karpatoen mendebaldean zabaltzen da Transilvaniako goi-ordokia, Bihorko mendien ondoan. Hauek dira Errumaniako ordoki zabalenak: Banat, eta Errumaniaren barnean dagoen Hungariako Ordoki Handiaren zatia, mendebaldean; Valakiako ordoki handia, Errumaniako hegoaldean (Oltenia, Muntenia eta Baragan) eta Siret eta Prut ibaien artean luzatzen den Moldaviako ordokia, Errumaniako ekialdean. Danubio ibaiaren eta Itsaso Beltzaren artean zabaltzen dira Dobrujako herbeherea eta Danubioren deltaren inguruko lurraldeak.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danubio da Errumaniako ibai nagusia; Serbia eta Bulgariarekiko muga osatzen du kilometro askotan, hegoaldetik, eta delta handi ederra Itsaso Beltzaren bokalean. Gainerako ibaia nagusiak Danubioren adarrak dira eta ipar-hegoalde zeharkatzen dute Errumania osoa; Mureș, Olt, Prut, Siret, Ialomița, Someș eta Argeș dira garrantzitsuenak.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniak klima kontinentala du, lau urtarorekin. Urteko batez besteko tenperatura 8 eta 11°C artekoa da. Bukaresten, urtarrileko batez bestekoa -3°C da, eta uztailekoa 23°C. Prezipitazioa gutxituz doa mendebaldetik ekialdera, eta mendietatik ordokietara: 1.010 milimetro urtean zenbait mendigunetan, 635 milimetro erdialdeko Transilvanian, 521 milimetro Iașin, 381 milimetro besterik ez Konstantzan, Itsaso Beltzaren ertzean[4].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Errumaniako historia»

Antzin Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daziako mapa.

Homo Sapiens espezieko kide baten arrastorik zaharrena, 42.000 urtekoa, Europan Errumaniako leizezulo batean aurkitu zuten. Europan sartzen lehenak izan zitezkeen.

Egungo Errumaniari buruzko idatzitako arrastorik zaharrena Herodotok idatzia da, K. a. 513an. Haren liburu baten arabera, Dario I.a Handia persiar enperadoreak geta izeneko tribua garaitu zuen[5]. Nolanahi ere, daziarrak ziren Antzinatean eremu horretan bizi ziren herri garrantzitsuena. Daziar erresuma erpinera K. a. 82 inguruan iritsi zen, Burebista erregearen agintaldian. Erromatarren jomugan jarri zen erresuma hori K. o. 87an, Mesia probintzia erromatarra erasotutakoan. Azkenean, 101-106 bitartean, bi kanpainiatan, Trajanok garaitu zituen daziarrak[6], haren lurraldea Dazia probintzia bihurtuta.

Urrea eta zilarra ugari izanik[7], erromatarrek sakonki kolonizatu zuten Dazia. Haiekin batera, latin arrunta eraman zuten, erromanizazio prozesu sakonari hasiera emanez (honela proto-errumaniera sortu zen). Alabaina, III. mendetik aurrera, hainbat herriren inbasioarekin, godoena esaterako, Erromatar Inperioak Dazia bertan behera utzi behar izan zuen 271 inguruan, utzi zuen lehendabiziko probintzia hain zuzen ere.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromak alde egindakoan, godoek hartu zuten Dazia. Bertakoekin bizi izan ziren, IV. mendean hunoak iritsi arte. Ondoren, gepidoak, abaroak, eslaviarrak eta beste herri batzuk igaro ziren oldeka Errumaniatik. Daziako laborariak, erromatarrak eta erromatartuak, Karpatoetako mendietan babestu ziren, eta gorde zituzten beren ohitura eta hizkuntza latinoak. Bulgariarrek inbadituta, XI. mendera arte haien mendean egon zen.

X-XIII. mendeetan sortu ziren egungo Errumaniako lehen printzerriak: Valakia (errumanieraz: Ţara Românească -errumaniar lurraldea-), Moldavia (errumanieraz: Moldova) eta Transilvania. Erlijioa kristau ortodoxoa zen eta hizkuntza latinoa. XIII. mendean, Transilvaniaz jabetu ziren hungariarrak eta bertako jende askok jo zuen Valakia eta Moldavia aldera. XIV. mendean moldatu ziren egungo Errumaniako hiru lurralde nagusiak: Transilvania, Valakia eta Moldavia.

  • Moldaviako Printzerriak Eztebe III.aren agintaldian, 1457-1504 bitartean, ezagutu zuen garairik loriatsuena. Buru militar arrakastatsua, garaipen bakoitzaren ostean eliza edo monasterio bat eraikitzen zuen[9]. Otomandarrak geldiarazi ahal izan bazituen ere, bere heriotzaren ondoren, XVI. mendean zehar, Inperioak Moldavia ere bereganatu zuen.

Mikel Ausarta (errumanieraz: Mihai Viteazul) Valakiako (1593-1601), Transilvaniako (1599-1600) eta Moldaviako (1600) printzea izan zen. Laburki bazen ere, haren agintaldian batu egin ziren lehen aldiz hiru errumaniar printzerriak. Beti ere, turkiarrak nagusi egon ziren XVII. mendearen bukaera arte. Garai hartan sendotu zen Errumaniaren aldeko abertzaletasuna.

Independentzia eta monarkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumania osatuko zuten hiru printzerrien hedapena, 1600 urtean.

Transilvanian Austro-Hungariar aginteak eta Valakian eta Moldavian otomandar subiranotasunak zirautenen bitartean, errumaniar gehienak bigarren mailako herritarrak ziren, populazioaren gehiengoa izanda ere. XVIII. mendearen bukaeran indartu zen Errumaniako abertzaletasuna: Eliza ortodoxoak sustatzen zuen eslavieratik urrundu eta errumanieraren alde hasi ziren lanean. Politikari dagokionez, inguruko estatuek gutiziatzen zuten lurraldea zen Errumania: austriarrak Bukovinaz jabetu ziren 1775. urtean eta errusiarrak Besarabia eta Moldaviako zati handi batez 1812an.

1845ean bertako printzeak gobernari izateko eskubidea eskuratu zuten errumaniarrek. 1848ko iraultzek eragina izan zuten Errumanian ere. Urte horretan, Errumaniaren independentziaren alde altxatu zen herria, burgesia abertzalea gidari zuela, baina gogor zapaldu zuten saio hura errusiarrek eta turkiarrek. Nolanahi ere, 1859an, hautatzaileek bai Moldavian bai Valakian pertsona bera, Alexandro Joan Cuza, aukeratu zuten printze (errumanieraz: domnitor). Horrela, Errumania sortu zen batasun pertsonal gisa, nahiz eta Transilvania bere baitan ez hartu. Beti ere, errumaniar nazionalismoa areagotu zen Hungariaren aurrean, aristokrazia eta goiko klasea hungariarrak baitziren.

Cuza kanporatuta zuten 1866an, estatu-kolpe bat zela-eta. Haren ordez, Karl Hohenzollern-Sigmaringen bihurtu zen printze. Honek Erdialdeko Europako estatuei begira jarri zuen herrialdea, eta guztiz neurri gogorrak bideratu zituen langile eta nekazarien aurka. Errusia-Turkia Gerran, Errumania errusiarren alde borrokatu zen eta, 1878ko Berlingo Itunarekin, Errumania estatu independentetzat jo zuten Europako botere nagusiek. Trukean, Errumaniak Besarabiako hegoaldeko eskualdeak Errusiari eman behar izan zizkion, Dobruja bereganatu arren. 1881ean, printzerria erresuma bihurtu zen. Hitzarmen bat sinatu zuten, urte berean, Errumaniak, Austriak eta Alemaniak, Errusiaren erasoei aurre egiteko (Italiak izenpetu zuen 1888an). 1912. urtean, ordea, hitzarmen hura hautsia zen. 1913an, Balkanetako Bigarren Gerran, Grezia, Serbia, Montenegro eta Turkiarekin bat egin zuen, Bulgariaren aurka. Bukaresteko Itunarekin, Hegoaldeko Dobruja jaso zuen Errumaniak.

Mundu Gerrak eta Errumania Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniaren lurralde eremuaren aldaketak, 1859tik gaur egun arte.
Romania1941.png

Lehen Mundu Gerra piztean, 1914an, neutraltzat jo zuen bere burua Errumaniak. Bi urte geroago, aliatuekin egin zuen bat Frantziak fronte berri bat ireki nahi baitzuen. Austria-Hungariari gerra deklaratu zion batasun nazionala bermatuko zen aginduarekin. Hala ere, Austria-Alemaniako eta Bulgariako armadek Errumaniako bi heren hartu eta oso egoera larrian geratu zen, gosete eta izurrite handiak eragin baitzituen gerrak.

Aliatuen garaipenaren ondoren, Besarabia, Bukovina, Transilvania eta Banateko lurraldeak berreskuratu zituen Errumaniak. 1920ko Trianongo Itunaren bidez, Hungariak Transilvaniako aldarrikapen orori muzin egin zion. Errumania Handia (România Mare errumanieraz) gerren arteko garaiko estatuari esaten zaio, historiako hedapen handiena lortu baitzuen. Urte latzak izan ziren, zailtasun ekonomikoek faxismoa ekarri zuten-eta, Burdinazko Goardia alderdi faxistaren ildoan, Alemania Naziaren eraginpean geratu zen Errumania. Karlos II.ak diktadura ezarri zuen 1938an.

Bigarren Mundu Gerran, Errumania neutral izaten saiatu zen. Moskuren eta Berlinen presiopean, errumaniar administrazioak eta armadak Besarabia eta Ipar Bukovina utzi behar izan zituzten gerra saihesteko. Beste eskualde batzuk galdu ostean, Karlos II.ak abdikatu zuen 1940an. Ion Antonescu faxistaren legionarioek hartu zuten boterea. Ardatzaren alde eginda, Alemaniarentzat petrolio hornitzaile nagusiena izan zen Errumania.

1944ko abuztuan, Armada Gorria Errumanian sartu zenean, Migel I.a erregeak Antonescu atxilotzeko agindu zuen, eta herrialdea Aliatuen aldera lerratu zen; baina Hirugarren Reicha garaitzeko ahalegina ez zuten aintzakotzat hartu 1947ko Parisko Bake Konferentzian. Armada Gorria de facto-ko boterea izanik, Migel I.ak sozialistak eta komunistak onartu behar izan zituen gobernuan. Gerraren ondoren Transilvania berreskuratu zuen Errumaniak.

Komunismoaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1947an komunistek Miguel erregea abdikatzera behartu eta herrialdetik bota ondoren, Errumania Errepublika Sozialista bihurtu zen, 1948an. 1955ean Varsoviako Itunaren barruan sartu zen. Sobiet Batasunak kontrol militar eta ekonomiko zuzena izan zuen 1950eko hamarkadaren amaiera arte. Sobietar tropek alde egindakoan, Nicolae Ceauşescu (aurretik Alderdi Komunistako Idazkari Nagusia izandakoa) buru berria zuen herrialdeak poltika berri eta independenteei ekin zien. Honela, 1968ko Txekoslovakiako inbasioa gaitzetsi zuen, Israelekiko hartu-eman diplomatikoek jarraitu zuten Sei Eguneko Gerraren ondoren, edo Mendebaldeko Alemaniarekin hitzarmen diplomatikoak eta ekonomikoak abian jarri ziren.

Oparotasun apala eta zabaltasuna etorri ziren, laburki, 1960ko hamarkadaren amaieraldean eta 1970eko hamarkadaren hasieran. Horren ondoren, zorra handitu egin zen, eta kitatu ahal izateko, ekonomia eta hiritarrak txirotu zituen politika jarri zuen abian Ceauşescuk. Polizia estatua areagotuta eta bere buruaren gurtza bultzatuta, Ceauşescuren ospeak behera egin zuen, eta, 1989an, boteretik kendu eta fusilatu zuten.

Egungo demokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989. urtearen bukaeran izan ziren gobernuaren aurkako matxinada gogorren ondoren, zeinetan hiritar asko hil zen, Ceaucescu eta emaztea 1989ko abenduaren 25ean fusilatu zituztela, Nazio Osasunerako Fronte batek hartu zuen agintea, erregimen politiko askotarikoa eta demokratikoa bideratzeko helburuaz. Frontea behin-behineko egitura moduan aurkeztu zen arren, hurrengo hauteskundeetan parte hartu zuen, istilu handiak sortu ziren,, eta Frontearen lehendakaria, Ion Iliescu, irten zen presidente, botoen % 85ekin; haren alderdia, erreformatzaileek eta Mendebaldean hezitako teknokratek osatua, izan zen alderdi garailea.

Agintari horiek neokomunistatzat hartzen zituen oposizioak, alegia, 1947an debekaturiko alderdi historikoak (Nekazari Alderdi Nazional Kristaua eta Demokrata, PNTCD; Nazio Alderdi Liberala, PNL, eta Errumaniako Alderdi Sozial-demokrata, PSDR). Protesta handiak izan ziren kalean, Bukaresteko unibertsitatean batez ere. Baina Jiuko meatzariak etorri ziren gobernuari laguntzera, eta gogorkeriaz ezabatu zituzten protestak; hori zela-eta, guztiz gaiztotu ziren agintearen eta oposizioaren arteko harremanak.

1991n, erreferendum bidez, konstituzio berria onartu zen, Errumania errepublika, estatu nazional eta bateratu gisa definitzen zuena, oposizioaren kontrakotasunaz, ordea. Urte berean, Petre Roman lehen ministroak dimisioa aurkeztu behar izan zuen Jiuko meatzarien presiopean; haren ingurura bilduta, 1993an, Alderdi Demokrata (PD) sortu zuten erreformatzaileek. 1992an, Ion Iliescu hautatu zuten berriz errepublikako presidente, botoen %61ekin. Haren alderdiak, FDSN, Osasun Nazionaleko Fronte Demokratikoak (%28), aurrea hartu zien alderdi historikoen koalizioari eta Petre Romanen PDari. Teknikari-gobernu bat osatu zen, Nicolae Vacaroiu-ren buzuzagitzapean, zeina, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak lagunduta, erreforma batzuk egiten hasi baitzen, 1995ean ekonomiaren egonkortzea ekarri zutenak.

1993an, Europar Batasunarekin elkarterako akordio bat izenpetu zuen Errumaniak; urte bereko irailean, Europako Batzordean onartu zuten, eta 1994ko urtarrilean, Errumania izan zen NATOrekin bakerako kidetasuna izenpetu zuen lehen herrialdea; azkenik, 1995ean, Europar Batasunean sartzeko eskaria egin zuen. 1996ko hauteskundeetan, aldatu egin ziren gauzak, oposizioa irten baitzen garaile, hiru alderdi historikoen koalizioa alegia, eta Emil Constantinescu (bozken %54 eskuratuta) izan zen lehendakari berria. CDR, PD eta UDMR alderdiek gobernu koalizio bat osatu zuten. Victor Ciorbea, sindikatuetako lider ohia, Bukaresteko alkate 1996ko ekainaz gero, izendatu zuten lehen ministro, eta hark argi agertu zuen erreforma politikoak eta ekonomikoak bideratzeko, bizitza publikoa txukuntzeko eta ustelkeriari kontra egiteko asmoa. Koalizioa, ordea, ahula zen, eta arazoak aldizka sortzen ziren, bereziki hungariar gutxiengoaren ingurukoak. Victor Ciorbeak, azkenean, dimisioa aurkeztu behar izan zuen 1998ko martxoan, eta Radu Vasilek hartu zuen haren lekua, PNTCD Nekazari Alderdiaren buruak. 2000an, Ion Iliescu izendatu zuten presidente; 2004an, berriz, Traian Basescu eskuindarrak hartu zuen agintea.

2004an, Errumania NATOn sartu zen, eta Irak inbaditu zuen ingeles-estatubatuar koalizioan parte hartu zuen. 2007an, Errumania Europar Batasunean sartu zen.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Errumaniaren banaketa administratiboa»

Errumania zortzi garapen-eskualdetan dago banatua:

Garapen-eskualdeen mapa
Garapen-eskualdea Eremua (km2) Biztanleria (2011)[10] Hiri nagusia[11]
Nord-Vest 34.159 2.600.132 Cluj-Napoca (324.576)
Centru 34.082 2.360.805 Braşov (253.200)
Nord-Est 36.850 3.302.217 Iași (290.422)
Sud-Est 35.762 2.545.923 Konstantza (283.872)
Sud-Muntenia 34.489 3.136.446 Ploiești (209.945)
Bucureşti-Ilfov 1.811 2.272.163 Bukarest (1.883.425)
Sud-Vest Oltenia 29.212 2.075.642 Craiova (269.506)
Vest 32.028 1.828.313 Timișoara (319.279)

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989. urtea arte Errumaniako biztanleria urteko % 1 hazten zen, eta geroztik alderantziz gertatzen da. 1990 eta 1997 artean, 660.000 lagunetan gutxiagotu zen. Emankortasuna erdira jaitsi zen 1990eko hamarkadan: 1989 aurretik, emakumeko 2,6 haur zen, eta 1995-2000 urte bitartean 1,4 izan da. Abortua da gaur egun, erregimen komunistak debekatu zuen, jaiotzak erregulatzeko bide nagusia (1990eko hamarkadan, abortu bat hiru jaioberri biziko). Hilkortasunak gora egin du (haurrenak batez ere) 1989tik aurrera.

Era berean, emigrazioa ere hazi egin zen komunismoa desagertzean, baina geroztik egonkortu egin da. Emigrazioa dela eta, berriz, gutxiengoen pisua indartzen hasi da berriz. 1992ko erroldaren arabera, sortzez errumaniarrak biztanleriaren % 89,5 ziren; hungariarrak, % 7,1, eta ijitoak, % 1,8; 1918an, Errumania Handia osatu zenean, gutxiengoak biztanleria osoaren heren bat ziren; 1992an, % 10 besterik ez. Emigrazioa da beherakada da horren sorburuetako bat, bereziki juduen eta alemanen kasuan. 1956 eta 1992 bitartean, juduak % 94 murriztu ziren, eta alemanak % 69. Gutxiengoak Transilvanian bizi dira gehienbat; han, biztanleriaren laurden bat dira, hungariarrak batez ere. Erlijioz, biztanle gehienak errumaniar ortodoxoak dira (% 70); katolikoak %6 dira, protestanteak %6, eta %18 definitu gabeak.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945era arte, Errumaniako ekonomia oso ahula zen eta nekazaritzan ziharduten langile gehienek. 1949tik aurrera, 50 ha-tik gorako lur eremu guztiak kolektibizatu ziren herri demokraziaren arabera eta, mekanizazioari eta ongarriei erabiltzeari esker, asko hazi zen ekoizpena. Garia eta artoa lantzen dira ordokietan (Valakia, Moldavia, Transilvania eta Dobrudja), fruta eta barazkiak Podgorian eta Transilvaniako haranetan. Garrantzi handikoak dira industriarako laboreak (eguzkilorea, azukre-erremolatxa, patata, tabakoa). Ardi eta behi azienda. Oihanek Errumaniako lurraren %27 hartzen dute (Karpatoetako mendietan). Arrantzari dagokionez, Errumania Europako estatuetan bigarren kabiar ekoizlea da, Errusiaren ondoren. Errumaniako lurpea aberatsa da: petrolioa (Ploiesti, Moldavia), gas naturala (Transilvania), ikatza (Banat, Petrosani), lignitoa,burdina,beruna,kobrea, zinka, bauxita eta manganesoa baitaude bertan. 1949tik aurrera, izugarri hazi zen Errumaniako industria, bost urteko planei esker: burdingintza (Hunedoara, Resita, Galati); traktoreak (Brasov); burdinbiderako gaiak (Craiova); kimika industria (Valea Coelugareasca, Craiova, Tirgu Mures); ehungintza (Moldavia, Iasi, Timisoara); eta janari industria. Turismoak garrantzi handia du Itsaso Beltzeko eremuetan (Mamaia, Mangalia).

1980 eta 1990eko hamarkadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniar ekonomiak, munduko krisiaren baitan, behera egin zuen 1980ko hamarkadan. Ia itota zegoen Ceaucescuren gobernua erori zenean, Antzinako Erregimenaren autarkiaren ondorioz, zentralizazio handiegia zuen, atzeratua zegoen teknologian, eta handiegia zen industria astuna. 1990eko udazkenean hasi ziren abian erreformak, mailaka-mailaka, besteak beste, kanpoko zorra murrizteko helburuarekin. Ekonomia bideratzeko lehen neurriak diruaren baliogabetzea, pribatizazioak, prezioen liberalizazioa eta kontsumo gaien diru-laguntzak gutxiagotzea izan ziren. Arrisku handia zegoen langabezia asko handitu zedin, baina lortu zen arrisku hori saihestea. Mailakako erreformak egiten jarraitu zen 1992-1996 urteetan. Beherakada oso handia izan zen 1992an, Ekialdeko Europako gainerako herrialdeetan baino askoz handiagoa (1989rekin alderatuz, %25), baina gero egonkortu egin zen errumaniar Nazio Produktu Gordina, eta ekonomia hazten hasi zen (%1,3 1993an, %3,9 1994an, %6,9 1995ean). Hazkunde hori, ordea, gehiago oinarritzen zen nekazaritzan industrian baino. Izan ere, industria nagusi izan den arren 1989tik aurrera, nazio produktu gordinaren osaeran duen garrantzia murriztu egin da nekazaritzaren mesedetan. 1996an, nekazaritzak NPGaren %19,8 hartzen zuen, industriak %37,3, eraikuntzak %6,9, eta zerbitzuek %36.

Pribatizazioak, gehienetan, biztanleen artean kupoiak eta jabetza zertifikatuak banatuz egin ziren, eta motel egin zen prozesua da. 1993 eta 1995 artean egin ziren pribatizazioen bi heren soldatapekoek berriz erositako enpresa txikiei zegozkien. Baina bide hori ez zen egokiena, ez baizuen enpresak kapitalizatzeko behar bezainbeste ematen. Horren ondorioz, enpresa txikiak eta ertainak ahulak dira, eta handiak,berriz, gehienbat, estatuaren jabetza. Sektore pribatuaren partea gero eta handiagoa da industrian (%77 zen 1977an). Garrantzitsuagoa da zerbitzuetan, eta, batez ere, nekazaritzan (nekazaritza ekoizpenaren % 90 baino gehiago), lur asko itzuli baitzaio antzinako jabeei (1991ko legearen arabera). Nazio ekonomia ez baita behar bezala berregituratu, eta hazkundea ez dirudi finkoa denik. 1996an, aurrekontuaren defizita (NPGren % 5,8), aurreko urteari buruz, bikoiztu egin zen. 1996ko hauteskundeetatik sorturiko gobernuak neurri ekonomiko berriak hartu zituen (horien artean, prezioen liberalizazio osoa), baina ekonomiak atzera egin zuen berriz ere 1997tik aurrera, industriako lana asko murriztu baitzen (% -6,6); bestalde, inflazioa hirukoiztu egin zen urte batean, eta biztanleen eros-ahalmena % 20 jaitsi zen. Joera horiek berean jarraitu zuten 1998an, eta defizita asko hazi zen. Langabezia (1998ko abuztuan, biztanle aktiboen % 8,7), hala ere, ez da handia. Alabaina, erreformei buruzko datuak zirela eta, Nazioarteko Diru Funtsak eten egin zituen 1998aren hasieran Errumaniarentzat bideratutako kredituak.

Industrializazioaren ondorioz, errumaniarren urbanizazio tasak gora egin zuen komunismoaren garaian (%55 hirietan bizi zen). Baina 1989tik aurrera izandako aldaketek industrian ziharduen biztanleen parte bat landaldera bultzatu zuen. Aldi berean, eskualdeen arteko aldeak areagotu egin dira komunismoaz geroztik. Moldavian, langabe dira biztanle aktiboen %15 (batez besteko nazionala halako bi). Bukarest eta Transilvania dira eskualde dinamikoenak. 1998an lurraldekotasunari buruzko lege bat onartu zen, nolabait ere alde horiek ekar ditzaketen arazoei aurre egiteko asmoz.

Kanpo merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

COMECON desagertu zenean, Mendebaldera egin zuen errumaniar kanpo merkataritzak. Hala, 1995. urtean, Europar Batasuneko herrialdeekiko trukeak, 1988an heren bat zirenak, bolumen osoaren erdia baino gehiago ziren. 1995eko otsailaren 1ean, Europar Batasunarekiko akordio bat jarri zen indarrean, eta hura bihurtu da Errumaniaren merkataritza kide nagusia. Errusiak betetzen du hirugarren lekua, gas naturalaren eta petrolioaren inportazio masiboak direla eta. 1997an, Errumaniak Truke Libreko Europa Erdialdeko Akordioa izenpetu zuen (CEFTA ingelesez), Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Poloniarekin. Harreman horiek, 1996an, Errumaniako kanpo merkataritzaren % 4,3 baino ez ziren.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

See source Wikidata query.

Errumaniar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf .
  2. United Nations world population prospects, esa.un.org
  3. Romanian 2011 census (final results, recensamantromania.ro
  4. Romania: Climate, countrystudies.us
  5.   Herodoto, The Ancient History of Herodotus, Derby & Jackson, books.google.com, https://books.google.com/?id=sfHsgNIZum0C&pg=PA215&lpg=PA215&dq=herodotus+dacians+darius. Noiz kontsultatua: 2017-05-20 .
  6.   Assorted Imperial Battle Descriptions, De Imperatoribus Romanis, An Online Encyclopedia of Roman Emperors, roman-emperors.org, http://www.roman-emperors.org/assobd.htm#s-inx. Noiz kontsultatua: 2017-05-20 .
  7.   Dacia-Province of the Roman Empire, unrv.com, http://www.unrv.com/provinces/dacia.php. Noiz kontsultatua: 2017-05-20 .
  8.   Vlad Tepes - The Historical Dracula, donlinke.com, http://www.donlinke.com/drakula/vlad.htm#Evidence. Noiz kontsultatua: 2017-05-21 .
  9.   St. Stephen the Great, oca.org, https://oca.org/saints/lives/2017/07/02/149011-st-stephen-the-great. Noiz kontsultatua: 2017-05-21 .
  10.   2011 Regions Population, INSSE, recensamantromania.ro, http://www.recensamantromania.ro/wp-content/uploads/2013/07/sR_TAB_2.xls. Noiz kontsultatua: 2017-05-19 .
  11. a b   Population at 20 October 2011, INSSE, recensamantromania.ro, http://www.recensamantromania.ro/wp-content/uploads/2013/07/sR_Tab_31.xls. Noiz kontsultatua: 2017-05-19 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errumania Aldatu lotura Wikidatan