Esako gudua (1521)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Esako Gudua (1521)» orritik birbideratua)
Esako gudua
Nafarroako konkista
Lau Urteko Gerra
Esako edo Erronkariarren zubia
Data1521eko maiatzaren 18a
LekuaErronkariarren zubia
 EH
EmaitzaNafarren garaipena
Gudulariak
Espainiako Inperioa  Nafarroa
Buruzagiak
Rodrigo de Hurtado Petri Nafarroakoa
Galerak
3 hildako Hildako 1

Esako Gudua 1521eko maiatzaren 18an borrokatu zen Esako zubian, André Foixkoa jauna buru zuen nafar-gaskoi espedizioa Nafarroa Garaira kontraerasoan sartu zenean; erresuma gehiena Karlos V.aren mendean zegoen Gaztelako Koroan, 1512an Fernando Katolikoak erresuma inbaditu ondoren. Naiarako dukeak, Nafarroako espainiar erregeordeak, ihes egin zuen. Petri Nafarroakoa mariskal semea Zangozara heldu zen, eta erresistentzia antolatu zuen. Zangozarrak altxa egin ziren gaztelar garnizioaren kontra eta bat egin zuten espedizioarekin.[1]

Irunberri eta Ledeako gaztelar indarrak hauexek osatzen zuten: 150 calahorratar, Rodrigo de Hurtado kapitain zutela, eta Bergara kapitainaren tropak. Nafarren artean, berriz, Zangozako zinegotziek abizen deia egin zuten Petri Nafarroakoa semearen izenean, baita merindadean ere. Gaztelarrek irunberriar herritar batzuk hartu zituzten gidari Aragoira ihes egiteko, Esako zubitik. Joan Larekikoa zuten gidari burua.[1]

Aldiz, hara baino lehen, bertan zituzten zain zangozarrak, ledeatarrak eta irunberriarrak bidea mozteko, Simon Ledeakoa buruzagi zutela. Martin Xabier zuen laguntzaile, Xabier eta Gendulaingo andrearen semea eta Orreagako priorearen morroia. Gaztelarrak borrokara oldartu ziren, baina garaituak izan ziren. Nafarrek bandera eta estandarteak kendu zizkioten gaztelar indarrari, eta 60 preso hartu, gehienak calahorratarrak. Gainera, haien armak, bular oskolak eta ezpatak atzeman zizkieten. Hiru calahorratar eta zangozar bat suertatu ziren hilik.[1]

Garaipena edanez eta freskatuz ospatu zuten Xabierren etxean. Garaipen ospakizunetan, Joan Gurpegi Kontuen Ganberako epailea eta Migel Martinez Lesakakoa prokuradorea ere izan ziren, Zangozatik paradan zaldiz ibiliz eta jendearen bozkarioarekin bat eginez eta gaztelar banderak alderantziz erakutsiz. "Enrich! Enrich!" eta "Eusa! Eusa!" oihukatzen zuten. Gero, Antso Oibarkoaren alargunaren ostatura joan ziren, Petri Nafarroakoa hor baitzen tuterarren eskolta batekin. Gaztelar presoak aske utzi zituzten, eta Aragoira kanporatuak, Calahorrara itzul zitezen.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Esarte Muniain, Pedro. (2001). Navarra, 1512-1530 : conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico. Pamiela, 436-442 or. ISBN 84-7681-340-6. PMC 49819082. (Noiz kontsultatua: 2021-04-24).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]