Esfigmomanometro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Esfigmomanometroa tentsio arteriala neurtzen duen tresna medikoa da. Eskumuturreko puzgarri batez, manometro batez eta puzteko mekanismo batez dago osatua. Eskumuturrekoa puztean, azpian kokatzen den arteria era kontrolatu batean estutzen eta erlaxatzen da. Manometroak, orduan, presio arteriala neurtzen du, normalean merkuriozko milimetroetan jasotzen dena (mmHg).

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi esfigmomanometro mota daude:

Merkuriozko esfigmomanometroa.

Manuala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auskultaziorako estetoskopio baten beharra dauka. Manualean bi mota desberdintzen dira:

Merkuriozko esfigmomanometroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkuriozko zutabeak hartzen duen altueraren arabera neurtzen da presio arteriala, horregatik, neurtzeko metodorik zehatzena da. Horrez gain, ez du birkalibraziorik behar. Bere zehaztasuna dela eta, saiakuntza klinikoetarako erabiltzen den esfigmomanometroa da. Gaur egun, merkurioaren toxikotasunaren ondorioz, baztertzen hasi da.

Esfigmomanometro aneroidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malguki zehatzek bultzaturiko orratz batek adierazten du presio arteriala. Etengabe birkalibratu behar den arren, merkuriozko esfigmomanometroa baino seguruagoa da.

Digitala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neurketa oszilometrikoak eta kalkulu elektronikoak erabiltzen ditu auskultazioaren ordez. Ez da merkuriozko esfigmomanometroa bezain zehatza. Esfigmomanometro digitala, gainera, ingurune zaratatsuetan erabili daiteke, auskultazioa fidagarria ez denean.

Esfigmomanometroaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esfigmomanometroaren eboluzioa zuzenki lotuta dago presio arterialaren historiarekin. Mediku egiptoarrek pultsua zainen haztapenaren bidez neurtzen zuten. Hala ere, presio arterialaren neurketa XIX. mendean hasi zen, Stephen Hales medikuaren eskutik. Halaber, Poiseuille fisiologo frantsesa merkuriozko zutabe bat erabiltzen lehena izan zen. Honen ondorioz, 1828. urtean Pariseko Medikuntza Akademiak domina bat eman zion. Urtebete lehenago, Samuel Siegfried-k eta Karl Ritter von Basch-k urezko esfigmomanometroa asmatu zuten.

1881. urtean Marey-k asmatutako esfigmomanometroa.

Presio arterialaren ikerketetan emandako aurrerapenen ondorioz, 1905. urtean Nikolái Korotkov medikuak metodo berri bat asmatu zuen. Metodo honekin, auskultazio bitartez presio arteriala modu erraz batean neurtu ahal zen. 1915. urtean, A. Baum-ek XXI. mendean ezagutzen dugun esfigmomanometroa asmatu zuen, presio arteriala neurtzeko tresna mugikorra sortuz.

XX. mendeko 70eko hamarkadan, ospitaletan esfigmomanometro digitalak erabiltzen hasi ziren, neurketa automatikoak egiteko gai zirenak. Esfigmomanometroen osagai elektronikoetan egondako aurrerapenak direla eta, XX. mendean posible izan zen adituen laguntzarik gabe neurketa zehatzak egitea. XXI. mendearen hasieran, esfigmomanometroa etxeetan agertzen hasi da, botiketan erosteko aukera dagoelako.

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotz-zikloan, presio maximoa odoleko ponpaketan gertatzen da, hau da, sistolean. Presio maximoko puntu honen ostean, bihotza erlaxatzen hasi eta odol benosoz betetzen da, presio minimoa lortuz. Esfigmomanometroa, odol-fluxuak eragindako presio-balio hauek neurtzeko erabiltzen da.

Eskumuturreko esfigmomanometro digitala.

Esfigmomanometroa osatzen duen eskumuturrekoa bihotzaren altueran kokatzen da, orokorrean bihotzetik hurbilen dagoen besoan, hots, ezkerrekoan. Eskumuturrekoa mekanismo baten bitartez puzten da, eta honek besoa estutzen du. Eskumuturrekoaren barruan aurkitzen den airearen presioa manometroaren bitartez neurtzen da. Presioa igotzen doa, besotik igarotzen den arteriako odol-fluxua eteten den arte. Ondoren, presioa jaisten da, eta estetoskopio baten bitartez arteriaren auskultazioa egiten da, Korotkoff-en soinuak detektatzeko.

Esfigmomanometro digitala besoan, eskumuturrean edo atzamar batean kokatu daiteke. Funtzionamendua berdina da, baina eskumuturrekoak Korotkoff-en soinuak antzematen dituen sentsore batzuk ditu. Esfigmomanometro digitala auskultazio-sistema batez eta sistema oszilometriko batez dago osatua. Auskultazio-sistema eskumuturrean kokatuta dagoen mikrofono batean oinarritzen da, Korotkoff-en soinuak jasotzen dituena. Sistema oszilometrikoak, aldiz, horma arterialeko bibrazio-transmizioak aztertzen ditu.

Esfigmomanometro digitalen bitartez, hipertentsio arteriala pairatzen duten pertsonek egunero beraien presio arteriala kontrola dezakete era erraz batean. Eskumuturrekoa jarri eta botoi bati sakatuz, presio arteriala neurtu eta emaitza esfigmomanometro digitalaren memorian gordetzen da, eboluzioa aztertu ahal izateko.

Neurtze-prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik eta behin, besoa haztatzen da arteria brakialaren pultsoa aurkituz, bertan kokatu egingo baita estetoskopioa. Esfigmomanometroa poltsa batez eta manometro batez osatuta dago. Poltsa ezkerreko besoan kokatzen da, bihotzaren altueraren inguruan gutxi-gorabehera. Behin poltsa besoan kokatuta dagoela, estetoskopioa arteria brakialean jartzen da (poltsaren azpian). Jarraian, poltsa puzten da, manometroan 200 mmHg-ko presioa lortu arte, hau da, arteria brakiala guztiz okluitu arte.

Ondoren, esfigmomanometroaren balbula irekitzen da, eta poltsako airea ateratzen da, hura hustuz. Poltsa husten den heinean, arteria brakiala poliki poliki ireki egingo da, odola bertatik berriro pasatu arte. Odola arteria brakialetik igarotzen hasten denean, palpitazio-soinuak hasiko dira. Lehen palpitazio-soinua Korotkoff-en lehen soinua bezala ezagutzen da. Soinu hori entzuterakoan, manometroak adierazten duen presioa da odol-presio sistolikoa (presio altua). Poltsa husten jarraituko da, arteria brakiala guztiz irekita egon arte. Une horretan, Korotkoff-en bosgarren soinua entzungo da. Palpitazio-soinu gehiagorik entzuten ez denean, manometroak adierazten duen presioa, odol-presio diastolikoa da (presio baxua).

Mantentze-lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabileraren ondorioz, esfigmomanometroak doikuntza galduz doaz. Hori dela eta, esfigmomanometro mota bakoitzak mantentze-lan berezia behar du. Esfigmomanometro ohikoena merkuriozkoa da. Baina, zenbait herrialdeetan debekatuta dago, euren erabileraren funtsezko osagaia, hau da, merkurioa, osasunerako kutsagarria delako.

Orokorrean esfigmomanometro gehienek sei hilabetetik sei hilabetera behar dute kalibrazio-lana. Beraz, tresna hauen kostua larregi handia da, denbora laburrean beharrezkoa baita berriro tresna kalibratzea, funtzionamendu egoki bat izan dezan.

Kalibrazioa egitean, giro-tenperatura kontutan hartu behar da, tenperaturak kalibrazioan eragiten baitu. Kalibraketa-prozesua, erreferentziazko anemometroak neurtutako presioa, kalibratu beharreko tresnak neurtutakoarekin alderatzean datza. Horretako, bi manometroak Y itxura duen hodi batera konektatzen dira, eta hodia presio-ganbera batera. Ganbera horren presioa txikituz doa, bi manometroek presio berdina neurtu arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[1] Comparing Mercury and Aneroid Sphygmomanometers, Sustainable Hospitals. Kontsultatu: http://www.sustainablehospitals.org/HTMLSrc/IP_Merc_Tools_CompSphyg.html (Azken kontsulta: 2016/05/18).

[2] A short history of blood pressure measurement. Kontsultatu: https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pmc/articles/PMC1543468/ (Azken kontsulta: 2016/05/20).

[3] Are aneroid devices suitable replacements for mercury sphygmomanometers, Journal of HumanHypertension. Kontsultatu: http://www.nature.com/jhh/journal/v14/n12/pdf/1001109a.pdf (Azken Kontsulta: 2016/05/20).