Eski-ohol

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eskiko ohol ezberdinak.

Eski-ohola oinen azpian jartzen den xafla mehe bat da, material erdi-zurrunez eginikoa eta elurretan irristatzeko erabiltzen dena. Eski-oholak erabiliz egiten den kirolari eski deritzo.

Zabalera baino luzeran handiagoa, normalki pareka erabiltzen dira eta eski-botetara finkagailuen bitartez lotzen dira. Aldapak igotzeko, oholei eski-larruak gehitu ahal zaizkie beheko aldean. Hasiera batean elurretatik bidaiatzeko laguntza gisa sortu baziren ere, gaur egun gehienetan eski kirolerako erabiltzen dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Eskiaren historia»

Zurezko eski zaharrenak Errusian (k. a. 6300–5000 inguru.), Suedian (k. a. 5200 inguru) eta Norvegian (k. a. 3200 inguru) aurkitu ziren, hurrenez hurren.[1]

Ipar-eskien teknologia XX. mendean egokitu zen, eskiatzaileei abiadura handiagoan biratzen uzteko. Eskiaren eta eski finkagailuen diseinu berriek, eskiatzaileak pistetara eramateko teleaulkiak sartzearekin batera, alpetar eskia garatzea ahalbidetu zuten. Bitartean, eremu nordikoko teknologia-aurrerapenei esker, patinajerako eta eski-jauzirako eski bereziak garatu ziren.

Eski asimetrikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendean Danimarka-Norvegiako armadak erabilitako eski asimetrikoak, eskuineko hankarako eski luzea, profilez ere agertzen da (ezkerrean).
XVIII. mendean Danimarka-Norvegiako armadak erabilitako eski asimetrikoak, eskuineko hankarako eski luzea, profilez ere agertzen da (ezkerrean)[2].

Eski mota hau Finlandiako eta Suediako iparraldean erabili zen gutxienez 1930eko hamarkadara arte[3]. [11] Hanka batean, eskiatzaileak arkurik gabeko eski zuzen luze bat zuen irristatzeko, eta bestean eski motzago bat abiadura hartzeko. Eski laburraren behealdea laua edo animalia-larruz estalia zen, erabilera horretan laguntzeko. Eskiatzailearen pisuari eusten zion eski luzea, berriz, animalia-koipez tratatzen zen, eski-argizari modernoaren antzerako funtzioarekin. Horrelako eskien erabilera Olaus Magnusen lanetan ikus daiteke[4]. Sami herriarekin lotzen ditu, eta savek (eski luzea) eta golos (eski laburra) izenak zituzten eskiek. Finlandieraz lyly eta kalhu dira hitzak, hurrenez hurren[5].

Eski bakar luzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Botniako golkoko itsas txakur ehiztariek eski berezi luze bat garatu zuten, foken aire hartzeko zuloetatik tirokatze distantzietara iristeko. Dena den, elur gogortuan mugitzeko ere erabilgarria zen eta luzera handia, 3-4 metro, izaten zuen izotzetako pitzaduren aurka babesteko. Suediraz skredstång izena jasotzen du[6].

Eski garaikideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1850 inguruan, Telemark, Norvegiako artisauek eski konkortua (cambered) asmatu zuten. Eski mota hau erdialdean altxatua dago, finkagailuaren azpian, eta eskiatzailearen pisua uniformeki banatzen du eskiaren luzera osoan. Konkordura gabeko eski zaharragoek behar bezain lodiak izan behar zuten, beherantz ez makurtzeko eta eskiatzailearen pisupean elurretan ez hondoratzeko. Diseinu berri horri esker, eski meheagoa eta arinagoa eraiki ahal izan zen, errazago tolestu ahal zena kolpeen talka xurgatzeko, eta azkarrago eta errazago maniobratu eta korrika egin zuena[7]. Honetaz gain, diseinu berrian eskiaren erdialdea estuagoa zen, punta eta isatsa zabalagoak ziren bitartean. Horri esker, errazago tolestu eta biratzen zuen eskiak.

Eskiak, tradizioz, zur gogorrezko pieza bakar batean zizelkatuak ziren, hala nola urki edo lizarrekoak. Zur horiek erabiltzen ziren, eski-lasterketekin lotutako talkekiko erresistentzia- eta abiadura-faktoreak maneiatzeko duten dentsitate eta gaitasunagatik. Europako basoen galeraren ondorioz, zaila izan zen kalitatezko pieza bakar bateko egurra aurkitzea, eta horregatik sortu zen eski ijeztua[8]. 1891tik aurrera, Norvegiako eski egileak egurrezko bi geruza edo gehiago ijezten hasi ziren, ipar-eskirako ohol arinagoak egiteko. Eski hauen garapenak hainbat geruzatako errendimendu handiko eskiak ekarri zituzten 1930eko erdialdean[9].

Egurrezko eskiak eta bastoiak

Elkarrekin itsasten diren bi zur-mota desberdinek osatutako eskia da eski ijeztua. Zur biguneko goiko geruza bat geruza mehe bati itsasten zaio, zur gogorrezko gainazal baten azpian. Konbinazio horrek eski arinagoak eta maniobragarriagoak sortu zituen, aurreko zurezko eski pisutsuak baino. Arinagoak eta gogorragoak izan arren, eski ijeztuek ez zuten oso bizitza luzea. Garaian erabiltzen ziren itsasgarriak uretan disolbagarriak zirenez, askotan huts egiten zuten. Batez ere itsasgarriaren ertzetan zatiketak (delaminazioak) maiz eta azkar gertatu ohi ziren. 1922an, eskiatzaile norvegiar batek, Thorbjorn Nordbyk[8], itsasgarri sendo eta iragazgaitz bat garatu zuen, eta horrek zatiketaren arazoa geldiarazi zuen. Eski laminatuen ikerketak eta diseinuak azkar egin zuen aurrera. 1933an teknologia berri bat garatu zen: egur gogorrezko karkasa bat, zeinaren barruan egur arinagoa zegoen. Guztiz estaltzen zuenen, zatika eta delaminazio arazoak desagertu ziren. Hasierako diseinu hau hobetzen joan da eta gaur egun ere erabiltzen da.

1950ean, Howard Headek Head Standard deiturikoa aurkeztu zuen, zur kontratxapatuko nukleo baten inguruan aluminio aleazio bat jarriz. Diseinuak altzairuzko ertzak zituen (1928an Austrian asmatuak izan zirenak[8]) eta kanpoko gainazalak formaldehido fenolezko erretxinaz eginak zeuden, zeintzuek argizaria ematea ahalbidetzen zuten. Eski arrakastatsu hori bakarra izan zen une hartan, eta aisialdirako diseinatu zen, lasterketetarako diseinatu ordez[10]. 1962an beira zuntzezko eski bat, Kneissl's White Star delakoa, Karl Schranzek erabili zuen FIS Munduko Eski Txapelketan urrezko bi domina irabazteko[10]. 60ko hamarkadaren amaierarako, beira-zuntzak aluminioa ia erabat ordeztu zuen.

1974an, Magne Myrmo egurrezko eskiak erabili zituen azken munduko txapelduna izan zen (Falun, ipar eskiko 15 km-ko proba)[11][12].

Gaur egungo eskia, punta eta isatsa zabalagoak dituena. Egurraz gain, material sintetikoak ere erabili ohi dira.

1975ean, eskiko bihurdura-kaxaren eraikuntza-diseinua patentatuta zegoen[13]. Kästle, Salomon, Rottefella eta Madshusek aipatzen dute patentea. 1993an, Elan SCX modeloa merkaturatu zuen Elanek, gerria baino askoz punta eta isats zabalagoak zituen eskia. Ertzetan pisua jartzerakoan, forma kurbatu batean tolesten dira eta biraketa bat egitea izugarri errazten dute. Ipar eskian biraketak egiteko hainbat teknika daude eta ertzak ez dira hain garrantzitsuak, eta eskiek sidecut gutxi dute. Urte askoan, eski alpetarrak ipar-eskiko oholen antzera eratu ziren, soilik motzagoak eta zabalagoak zirelarik. Baina Elan SCX eski-oholaren diseinuak izugarri hobetu zuen errendimendua. Beste konpainia batzuek segituan jarraitu zioten bere adibideari, eta Austriako eski-diseinatzaile batek onartu zuenez, "kontua da berrogei urtez izan ditugun uste guztiak zeudela[9]." Line Skis enpresak, akrobaziazko eskian zentratutako lehenak[14], eskola berriko akrobazioazko mugimendua inspiratu zuen, 1995ean bi puntako eski-oholak sortuz[15]. Salomon Taldea izan zen eskiatzeko bi puntako eskia arrakastaz merkaturatu zuen lehen enpresa, 1998an 1080 oholarekin[16]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskiak hiru zati ditu: eskiaren aurrealdea edo espatula, eskiaren erdia (boten azpian) edo patina, eskiaren atzealdea edo orpoa. Gehienetan, egitura-simetria axiala du.

Forma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztor forma duten eskiak

Goitik ikusita, eski alpetar modernoak liztor baten forma dauka: espatula eta orpoa patina baino zabalagoak dira. Horrek kota-lerro bat definitzen du, hau da, eskiaren zabalera hiru puntu horietan neurtzen da. Forma hau duen eskiei profildunak ere esaten zaie.

Eski parabolikoa arrakasta handia izan zuen eski profilatuaren eredu bat da, eta eskiaren ertzen formari dagokio haren izena. Parabola forma horri esker, eskiatzaileak presio nahikoa egiten badu, tolestu egiten da elurra ebakiz biraketa baten forma egiteko. Eskiatzaileak abiadura irabazten du, biraketan zehar eskia ez baita labaintzen[17].

Gaur egun, eski profildunak alpetar eskian zabalduenak dira elur eta eskiatzaile gehienen artean: hasiberriek lehen jaitsieretatik maniobratzeko ematen duten erraztasuna eskertuko dute, eta adituek, berriz, aldakortasuna eta mugimendu-azkartasuna, baita abiadura handian ere[18].

Eskien camber eta rocker ezberdinak
Eskien camber eta rocker ezberdinak

Hala ere, duela urte batzuetatik hona, profil askoz txikiagoa duten zenbait eski agertu dira, batez ere erabilera partikularretarako, hala nola pistatik kanpoko eskirako edo akrobazietarako. Ildo honetan, eski batzuek kontrako profila dute eta zabalagoak dira patinean atzealde eta aurrealdean baino, hala nola Armada enpresaren ARG II ohola[19]. Eraikuntza horren bidez, eskiatzailearen pisua kontaktu-azalera zabalago batean banatzen da, eta, orri esker, errazago maneiatzen da hauts motako elurrean.

Eski txapelketa ofizialetan, eskiaren neurriak eta eraikuntza oso arau zehatzek mugatzen dute. Slalomeko eski-oholek, FIS arauen arabera, 165 zentimetro neurtu behar dituzte gizonen kasuan, eta 155 zentimetro, gutxienez, emakumeenean. Horrelako arauak diziplina guztietan daude, eta eskiaren biraketa erradioari ere eragiten dio. Adibidez, proba berdinean, 2007an 23 metroko biraketa erradioa izan behar zuten, eta 2008tik aurrera, 27koa. Beste adibide bat jartzearren, abiadura diziplinetan bai emakume zein gizonen eskiek 200 zentimetrotik gorakoak izan behar dute[20].

Azkenik, patinaren azpiko altxadura ohikoaz gain, eski batzuek altxadura extraren bat izaten dute bai aurrealdean zein aurre eta atzealdean, rocker deiturikoa. Forma hau pistaz kanpoko eskietan orokortzen joan da azken urteetan, hauts motako elurretan ematen duen hobekuntzagatik[21]. Beste batzuek espatula bikoitza dute (aurrekoaz gain, atzean ere), bai aurreraka zein atzeraka eskiatu ahal izateko, akrobazia eskian.

Elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski-ohol baten egitura zati desberdinak
Eski-ohol baten egitura zati desberdinak

Eskiaren elementu nagusiak hauek dira:

  • Zola: elurrarekin kontaktuan dago eta eskiari irristatzeko aukera ematen dio. Polietilenozkoa izan ohi da, eta pixka bat artekatzen da norabide luzeenean, urtutako elurra azkarrago atera dadin eta eskiatzailearen abiadura handitu dadin. Izan ere, eskia ez da zuzenean elurretan irristatzen, eskiarekin kontaktuan dagoen elurra urtzearen ondoriozko uretan baizik[22]. Mantentze-lan erregularra behar da irristatzea hobetzeko (zuloen betegarria eta argizaria ematea). Gainera, erabilitako argizaria elurraren tenperatura eta motaren araberakoa da[23].
Eski paraboliko baten biraketa-erradioa azaltzen duen eskema.
Eski paraboliko baten biraketa-erradioa azaltzen duen eskema.
  • Ertzak: eskiaren alde banatan kokatuak, ohola elurretan kontrolatzeko aukera ematen dute. Altzairuzkoak izan ohi dira, urradurarekiko erresistenteak eta oso zorrotzak. Biratzea eta elur gogorretan eustea ahalbidetzen dute. Zolak bezala, zorrozketa erregularra behar dute[24].
  • Nukleoa: izenak adierazten duen bezala, eskiaren bihotzean dago, eta zeregin garrantzitsua du zurruntasunean. Elementu honetan fabrikatzaileen arteko alde handia dago. Aleazioz (adibidez, titanioa), zurez edo metalez osatua, eskiari sendotasuna eta zurruntasuna ematen dizkio. Bihotz hori, askotan, oso sentikorra da urarekiko, eta, beraz, sandwich-geruzez babestu behar da[25].
  • Eskiaren goiko aldea: askotan, beira zuntzez indartutako epoxi konposatuz eginda, eskiaren bihotza babesten du eta apaingarri gisa jokatzen du (serigrafiak izan ohi ditu). Goiko geruza (topsheet ingelesez) orri polimeriko garden bat da, apaindua eta kolpe eta urradurekiko sentikorra.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski-oholak zur trinkoz eraikitzetik haien eraikuntzan hainbat material erabiltzera pasa dira, tartean karbono eta kevlarra barne. Hau ohol sendoagoak, torsionalki gogorragoak, arinagoak eta iraunkorragoak izateko egin da. Oholak fabrikatzeko hiru teknika nagusi daude, eta bakarrik edo konbinatuta erabili daitezke[25]:

Ijeztua edo sandwich egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monocoque (goiko zatia, koloreduna) eta egitura ijeztua (behekoa, zuria) nahasten dituen ohola.
Monocoque (goiko zatia, koloreduna) eta egitura ijeztua (behekoa, zuria) nahasten dituen ohola.

Ijeztutako eskiak geruzetan eraikitzen dira. Beira zuntza, altzairua, aluminiozko aleazioa edo plastikoa bezalako materialak geruzak konprimituta daude nukleoaren gainean eta azpian[26]. Laminatutako eraikuntza gaur egun txapelketa-oholetan gehien erabiltzen den fabrikazio prozesua da[25]. Lehen eski laminatu arrakastatsua eta, ziur aski, lehenengo eski modernoa Head Standard izan zen, 1950ean aurkeztu zena, zeinak aluminiozko aleazioa zuen kontratxapatu muinaren inguruan[27].

Tortsio kaxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dynamic VR7 eski oholak eraikuntza metodo berri bat aurkeztu zuen: egurrezko nukleo txikiago bat beira-zuntz bustian bildua zuen, aurrez lehortutako beira-zuntzezko xaflak muinean itsatsita izan beharrean (funtsean, metalezko xaflak ordezkatuz)[28]. Emaitza tortsio kaxa bat izan zen eta horrek eskia askoz ere indartsuagoa bihurtu zuen. VR7, eta bere jarraitzaile VR17 are eta ospetsuagoa, gizonezkoen lasterketetarako erabil zitekeen beira zuntzezko lehen eskia izan zen. Denborarekin, bai muinaren bai tortsio kaxarako materialak aldatu egin dira; egurra, plastikozko hainbat apar, beira zuntza, kevlarra eta karbono zuntzak diseinu desberdinetan erabiltzen baitira. Tortsio kaxen diseinuek ipar eskiko oholetan nagusi izaten jarraitzen dute, baina ez da hain arrunta alpetar eskian.

Monoque edo estalkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadan zehar, Bucky Kashiwak eski-oholak egiteko teknika berria garatu zuen, tortsio kaxaren eboluzio bat: zurezko muin baten inguruan tortsio kaxa baten hiru alde altzairu herdoilgaitza erabiliz osatu zituen eta eskiaren zolak laugarren aldea. Teknika hau erabiltzen zuten Volant oholak 1989an aurkeztu ziren[29]. Baina ekoizteko garestiak ziren, eta kritika positibo asko jaso zituen arrren, enpresa ez zen inoiz errentagarria izan. 1990ean, Salomon enpresak S9000 ohola kaleratu zuen, kontzeptu berean oinarrituta, baina altzairua plastikoz ordezkatu zuen, "monocoque" deituriko diseinua sortuz[27]. Orain "estalki" diseinua deritzo, kontzeptuak muina biltzeko beharra ezabatzen du eta hori ekoizteko askoz ere gutxiago kostatzen den urrats bakarreko prozesua ordezkatzen du[25]. Teknika hau eski alpetar ohol gehienetan erabiltzen da gaur egun[25].

Historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egurrezko eski klasikoa eskuz landutako egurrezko pieza luze bakar batez osatuta dago. Hasierako diseinuak, normalean, angelu-zuzenak ziren alboetan, espatula lurrunaren aplikazioarekin tolestuz. Denborarekin diseinuak aldatu ziren eta oholak alboetan mehetzen zituzten edo erditik behera aldapa nabarmenak agertzen ziren.

Eski motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski modalitateak espezializatzen joan diren heinean, eski-oholak ere garatuz joan dira eta gaur egun hainbat motatakoak aurki ditzakegu:

Alpetarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski-alpetarreko ohol ezberdinak
Eski-alpetarreko ohol ezberdinak

Eski alpetarra praktikatzeko hainbat eski-ohol mota daude, denak goian azaldutako eski estandarraren bariazioak dira. Eskiatzailearen mailaren (hasiberria, maila-ertaina, aditua), praktikaren (pista orokorrean, pista eta kanpo mistoa, bakarrik kanpo), eskiatzailearen tamainaren, gizon edo emakume bertsioaren arabera zehaztasun ezberdinak dituzte[30] [31].

  • Pista-oholak: hasiberriak, ebolutiboak, errendimendua, carving;
  • All-moutain oholak: balioanitzak, pistan eboluzionatzeko aukera ematen dute eta pista-ertzera eta pistatik kanpo sartzeko ere baliagarriak dira.
  • Freeride oholak: gehienbat pistaz kanpoko erabilerara bideratuak. Gehienbat zabalak izan ohi dira, eta alderantzizko rockerra ere ohikoa bihurtu da gaur egun.
  • Freestyle oholak: bi espatuladun eskiak (aurrean eta atzean), atzeraka eskiatzea ahalbidetzen dutenak, snowpark izeneko egituran akrobaziak egiteko materiala da. Eski zabalagoak dituen "backcountry" azpikategoria batek pistatik kanpo freestyle modalitatea praktikatzeko aukera ematen du.
  • Lehiaketa-oholak: Modalitatearen arabera, eski bakoitzaren tamaina, erradioa etab zehaztuak daude eta diziplina bakoitzak bere eski zehatzak ditu: slaloma, slalom erraldoia, super-G, jaitsiera.

Eski nordikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski nordikoko oholak: ezkerrean, patinaje-ohol eta botak, eskubian, estilo klasikokoak
Eski nordikoko oholak: ezkerrean, patinaje-oholak eta eskubian, estilo klasikokoak

Eski nordikoan eskiatzaileak ez du erremonterik aldapan gora igotzeko[32], beraz eskiak eta botak arinagoak izan ohi dira. Gainera, orpoa libre dute oinez ibiltzeko. Eski nordikoko bi eski mota nagusi daude:

  • Estilo klasikoa: arinak eta estuak dira. Hiru lotura sistema dira ezagunak: Rottefella enpresako NNN, Salomon enpresako SNS profila eta SNS pilot. Eskiaren oinarriak argizaria izaten dute aurreranzkoan marruskadura murrizteko, eta argizaria ere erabil daiteke atzerako mugimendua ekiditeko. Argizaririk gabeko zenbait modelok patroiak dituzte behealdean, teknika klasikorako argizaria eman beharrik ez izateko. Patroiez gain, iledun-azalak ere erabili ohi dira, trabesiako eskian bezala[33].
  • Patinaje-oholak: estilo klasikoak baino motzagoak dira eta ez dute eusteko argizaririk behar. Patinaje-teknika biatloietan erabiltzen da.

Beste motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Snowbladeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi snowblade lehen planoan, eta atzean eski-alpetarreko oholak, konparaziorako.
Bi snowblade lehen planoan, eta atzean eski-alpetarreko oholak, konparaziorako.

Snowblade edo skiboard deituriko eski-oholak eski laburrak dira, 90 eta 110 zm artekoak. Haun aurrekaria Kneissl enpresak sortutako "Bigfoot" ohola da. Finkagailua sinpleagoa da eta bastoirik gabe erabili ohi dira. Eski alpinoaren antzeko teknika erabiltzen da eski hauekin, baina hasiberrientzat errazagoa da. Hala ere, abiadura azkarretan, elur-hautsetan edo elur gogorretan ez dira oso erabilgarriak.[34]

Mendi-zeharkako eskia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski alpetarreko oholen antzekoak dira, baina mendi-zeharkako eskirako bereziki prestatuak. Ezberdintasun nabariena pisuan izaten dute, arinagoak izan ohi baitira igoerak errazteko. Honetaz gain, finkagailuak ere ezberdinak dira: bi posizio izan ohi dituzte, bata igotzeko eta bestea jaisteko. Igotzerakoan botina atzeko aldetik aske doa eta jaisterakoan berriz, lotua. Pisua eta tamainan aldaketa asko egon ohi dira, eskiatzaileak igoerari edo jaitsierari ematen dion garrantziaren arabera. Azkenik, aurrealdean zulo edo sargune bat izan ohi dute, foka-azalak jarri ahal izateko.[35]

Gaur egun oso gutxi erabiltzen den arren, enpresa batzuek oraindik ere monoskiak egiten jarraitzen dute. Argazkian, 2003ko ohol bat.
Gaur egun oso gutxi erabiltzen den arren, enpresa batzuek oraindik ere monoskiak egiten jarraitzen dute.

Monoskia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste modalitate guztietan ez bezala, ohol bakar bat da hau, besteak baino dezente zabalagoa. Bi oinak ohol berean itsatsita doaz. 1960. hamarkadan sortua, bere goia 80. hamarkadan jo zuten eta geroztik behera egin du haien erabilerak. Gaur egun oso gutxi ikusten dira.[36]

Telemark[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telemark teknika egiteko oholak dira. Marka gehienek modalitate hau praktikatzeko ohol bereziak badituzte ere, eski alpetarreko oholen oso antzekoak dira. Ezberdintasun nagusia botan eta finkagailuan dago.[37]

Eski-jauzi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski-nordikoko oholekin erlazionatuak daude, baina luzera eta zabalera askoz handiagokoak dira. Modalitate hau ia beti txalpeketetan praktikatu ohi denez (ez da aisialdian praktikatzen) eski-oholen ezaugarriak FIS erakundeak finkatu ohi ditu.[38]

Abiadura eski[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modalitate hau praktikatzeko ohol bereziak dira, eta eski-jauziaren kasuan bezala, soilik txapelketa eta entrenamenduetan erabili ohi dira. 240 zm luze, 10 zm zabal eta 15kg-ko pisua izan ohi dituzte.[39]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Bays, Ted. (1980). Nine thousand years of skis: Norwegian wood to French plastic. National Ski Hall of Fame Press PMC 6648572. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  2. «Vorstellung der sämtlichen Königl. Dänischen Armee : worinnen zur eigentlichen Kenntniß der Uniform von jedem Regimente ein Officier und Gemeiner in völliger Mondirung abgebildet sind, nebst beygefügter Nachricht, 1 von den Chefs, 2 der Stärke, und 3 der habenden Garnison eines jeden Regiments - Nasjonalbiblioteket» www.nb.no Noiz kontsultatua: 2021-01-13.
  3. Allen, E. John B., 1933-. (2011). Historical Dictionary of Skiing.. Scarecrow Press ISBN 978-0-8108-7977-5. PMC 855502192. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  4. Olaus, Magnus, Archbishop of Uppsala, 1490-1557.. (2010). Description of the northern peoples, 1555. Volume I. Ashgate Pub ISBN 978-1-4094-3368-2. PMC 759160007. Noiz kontsultatua: 2021-01-13.
  5. (Finlandieraz) » Lyly, kalhu ja sivakka – hiihto suomalaisessa kansanperinteessä. Noiz kontsultatua: 2021-01-13.
  6. (Ingelesez) «Skredstång» digitaltmuseum.se Noiz kontsultatua: 2021-01-13.
  7. (Ingelesez) Evolution of ski shape. .
  8. a b c (Ingelesez) Association, International Skiing History. (2003-12). Skiing Heritage Journal. International Skiing History Association Noiz kontsultatua: 2021-01-13.
  9. a b (Ingelesez) Association, International Skiing History. (2003-12). Skiing Heritage Journal. International Skiing History Association Noiz kontsultatua: 2021-01-13.
  10. a b Fry, John, 1930-. (2006). The story of modern skiing. University Press of New England ISBN 978-1-58465-489-6. PMC 68192401. Noiz kontsultatua: 2021-01-14.
  11. «Nasjonalbiblioteket» www.nb.no Noiz kontsultatua: 2021-01-14.
  12. Txantiloi:Nb «Magne Myrmo siste VM-vinner på treski» www.aftenposten.no Noiz kontsultatua: 2021-01-14.
  13. (Ingelesez) Ski construction of the torsion box type. 1975-12-05 Noiz kontsultatua: 2021-01-14.
  14. (Ingelesez) O'Connell, Paddy. (2017-01-09). «How Line Skis Keeps the Sport of Skiing Weird» Adventure Journal Noiz kontsultatua: 2021-01-14.
  15. «Skiing the Wrong way since '95 | LINE Skis 2013-2014 | Skiing is Fun» web.archive.org 2013-10-07 Noiz kontsultatua: 2021-01-14.
  16. (Ingelesez) Williams, Shay. (2010-10-19). «Salomon Freeski TV Episode 3» FREESKIER Noiz kontsultatua: 2021-01-14.
  17. (Gaztelaniaz) 110ski. «Carving: la última revolución del esquí - 110% SKI» Nevasport.com Noiz kontsultatua: 2021-01-15.
  18. (Gaztelaniaz) «▷ ¿Qué es el Carving? [Guía Completa»] FREE SOUL SIERRA NEVADA 2020-03-20 Noiz kontsultatua: 2021-01-15.
  19. (Ingelesez) Forward, Paul. (2020-02-09). «2020-2021 Armada ARG II» BLISTER Noiz kontsultatua: 2021-01-15.
  20. (Ingelesez) (PDF) Specifications for alpine competition equipment. FIS, 9 or..
  21. «Esquís Fat • Ski Reviewer» www.skireviewer.com Noiz kontsultatua: 2021-01-15.
  22. «Why Skis Slide - How to Ski - Mechanics of Skiing» www.mechanicsofsport.com Noiz kontsultatua: 2021-01-16.
  23. (Gaztelaniaz) Monoesqui. (2017-04-04). «¡Para ceras, colores! Consejos útiles sobre la utilización de cera en los esquís» Lugares de Nieve Noiz kontsultatua: 2021-01-16.
  24. (Gaztelaniaz) Rider, Black. «Mantenimiento: material para el afilado de los cantos - Material» Nevasport.com Noiz kontsultatua: 2021-01-16.
  25. a b c d e (Gaztelaniaz) «Nociones básicas sobre la tecnología de construcción de los esquís.» Solonieve.es 2018-11-29 Noiz kontsultatua: 2021-01-16.
  26. «How ski is made - material, manufacture, making, history, used, parts, steps, industry, machine, History» www.madehow.com Noiz kontsultatua: 2021-01-20.
  27. a b Olson, Martin. (2011). Gear That Made a Difference. Ski Canada Magazine.
  28. (Ingelesez) «Torsion Box Ski Construction» Mert Skis Noiz kontsultatua: 2021-01-20.
  29. (Ingelesez) Volant Super KarveX. Adirondack Experience.
  30. (Gaztelaniaz) «Cómo elegir esquís y acertar: Tipos y características | Estiber» Blog Estiber 2017-12-15 Noiz kontsultatua: 2021-01-28.
  31. (Gaztelaniaz) «Cómo elegir tus tablas de esquí alpino» Barrabes.com Noiz kontsultatua: 2021-01-28.
  32. (Gaztelaniaz) «¿Cuál es la diferencia entre el esquí de fondo y el esquí alpino?» Nieveplus 2018-09-10 Noiz kontsultatua: 2021-01-28.
  33. (Gaztelaniaz) «Cómo elegir tus tablas, fijaciones, botas y ropa para esquí de fondo» Barrabes.com Noiz kontsultatua: 2021-01-28.
  34. (Gaztelaniaz) M, Ivan. «Snowblade: Qué es y de que va esta nueva modalidad - Noticias» Nevasport.com Noiz kontsultatua: 2021-02-04.
  35. (Gaztelaniaz) «Cómo elegir tus tablas de esquí de travesía» Barrabes.com Noiz kontsultatua: 2021-02-04.
  36. (Gaztelaniaz) robertpuente. «Monoski - RobertPuente.net - esquiador.info» Nevasport.com Noiz kontsultatua: 2021-02-04.
  37. «¿Qué es el Telemark?» www.esqui.com Noiz kontsultatua: 2021-02-04.
  38. (Ingelesez) (pdf) Specifications for CC, NC, SJ Competition Equipment. FIS, 11-18, 24-27 or..
  39. (Ingelesez) Vizard, Frank. (2009-08). Why a Curveball Curves: The Incredible Science of Sports. Sterling Publishing Company, Inc. ISBN 978-1-58816-794-1. Noiz kontsultatua: 2021-02-04.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko eski federazioaren webgunea