Esklaboen gerrak
Esklaboen gerrak (Bella Servilia, singularrez: Bellum Servile[1]) Erromatar Errepublikaren garaian gertaturiko esklaboen matxinadak izan ziren. Esklaboen matxinada ugari gertatu ziren Erromatar Errepublikaren historian, eta armadak behin baino gehiagotan parte hartu zuen altxamenduak zapaltzeko. Hiru garrantzitsuenak Esklaboen lehen, bigarren eta hirugarren gerrak izena eman zitzaien. Nekazaritza intentsiboko eremuetan lehertu ziren; bertan, latifundioen ustiaketek esklabo ugari enplegatzen zituzten, gogor tratatzen zituztenak, batez ere Sizilian eta Campanian. Altxamenduak edo matxinadak izan ziren arren, gerrak izena eman zaie Historiografian eta iturri klasikoetan.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Esklaboen hiru gerra, Erromatar Errepublikaren amaieran gertatu ziren, orduan bildu baitziren matxinadak sustatuko zituzten balditzek. Nekazaritza-eremu handien eraketak, adibidez, matxinaden hedapena bultzatu zuten, baina, geroago, K.a. I. mendean zehar, matxinada berrien mehatxua murriztu zen, hain zuzen ere, nekazaritza-erreformek garrantzi ertaineko eremuak ugaritu arazi zituztenean eta neurri errepresiboek eraginkortasuna irabazi zutenean.[2]
Beste ezaugarri komunak ere badituzte: karisma handiko buruzagi bat izan zituzten, mundu jainkotiarrarekin harreman zutenak eta buruzagi horiek jatorri askotariko jendea zuten beren zerbitzura, horrek benetako estatu bat sortzeko eta administratzeko gaitasunez hornitu zituztenak.[2]

Azkenik, kasu guztietan, gizaki libreek haiekiko izan zuten jarrerak lagundu zituen, hiritar libreek ezin zutelako imajinatu esklaboek esklabo ez beste modu batean joka zezaketenik,[2] ez zuten imajinagintzen jende multzo handiak armadak bailiran antolatzeko gai zirenik.
Esklaboen gerrak, zehazki, erromatar historiako garai labur samar batean gertatu ziren: hirurogeita hamar urte ingurutan, lehen esklaboen gerra hasi eta hirugarrena amaitu bitartean. Are gehiago, matxinada handiak K.a 198an hasi ziren eta K.a. 62an bukatu, Estatuak Espartakoren armadaren hondarrak desegin zituztenean.[3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen matxinadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erromatar Errepublikak bere hastapenetatik eta ondorengo hiru mendeetan esklaboen matxinadak izan zituen, baina antzinako iturriek emandako informazioa laburra da eta ezin da oso analisi zehatza egin. Matxinadak, hala ere, amankomunean izan ohi dituzte barneko edo kanpoko asaldura garaietan gertatzea. Aldi bakoitzean, salatariek huts egiten laguntzen dute.[4]
K.a. 501. urtean, Erromako esklaboak matxinatu egin ziren eta Kapitolioa hartzea aurreikusi zuten. Matxinada azkar menderatu zuten, baina hurrengo urtean bertan, plebeioak esklaboekin elkartu ziren aristokraziaren aurka. Matxinadak horrek ere huts egin zuen.[oh 1][4]
K.a. 460. urtean, bi mila eta bostehun erbesteratu eta esklabok Kapitolioa eta gotorlekua okupatu zituzten. Sabinar bat izan zuten buru, Appius Herdonius. Matxinada hura, plebeioen eta patrizioen arteko aurkakotasuna bere gorenean zegoenean gertatu zen, bi gertaeren arteko harremana oso argia ez bada ere. Publius Valerius Publicola kontsulak menderatu zuen, Tusculumgo bizilagunen laguntzaz, baina Publius Valerius Publicola erasoan hil zen.[oh 2][4]
K.a.419. urtean, esklaboek Kapitolioa berriro hartzeko asmoa zuten.[5] Bi mende geroago, Lehen Gerra Punikoan (K.a. 264-K.a. 241), hiru mila esklabo eta lau mila aliatu matxinatu ziren.[oh 3] Eta Trasimenoko guduaren (K.a. 217) ondoren, beste konjurazio batek huts egin zuen Erroman.[oh 4][4]
Bigarren Gerra Punikotik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Gerra Punikotik aurrera, esklaboen kopuruak eta bizi-baldintza gizagabeek, egoera gero eta mehatxu handiagoa izatea ekarri zuen. Erromarentzat esklaboen masa handiak, gehienak Grezia eta Asia Txikikoak, Erromara eta Italiara joan ziren. Familia tradizionalaren esparruan ugazaben eta esklaboen arteko lotura pertsonalak bazeuden ere, une horretan erlazio horiek askotan aldatu ziren. Nahiz eta ugazabaren eta esklaboaren arteko harremana juridikoki harreman pribatua izan, ugazabak kasu askotan ez du bere esklaboen gaineko kontrol zuzenik. Harreman horren izaera pribatuak ere azaltzen du Erromak ez duela esklaboen zaintza eta errepresioaz arduratzen den egiturarik. Esklabo horiek, batez ere, eskulan merketzat hartzen dira: Italia eta Siziliako nekazaritza-eremu zabaletan kontzentratuak, gaizki elikatuak eta gaizki jantziak dira, ergastuletan kateatuak, eta eskuarki burdinaz markatuak. Beren zoria hobea izan ez arren, nolabaiteko mugimendu-askatasuna duten bakarrak artzain eta itzain lan egiten duten esklaboak dira; Arrazoi horiengatik, matxinada batzuek aurrekoek izan ez zuten tamaina izango dute.[6]
K.a. 198an, Bigarren Gerra Punikoaren amaieratik urte gutxira, matxinada bat piztu zen Setian (egungo Sezze, Lazion. Euren esklaboekin eta gerra-presoekin batera espetxeratutako kartagotar handiki batzuek Setia bereganatu zuten, Norba eta Cerceii inguruko herrietako esklaboekin harremanetan jarri ondoren. Baina bi esklabok traizio egin eta Erromatar estatuari abisu eman zioten. Horren ondoren, Lucius Cornelius Lentulus hiri-pretoreak bat-batean bildutako bi mila gizoneko armada batek Setia berreskuratu zuen, matxinada zabaldu baino lehen. Handik gutxira, beste matxinada bat Prenesten prestatzen ari zela zioen zurrumurrua zabaldu zen: Lucius Cornelius Lentulusek bostehun esklabo hilarazi zituen bertan. Setiako eta Prenesteko gertaeren ondorioz, Erromak ordutik aurrera gerra-presoak lotuta (kateatuta) mantentzeko erabakia hartu zuen.[7],[6].
Informazio gutxi utzi duen beste matxinada bat gertatu zen bi urte geroago Volsiniin, Etrurian. Matxinada hura, berez, erromatar historiaren parte ez bada ere, aukera ematen die erromatarrei esklaboek egindako botere-hartze batean lehen aldiz egoteko.[oh 5][8]
185. urtean, Apulian, artzain esklaboen matxinada bat piztu zen eta Erromak bi urte baino gehiago behar izan zituen haiek erreprimitzeko. Baliteke matxinada hura Bakanaletako eskandaluarekin lotuta egotea; Erromatik egotzitako bakanteak Apuliako artzainei batuko zitzaizkien, garai hartan, Dioniso/Bako-ren gurtza zabalduta baitzegoen artzainen artean. Apuliako gertakariek Sizilian esklaboen Lehen eta Bigarren Gerran gertatutakoak aurre-irudikatzen dituzte: Erromak hainbat urte eman zituen ordena berrezartzea lortu arte; errepresioaz arduratzen ziren pretoreek kementsu jokatzeko gogo gutxi erakutsi zuten; azkenik, esklabotzaren eta Dionisoren kultuaren arteko lotura bat agertu zen. Apulian, ordea, Siziliako bi gerretan ez bezala, matxinatuek ez zuten esklabotza bera argi eta garbi zalantzan jarri, eta matxinadaren nazio- edo eskualde-izaera, hain nabarmena ez zena, ez zen estatu bat sortzera iritsi.[oh 6][9]
Esklaboen lehen gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]140. urtean hasi zen eta K.a. 139 eta 132an amaitu. Jatorri siriarreko Eunus buru zuen esklaboen matxinada bat piztu zen, Siziliako Enna eskualdean. Esklaboek erresuma bat sortu zuten Siziliako zati batean, "siriarren" erresuma deitua eta erresuma helenistikoen ereduz administratua.

Eunok sortutako erresumaren gertaera, ziurrenik, eragina izan zuen Aristonikos/Eumenes III.aren abenturan. K.a. 132an, Pergamoko errege izendatu zuen bere burua Eumenes III.a izenarekin, Erromaren aurkako matxinada bat gidatu ondoren. Altxamendua, herri-klaseetan eta, bereziki, esklaboengan oinarritu zen. Aristonikosen ondoan Blosio Kumasekoa filosofo estoikoa zegoen, Tiberio Grakoren irakasle ohia. Aristonikosen matxinada, gaizki dokumentatua dagoena, ziur aski ez da sartzen esklaboen matxinaden sailkapenean. Erromak K.a. 129an eman zion amaiera Aristonikoren erresumari.[10]
Italian, esklaboen beste matxinada batzuk gertatu ziren K.a. II. mendearen amaieran: Hogeita hamar esklabo matxinatu ziren Nucerian, berrehun Capuan. Campanian, ekiteen familia aberats bateko Tito Vettio gaztea da esklaboen matxinada baten buru. Zorretan sartuta erosi zuen esklabo batekin maiteminduta, eta bere zorrak ordaindu ezinik, errege izendatu zuen bere burua eta ehunka esklabo armatu zituen bere hartzekodunei eraso egiteko. Eskualdeko hiru mila eta bostehun esklabok ere bat egin zuten, eta Erromak bidalitako Lucius Lucullus pretorea garaitu zuten. Traizio bati esker, ordea, pretoreak esklaboen kanpalekua hartzea lortu zuen. Vetiok bere buruaz beste egin zuen, eta esklaboak hil egin zituzten. [oh 7][10]
Esklaboen bigarren gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Esklaboen bigarren gerra (104 eta 100 urte bitartean). K.a., Siziliako Salvius Tryfon eta Ateneo buru zituen esklabo eta artzainen matxinada bat izan zen. Erreinu bat sortu zuten erresuma helenistikoak eredu hartuta. Sizilian Manius Acilius Nepus kontsulak zapaldu zuen.
Bigarren gerraren ondoren, Sizilian, esklaboei debekatu egin zitzaien armak eramatea, eta, hala ere matxinada mehatxuek agertzen jarraitu zuten. Ezaguna da, Zizeronen arabera, bere Verrinas[oh 8] idazlan juridikoan esandakoaren arabera, Gaius Verres-i, Siziliako gobernari zen eñean, hainbat matxinada fokuren errepresioaren ardura eman zitzaiola. Horietako bat, zehazki, Triocalan gertatu zen, Salvius erresumako hiriburuan. Espartakok Messina itsasartea zeharkatzeko asmoa zuen garaian gertatu ziren, besteak beste, Sizilian esklaboak altxatzeko etengabeko mehatxu horiek. Hala ere, Sizilian ez zen izan lehen bi esklaboen gerren tamainako matxinadarik, bigarrena zanpatu ondoren.[11]
Esklaboen hirugarren gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Esklaboen hirugarren gerra (K.a. 73-71.) edo, Espartakoren altxamendua, Espartako traziarraren eta Crixos galiarren matxinada izan zen, Campaniako Capuan hasi zena. Gerra hura izan zen Erromak bere esklaboen aurka borrokatu behar izan zuen azkena, baina larriena, izan ere, troparik gabeko Italia bat jo baitzuen, eta erromatar unitateek hainbat porrot izan zuten.
Erromak ezagutu zuen esklaboen matxinada handiena izan zen.[13] eta gerra horren ondorioz, landa-eremuko esklaboen egoera pixka bat hobetu zen.
Azken matxinadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etna eskualdean, K.a. I. mendearen amaieran, Esklaboen armada bide lapurretan aritu zen, Selurus ("Etnako semea" eman zioten) izeneko bat buru zuela. Salerus Erroman hil zuten, anfiteatroan hondarretara bota zutenean basapiztiek hil zezaten, 35. urtean.[14] K.o. 24. urtean Tiberioren agintaldian, esklaboen konspirazio bat, soldadu ohi batek gidatua piztu zen, baina Erromak garaitu zuen Brindisium hiriaren eskualdeko larreetan.[oh 9] Azkenik, K.o. 64an, esklaboek Prenesten (gaur egungo Palestrina) gladiadore eskolatik ihes egin nahi izan zuten, Espartakoren balentria errepikatu nahian eta hura inbokatuz.[oh 10][15]
Antzinako iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Dionisio Halikarnasokoa, Erromatar antzinatasunak, V, 51-57.
- ↑ Tito Livio, Ab Urbe condita, III, 15.
- ↑ Orosio, Paganoen aurka, IV, 7, 12.
- ↑ Tito Livio, Ab Urbe condita, XXII, 33.
- ↑ Tito Livio, Ab Urbe condita, XXXIII, 36.
- ↑ Tito Livio, Ab Urbe condita, XXXIX, 29 eta 41.
- ↑ Diodoro Sikulo, XXXVI, 2, 4-6 eta 2.a
- ↑ Verrinas, Zizeronek idatzi zituen hitzaldi juridikoen bilduma da, Gaius Verres gobernari ohiaren defentsan egindakoak. Gaius Verres-i epaiketa egin zioten Erroman, K.a. 70ean, ustelkeriaz salatuta.
- ↑ Tazito, Analak, IV, 27.
- ↑ Tazito, Analak, XV, 46.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Manuwald, Jeffrey Henderson • Gesine. «Book II: Chapter VII» Loeb Classical Library (kontsulta data: 2026-09-03).
- 1 2 3 Catherine Salles, - 73. Spartacus et la révolte des gladiateurs, 87-88. or.
- ↑ Jean-Christian Dumont, Servus. Rome et l'esclavage sous la république, 167. or.
- 1 2 3 4 Catherine Salles, - 73. Spartacus et la révolte des gladiateurs. 53-55 or.
- ↑ Titeo Livio, Ab Urbe condita, IV, 45.
- 1 2 Salles, Catherine (1990) - 73. Spartacus et la révolte des gladiateurs, 55-59 or.
- ↑ Tito Livio, Ab Urbe condita, XXXII, 26.
- ↑ Jean-Christian Dumont, Servus. Rome et l'esclavage sous la république, p. 167-168.
- ↑ Jean-Christian Dumont, Servus. Rome et l'esclavage sous la république, 193 eta 195-196. or.
- 1 2 Catherine Salles, - 73. Spartacus et la révolte des gladiateurs, 71-73.
- ↑ Catherine Salles, - 73. Spartacus et la révolte des gladiateurs, 85-86. or.
- ↑ (Ingelesez) «Spartacus in Calabria» Reset DOC (kontsulta data: 2026-09-04).
- ↑ (Ingelesez) Mark, Joshua J.. (2016-03-04). «The Spartacus Revolt» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2026-09-04).
- ↑ Estrabon, VI, 2, 6.
- ↑ Catherine Salles, - 73. Spartacus et la révolte des gladiateurs, 86-87. or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jean-Christian Dumont (1987) Servus. Rome el l’esclavage sous la republique (Collection de l’École Français de Rome, 103), Roma, École Française de Rome, 834 or. ISBN 2728301557.
- Salles, Catherine (1990) -73 La memoire des siecles, Spartacus et la révolte des gladiateurss, Bruselas : Edition Complexe, ISBN: 2870273541.