Eskola irrati

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eskola irratiak ikasleen partaidetza handiarekin, ikastetxean bertan edota inguruan, entzungo diren irrati-igorgailu ez-profesionalak izaten dira, irrati kate profesionalen antzera eratuak.

Irratia eskolan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskola irratia ikasleak ahozko ulermenean eta ekoizpenean trebatzeko esparru egokia da. Célestin Freineten pedagogiak eskolan inprenta erabiliz kazetaritzan ohikoak diren ariketak egitea hizkuntza idatzia lantzeko zein interesgarri izan zitezkeen frogatu zuen. Bide beretik irratia eskolan erabiltzea ahozko hizkuntza lantzeko oso interesgarri izan daiteke.

Arantza Gutierrez Paz irakaslearen iritziz eskolan irratia ezin da inolaz ere jarduera osagarri bat izan, gelako eguneroko lana bideratzeko aukera bat izan behar du.[1] Eskolako irratia jardueran ikastetxe osoak parte har dezake.  Oso egokia da proiektuen araberako metodologia erabiltzeko: ikasleek bere interesen arabera aukeratzen duten programa sortzeko modu kooperatiboan lan egin beharko dute, zereginak banatuz, sortzen zaizkien galderei erantzunez, eta tresna desberdinak erabiltzeko modua deskubrituz.

Ahozko hizkuntza (idatzizkoa bezala) eskolan modu sistematikoan landu eta ebaluatu behar da eta horretarako plangintza egoki eta adostua egitea komeni da. Joaquim Dolz Mestre irakasleak argi uzten du: “Funtsezkoa da ahozko adierazmena eskolan irakastea. Irakasten ez denean, irakasleek haurrek etxean ikasten dutena ebaluatzen dute, hau da, ikasleen jatorri soziala ebaluatzen dute.[2]

Eskola irratiaren bidez, ikasleek sortutakoa ikastetxean bertan edota inguruan entzun daiteke.  Irratsaioak sortuz, ikasleak hedabide kontsumitzaile soil izatetik ekoizle izatera pasatzen dira eta, horrela, hainbat hedabidek transmititzen dituzten edukiei begirada kritikoa egin diezaiekete.

Eskolako irratian ikasmaila desberdinetako ikasleek lekua dute. Egokia da proiektuen araberako metodologia sartzeko, ikasleek beren interesen arabera sor dezakete nahi duten programa. Modu kooperatiboan lan egin beharko dute, zereginak banatuz, sortzen zaizkien galderei erantzunez, tresna desberdinak nola erabili deskubrituz.

Zer egin irratian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratsaio bat egin bitartean ikasleek komunikazio-gaitasun desberdinak lantzen dituzte: irakurritakoa interpretatu eta ulertzen dute, ahozko adierazpena hobetzen dute aurkezpenak, elkarrizketak, eztabaidak eginez eta irrati-ekoizpenak kudeatzen ere ikasten dute. Irratsaioa emititzea erraza da, baina ez da egin behar den lan bakarra, aurretik zer esango den pentsatu behar da, gero irratsaioa prestatu eta ondoren emititu edo grabatzea dator. Prozesuko ataza guztiak identifikatu ondoren taldeko kideen artean nola banatu erabaki behar da. Emititu ondoren grabazioa aztertzea komeni da, hurrengo irratsaioan zer hobetu dezakegun ikusteko.

Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastola Publikoko TXALAPARTA irratian saioa hasi aurreko uneak.

Aurretik egin beharrekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Komunikabideak ezagutu: Eskolan irrati bat martxan jarri aurretik, argi izan behar dute zer diren komunikabideak eta zer mota dauden. Oso garrantzitsua da hurbilketa hau modu praktikoan egitea komunikabide bakoitzaren ezaugarriak eta desberdintasunak ulertu ondoren irratiaren berezko gakoak aurkitzeko.
  • Irratiko hizkuntzaren berezitasunak aztertu: Irratian ahozko hizkuntza erabili behar da, entzuna izateko sortua. Esatariak hizkuntza mintzatua egoki erabili behar du eta kontuan hartu behar ditu mezuak izan behar duela argia, zehatza, laburra, ulergarria eta egokia. Irratirako idazten diren testuak ahots ozenez irakurtzeko edo, are gehiago, esateko testuak dira. Oso kontuan hartu behar da entzuleak ez duela berriz entzuteko aukerarik izango, kontuan hartu beharreko zenbait ezaugarri:[1]
    1. Hitz egiten den bezala idatzi: Entzuleekin hitz egiten ari direla ematen duten irrati esatariak onenak izaten dira. Idatzitakoa ozen esatean irakurtzen ari zarela ematen badu, ez da zuzena.
    2. Esaldi laburrak erabili: Hobe da bi esaldi sinple idaztea, esaldi luze eta konplexu bat idaztea baino. Zaila da entzuleentzat esaldi luze baten amaieran hasieran esandakoa gogoratzea.
    3. Hitz laburrak erabiltzea lehenetsi: Hitz berriak ikastea ona den arren, entzuleentzat argiagoa da hitz sinpleak erabiltzea eta zailenak aurkezpen idatziak egiteko uztea.
  • Irrati generoak eta irratsaio motak bereizi: Irrati kazetaritzan erabiltzen diren generoak kazetaritza idatziko generoetan oinarritzen dira. Irrati generoaIrrati-mezua osatzen duten osagaiak (eta bereziki hitza) harmonizatzeko era bakoitza, zeinari esker sortutako egitura irrati-sormenaren eta hedapenaren taxuera baten barruan ezagutzen den.” bezala definitu daiteke.[3] Irrati-kazetaritzako genero bakoitzak mezua antolatzeko era propioa du eta irratia sailkatzen laguntzen dute. Irratsaioa ez da isolaturik agertzen, beste batzuekin programazio koherentea eratzen saiatzen dira irratietako arduradunak. Eskolaren zeregina ikasleak bizitzako arazo egoera errealei aurre egiteko gaitasuna garatzea bada Eskola Irratiak "benetako irratia" izan behar du eredu zer egin erabakitzeko orduan.Ikasle guztiek ez dituzte zenbait irratsaio egiteko behar diren hizkuntz gaitasunak, baina badira eskolako irratian erabiltzeko oso egokiak direnak, besteak beste: albistegia, erreportajea,eguraldi iragarpena, elkarrizketa, lehiaketak edota zorion tartea [4]

Irratsaioa prestatzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Edukiak erabaki: Eskola izan daiteke irratirako eduki iturri bikaina: ingurune bizia da eta hizketarako gai asko sortzen ditu. Baina ezin dugu ahaztu irratia informazioa zabaltzeko eta jendea entretenitzeko tresna dela, beraz, irratsaio baten edukiak erabakitzeko unean, hiru galdera hauek izan behar ditugu buruan: NORI esango diogu? ZER esango dugu? NOLA esango dugu? Beste aukera bat programa bakoitza gai baten ingurukoa izatea da: film jakin baten azterketa zinematografikoa, zaborren kudeaketari buruzko programa, rapa ardatz duen musika saioa edo ikastetxeko albisteak biltzen dituen albistegi bat. Horrela, errazagoa izango da edukiak egituratzea.[4]
  • Gidoia idatzi: Gidoiaren helburua irratsaioa egiteko tresna baliagarria izatea da, beraz erabiliko duten guztiek ondo ulertu behar dute.  Horregatik, ez da beti gidoi-mota bera beharko irratsaio bat egiteko orduan, batzuetan nahiko izango baita pauta bat erabiltzea; besteetan, berriz, oso gidoi konplexuak beharko dira.

Irratsaioa egiteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Irratiak, entzuten dituzten pertsonen belarrietara iristen diren mezuak eraikitzeko balio duten hizkuntza eta kode bereziak ditu: Ahotsak, musikak eta beste soinu batzuk, etengabe txandakatzen dira. Zentzumen guztiek ematen dizkiguten sentsazioen bidez jasotzen dugu mundua. Irratiak entzumenaren aldetik bakarrik eskaintzen digu mundu hori, hala ere entzuleok osotasunean jasotzeko pertzepzioa izaten dugu.
    • Ahotsa da irrati adierazpenaren funtsezko elementua, honen bidez esatariek informatu, kontatu, hitz egin, lagundu, azaldu egiten du.
    • Musika eta irratiaren arteko harremana oso hestua da, programazioaren parte autonomo bezala ager daiteke baina baita hitzarekin edota hotsekin lotuta, irrati-diskurtsoaren erritmoa ezartzeko erabiltzen da batzuetan, beste batzuetan hitzen bidez azaldutako mezua azpimarratu, iruzkindu edota kontrajarri dezake.
    • Soinu efektuak errealitatea objektiboki edo subjektiboki ordeztuz entzuleari jatorrizko irudiaren pertzepzioa eragiten dioten soinuak dira. Errealitatean jasotzen diren hotsez gain soinu efektuak ere erabiltzen dira irratian, norberak sortuak edota eskura dauden hainbat biltegietakoak.
    • Isiltasuna irratiko hizkuntzaren parte garrantzitsua da, mezuaren elementu gisa sartzen da eta egoera askotan erabiltzen da, esaterako elkarrizketan parte hartzeari uztea erabakitzen duen pertsona baten egoera emozionala irudikatzeko edota gai eztabaidagarri baten aurrean entzuleengan hausnarketa suspertzeko. Irratian hitza bezain garrantzitsuak dira musika, hotsak eta isiluneak.[5]
  2. Irratsaioa egiteko ikasle bakoitzak lanpostu bat bete beharko du. Urtean zehar lan ezberdinak egiteko aukera izan dezakete edota ikasleen adina eta gaitasunen arabera ardurak banatu. Horrela, eskola ibilbidean zehar ikasle bakoitzak eginkizun guztietan egiten den lana ezagutu dezake. Irratsaio batean, besteak beste honako lanpostuak bete behar dira:
    • Soinu teknikaria askotan irakaslea izaten da baina ikasle nagusiek erraz ikasi eta modu egokian bete dezaketen lana da, errealizadoreak gaiak bildu ondoren irratsaioaren gidoia prestatzen du eta emisioaren hari gidaria ezartzen du.
    • Aurkezleak saioaren bide orria ondo ezagutu behar du, gonbidatuak eta ikuskizunean landuko diren gaiak aurkezteko.
    • Kronistak gai bati buruzko kronika prestatzeko informazio garrantzitsua aurkitu behar du eta honi buruzko analisi pertsonala aurkezteko aukera izan dezake.
    • Berriemaleak eskolari, herriari edota auzoari buruzko informazioa aurkitu ondoren irratian horri buruz hitz egiten du. Modu batean edo bestean lan gehiena ikasleen esku uztea da egokiena.

Ondorendo lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Grabatu eta editatu: Urte askoan, emisore bat eta dagokion baimena izatea izan da eskolako irratia inguruan entzun ahal izateko aukera bakarra. Gaur egun eskolako irrati gutxik dute zuzenean emititzeko aukera baina badira beste aukera batzuk: Irratsaioak grabatu eta editatzea aukera bat da, esatarien ahotsa grabatu ondoren soinu ediziorako programaren bat erabiliz musika gehitu eta irratsaioa osatzen da. Irratsaioa aireratzeko Internetek ematen dituen aukera ezberdinak erabili daitezke. Beste aukera bat irratsaioak zuzenean emititzea da: Ahotsak eta musika nahasketa mahaia erabiliz elkartu eta emisorearen bidez aireratzen dira. Hala ere irratsaioak grabatzea gomendatzen da saioa egin ondoren lana aztertzeko aukera izateko. Irratsaioan esan nahi dena grabatzeko tresna ezberdinak ditugu. Grabagailu digitalak, mugikorrak edota ordenagailua bera erabili daiteke. Ondoren ahotsari musika eta soinu efektuak gehitzeko soinu editore bat behar dugu. AUDACITY soinu editorea doakoa da eta euskaraz erabili daiteke. Erabili ahal izateko saretik deskargatu eta ordenagailuan instalatu behar da.  Audioak zuzenean grabatu eta editatzeko aukera ematen du eta beste hainbat edizio lan ere egin daitezke.
  2. Audioa zerbitzari batera igo: Irratsaioen audioak zerbitzari propio batera igo daitezke baina memoria laster beteko zaigu, sareko zerbitzari batean jartzea aukera hobea da. Kontu bat sortuz aurretik grabatutako programak igotzeko aukera ematen duten atariak dira:
    • Spreaker: Podcast ostalaria da. Leku bakar batetik podcast bat sortu, banatu eta emaitzak neurtu dezakezu. Doako bertsioan zenbait baldintzatzaile ditu.[6]
    • SoundCloud: Musika artisten ekoizpenak publikatzeari lehentasuna ematen dion arren irratsaioak ere bertan publikatu daitezke.:[7]
    • iVoox:Irrati profesionalen podcast saio asko hemen publikatzen dira eta jendeak bertan entzuten ditu. Eskolan ekoiztutako irratsaioak ere publikatu daitezke.[8]
    • Podomatic: Interneteko doako zerbitzu bat da, blog bat era oso sinplean sortzeko aukera ematen duena eta audio artxiboak eransteko aukera ere badu.[9]
    • Vocaroo: aplikazioa. Web orri sinple batean dago eta bertatik audioa grabatu daiteke gure ordenagailuko mikrofonoarekin. Aurrez grabatutako audioak ere "kargatu" ditzakegu. Ez da erregistrorik behar erabili ahal izateko eta doakoa da.[10]
  3. Webgune batean erakutsi: Eskolan egindako irratsaioa sarean erakusten badugu, edonork entzun dezake edonondik. Ikastetxeko webgunean txerta dezakegu edo eskuragarri dauden doako plataformetako bat aukeratu ondoren, kontu bat ireki, blogerako izen egoki bat asmatu eta audioak bertan txertatu. Hauek dira erabilienak:
    • WordPress: Blog bat sortzeko erabil dezakezun software librea da. Erraz eguneratzen da eta argitalpena programa daiteke. WordPress softwarea doakoa eta irekia da. Kode irekiko eredua du, beraz, pluginak erabil ditzakezu nahi duzun webguneko edozein alderdi sortu eta aldatzeko. Hala ere, gune guztiz funtzionala izateko, beste elementu batzuk ordaindu behar dituzu.[11]
    • Blogger: Google-ren jabetzakoa den plataforma da eta bere doako tresnen multzoan sartzen da. Blogak sortzeko plataforma erabilienetako bat da, edukiak sortzeko munduan sartzen hasi direnentzat oso egokia.[12]
  4. Irratsaioa aztertu: Irratsaioa grabatu ezkero, audioa entzun eta egindakoa aztertu daiteke, lana hobetzeko proposamenak jaso eta hurrengo programa egiten denean proposamen horiek kontutan hartu. Irratsaioaren ebaluazioa sakonagoa ere egin daiteke, horretarako errubrika erabiliz. Iruñako Sanfran Irratiko ikasleek beraien saioak egin ondoren autoebaluazioa[13] egiten dute.

Nola antolatu irratia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela urte batzuk, eskolan irratia muntatzeak diru-inbertsio handia eskatzen zuen, batez ere, eskolatik atera eta auzoan edo inguru hurbilean entzutea nahi bazen. Urrutiko lekutara heltzea, berriz, amets beteezina zen. Gaur egun, aldiz, ikastetxetan dagoen informatika gelatik egin daitezke irratsaioak, baita ere urrutira emititu Internet erabiliz.

Irrati gelaren kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estudioa edozein gelatan koka daiteke, beste helburu batzuekin sortua izan daiteke baina une jakin batzuetan irrati emankizunak egiteko erabiliko dugu. Oso ohikoa da liburutegia edo erabilera txikia duen bulegoren bat irrati estudio moduan erabiltzea. Hala ere gela horrek gutxieneko baldintza batzuk betetzea komeni da:

  • Gela kanpoko soinuekiko isolatua egotea komeni da.
  • Inguruan isiltasuna saioa egiten den unean eta ezin bada ahalik eta zarata gutxien.
  • Mikroak gainean dituen mahaia saioa egitera doazenak eserita egoteko modukoa.
  • Kontrolak mikroetatik aparte eta ezin bada kontrolak eta esatarien mahaia aparte jarri.
  • Mikro eta soinuen kontrola teknikaria bakar baten esku, irakasle bat edo goi mailetako ikasle arduraduna.
  • Kontrol gelatik estudioa ikusteko moduan, bi gela badira tarteko paretan kristala jartzea da egokiena.
  • Estudioan esatariak bakarrik, beste ikasleak estudiotik kanpo

Behar den tresneria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolako TXALAPARTA Eskola Irratiaren estudioa.[14]

Beharrezko materiala egin nahi dugunaren eta ditugun bitartekoen araberakoa izango da. Aukera eta produktu asko daude grabatzeko eta audio-eduki ona egiteko. Gaur egun dauden prezioekin, programa bikainak egiteko sei mikrofono dituen ekipo txiki bat lor daiteke eskolako aurrekontua hankaz gora jarri gabe. Hauek dira eskola irrati txukun batean egon beharko luketen tresnak:

  • Ordenagailua: Ez du axola finkoa edo eramangarria den eta zein den sistema eragilea, beharrezko programek bertsio ezberdinak dituzte eta eskolako IKT arduradunak jakingo du nola instalatu.
  • Audio edizio softwarea: Aukera ezberdinak daude, baina eskoletan erabiliena Audacity da. Doan eskuratzen da, euskaraz erabili daiteke eta sarean erabiltzeko argibide ugari topa daitezke
  • Nahasketa mahaia: Mahai analogikoak eta digitalak daude. Eskolan egingo den lanerako, USB irteera duen analogikoa aproposa litzateke, handik soinua zuzenean ordenagailura atera daitekeelako. Gutxienez lau mikrofono aldi berean erabiltzeko aukera duen bat gomendatzen da.
  • Mikrofonoak: Taldean hitz egiteko eta aktiboki parte hartzeko behar direnak (hiru edo lau) Garrantzitsua da mikro bakoitza, soinu indartsuak saihestuko dituen esponjatxo batekin estaltzea. Mikrofono euskarriak oso lagungarriak dira mikrofonoa esku artean ez izateko eta soinua askoz ere hobea lortzen da.
  • XLR kableak: Mikrofono bakoitzeko horrelako bat behar da. Kolore desberdinetakoak badira errazagoa da uneoro zein kanal erabili behar den identifikatzea.
  • Aurikularrak: Irratia egin daiteke aurikularrik gabe, baina askoz ere egokiagoa da esatariek irratitik emititzen ari garena entzutea

Hau guztia ez da beharrezkoa askoz ere gutxiagorekin egin daiteke irratsaioa, baina hemen aipatutako tresnak poliki-poliki eskuratu ezkero eskolan irrati estudio txukun bat antolatuko da

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • DOLZ, Joaquim eta SCHENEUWLY, Bernard (2006) Per a un ensenyament de l'oral. Iniciació als gèneres formals a l'escola. Valencia/Barcelona: Institut Interuniversitari de Filologia Valenciana i Publicacions de l'Abadia de Montserrat.[15]
  • GUTIERREZ PAZ, Arantza (2001). Ekoizpena eta errealizazioa irratian. Bilbao: Udako Euskal Unibertsitatea.[16]
  • GUTIERREZ PAZ, Arantza (2006). Eskola-irratia, komunikabidea tresna pedagogikoa bihurtuta. Uztaro (56) 87-106 orrialdeak [17]
  • GUTIERREZ PAZ, Arantza; FERNADEZ ASTOBIZA, Itxaso (2005) Irratsaio bat egiteko tailer praktikoa. Bilbao: Udako Euskal Unibertsitatea. [18]
  • LARRAÑAGA ZUBIZARRETA, Jose (2005). Nola esan albisteak ikus-entzuleari. Bilbao: Udako Euskal Unibertsitatea. [19]
  • RODERO, Enma (2018) El peso creciente de la voz y el sonido para comunicar en la era digital: el protagonismo de la oralidad "Anuario de cultura digital" aldizkaria, (80-94 orr.).[20]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eskola Irratia SITEA Eskola Irratiaren antolaketarako baliagarri izan daitezken materialak biltzen dituen sitea.[21]
  • Eskola irratien MAPA Irratia duten EAEko eta Nafarroako ikastetxe batzuk jasotzen dituen mapa.[22]
  • Informatika sitestxoa: Audacity:  Gurenda Serrano eta Asier Osinaldek sorturiko sitea hainbat aplikazioren erabilera azaltzen duten bideoz osatuta dago. Audacity aplikazioari dagokion atala.[23]
  • Ikasgelako bloga: Audacity: Audacity aplikazioa erabiltzeko argibideak eta ariketak jasotzen dituen Goyo Ramos Villanuevak sorturiko sitea.
  • Ahozko hizkuntza irakastea SITEA Nafarroako Hezkuntza Saileko EIBZ (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa) ahozkotasuna lantzeko materialak jasotzen dituen sitea.[24]
  • Irratia eta ahozkotasuna [DBH]. Itziar Lopezek IRALEko R400 ikastaroan sortutako webgunea.[25]
  • RADIOEDU webgunea Extremadurako Juntako Hezkuntza Sailak irratia hezkuntza hobetzeko tresna gisa erabiltzea sustatzen duen programaren webgunea.[26]
  • SanFran irratia Iruñako San Frantzisko Eskola publikoko irratiaren proiektua eta hainbat material jasotzen dituen sitea.[27]
  • XTEC Ràdio. Xarxa Telemàtica Educativa de Catalunya, Kataluniako Hezkuntza Telematika Sarearen webgunean irratiari dagokion atala[28]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Gutierrez Paz, Arantza. (2006). «Eskola-irratia, komunikabidea tresna pedagogikoa bihurtuta» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 56): 87–106. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  2. «Joaquim Dolz Mestreri elkarrizketa» www.euskonews.eus (EUSKONEWS aldizkaria) 352 ISBN ISSN 1139-3629. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  3. (Gaztelaniaz) Merayo Pérez, Arturo. (2000). Para entender la radio. (2a ed. argitaraldia) Publicaciones Universidad Pontificia ISBN 84-7299-484-8. PMC 46658308. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  4. a b Ugalde Ordoki, Joxe Juan. (2008). Irratia eskolan : oinarrizko orientabideak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 9788445726723. PMC 1055287313. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  5. Gutierrez Paz, Arantza. (2000-10-10). Irratirako idazketa eta gidoigintza. UEU ISBN 978-84-8438-008-5. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  6. (Ingelesez) «SPREAKER hasiera orria» Spreaker (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  7. (Ingelesez) «Soundcloud hasiera orria» SoundCloud (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  8. (Gaztelaniaz) «Publica tu podcast gratis y házlo crecer - iVoox Podcasters» podcasters.ivoox.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  9. (Ingelesez) «PODOMATIC: Create a Podcast» www.podomatic.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  10. (Ingelesez) «VOCAROO Online voice recorder» vocaroo.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  11. «WordPress: Blog tresna argitaratzeko plataforma» WordPress.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  12. «BLOGGER: Sortu blog eder eta paregabe bat erraz.» www.blogger.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  13. «sanfranirratia - 4. Balorazioa» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  14. «TXALAPARTA irratia» azpeitikoikastola.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  15. (Katalanez) Dolz, Joaquim; Schneuwly, Bernard. (2006). Per a un ensenyament de l'oral: iniciació als gèneres formals a l'escola. Universitat de València ISBN 978-84-8415-780-9. (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  16. Gutierrez Paz, Arantza. (2001-01-01). Ekoizpena eta errealizazioa irratian. (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  17. Gutierrez Paz, Arantza. (2006). «Eskola-irratia, komunikabidea tresna pedagogikoa bihurtuta» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 56): 87–106. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  18. Paz, Arantza Gutierrez. (2005-11-15). Irratsaio bat egiteko tailer praktikoa. UEU ISBN 978-84-8438-070-2. (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  19. Zubizarreta, Jose Larrañaga. (2005-03-31). Nola esan albisteak ikus-entzuleari. UEU ISBN 978-84-8438-057-3. (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  20. (Gaztelaniaz) «El peso creciente de la voz y el sonido para comunicar en la era digital» Emma Rodero - Communication and Public Speaking Specialist (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  21. «Eskola Irratia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  22. «Eskola-irratien kokapena» Google My Maps (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  23. «Eskola-irratien kokapena» Google My Maps (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  24. «Ahozko Hizkuntza Irakastea» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  25. «Irratia eta ahozkotasuna» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  26. (Gaztelaniaz) RadioEdu – Radio Educativa de la Consejería de Educación y Empleo de la Junta de Extremadura. (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  27. «Sanfran Irratia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  28. (Katalanez) «Ràdio» XTEC - Xarxa Telemàtica Educativa de Catalunya (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).