Eslovakia

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Eslovakiar Errepublika
Slovenská republika
Bandera Armarria
Ereserkia: Nad Tatrou sa blýska
Hiriburua
eta hiri handiena
Bratislava
Hizkuntza ofiziala(k) Eslovakiera
Herritarra eslovakiar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Andrej Kiska
 -  Lehen ministroa Robert Fico
Independentzia
 -  Austria-Hungariatik 1918ko urriak 28 
 -  Txekoslovakiatik 1993ko urtarrilak 1 
Azalera
 -  Guztira 49.035 km2 (129.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  2015[2] zenbatespena 5.426.252 (116.)
 -  2011[2] errolda 5.397.036
 -  Dentsitatea 111 bizt./km2 (88.)
Dirua Euroa (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 4201
Internet domeinua sk
1 1997ra arte +42, Txekiarekin partekatua.

Eslovakia[1] (eslovakieraz: Slovensko, ˈslovɛnsko ahoskatua), ofizialki Eslovakiar Errepublika[1] (eslovakieraz: Slovenská republika, ˈslovɛnskaː ˈrɛpublɪka ahoskatua), Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Mendebaldean Txekia eta Austriarekin du muga, Poloniarekin iparraldean, Ukrainarekin ekialdean eta Hungariarekin hegoaldean. 49.035 kilometro koadroko eremua du, eta 5,4 milioi biztanle[2]. Europar Batasuneko kidea da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovakia Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da, ipar latitudeko 47° eta 50° artean, eta ekialdeko longitudeko 16° eta 23° artean hedatua. 49.035 kilometro koadroko eremua hartzen du.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldean Txekia eta Austriarekin du muga, iparraldean Poloniarekin, ekialdean Ukrainarekin eta hegoaldean Hungariarekin.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma menditsua da, Karpatoetako mendiek hartzen baitute Eslovakiako eremu gehiena. Mendebaldean Beskideak daude, gailurra Babia Góra mendian dutenak (1.725 m). Erdialdean Tatra mendiak daude, bi mendigunetan banatuak: Tatra Garaiak (eslovakieraz: Vysoké Tatry) iparraldean eta Tatra Behereak (eslovakieraz: Nízke Tatry) hegoaldean. Tatra Garaietan daude herrialdeko mendiririk garaienak: Gerlachovsky stit (2.654 m), Lomnický štít (2.634) eta Ľadový štít (2.627 m). Ordokiak hego-mendebaldean (Bratislava eta Komarno, Danubio ibaiaren haranean) eta hego-ekialdean (Michalovce) daude.


Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Váh (403 kilometro), Hron (298 kilometro), Nitra (197 kilometro), Hornad (193 kilometro) eta Ipeľ (232 kilometro, Eslovakia-Hungaria muga eratzen duena) dira ibai nagusiak, denak Danubioren arrokoak. Ibai honek osatzen du, hegoaldeko 172 kilometroko tartean, Eslovakiaren eta Hungariaren arteko muga. Mendebaldean, Moravak egiten ditu Eslovakia-Txekia eta Eslovakia-Austria mugak.

Tatra Garaietan 175 aintzira (tarn) inguru daude. Handiena eta sakonena Veľké Hincovo pleso da (20,1 ha).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima kontinentala da, gogorragoa mendialdean lautadetan baino (-1,6 °C batez beste neguan, 21 °C batez beste udan).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Eslovakiako historia»

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 400 aldean, zeltak iritsi ziren egungo Eslovakiaren lurraldera. Zeltek hiri gotortuak (oppida) sortu zituzten herrialdearen hego-mendebaldean. Kristo aurreko azken mendeetan, erromatarrek gotorleku sistema bat ezarri zuten Danubioren bazterrean (Limes Romanus). Danubioren iparraldean, berriz, germaniar tribuak kokatu ziren. K. a. II. mendean, erromatarrek hainbat gotorleku eraiki zuten Danubioren iparraldeko bazterrean (Devín, Bratislava, Iža Komárnotik hurbil). Marko Aurelioren agintaldian (161180), erromatarren eta germaniarren arteko bakezko elkarbizitza hautsi zen, eta erromatar eragina iparralderantz hedatu zen[3].

Lehen eslaviarrak V. mendearen amaieran kokatu ziren Danubioren ertzean. 568an iritsitako abaroek laster hartu zituzten mendean eslaviarrak, baina hauek matxinatu ziren 620an. VIII. mendean, Nitrako Printzerria sortu zen, 820ko hamarkadatik aurrera kristautuz joan zena; 828an, Pribinak printzerriko lehenbiziko eliza kristaua eraiki zuen Nitra hirian[3]. 833an, Nitrako Printzerria Moravia Handiaren zati bilakatu zen.

Hungariar nagusitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztebe I.a, Hungariako lehen erregea

IX. mende amaieratik aurrera, magyarrrak nagusitu ziren Panoniako ordokian. Nitrako Printzerriak autonomia atxiki zuen Hungariako Printzerriaren barnean, eta eslovakiarrek beren hizkuntza eta kulturari eutsi zieten[3]. Eztebe I.ak, Hungariako lehen erregeak, zortzi konderri sortu zituen gaur egungo Eslovakiaren lurraldean: Abov, Boršod, Esztergom, Hont, Komárno, Nitra, Tekov eta Zemplín. 1108an, Kolomanek Nitrako Printzerria ezeztatu zuen[3]. 1241ean, mongolek Hungariako Erresuma inbaditu eta suntsitu zuten; hala ere, egungo Eslovakiaren iparralde menditsuak eutsi zion inbasioari, eta baita ongi gotortutako hiriek ere (Trenčín, Bratislava, Nitra, Komárno eta Fiľakovok). Bela IV.aren agintaldian, alemaniar kolonoak kokatu ziren jendegabeko basabazterretan[3].

1526an otomandarrek hungariar armada azpiratu zuten Mohácseko guduan. 1536an, habsburgotarrek Bratislavan kokatu zuten Hungariako Erresumaren hiriburua. 150 urtez, Eslovakiako hegoaldea izen zen Otomandar Inperioaren muga, alegia, zibilizazio kristauaren eta musulmanaren artekoa[3]. Edonola ere, otomandarren eta habsburgotarren aurkako borroketan lurraldea, batik bat landa eremua, suntsitua izan zen[4]. XVIII. mendean, otomandarrek Hungariatik alde egindakoan, Eslovakiaren garrantzia gutxitu zen, nahiz eta Bratislavak 1848 arte jarraitu zuen hiriburua izaten.

1848ko iraultzan, eslovakiarrak Frantzisko Josef Austriako enperadorearen alde atera ziren, hungariar eremutik banatzeko laguntza emango zielakoan, baina deus gutxi lortu zuten (magiarizazioaren debekua, eslovakieraren erabilera ofizial mugatua). 1850eko hamarkadatik aurrera, eslovakiar mugimendu sezesionista zapaldua izan zen. Austria-Hungariako Inperioaren garaian (1867-1918), Hungariaren erdian egonik, hungariarrek bultzatutako magiarizazio prozesua jasan behar izan zuten eslovakiarrek[3].

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazien aurkako eslovakiar tropak 1944an

1918an, Eslovakiak, Bohemiak eta Moraviak Txekoslovakia osatu zuten; urtebete geroago Rutenia Transkarpatikoa batu zitzaien. Estatu berriak 140.394 kilometro koadroko eremua eta 13.007.831 biztanle zituen. Hauetatik, 48.936 kilometro koadro 1.910.000 biztanle Eslovakiari zegozkion[3]. 1919 eta 1920an, Saint-Germaingo eta Trianongo itunek Txekoslovakiaren mugak berretsi zituzten. Gerra arteko garaian, Txekoslovakiako estatu demokratiko eta oparoak Alemaniaren eta Hungariaren tirria errebisionistei aurre behar izan zien.

Alemania Nazik estuturik, 1939ko martxoaren 14an Eslovakiako Parlamentuak independentzia adierazpena egin zuen; biharamunean Adolf Hitlerrek Txekia okupatu zuen[3]. Eslovakiako Errepublika Hirugarren Reicharen mendeko txotxongilo estatua izan zen. Bigarren Mundu Gerraren garaian, herrialdeko judu gehienak, 75.000-105.000 artean, sarraskitze esparruetan sartu eta hilarazi zituzten[3]. 1944ko abuztuan, Eslovakiako Altxamendu Nazionala gertatu zen, alemaniar okupazioaren aurkako matxinada handia; bi hilabetez, 60.000 soldadu eta 18.000 gerrillari armada naziaren aurka borrokatu ziren[5]. 1945eko apirilean, sobietar eta errumaniar indarrek Eslovakiako lurraldea askatu zuten.

Gerraren ostean, Txekoslovakia berriz eratu zen, eta 1947an Eslovakiako Errepublikako presidente Jozef Tiso hilarazi zuten, naziekin kolaboratzeagatik. Ondoko urteetan, 80.000 hungariar[6] eta 32.000 alemaniar[7] egotzi zituzten. Kanporatze horrek gorabeherak sortzen ditu, gaur egun ere, Hungariako estatuarekin.

2007an Eslovakia Europar Batasunean sartu zen

1948ko otsailean, Pragako kolpea gertatu zen: Edvard Beneš presidenteak komunisten esku utzi zuen Txekoslovakiako agintea; handik aurrera, erresuma Sobietar Batasunaren itzalpean gelditu zen. 1968an, Varsoviako Itunaren indarrek okupatu zuten herrialdea, Alexander Dubček-ek hasitako liberalizazio-prozesua bortizki amaitzeko[3]. Hurrengo urtean, Txekiar Errepublika Sozialista eta Eslovakiar Errepublika Sozialistaren federazioa bihurtu zen Txekoslovakia.

Komunismoa 1989an bukatu zen Txekoslovakian. Luze gabe, herrialdea bi estatutan banatu zen: 1992ko uztailean, Eslovakiak independentzia adierazpena egin zuen. Udazken hartan, Vladimir Meciar eslovakiarrak eta Václav Klaus txekiarrak federazioaren amaiera burutzeko xehetasunak adostu zituzten. 1993ko urtarrilaren 1etik bi estatu dira[8]. Biak, beste herrialde batzuekin batera, Europar Batasunean sartu ziren 2004ko maiatzean.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovakiako lehendakariak legebiltzarreko botoen hiru bosten bere alde izan behar ditu lehen bozketan hautatua izan ahal izateko. Eslovakiako legebiltzarra edo parlamentua Kontseilu Nazional (eslovakieraz: Národná rada Slovenskej republiky) deritzon ganbera bakarreko erakundea da, lau urtetik behin aukeratzen dena, eta 18 urtetik gorako guztien sufragio unibertsalez hautaturiko 150 diputatuz dago osatua. Lehendakariak izendatzen du gobernuburu izango den lehen ministroa, eta bien artean hautatzen dituzte gobernuko ministroak.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Eslovakiaren banaketa administratiboa»

1949tik, Eslovakia zortzi eskualdetan (kraj) banaturik dago, eta eskualdeok 79 barrutitan (okres).

Slovakiakrajenumbers.png
Zbk. Eskualdea Eslovakieraz Hiriburua Biztanleria (2011)[9]
1 Bratislava eskualdea Bratislavský kraj Bratislava 602.436
2 Trnava eskualdea Trnavský kraj Trnava 554.741
3 Trenčín eskualdea Trenčiansky kraj Trenčín 594.328
4 Nitra eskualdea Nitriansky kraj Nitra 689.867
5 Žilina eskualdea Žilinský kraj Žilina 688.851
6 Banská Bystrica eskualdea Banskobystrický kraj Banská Bystrica 660.563
7 Prešov eskualdea Prešovský kraj Prešov 814.527
8 Košice eskualdea Košický kraj Košice 791.723

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015ean Eslovakiak 5.426.252 biztanle zituen[2], 111 biztanle kilometro karratuko dentsitatearekin. Biztanle gehienak hirietan bizi dira (%53,6 2015ean)[10]. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %15,14, 15-64 urte bitartekoak %69,98, 65 urtetik gorakoak %14,88[10]. Bizi itxaropena 77,1 urtekoa da, 73,5 urtekoa gizonezkoena eta 80,9 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespena)[10].

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovakiako biztanleen %80,7 eslovakiar jatorrikoak dira (eslovakiarrak eslaviar herrietako bat dira), baina badira beste talde etniko batzuk ere: hungariarrak (biztanle guztien %8,5 inguru), ijitoak (%2), txekiarrak, ukrainarrak, poloniarrak, etab[10].

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala eslovakiera da (sartaldeko eslavieraren adar bat, txekieraren antz handikoa), biztanleriaren %78,6ak hiz egiten duena; %9,4a hungarieraz mintzatzen da (2011ko zenbatespena)[10].

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovakiako konstituzioak gurtza askatasuna bermatzen du. 2011n biztanleriaren %62 katolikoa zen, %13,4 ateoa, %8,9 protestantea, %3,8 greko katolikoa, eta %0,9 ortodoxoa[11].

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovakiako Banku Nazionala, Bratislavan

Lehengo Txekoslovakiatik bi estatu berrietarako trantsizioa erraztearren, Eslovakiako eta Txekiako gobernuek diru bakarra izatea, aduana-batasuna eta bien arteko muga irekirik edukitzea erabaki zuten. Azkeneko bi puntuak errespetatu baziren ere, 1993ko otsailaren 8rako (urte horretako urtarrilaren lehenean banatu ziren ofizialki bi estatuak) hasi ziren nor bere dirua erabiltzen, bi estatuen arteko etengabeko ezinegonen erakusgarri. Hasieran, bi diruek balio bera zuten, baina Eslovakiako koroak balioaren %10 galdu zuen 1993ko uztailean. Aldi berean, heren bat jaitsi zen bi herrialdeen arteko merkataritza. Poloniarekin eta Hungariarekin merkataritza libreko eremu bat osatzea adostu zuten arren, 1993ko lehen sei hilabeteetan ez ziren konpondu bi estatuen arteko merkataritza-arazoak.

Nazio burujabe bilakaturik, Eslovakiak lortu zuen nazioartean ezagutu eta errespeta zezaten, baina, horrekin batera, Txekiak baino askoz ekonomia ahulagoa zuen. Txekoslovakiako kide zela, Eslovakiak aurrekontu federalaren %10 eta BPGaren %25 baizik ez zuen jartzen. Atzerapen horren zergatiak ulertzeko, kontuan izan behar da, lehenik, Eslovakia oso berandu industrializatu zela (1948tik aurrera hasi ziren lehen industriak) eta, bigarrenik, mendekotasun handia zuela bai Sobietar Batasunarekiko, bai Europaren ekialdeko beste herrialde batzuekiko. Hori zela-eta, 1990 inguruan, inguru horretako erregimen komunistek porrot egin zutenean, ukaldi gogorra jasan zuen Eslovakiako ekonomiak.

Slovnaft-en findegia Bratislavan

1991-1992an Eslovakiako industria-ekoizpena ia erdira jaitsi zen. 1994aren erdialdera langabezia-tasa %15 ingurukoa zen, eta inflazioa %14koa. Hala ere, 1991 ingurutik hasita, nazioarteko enpresekiko harremanak areagotu egin ziren. Hala, Volkswagenek inbertsio handiak egin zituen automobilaren industrian, Bratislavan; ondoren, PSA Peugeot Citroen eta Kia Motors enpresek ere ezarri zituzten automobil fabrikak[12]. Steel enpresa estatubatuarrak, berriz, Košiceko altzairugintzako enpresa erraldoian finkatu zuen bere interesa. Aipatutako horietaz gainera, kimikaren sektorea, ehungintza, eraikuntza eta beiragintza dira Eslovakiako industria-sektore garrantzizkoenak. Merkatu-ekonomiara igarotzeko egin behar izan ziren pribatizazio-prozesuek, dena den, arazoak izan zituzten, askotan, enpresa handien berregituraketa korapilatsuekin. 1995etik aurrera, Eslovakiak emaitza onak izan zituen makroekonomiaren ikuspuntutik.

Nekazaritza-gaiei dagokienez, laboreak, azukre-erremolatxa, patatak, fruituak eta barazkiak dira aipagarrienak, eta baita abere-hazkuntza ere (txerriak, abelgorriak, hegaztiak). Meatzaritzan ateratzen diren mineralen artean, aipatzekoak dira lignitoa, beruna, zinka, kobrea, burdin mea, magnesita eta gatza.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

See source Wikidata query.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf .
  2. a b c d   Slovakia: Regions and Major Cities, citypopulation.de, https://www.citypopulation.de/Slovakia-Cities.html. Noiz kontsultatua: 2016-11-24 .
  3. a b c d e f g h i j k   Brief History of Slovakia, visegradgroup.eu, http://www.visegradgroup.eu/basic-facts-about/slovakia/brief-history-of. Noiz kontsultatua: 2016-11-27 .
  4.   History of Slovakia, slovakiasite.com, http://www.slovakiasite.com/history-hungary.php. Noiz kontsultatua: 2016-11-27 .
  5.   Slovak National Uprising – World War II, slovak-republic.org, http://www.slovak-republic.org/history/world-war-2/. Noiz kontsultatua: 2016-11-28 .
  6.   Harris, Erika, Management of the Hungarian Issue in Slovak Politics: Europeanisation and the Evolution of National Identities, psa.ac.uk, https://web.archive.org/web/20090325004909/http://www.psa.ac.uk/journals/pdf/5/2003/Erika%20Harris.pdf. Noiz kontsultatua: 2016-11-28 .
  7.   Nemecká menšina na Slovensku po roku 1918, saske.sk, https://web.archive.org/web/20080620073924/http://www.saske.sk/cas/4-98/olejnik.html. Noiz kontsultatua: 2016-11-28 .
  8.   The Breakup of Czechoslovakia, slovakia.org, http://www.slovakia.org/history-topics. Noiz kontsultatua: 2016-11-28 .
  9.   Slovakia, citypopulation.de, https://www.citypopulation.de/Slovakia.html. Noiz kontsultatua: 2016-11-30 .
  10. a b c d e   Eslovakia, cia.gov, https://www.cia.gov/library/publications/the-world-factbook/geos/lo.html. Noiz kontsultatua: 2016-11-25 .
  11.   Obyvateľstvo SR podľa náboženského vyznania - sčítanie 2011, 2001, 1991, portal.statistics.sk, https://web.archive.org/web/20121114093733/http://portal.statistics.sk/files/tab-14.pdf. Noiz kontsultatua: 2016-11-24 .
  12.   Slovak Car Industry Production Almost Doubled in 2007, industryweek.com, http://www.industryweek.com/global-economy/slovak-car-industry-production-almost-doubled-2007. Noiz kontsultatua: 2016-11-27 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eslovakia Aldatu lotura Wikidatan