Eslovenia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Esloveniako Errepublika
Republika Slovenija
Esloveniako bandera
Bandera

Esloveniako armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Zdravljica
Eslovenia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Ljubljana
46°03′N 14°30′E / 46.050°N 14.500°E / 46.050; 14.500
Hizkuntza ofiziala(k) Esloveniera1
Gobernua
Presidentea
Lehen ministroa
Errepublika parlamentarioa
Borut Pahor
Janez Janša
Independentzia
-Aldarrikatua
- Onartua
Jugoslaviatik
1991ko ekainaren 25a
1992
Eremua
• Guztira
• Ura

20.273 km² (153.)
% 0,6
Biztanleria
• Zenbatespena (2009)
• Errolda (2002)
• Dentsitatea

Herritarra

2.054.199 (144.)
1.964.036
99,6 biztanle/km² (80.)

esloveniar
Dirua Euroa (EUR)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
CET (UTC +1)
CEST (UTC +2)
Interneteko domeinua .si
Telefono aurrezenbakia +386
1 Udalerri batzuetan italiera eta hungariera ofizialki onartuta daude.

Esloveniako Errepublika (Republika Slovenija), Europa Erdialdeko eta Europar Batasuneko estatua, Balkanetako penintsularen iparraldean kokatua.

Eslovenia Jugoslaviako Erresumaren parte izan zen 1945 arte, eta Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistako errepublika federatua gero, 1991n independentzia lortu zuen arte. Hiriburua Ljubljana da. Beste hiri nagusiak hauek dira: Maribor, Celje, Kranj, Velenje, Koper eta Novo Mesto.

Geografia eta Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniako mapa

Estatu mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakideak: Italia mendebaldean, itsaso Adriatikoa hego-mendebaldean, Kroazia hegoalde eta ekialdean, Hungaria ipar-ekialdean eta Austria iparraldean.

Natura eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako lau eremu geografikok bat egiten dute Eslovenian: Alpeek, Dinariar Alpeek, zabaldi panoniarrak eta Mediterraneoak. Esloveniako puntu altuena Triglav mendia da (2.864 m), eta herrialdeko batez besteko altuera 557 metro da. Esloveniako berezko lurraldeaz gainera, beste lurralde hauek ere hartzen ditu barnean: Karniola, Istriako iparraldea, Triesteko zati bat eta Estiriako hegoaldea.

Topografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovenia oso lurralde menditsua da, eta goi-lautadaz betea (Esloveniako Alpeak, Kras-eko goi-lautadak). Itsasertza, berriz, laua da.

Karstalde garrantzitsuak daude Eslovenian: Karniola Zuria edo Notrajsko («barrengo herria») eta Dolenjsko («herri beherea»). Triesteko iparraldean daude Postojnako leize ospetsuak, eta Panoniako muino eta lautadak hedatzen dira.

Primorjeko lautadak zabaltzen dira Istriako iparraldean. Herrialdearen azaleraren erdia (10,124 km2) basoek hartzen dute: Finlandia eta Suediaren ondoren, baso-portzentajeari dagokionez, Europako hirugarrena da Eslovenia.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontraesana dirudien arren, Esloveniako lurraldearen %81a Itsaso beltzeko isurialdeak osatzen du, horrela beraz herrialdeko bi ibai nagusiak diren Drava eta Sava ibaiek ipar-mendebaldetik hego-ekialdera zeharkatzen dute Eslovenia. Beste ibai batzuk Mura eta Kolpa dira.

Alpeetan ohikoak dira aintzirak ere, ezagunenak Bled eta Bohinj dira.

Babesturiko eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazional bakarra dauka, Triglav Parke Nazionala, izen bereko mendiaren (2.864 m) ingurua hartzen du, herrialdearen ipar-mendebaldea. 880 km²-ko azalera du eta 1981 urtean eratu zen. Eskualde mailako parkeak ere izendatu ditu; Karniola barnekoa, Kozje parkea eta Škocjan leizeak.

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu sismiko nahiko aktiboan kokaturik dago herrialdea, izan ere Eurasiako plakak eta Afrikako plakak sarritan estutzen baitute Adriatikoko plaka txikia. 60 lurrikara inguru kontatu izan dira historian zehar, batzuk gogorrak, 1895 urtekoa esate baterako. Mugimendu hauen ekintzen ondorio dira Juliotar Alpeak eta Dinariar Alpeak.

Bestalde Karst eremua leizez beteta dago, ezagunenak Postojnako leizea eta Škocjan leizeak, bigarren hau Gizateriaren ondare izendaturik dago.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima submediterraneoa da kostaldean, alpetarra mendietan eta kontinentala ekialdeko lautada eta haranetan. Batez besteko tenperaturak urtarrileko -2 °C-en eta uztaileko 21 °C-en artean dabiltza. Prezipitazioen batez bestekoa hau da: 1.000 mm kostaldean, 3.500 mm Alpeetan, 800 mm hego-ekialdean eta 1.400 erdialdean.

Biztanleak eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniako biztanleen % 91 esloveniar jatorrikoak dira (eslaviar herrietako bat). Badira beste talde etniko batzuetako herritarrak ere (kroaziarrak, serbiarrak), baina gutxi dira. Gainera, 1990 aldera, Bosnia-Herzegovinako gerratik ihesi joandako 60.000 iheslari Eslovenian babestu ziren. Hizkuntza ofiziala esloveniera dute, eslaviar hizkuntzen familiakoa, eta serbokroaziera ere hitz egiten da zertxobait. Beste eslaviar kultura batzuek ez bezala, Italiako, Alemaniako eta Austriako kulturen eragin handia jaso dute esloveniarrek mila urtez baino gehiagoz. Hori dela eta, 70 urte inguruz Jugoslavia osatzen zuten errepubliketako bat izan bada ere, esloveniar kulturak parekotasun handiak ditu Alemaniako eta Italiako kulturekin. Esloveniera, esate baterako, latin alfabetoz idazten da, eta ez, serbiera eta eslaviar hizkuntza gehienak bezala, alfabeto zirilikoz.

Demografia datuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniarren erdiak, gutxi gorabehera, hirian bizi dira (Ljubljanan, Mariborren eta Celjen, batik bat) eta gainerakoak lurralde guztian banatutako herri txikietan, horietako asko mendi garaietan. Adinari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 16 dira, 15-64 urte bitartekoak % 70 eta 65 urtez gorakoak % 14. Gizonezkoek 71 urteko bizi-itxaropena dute, eta 79koa emakumezkoek. Europako gainerako herrialdeetan bezalatsu, demografia-hazkundea oso txikia da, emankortasun-indizea, izan ere, 1,2 haurrekoa baita emakumeko. Hamabi urteko hezkuntzaldi behartua dute Esloveniako haurrek (lehen mailako hezkuntza, zortzi urtez, eta bigarren mailakoa, lau urtez), eta ikasle gehienek goi-mailako ikasketak egiten dituzte. Goi-hezkuntza ematen duten 27 erakunde dituzte, Ljubljanako Unibertsitatea barne dela. Erlijioen banaketa hau da: katolikoak % 71, luteranoak % 1, musulmanak % 1, ateoak % 5, beste batzuk % 22.

Hiri handienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko erroldaren datuak dira.

# Hiria Populazioa
1 Ljubljana 274.826 bizt.
2 Maribor 94.809 bizt.
3 Celje 37.490 bizt.
4 Kranj 37.151 bizt.
5 Velenje 25.333 bizt.
6 Koper 24.864 bizt.
7 Novo Mesto 23.212 bizt.
8 Ptuj 17.972 bizt.
9 Trbovlje 14.842 bizt.
10 Kamnik 13.652 bizt.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurre historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 250.000 urteko giza aztarnak aurkitu dira egindako indusketa arkeologikotan. Ljubljanako paduretan duela 4.500 urte izandako zutabe gaineko etxeen hondarrak ere aurkitu dira. Bertan munduko egurrezko gurpil zaharrena kontsideratzen dena ere jaso da. Burdin Aroan iliriarrek eta zeltiarrek okupatu zituzten Esloveniako lautadak.

Erromatarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emonaren eraikuntza.

Erromatarrek lurralde hauek konkistatu zituztenean Pannoia etaNoricum probintzien artean gelditu zen, Venetia et Histria (X eskualdean) barnean. Hiru hiri nagusi izan ziren; Emona (Ljubljana), Poetovio (Ptuj) eta Celeia (Celje). Italiatik Pannoniara zihozen errepide militarrek zeharkatu zuten lurraldea. Erromatarren Aroa V eta VI mendeetako hunoen erasoekin bukatu zen.

Eslaviarren kolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi egungo esloveniarren arbaso eslaviarak gaur Eslovenia den eremura VI. mendean iritsi zirela. VII. mendean, lehen estatu esloveniartzat har daitekeen Karantaniako Dukerria (gaurko Karintia) sortu zen, baina 745 urtean independentzia galdu zuen, Frankoen Inperioaren menpe erortzean. Horren ondorioz, hainbat eslaviarrek fede kristaua besarkatu zuten.

Gutxi gorabehera 1000 urtean, eslovenierazko lehen dokumentua idatzi zen, Freising eskuizkribua: hortaz, latindar alfabetuaz baliatu zen lehen eslaviar hizkuntza da.

Habsburgotarren menpe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habsburgotarren menpeko Karniola dukerria, XVII mendearen hasierako mapa.

Magiarrek inbaditu zuten Eslovenia X-XI. mendeetan. XIV mendean zehar, lurralde gehienak Habsburgoren mende egon ziren, zati txiki bat Veneziako errepublikaren menpe; gerora Austria-Hungariako Inperioa osatuko zuten beste lurraldeekin batera. Esloveniarrak gehienak ziren Karniola, Gorizia eta Gradiscako lurraldeetan, baita ere Istria, Karintia eta Estiriako zati batzuetan ere. Germaniartzea oso sakona izan zen garai hartan.

Austria-Hungariako inperioaren garaian (XVIII-XIX. m.), Karniola, Estiria eta Karintiako herrialdeetan banaturik zeuden esloveniar gehienak. Napoleondar gerrekin Iliriako probintzietako estatua sortu zen, Ljubljana haren hiriburu bihurtu zen, eta eslaviera hizkuntza ofizial. 1848an, Eslovenia aske eta batuaren aldeko mugimendua indartu zen, Austrian gertatu zen "Nazioen Udaberri" izeneko mugimenduaren barnean. XIX. mendearen bigarren erdialdean hasi ziren esloveniarren eta hegoaldeko gainerako eslaviarren arteko harremanak. 1866-1867. urteetan, Esloveniako zati txiki bat Italiaren mende gelditu zen, eta Hungariaren mende beste bat. Vienari lotuak geratu ziren gainerako esloveniarrak.

XX mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918an Eslovenia, Serbia eta Kroazia Erresumaren sorrera.

1918an, Austria-Hungariako Inperioaren gainbeherarekin batera, esloveniar gehienek, kroaziarrek eta serbiarrek Esloveniar, Kroaziar eta Serbiarren Estatua sortu zuten, berehalaxe Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma izango zena. 1929an berriro ere izena aldatu eta Jugoslaviako Erresuma bilakatu zen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren parte izan zen Eslovenia.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadarako, Esloveniako Errepublika independentziara eramango zuen dinamikan sarturik zegoen. Italiaren eta Austriaren mugan egoteak, eta emaitza ekonomiko bikainek (Jugoslavia ohi osoko biztanleriaren % 8 besterik ez izan arren, Federazio osoko BPGaren heren bat zegokion Esloveniari) mendebaldeko Europarekiko hurbiltasun-sentimendua piztu zuten esloveniarrengan. 1989an sortu zen, oposizioko alderdien artean, Esloveniar Batasun Demokratikoa (DEMOS) izeneko koalizioa, helburuetako bat Jugoslaviaren egitura federala aldatzea eta aniztasun politikoa ezartzea zuena. 1990eko otsailean, Esloveniako komunistak nabarmen aldendu ziren Jugoslaviako Liga Komunistatik. Urte bereko apirilean, DEMOS koalizioak irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak eta Milan Kucan Berrikuntza Demokratikoa alderdiko buruzagia (komunista erreformista) hautatu zuten lehendakari. Handik aurrera, Esloveniak geroz eta nabarmenago heldu zion independentziarako bideari. Lehendabizi, Jugoslaviako Federazioa konfederazio bihurtzen saiatu ziren; gero, zuzenketak proposatu zizkioten konstituzioari, eta, azkenean, burujabetza osoa aldarrikatu zuten.

Hamar eguneko gerra.

1990eko erreferendumean, biztanleen % 90ek independentziaren aldeko botoa eman zuen. Esloveniako komunikabideak geroz eta haserreago zeuden Jugoslaviako armada federalarekin, eta udalerriek erreklutatze paraleloak antolatu zituzten, lurraldearen defentsarako. 1991ko ekainaren 25ean, Esloveniak eta Kroaziak nork bere independentzia aldarrikatu zuen ofizialki. Jugoslaviako gobernu federalak, Ante Markovic kroaziarra buru zuela, ez zituen aldarrikapen horiek onartu, eta gudaroste federalari esku har zezan agindu zion. Lehen gudaldietako erronka kanpoko mugen kontrola ziurtatzea izan zen. 1991ko ekainaren 28an su-etena adostu zuten hiru hilabeterako. Baina urrian, Esloveniak berretsi egin zuen burujabetza osoaren aldeko borondatea, eta Europar Batasuneko arbitratze-batzordeak aitortu egin zion eskubide hori. Alemaniak urte bereko abenduan onartu zuen Eslovenia nazio independente gisa, eta ondoren, 1992ko urtarrilean, beste hogeita hamar bat herrialdek gauza bera egin zuten, Europar Batasunekoak barne zirela. 1992ko maiatzean sartu zen Eslovenia Nazio Batuen erakundean.

1992ko legebiltzarrerako hauteskundeak kristau demokratek eta demokrata liberalek irabazi zituzten, Janez Drnovšek buru zutela, eta azken horrek gobernu-koalizio bat osatu zuen 1993ko urtarrilean, bera lehen ministro zena. Lehendakaritzari Milan Kucanek eutsi zion. Nazioarteko Diru Funtsean sartu eta Munduko Bankuko kide egin ondoren, 1996ko ekainean, Esloveniak elkartze-hitzarmen bat sinatu zuen Europar Batasunarekin, baina ez zen berretsi 1997ko uztaila arte. Prozesuak, izan ere, atzerapena izan zuen. 1996ko azaroko hauteskundeetan izandako emaitzak zirela-eta, ez zen erraza izan gobernu berria eratzea. Azkenean, 1997ko otsailean, Janez Drnovšek hautatu zuten lehen ministro, Alderdi Demokrata Liberalaren eta Esloveniako Herri Alderdiaren (Europar Batasunean sartzearen aurkakoa) arteko koalizioaren buruan. Azaroan, Milan Kucan aukeratu zuten berriro errepublikako lehendakari. 2004ko martxoaren 29an NATOn sartu zen, eta urte bereko maiatzaren 1ean, Europar Batasunean.

Gobernua, politika eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991ko abenduaren 23an onartutako konstituzioan, 18 urtez gorakoen sufragio unibertsala (16 urtetik aurrera eman daiteke botoa, enplegua izanez gero), alderdi anitzeko politika-sistema eta gainerako eskubide formalak jasota geratu ziren (erlijio-askatasuna, prentsa-askatasuna, etab.). Estatuaren burua presidentea da, bost urtetik behin hautatzen dena. Botere betearazlearen buru lehen ministroa eta ministroen kontseilua dira, parlamentuak hautatua. Lehen ministroa Biltzarrak aukeratzen du lau urteko legealdirako, eta Errepublikako lehendakaria hauteskundeetan hautatzen da bost urterako.

Parlamentuak bi ganbera ditu: Asanblada Nazionala (Državni Zbor) eta Kontseilu Nazionala (Državni svet). Asanblada Nazionalak 90 kide ditu, batzuk zuzenean hautatuak eta beste batzuk sistema proportzionalaren bidez (hungariar eta italiar gutxiengoentzako bi eserleku gordetzen dira). Kontseilu Nazionalak 40 eserleku ditu, eta gizarte, ekonomia, lanbide eta beste zenbait arlotako ordezkariek osatzen dute: legeak proposatzea edo Biltzarrean hartutako erabakiren bat berriro aztertzeko eskatzea beste eskumenik ez du. Biltzarreko kideak lau urtez behin hautatzen dira, eta Kontseilukoak bost urtez behin.

15.000 soldadu inguruko armada du, eta beste 85.000 gizon dituzte erreserban. Soldadutza nahitaezkoa da: 18 urterekin hasten da, eta zazpi hilabete irauten du. Europako Kontseiluko eta Nazio Batuetako kide da Eslovenia, eta defentsa-hitzarmenak sinatu ditu Austriarekin eta Hungariarekin.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Esloveniaren banaketa administratiboa»
Esloveniako eskulade estatistikoak.

Eslovenia estatu zentralista da, banaketa administratiboa helburu estatistikoetarako soilik dira baliagarri. Estatistikarako lurraldeak hauek dira:

Zkia Izena Populazioa (2014) Azalera Hiri nagusia
1 Karniola Garaia (Gorenjska) 203.938 bizt. 2.137 km² Kranj
2 Gorizia (Goriška) 118.374 bizt. 2.325 km² Nova Gorica
3 Hego-ekialdeko Eslovenia (Jugovzhodna Slovenija) 142.405 bizt. 2.675 km² Novo Mesto
4 Karintia (Koroška) 71.546 bizt. 1.041 km² Slovenj Gradec
5 Karniola Beherea-Kostaldea (Primorsko-notranjska) 52.449 bizt. 2.137 km² Postojna
6 Kostaldea-Karst (Obalno-kraška) 112.848 bizt. 1.044 km² Koper
7 Erdialdeko Eslovenia (Osrednjeslovenska) 546.314 bizt. 2.555 km² Ljubljana
8 Drava (Podravska) 323.328 bizt. 2.170 km² Maribor
9 Mura (Pomurska) 117.165 bizt. 1.337 km² Murska Sobota
10 Savinja (Savinjska) 259.853 bizt. 2.384 km² Celje
11 Sava Beherea (Posavska) 69.958 bizt. 885 km² Krško
12 Erdialdeko Sava (Zasavska) 42.983 bizt. 264 km² Trbovlje

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovenia 193 udalerritan (občine) banatuta dago.

Lurralde historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniako lurralde tradizionalak (Hasburgotarren garaian finkatu zirenak).

Aintzinako hiru koroetan (Karniola, Estiria eta Goriška) izan zen banaketaren araberakoak dira lurralde tradizionalak:

  • 1) Esloveniako kostaldea (Primorska): Garai bateko Goriška eta Slovenska Istra (Istria Esloveniarra) elkartzetik sortua.
  • 2) Karniola (Kranjska):
    • 2.a) Karniola Garaia (Gorenjska)
    • 2.b) Erdialdeko Karniola (Notranjska)
    • 2.c) Karniola Beherea (Dolenjska)
  • 3) Karintia (Koroška)
  • 4) Estiria (Štajerska)
  • 5) Transmuralandia (Prekmurje)

Lurralde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniako lehenengo lurralde naturalen zatiketak Anton Melik geografoak eta Svetozar Ilešič-ek egin zituzten 1936an eta 1968an. Ivan Gams-en zatiketa berrian, lurralde hauek bereizten dira:

  • Alpeak (Visokogorske Alpe).
  • Alpe aurreko muinoak (Predalpsko Hribovje).
  • Ljubljanako lautada (Ljubljanska Kotlina).
  • Azpimediterranearra - Kostaldeko Eslovenia (Submediteranska – primorska Slovenija).
  • Eslovenia barneko karst dinarikoa (Dinarski kras notranje Slovenije).
  • Eslovenia azpipanonikoa (Sobpanonosnka Slovenija).

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BTC City, Ljubljanako merkatal zentrua.

Esloveniako ekonomia, bere testuingururako, aski aberatsa da, Europar Batasuneko kide berrien artean biztanleko BPGrik altuena baitu. Inflazio-tasa nahiko altua izan da azken urteotan, eta hazkunde ekonomikoak goranzko joera duela dirudi. Oro har, herrialdeak ekonomia sendoa du. 2007ko urtarrilaren 1ean, euroa hartu zuen errepublikak.

Independentzia eskuratu aurretik, Eslovenia zen Jugoslaviako errepublikarik oparoena. 1990etik hona agintean egon diren gobernuen ahaleginei, azpiegitura sendoei eta eskulan gaituari esker, Esloveniako ekonomia berehala hasi zen Bosnia-Herzegovinako gerrak eragin zizkion galerak gainditzen. Industria-ekoizpena, esate baterako, % 4,7 hazi zen 1993an eta langabezia-tasa % 7raino jaitsi zen 1997an. Esloveniako BPGaren % 35 industriari dagokio. Errepublikako industria garrantzizkoenak elektronika, makina elektrikoak, metalurgia eta motordun ibilgailuak dira. Kontuan hartzekoak dira, orobat, mea-aberastasunak: burdina Kranjen, merkurioa Idrijan, petrolioa Lendavan eta lignitoa Trbovljen, eta baita beruna, zinka, uranioa eta zilarra ere.

Nekazaritzari, aldiz, BPGaren % 5 baizik ez dagokio. Behealdeko soroak laboretarako egokiak diren arren, Esloveniako nekazaritzako jarduera nagusiak (ez da ahaztu behar herrialde menditsua dela, eta lurjabe txikiak direla nekazari gehienak) abere-hazkuntza eta basogintza dira (lurraldearen erdia basoz estalita dago). Abere-hazkuntzaren barruan, esne-produkziorako eta haragitarako behi-azienda da garrantzitsuena, baina ardiak eta oiloak ere hazten dituzte. Nekazaritza-produktuei dagokienez, artoa, patata, garia, lupulua, azukre-erremolatxa eta mahatsa dira garrantzizkoenak.

Merkataritza-harreman garrantzitsuenak Alemaniarekin, Kroaziarekin, Italiarekin, Frantziarekin, Austriarekin eta Estatu Batuekin ditu. Esportazioen artean aipatzekoak dira lehengaiak, produktu erdilanduak, makineria, motor elektrikoak, janari prozesatuak, ehunkiak, botika eta kosmetika-produktuak. 1993an sartu zen Eslovenia Nazioarteko Diru Funtsean. Hainbat ekonomia-harreman berri ere egin zituen garaitsu hartan, lehen etendakoak (Italia, Austria) berrezartzeaz gainera: Iran, Txina, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereekin ezarri zituenak, esate baterako. Europar Batasunarekin elkarlanerako hitzarmen bat sinatua du. Diru-sarrera garrantzizkoa da turismoa Esloveniarentzat, estimazio handiko parajeak baititu Bled aintziraren inguruetan eta mendietan (neguko kirolak).

Esloveniak garraio-sare bikaina du. 15.000 km inguruko errepide-sarea ez ezik, hiri handi guztiak trenbidez komunikaturik daude. Hain zuzen ere, Esloveniaren ekonomia-eragile handienetako bat dagoen lekuan egotea izan da, Europako erdialdeko herrialdeen eta Mediterraneoaren artean baitago. Esandakoaren harira, garrantzi ikaragarria izan du eskualdearen garapenerako 1847tik abian dagoen Viena-Maribor-Ljubljana-Trieste burdinbideak. Hiru aireportu handi eta Koperreko portua ere badu, Itsaso Adriatikoan.

Erregimen sozialista izan duten herrialde gehienek ez bezala, Esloveniak hirugarren sektore modernoa eta eraginkorra garatzen jakin izan du (BPGaren 60%). 1991ko ekainaren 25ean independentzia eskuratu ostean, ekonomia-trantsizio motel baina zuhur bati ekin zion Esloveniak, eta langabezia-tasa txikiari, maila oneko soldatei eta inflazio moderatuari eusten saiatu da geroztik. Pribatizazio-legea 1993an sartu zen indarrean. Esloveniaren ingurumen-arazo nagusiak hauek dira: Sava ibaiaren kutsadura, etxeetako eta industrietako ur zikinek eragindakoa; itsasertzeko uren kutsadura, metal astunak eta ekoizkin kimiko toxikoak direla-eta; Koper inguruko basoetan euri azidoak eragindako kalteak (metalurgiak eta industria kimikoak eragindako kutsadura atmosferikoaren ondorioz).

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovenian bizi diren talde etniko nagusiak hauek dira: esloveniarrak (% 89); kroaziar, bosniar, serbiar eta Jugoslavia ohiko bestelako taldeak (% 10); eta hungariar eta italiar gutxiengoak (% 0,5).

Dentsitatea 95 biztanle/km2 da. Biztanleen erdiak hirietan bizi dira, eta beste erdiak landa-eremuetan.

Hizkuntza ofiziala esloveniera da, hegoaldeko hizkuntza eslaviarren taldekoa. Hungarierak eta italierak estatus ofiziala dute Hungaria eta Italiako mugen ondoko lurraldetan.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Slavoj Žižek esloveniar filosofoa.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Primož Trubar erreformatzaile protestanteak idatzi eta 1550ean argitaratu ziren Catechismus eta “Abecedarium” dira eslovenierazko lehen argitalpenak. Bi autore nagusiak France Prešeren (1800-1849) poeta eta Ivan Cankar (1876-1918) idazleak dira.

Boris Pahor, kontzentrazio-esparruetan izan zena, idazle ezagunenetakoa bihurtu zen, Italiako faxismoari eta Titoren komunismoari aurre egin baitzion.

Liburuen merkatuak ere garrantzi handia du eta Esloveniako liburu azoka egiteaz gain, atzerriko liburuekin Frankfurt after Frankfurt azoka ere egiten da.

Margolaritza eta arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ivana Kobilca eta Rihard Jakopič inpresionistak dira garrantzitsuenak. Arkitekturan, Jože Plečnik da adierazgarriena. Museoei dagokienez Ljubljanan dagoen Esloveniako Arte Galeria Nazionala aipatu behar da, bai eta Ljubljanako Arte Modernoaren museoa ere.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikari dagokionez, Jacobus Gallus (1550-1591) Errenazimentuko konpositoreak Europako erdialdeko musika klasikoan eragin handia izan zuen; XX. mendean, Bojan Adamič musikagilea nabarmentzekoa da (filmetarako musika).

Ljublianako udako jaialdia eta Lent jaialdia dira herrialdeko ekintza kultural garrantzitsuenetakoak.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiako aktore ezagunena Ita Rina (1907-1979) izan zen, Europako filmeetan ere lan egin zuena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Polde Bibič-ek Eslovenia barnean sona handia hartu zuen. Zine zuzendariak ugari izan dira eta Esloveniako Zinemagintzaren Pizkundea osatu izan dute.

Nazioarteko errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UNESCOk hiru eremu izendatu ditu Eslovenian Gizateriaren Ondare:

Europar Batasunak berriz Maribor 2012ko Europako kultura-hiriburu izendatu zuen eta Ljubljana 2016an Europako Hiriburu Berdea izango da.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tina Maze eskiatzailea.

Esloveniarrek kirol desberdin ugari praktikatzen dituzte. Ohiko saskibaloi, futbol eta eskubaloiaz gain neguko kirolek indar handia dute.

Saskibaloia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saskibaloi talde nazionala 11 aldiz sailkatu da EuroBasketa jokatzeko eta emaitzarik onena 2009ko laugarren postua izan du. 2013an bera izan zen txapelketaren antolatzailea. 1970an Munduko Saskibaloi Txapelketa ere antolatu zuen. Hainbat jokalari esloveniarrek nazioarteko sona izan dute eta NBAn jokatzera ere iritsi dira, Radoslav Nesterović, Goran Dragić eta Zoran Dragić. Herrialdeko talderik onena Union Olimpija da, Esloveniako 15 liga eta 19 kopa lortzeaz gain Jugslaviako sei liga ere eskuratu zituen.

Futbola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selekzio nazionala bi aldiz sailkatu da Munduko Futbol Txapelketarako eta beste behin Europakorako baina emaitzak ez dira onak izan. Historiako jokalari onenak Branko Oblak eta Zlatko Zahovič dira. Herrialdeko talderik onena NK Maribor da, eta berakin batera NK Olimpija Ljubljana eta ND Gorica ere indartsuak dira. Europa mailako txapelketatan ordea ez dute emaitza aipagarririk lortu.

Neguko kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz-hockeyaren selekzio nazionalak zazpi aldiz jokatu du Munduko txapelketa. Anže Kopitar munduko jokalari nenetakoa da eta Estatu Batuetako ligan ari da jokatzen.

Tina Maze eskiatzaileak 2012-13 sasoiko Munduko kopa irabazi zuen eta bitan izan da Joko Olinpikoetako urrezko dominaren irabazlea. Mateja Svet eta Bojan Križaj ere eskiatzaile ezagunak dira. Primož Peterka saltatzaileak birritan irabazi du munduko jauzi txapelketa.

Joko olinpikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniar kirolariek 22 domina eskuratu dituzte, hauetatik 3 urrezkoak, eta Joko paralinpikoetan beste 19 domina ere bai.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eslovenia Aldatu lotura Wikidatan