Espainia eta Maroko arteko muga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espainia eta Maroko arteko muga
Espainiaren mugak
Marokoko mugak
Verjamelilla.jpg
Geografia
Herrialdeak  Espainia
 Maroko
Luzera 16 km
Erakunde administratiboak Ceuta, Melilla, Nador, Fnideq eta Vélez de la Gomera haitza
Mapa del sur de España neutral.png

Espainia eta Maroko arteko muga Espainiako eta Marokoko erresumen artean dagoen muga da, Afrikako iparraldean. 15,9 kilometro neurtzen ditu eta Europa eta Afrikaren arteko lurreko muga bakarra da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki, Espainiaren plazas de soberanía Afrikako ipar-mendebaldeko musulmanen inperioen zatiak izan dira. Ceuta Portugalek konkistatu zuen 1415ean[1]. Iberiar penintsularen Errekonkistaren ondoren, Gaztelak Afrikako kostaldean jarri zuen helburua, eta Melilla Fezko Sultanerriari konkistatu zion 1497an, Portugalen baimenarekin. Espainiak Vélez de la Gomera haitza indarrez hartu zuen 1508an eta Portugalek Cintrako itunan onartu zuen konkista hau. 1554ak Fezek berriro konkistatu zuen eta Espainiak, berriro ere, 1564an. Espainiaren esku egon da gaurdaino[2].

Iberiar Batasunan zehar (1580-1640) Espainiar jatorriko kolono asko iritsi ziren Ceutara; ondorioz, Portugal berriro ere Espainiatik independizatu zenean Ceuta Espainiaren esku beratu zen, Portugalek 1688ko Lisboako itunarekin onartu zuen egoera. 1844ko urriaren 7an Marokoren eta Espainiaren artean Ceutaren muga ezartzen zuen ituna sinatu zen, 1845ko maiatzaren 6an muga hori berresten zuen bigarren batekin batera. Melilla eta Marokoren arteko muga "zona neutral" paralelo batekin, 1859ko abuztuaren 24an sinatu zen[3][4].

Marokok, hala ere, indarrez bi exklabe hauek konkistatzeko saiakerak egin zituen XVIII-XIX. mendeetan, amaieran Espainia-Maroko Gerra ekarri zuena, 1859-60an, Espainiaren garaipenarekin. Wad-Raseko itunarekin, 1860ko apirilaren 26an, Ceutaren muga gaur egungo lekuraino hedatu zen. Melillaren muga kainoi baten irismenaren arabera ezarrita zegoenez, 1862ko urriaren 30ean beste itun bat sinatu zen, gaur egungo muga zehaztu zuena[5]. Hala ere, 1894-95an beste itun batzuk egin behar izan ziren muga honen gaineko arazoen ondorioz.

1912ko azaroaren 12an Marokori buruzko Espainia eta Frantziaren arteko ituna sinatu zen[6]. Espainiak Marokoko Mediterraneoaren gaineko protektoratoa eskuratu zuen. Ceuta, Vélez de la Gomera eta Melilla entitate handiago baten baitan sartu ziren. 1956an Maroko Frantziatik independizatu zenean, Marokoko Protektoratu Espainiarra erresuma berriari itzuli zitzaion, baina Espainiak bere plazas de soberanía horien gaineko kontrola mantendu zuen, argudiatuz aurretik euren burujabetzaren parte zirela[7]. Maroko saiatu da, beranduago, lurralde honen gaineko kontrola lortzen, adibidez 1975an Ibilaldi Berdeak Sahara Espainiarra bereganatu zuenean. Hala ere, kontrola Espainiak dauka eta ez du gaia Marokorekin hitz egiteko inongo asmorik. Perrexil uhartearen gaineko gatazka ere sortu zen 2002an.

1993an Espainiak Ceutako hesia eta Melillako hesia eraiki zituen, oraindik handiago egin zituenak 1995an eta, berriro ere, 2005ean, txarrantxadun muga-hesi militarizatu batekin. Europako hegoaldeko muga izanda, immigraziorako gune garrantzitsua da.

Lurreko muga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko nazioarteko mugarik txikienetako bat da, eta hiru subiranotasun-plaza inguratzen ditu, Espainiak Afrikako iparraldean dituen jabetzenak:

  • Handienak (9,6 km) Nador eta Melilla hiri autonomoa banatzen ditu.
  • Bigarren handiena (6,3 km) Fnideq probintzia eta Ceuta hiri autonomoa banatzen dituena;
  • Txikienak Badis (Vélez) eta Vélez de la Gomera haitza herria banatzen du. Espainiar jabetza hau, kontinentearekin, harea zerrenda baten bidez lotuta dagoen antzinako uharte bat da (1934an gertatutako ekaitz baten ondorioz), eta mugak 85 metroko luzera ditu. Munduko muga zatirik txikiena da[8].

Hiru mugetan mugako hesi hirukoitz bat dago (10 metroko hesi bat, Espainiarena, eta 2 metroko beste bat, Marokorena), legez kanpoko immigrazioa eta Espainiarako eta Europar Batasunerako merkataritza-kontrabandoa eragozteko.

Mugako hainbat pasabide daude, horien artean, Melillako Beni Enzar, aduana komertziala duen bakarra. Ceutako El Tarajal ere aipagarria da. Bi pasabide horiek dira urteko 365 egunetan eguneko 24 orduetan irekita egoten diren bakarrak.

Era berean, formalki, lurreko laugarren muga bat ere badago, 27º 50 'M paraleloaren gainean kokatua, Sahara Espainiarra eta Maroko banatzen dituena, baina muga hori ez da kontuan hartzen, 1976tik Marokok mugaren bi aldeak administratzen dituelako eta de facto desegin duelako.

Itsasoko muga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geografikoki sakabanatuta dauden bi zati ditu. Lehen zatian, mendebaldean, Kanariar uharteetako uhartedi afrikarra (Espainiaren subiranotasunekoa) Marokotik banatzen du. Beste zatia Gibraltarko itsasartean zehar doa eta bi herrialdeak banatzen ditu Ozeano Atlantikoaren erdialdea eta Mediterraneo itsasoa jarraituz (zati batzuetan muga Afrikako kostaldean sartzen da Espainiako subiranotasun plazak barne hartzeko).

Hirugarren zati bat ere hartzen du, de facto, Kanariak eta Sahara Espainiarra bereizten dituena (formalki onartu gabea), eta laugarren tarte bat, de iure, baina praktikan existitzen ez dena, Sahara espainiarreko urak eta Marokokoak bereizten dituena.

Itsas muga ferryen bidez zeharka daiteke, non mugako kontrolak egiten diren. Ferry linearik garrantzitsuenak Algeciras-Tanger Med eta Tarifa-Tanger dira. Las Palmas Kanaria Handikoa-Aaiungo ferrya ere aipagarria da.

Gainera, Las Palmas Kanaria Handikoa-Cádiz etxeko ferryak bi aldiz zeharkatzen du muga hispanomarokoarra, baina itsasontziak Marokoko portu bakar batean ere geldialdirik egiten ez duenez eta Espainiako bi hiri lotzen dituenez, ez da mugako kontrolik egiten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Payne, Stanley G.. (1973). A history of Spain and Portugal. ISBN 0-299-06270-8. PMC 588925. Noiz kontsultatua: 2021-05-18.
  2. (Ingelesez) O'Reilly, Gerry. (1994). Ceuta and the Spanish Sovereign Territories: Spanish and Moroccan Claims. IBRU ISBN 978-1-897643-06-8. Noiz kontsultatua: 2021-05-18.
  3. Deasy, George F.. (1942). «Spanish Territorial Boundary Changes in Northwest Africa» Geographical Review 32 (2): 303–306. doi:10.2307/210278. ISSN 0016-7428. Noiz kontsultatua: 2021-05-18.
  4. (Ingelesez) Rézette, Robert. (1976). THE SPANISH ENCLAVES IN MOROCCO Par ROBERT REZETTE. Nouvelles Editions Latines Noiz kontsultatua: 2021-05-18.
  5. (Gaztelaniaz) «Acta de demarcación de los límites de la plaza de Melilla: firmada en Tánger el 26 de Junio de 1862. Y acuerdo relativo a la conservación de las señales de aquéllos: firmado en Draa-Es-Seyet (enfrente a Melilla) el 14 de noviembre de 1863 - dipublico.org» www.dipublico.org Noiz kontsultatua: 2021-05-18.
  6. «Treaty Between France and Spain Regarding Morocco» The American Journal of International Law 7 (2): 81–99. 1913 doi:10.2307/2212275. ISSN 0002-9300. Noiz kontsultatua: 2021-05-18.
  7. «Gibraltar in reverse?» The Economist 2002-02-21 ISSN 0013-0613. Noiz kontsultatua: 2021-05-18.
  8. «The World’s Shortest Border | GeoCurrents» web.archive.org 2018-08-11 Noiz kontsultatua: 2021-05-18.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]