Edukira joan

Espainiar Emakumeen Elkarte Nazionala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala» orritik birbideratua)

Espainiar Emakumeen Elkarte Nazionala edo ANME (gaztelaniaz: Asociación Nacional de Mujeres Españolas) emakumeen sufragismoa eta emakumeen eskubideak defendatzen zituen Espainiako elkarte bat izan zen. 1918an sortu zen, eta 1936an itxiarazi zuten. Gizarte klase altuko feminismo bat zekarren, ideologiaz eskuinerako joera nabarmenekoa eta espainolista.[1]

1918ko urriaren 20an, ANME sortzeko asmoz, emakume talde bat bildu zen María Espinosa de los Monteros negozio emakumearen etxean. Han zen, besteak beste, Benita Asas Manterola donostiarra. Geroago talde hartara batu ziren Clara Campoamor, María Maeztu eta Victoria Kent emakume ospetsuak. Elkarte horren programaren barruan ziren, besteak beste, Kode Zibilaren erreforma, prostituzio legeztatua ezabatzea, emakumeak lanbide liberaletan sartzeko eta kargu ofizial jakin batzuk betetzeko duen eskubidearen defentsa, soldata berdintasuna, hezkuntzaren sustapena eta emakumeek idatzitako literatura lanak argitaratzeko sorospena.[1]

Oihartzun handiko manifestu bat izan zen taldearen lehen ekintza publikoa. Hilabete horietan, Diputatuen Kongresuan Kataluniako Autonomia Estatutuaren proposamena ari ziren eztabaidatzen, eta horrek erabateko etsaigoa sortu zuen espainiar eskuin politikoan. Elkarteko emakumeek, auziari erantzutearren, hitza hartu eta aurpegia ematea erabaki zuten. Horrela, elkartea sortu eta bi hilabetera, 1918ko abenduaren 10ean argitaratu zen manifestua Madrilgo prentsan. Hona hemen zenbait pasarte, euskarara ekarrita:[1]

« Ezin dugu onartu, protestarik zangar eta irmoena egin gabe, autonomismoaren mozorroarekin estaltzen den asmo asaldatzaile eta separatista, Katalunia eta Euskal Herria independizatu nahi dutenek mantendutakoa, alegia. »
« Baskonia eta Katalunia ez dira euskaldunenak eta katalanenak, bere buruari 'espainiar' esan nahi ez dieten horienak. Beraz, indar guztiz da beharrezkoa gure arimen sakonean espainolismoa sentitzen dugun andre eta gizon guztiok arma gaitezen adorez, izaeraz, sendotasunez eta duintasunez zuztarretik ukatzeko bi eskualde hispaniar horien nazionalizazioa ekar lezakeen eskaera oro. »
« Sinestezina da, hain zuzen ere, historiako une hauetan, zeinetan, indar moral eta materialaren itxura tinkoena agertzeagatik munduko nazioak beren mugak zabaltzeko ahalegin sutsuan ari diren, hau da, Frantzia Alsazia-Lorena berreskuratzeko gogo biziz dabilen honetan, eta Montenegro, bere ñimiñokeriagatik Serbiari atxikitzeko bidean dagoela, zer eta Espainia iraindu nahi izatea proposamen eta ekintza separatistekin. »
« Izpiritu modernoek, adimen orekatuek, gizakiak eraiki behar duenaren kontzepzio sendo eta jasoaren jabe direnek, higuin diote indibidualismo gaizto eta berekoiari, zeren eta unibertsaltasun izaera duena baitzaie erakargarri. »
« Zuen sen onari osasuntsu eta garbi eusten diozuen Kataluniako eta Euskal Herriko emakumeok [...] elkartu zaitezte gurekin, aipatutako Elkartean agertzen garenokin, dislokazio nazionalak esan nahi duenaren aurka protesta egiteko. »

1919an, elkartera batu ziren Espainiako Kontseilu Feminista eta beste talde batzuk: Bartzelonako Gizarte Aurrerakoia Emakumeak eta Emakumeen Etorkizuna, eta Valentziako Concepción Arenal Elkartea eta Emakumeen Aurrerapen Elkartea.[2]

Hasierako urteetan, Maria Espinosa de los Monteros azaldu zen burukidetzat Espainiar Emakumeen Elkarte Nazionalaren kontseiluan. Dolores Velasco zen lehendakariordea.

Ez zuen inoiz laguntzarik jaso alderdi politikotik ezta eliz hierarkiatik, eta bazkideen ekarpenekin mantendu zen. Inoiz ez zuen leku egoki bat eduki, eta bilerak beren liderren etxeetan egiten ziren.

Espainiar Emakumeen Elkarte Nazionalaren agerkari nagusia Mundo Femenino aldizkaria izan zen; 1921etik eta 1936ra argitaratu zen. Zuzendaritza  Benita Asas Manterola eskola publikoan irakasle izan zenak hartu zuen, aldi berean, burukide izan zen 1924tik 1932ra,  Julia Peguero Sanzek ordezkatu zuen 1936 arte.

Alderdi politikoa: Ekintza Politiko Feminista Independentea (1934)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1934an, Espainiar Emakumeen Elkarte Nazionala mugimendu feminista artikulatu ahala, alderdi politiko bat sortu nahi izan zuten, eta Ekintza Politiko Feminista Independentea eratu zuten. 1936an Fronte Popularrean integratzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]