Espainiako Ondorengotza Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espainiako Ondorengotza Gerra
Duke-of-Marlborough-signing-Despatch-Blenheim-Bavaria-1704.jpg
Marlborougheko dukea Blenheimgo guduan, Robert Hillinforden margolana
Data17011714
LekuaEuropa, Ipar Amerika, Mendebaldeko Indiak
EmaitzaUtrechteko Ituna (1713)
Rastatteko Ituna (1714)
Filipe V.a Espainiako errege aitortu zuten, baina trukean Frantziako koroari uko egin eta lurralde ugari eman behar izan zituen[1].
Gudulariak
Flag of the Habsburg Monarchy.svg Inperio Santua:

Flag of England.svg Ingalaterra 1707 arte
Flag of Scotland.svg Eskozia 1707 arte
Flag of Great Britain (1707-1800).svg Britainia Handia 1707tik aurrera
Prinsenvlag.svg Probintzia Batuak
Flag Portugal (1707).svg Portugal
Savoie flag.svg Savoia

Flag of Catalonia.svg Aragoiko koroa

Royal Standard of the King of France.svg Frantzia
Bandera de España 1701-1760.svg Borboitar Espainia

Flag of Bavaria (lozengy).svg Bavaria
Buruzagiak
Flag of Cross of Burgundy.svg Karlos artxidukea

Flag of the Habsburg Monarchy.svg Eugenio Savoiakoa
Flag of the Habsburg Monarchy.svg Badengo Mangravea
Flag of the Habsburg Monarchy.svg Guido Starhemberg
Flag of Great Britain (1707-1800).svg Marlborougheko dukea
Flag of Great Britain (1707-1800).svg George Rooke
Flag Portugal (1707).svg António Luís de Sousa

Savoie flag.svg Viktor Amadeo II.a

Bandera de España 1701-1760.svg Filipe V.a
Royal Standard of the King of France.svg Luis XIV.a
Royal Standard of the King of France.svg Villarseko dukea
Royal Standard of the King of France.svg Berwickeko dukea
Royal Standard of the King of France.svg Vendômeko dukea
Bandera de España 1701-1760.svg Villadariasko markesa

Flag of Bavaria (lozengy).svg Maximiliano II.a Bavariakoa

Espainiako Ondorengotza Gerra[2] nazioarteko gatazka armatua izan zen, Karlos II.a hil ostean, Espainiako Koroaren oinordekotza zela-eta, 1701-1714 bitartean gertatutakoa. Europako herrialde gehienek parte hartu zuten eta Ipar zein Hego Amerikako kostaldeetan ere borrokatu zen. Izan ere, Espainiako erregetzaren ondorengotzaz gain, Europako botere nagusien arteko oreka ere erabaki zen.

Karlos II.a Espainiakoa 1700ean hil zen, Filipe Borboikoa —Anjouko dukea eta Louis XIV.a Frantziakoaren biloba— oinordekotzat utzita. Horrela, Filipe V.a Espainiakoa bihurtu zen. Leopoldo I.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoak Espainiako tronuaren gaineko eskubideak aldarrikatu zituenean hasi zen gatazka. Gilen III.a Orangekoa Ingalaterrako erregeak (1707tik aurrera Eskoziarekin bat eginda Erresuma Batuan) ez zuen onartu Frantzia eta Espainiak familia bakar baten mendean egoterik eta bi herrialde horien aurkako aliantza osatu zuen, Herbehereak, Inperio Santua, Portugal eta Savoiarekin batera. Frantziar espantsionismoari aurre egiteko ez ezik, Ingalaterrako kasuan bere tronuan errege protestanteek segi zezaten ere nahi zuten. Izan ere, Ondorengotza Gerra hori Ingalaterrako hainbat historialarik deituriko Bigarren Ehun Urteko Gerraren barruan koka liteke, Ingalaterra eta Frantziaren arteko etsaigoa 1689 eta 1815 bitarteko gatazka europar guztietan agertu baitzen.

Gerra 1713ko Utrechteko Itunarekin eta 1714ko Rastatteko Itunarekin amaitu zen. Hitzarmen horien ondorioz, Espainiako erregetzaren gaineko nazioarteko onespena jaso zuen Filipe V.ak, baldin eta Frantziako tronuaren gaineko eskubideei uko egiten bazien, bi herrialde horiek elkar ez zitezen. Habsburgotar Inperioak Espainiak Italian eta Herbeheretan zituen zenbait lurralde bereganatu zituen. Filipe Espainiako tronuan kokatzea lortu arren, Utrechteko Itunarekin Frantziako hegemonia Europan bukatu zen, eta Lehen Mundu Gerraren amaiera arte iraun zuen botereen arteko orekaren garaia hasi zen.

Espainian, borrokak 1715ean bukatu ziren, Filipe V.aren tropen setioaren aurrean Mallorcak amore eman zuenean. Izan ere, Aragoiko koroak, era nagusian, Austriako Karlos erregegaiaren alde eta Filipe Borboikoaren aurka egin zuen. Hori zela eta, borboitarren garaipenarekin Aragoiko koroak zeuzkan barne-arautegiak deuseztatu ziren, eta Gaztelakoak ezarri ziren.

Espainiako monarkiaren ondorengotasunaren arazoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austria etxeko azken errege Karlos II.arekin dinastia horrek hondoa jo zuen, haien odolkidetasuna handia baitzen Marañónen ustez. Karlos II.a bi aldiz ezkondu zen, Maria Luisa Orleanskoarekin lehenbizi eta Maria Ana Neoburgokoarekin ondoren. Hala ere, laurogeita hamargarren hamarraldian galduta zuen ondorengoak izateko esperantza. Beraz, zalantzan zegoen nor izango zen ondorengo erregea.

Hiru hautagai hauek zuten eskubide gehien:Luis XIV.a Frantziakoaren iloba Filipe Anjoukoa, Leopoldo I.a enperadorearen seme Karlos Austriakoa eta Bavariako printze hautesle Jose Fernando gaztea. Lehenengo biek nagusitasuna lor zezaketen Europan, eta Westfaliako Itunean hitzartutakoaren kontrakoa zen. Ingalaterra bestalde, hirugarren aukeraren aldekoa zen, baina aurreko bi hautagaiei zegozkien ordainak emanda.

Karlos II.ak 1696an izenpetu zuen leheno testamentua. Bertan, Jose Fernando Bavariakoa izendatzen zuen ondorengo unibertsala. 1698an, Europako botereek isilpeko ituna izenpetu zuten espainiar erregearen herentzia banatzeko: Bavariako Jose Fernando onartzen zuten Espainiako erregetzaren ondorengotzarako: hark Espainia eta Amerika eta Herbehereak jaso behar zituen; enperadoreak, Milanerria; eta Luis XIV.ak, Espainiak Italian zituen ondasunak batetik, eta bestetik, Gipuzkoa. Itun hartatik urtebetera, ordea, Jose Fernando hil zen eta ezin gauzatu izan ziren asmo haiek. Hala, bi aukera besterik ez ziren, elkarren aurkakoak gainera: Frantziaren nagusitasuna batetik, eta Germaniako Erromatar Inperio Santuarena bestetik.

Espainian, Bavariarraren aldeko izandakoek, Portocarrero buru zutela, uste osoa zuten ondorengotza frantsesa zela Espainiaren oinordekotzaren batasuna gordetzeko aukera bakarra. Azkenean, Karlos II.ak Karlos Anjoukoa ondorengo izendatzea lortu zuten.

Gerra Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe Anjoukoa 1700eko azaroaren 16an, Versaillesko jauregian, Espainiako errege aldarrikatua izan zen.

Luis XIV.ak ontzat eman zuen Karlos II.aren testamentua. Bazekien haren ondorioz Borboi etxea nagusituko zela Europan, baina, halaber, gerra sor zitekeela. Hori jakinda ere, Luisek ez zuen gerra hura geldiarazteko ahaleginik egin, eta Herbehereetako gobernuko prokuradore izendatu zutenean, erronka jo zion Europari. Holanda eta Ingalaterra ustekabean hartu zituen eta Filipe V.a onartzea beste biderik ez zuten izan. Handik gutxira, ordea, (1701eko irailean) Hagako Ituna izenpetu eta Borboitarren kontra egin zuten.

Filipe V.a Espainiakoak Gaztelako Gorteetan eta Aragoiko erreinuetako Gorteetan zin egin zuen errege kargua. Ondoren Napolira joan eta erregeordearen kontrako matxinada geldiarazi zuen. Iberiar penintsulan, 1704 arte ez zen Filipe V.aren kontrako gertaerarik izan. Urte horretan, aliatuak Portugalen lehorreratu ziren Espainia konkistatzeko asmotan. Asmo haiek, ordea, hutsean geratu ziren. Beraz, gudaroste aliatuek Gibraltar hartu zuten mendean.

1705ean aliatuen ontzidiak Valentzia eta Bartzelona mendean hartu zituen. Filipe V.ak ahalegin guztiak egin zituen hiri haiek eskuratzeko, alferrik. 1706an aliatuek Madril hartu zuten. Gaztela, Nafarroa, Galizia eta Andaluzia Borboi etxeari leial egon ziren.

Aliatuek Madril utzi eta Valentziatik erretiratu behar izan zuten, gerrillek horretara behartuta. 1707an Filipe V.ak Almansako garaipen handia lortu zuen, eta hari esker Valentzia, Zaragoza eta Lleida berreskuratu. Urte hartan bertan Filipe V.ak Aragoiko foruak deuseztu zituen, eta horrek bultzatu zituen katalanak bereari irmo eustera.

1708 eta 1709an Espainian ez zen ia borrokarik izan. 1710ean, berriz, garrantzi handiko gertaerak izan ziren. Almerian eta Zaragozan Filipe V.a garaitu zuten, eta Karlos artxidukea Madrilen sartzen saiatu zen bigarrenez, baina gaztelarrek atzera egitera behartu zuten. Handik gutxira, errege borboitarra garaile irten zen Brihuegan eta Villaviciosan, eta haren gudarostea Bartzelona ingurura ere iritsi zen.

1711n Josef I.a hil zenean, Espainiako erregegai Karlos artxidukearen eskuetara igaro ziren Austria eta Inperio Santua, baina aliatuek ez zuten Karlos V.aren inperiora itzuli nahi. Bartzelona eta bertako Diputazioa errenditu zirenean (1714), Austriako Karlosek erabat abandonaturik baitzeuzkan, amaitu zen gerra Espainian. Haren ondoren etorri ziren Mallorcaren eta Eivissaren errendizioak (1715).

Gerra Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramilliesko gudua (1706ko maiatzak 23).

Aurretik esan bezala, Luis XIV.ak ez zuen egin ez negoziazorik ezta gerra galarazteko ahaleginik ere. Aitzitik, bazirudien zirika ari zela gerra has zedin. Esate baterako, Filipe V.ak Frantziako erregetzarako eskubide guztiak zituela esan zuenean, edo Espainiaren eta Indien arteko merkataritzarako hainbat eta hainbat eskubide lortu zituenean. Luis XIV.aren jarrerak Hagako Ituna izenpetzea eragin zuen lehenbizi, eta borbondarren kontrako gerra ondoren.

Gerrak Europan hiru aldi oso desberdin izan zituen. Lehenengoan (1704 arte) bi alderdiek garaipenak eta porrotak izan zituzten: borbondarren gudarosteek arrakasta handiz eraso zuten Italia, baina porrot egin zuten Vienako Ibilaldian. Bigarren aldia Frantziarentzat oso txarra izan zen, frantses gudarosteek hondamen handiak izan baitzituzten Höchstäden (1704ko abuztua), Oudenaarden (1708ko uztaila) eta Malplaqueten (1709ko iraila).

Baina 1710-1711 urteetan, erabat aldatu zen Europako egoera. Batetik, Ingalaterran, tories bakezaleak iritsi ziren agintaritzara. Bestetik, Austriako Josef I.a 1711ko apirilean hil zenean, Karlos artxidukea zen Austriaren eta Inperioaren ondorengoa. Artean, Ingalaterra eta Herbehereei berdin zitzaien Karlos Austriakoa Espainiako tronura iritsi ala ez, izan ere, hori gertatu ezkero, Espainia eta Austria pertsona beraren mende egongo baitziren. Beraz, gerraren hirugarren aldian (1710-1713), Frantzia indarberritu egin zen eta Denaingo garaipen erabakigarria lortu zuen 1712ko uztailean.

Bake saioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1706az geroztik Luis XIV.ak bakea lortu nahi zuen, jakitun baitzen ezin zuela ez borrokarik irabazi, ez denbora luzean gerrako gastuak ordaindu. 1710ean, Malplaqueteko porrotaren ondoren, Frantzia oso egoera larrian zegoen, eta lurralde eskakizun guztiak onartu behar izan zituen. Bestalde, hitz eman zuen ahaleginak egingo zituela bere ilobak Espainiako erregetza utz zezan. Baina Filipe V.ak ez zuen eskaera hura onartu: hortaz, aliatuek Luis XIV.ari iloba erregetzatik indarrez ken zezan eskatu zioten. Frantziak, azkenean, bertan behera utzi zituen negoziazioak.

Josef I.a enperadorea hil zenean, berriro hasi ziren bakerako elkarrizketak, Ingalaterrak ez baitzuen Karlosen Inperioa berriro gertatzerik nahi. 1711ko urrian, Ingalaterrak eta Frantziak Londresko lehen urratsak izenpetu zituzten. Filipe V.ari hitzarmen hartan bere aitona Luis XIV.ak hitzartu zituen puntuen berri eman zitzaion, eta Filipek guztia onartu eta bere izenean negoziatzeko ahalmen osoa eman zion Frantziako erregeari.

Utrechteko sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utrechteko Bakea 1712ko urtarrilaren 29an hitzartzen hasi zen Utrecht hirian. Itun hori hainbat akordiok osatu zuten, 1713an hiri hartan bertan izenpetuak. Akordio sail horren ondoren itun osagarri batzuk izenpetu ziren Rastatt, Baden eta Anberesen, hurrenez hurren. Bakearekin hasi aurretik, Borboi etxearen bi adarrei Frantziako eta Espainiako koroak erreinu bakar batean ez batzeko eskatu zitzaien.

Utrecht, Rastatt, Baden, Stockholm, Nystad eta Passarowitzeko itunen arabera, eskuz aldatutako lurraldeak.

Lehenbizi, 1713ko apirilaren 11n Frantziak hitzarmen bana izenpetu zuen Britainia Handia, Herbehereak, Saboia eta Prusiarekin. Karlos VI.a enperadorea izan zen hitzarmen hari kontra egin zion bakarra. Ingalaterrari Akadia, Ternua eta Hudson badiako lurraldeak, eta Antilletako San Kristobal uhartea eman zizkion. Batetik, Dunkerqueko gotorlekua desegingo zuela hitz eman zuen eta, bestetik, uko egingo ziela Luis XIV.ak ilobarengandik Espainian eta Ameriketan lortu zituen merkataritza abantailei. Frantziak, ordainetan, Alsazia (Alemaniarako giltza) eskuratu behar zuen, Estrasburgo barne. Saboiako dukeari dukerriari zegokion lurraldea itzuli behar zion eta, horrez gainera, Alpeez haraindiko lurraldeak, Barcelonnetteren ordainetan. Prusiari, batetik, Suitzako Neufchâtelgo printzerria, eta, bestetik, erreinu izateko eskubidea eman zizkion (enperadoreak 1700ean emana zion), eta espainiarren mendeko Gelderland emango ziola agindu zion. Tournai eta Ypres Herbehereen esku utzi zituen.

Espainia ez zuten Utrechteko batzarrean onartu, harik eta Frantziak berari zegozkion bakeak izenpetu eta, Britainia Handiarekin batera, Espainiako monarkiaren etorkizuna erabaki zuen arte. Britainia Handiari, Gibraltar eta Menorca emateaz gain, merkataritzaren alorreko hainbat eskubide eman behar izan zizkion, hala nola, Portobelorekin urtero, eta 30 urterako, salerosketa harremanak edukitzeko eskubidea, eta Espainiaren mendeko Ameriketako lurraldeetan esklaboak sartzeko eskubide berezia.

Zazpi Herbehere Batuen Errepublikak, Luis XIV.aren eskutik eta Filipe V.aren izenean, Espainiaren mendeko Herbehereak hartu zituen, Karlos enperadoreari emateko, horrek hitzarmena onartzen zuenean. Frantziaren balizko eraso bati eutsi ahal izateko, Probintzia Batuek gotorleku sail bat (Furnes, Ypres, Menin, Tournai, Mons, Charleroi, Namur eta Gante) jaso zituzten, herbeheretarrek eta enperadoreak erdi bana ordaindu zutena. Saboiako dukeari errege izateko eskubidea onartu zitzaion, Sizilia uhartea eman zioten eta Espainiaren oinordekotza jasotzeko eskubideak onartu zitzaizkion, baldin eta borboitarren adarra banatzen bazen. Espainiaren eta Portugalen arteko bakea ez zen 1715 arte izenpetu. Bake haren arabera, bakoitzak bere konkistak itzuli behar zituen. Hala ere, Portugalek Colonia del Sacramento gordetzea onartu zen.

Frantziaren eta Austriaren arteko gerrak aurrera segitu zuen, harik eta inperioaren porrotek Karlos VI.a Utrechteko erabakiak onartzera behartu zuten arte (Rastatteko Ituna, 1714). Bake haren bidez, enperadoreari itzuli zitzaizkion frantsesek Alemanian egin zituzten azken konkistak, Espainiar Herbehereak, Milanerria, Napoli, Sardinia eta Toskanako Presondegiak.

1714ko irailaren 11n borboitar tropek Bartzelona hartu zuten.

Kataluniako auzia ere aipatu zuten Utrechten. Enperadorea saiatu zen lehenbizi Aragoiko erreinua eskuratzen, baina gainerako herrialdeek kontra egin zioten eta, azkenean, katalanak abandonaturik utzi zituen, nahiz eta haiek artean borrokan segitzen zuten.

Utrecheteko Itunak hainbat ondorio izan zituen. Frantziak Europan zuen nagusitasuna, Luis XIV.ak gogor gorde nahi izan zuena eta Westfaliako oreka apurtu zuena, galdu egin zuen. Izan ere, Frantziaren mugak aldatu ez ziren arren, kolonia asko galdu zituen. Luis XIV.a, hala ere, pozik geratu zen bere iloba Espainiako erregetzara iritsi zenean. Espainia izan zen galera gehien izan zituena, Europako lurralde guztiak galdu baitzituen, baina Iberiar Penintsulako eta Ameriketako lurraldeak gorde. Dena dela, azken horietan ere izan zituen galerak, Britainia Handiari hainbat eskubide eman behar izan baitzizkion ordainetan. Britainia Handiko Erresuma izan zen itun hartatik etekin hoberenak atera zituena. Europako oreka osatzen zen bitartean, berak aukera izan zuen itsasoz haraindiko inperioa zabaltzeko, ontzidia indartzeko eta merkataritza harremanak mundu osora hedatzeko. Baina Europako orekaren arima ez zegoen oinarri sendoen gainean eraikia, ezta goi mailako arrazoi moraletan ere. Hala, Europako orekaren garaia (XVIII. mendea) gerra garaia izan zen.

Utrechteko sistemaren osagarri izan ziren Passarowitzeko Ituna Ekialdeko Europan eta Stockholm-Nystadekoak iparraldean. Otomandar Inperioa eta Suedia izan ziren galtzaileak eta haien hondarrekin irabazleak nolabaiteko oreka egiten saiatu ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]