Edukira joan

Espetxe-sistema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Madrid V Zentro Penitentziarioa, Soto del Real (Madril)

Espetxe-sistema zigor askatasun gabetzaileak ez ezik, gizartearentzako lanak betearazteaz arduratzen den sistema edo instituzioen multzoa da. Erakunde horien helburu nagusia presoen birgizarteratzea da. Espainiako espetxe-sistema Espetxe-zuzenbideak arautzen du.

Gaur egun diziplina autonomotzat hartzen da espetxe-sistema, bi arrazoirengatik. Alde batetik, berezitasun asko dituenez, konplexuegia da Zuzenbide Penalaren edo Prozesalaren barruan sartzeko. Bestetik, Espetxe-erakundeek eta espetxe-zaintzarako epaileek dituzten eskumen edo ahalmenengatik. Izan ere, hauek ez dute zerikusirik ohiko epaileek dituzten eskumenekin. Hauek, besteak beste ondorengoak dira: segurtasun neurrien betearazpenaren kontrola, zaintzapeko askatasunaren betearazpenaren kontrola, gizartearentzako lanen betearazpenaren kontrola, espetxe-onurei buruz espetxeek egindako proposamenak onartzea, eta abar.

Hala ere, Espetxe-zuzenbideak lotura estua du Zuzenbide Penalarekin eta Prozesalarekin. Izan ere, ezarriko diren zigorrak Zigor Kodean aurreikusitakoak izango dira, eta hauek Legean xedatutako prozesua jarraituz ezarriko dira.

Ondorengoak dira espetxe-sistema arautzen duten lege eta erreglamendu nagusiak:

Zigor askatasun-gabetzailearen eta betearazte-sistemaren bilakaera historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Zuzenbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetan aplikatzen diren zigor nagusiak heriotza-zigorra, gorputz-zigorrak eta subjektua komunitatetik kanporatzea dira. Espetxe-zigorra behin behineko zigor bezala aplikatzen da, zorraren bat dutenekin, normalean. Horrez gain, bestelako zigor askatasun-gabetzaileak ezartzen dira: esklabotza eta gatibu-lanak. Zigorraren helburua oraindik ez da aurrezaintza, baizik eta delitugilea desagerraraztea. Horregatik, zigor azkarrak eta merkeak bilatzen dira.

Heriotza-zigorraren aplikazioa gutxitu egiten da, batez ere bi arrazoirengatik. Alde batetik, konturatzen dira hil beharrean, gerretarako erabil daitezkela delitugileak. Bestalde, Talioi legea aplikatzen hasten da, eta printzipio bezala nagusitzen da. Garai hartan aurrerapausu handitzat jotzen da hori, nahiz eta mendeku hutsean oinarritu. Izan ere, lehenengo aldiz proportzionaltasunez jokatzea dakar. Horrenbestez, gorputz-zigorrak eta espetxe-zigorrak maizago erabiltzen hasten dira eta baita zigor nagusi bihurtu ere.

Aro Modernoa (XVI-XVII.mendeak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxe-zigorra orokortzen hasten da. Alde batetik, gerren ondorioz jende asko miseria gorrian dago eta garrantzi txikiko lapurreta delituak burutzen dituzte bizirauteko. Gehiegizkoa da, beraz, pertsona hauei heriotza-zigorra ezartzea. Bestetik, garai honetan kristautasuna nagusitzen hasten da, baita etika kalbinista ere. Hortaz, konturatzen hasten dira espetxe-zigorrak balio dezakeela pertsona hori zuzentzeko edo berrezteko.

Ilustrazioa (XVIII-XIX.mendeak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Momentu honetan, sistema penal berriaren oinarriak ezartzen dira (botere banaketa, berdintasun eta legezkotasun printzipioak…), zuzenbideari mugak ipini nahi zaizkio eta. Erreferentzia gisa Frantziako iraultza dugu. Bestalde, zigor gizatiarragoak aplikatzen hasten dira, eta gorputz-zigorrak baztertzen hasten dira eta neurri txikiagoan erabiltzen dira. Ondorioz, espetxe-zigorra nagusitu egiten da. Gainera, gaur egun indarrean dagoen tratamenduaren paradigma sortzen da. Delitugilearen nortasuna aldatu nahi da. Hori dela eta, espetxe-zigorraren aplikazioa bultzatzen da, heriotza-zigorrak eta gorputz-zigorrak desagerrarazteko.

Gaur egungo espetxe-sistemen aurrekariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema zelularra edo pentsilbanikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikako Estatu Batuetan sortzen da eta, oro har, zigorren egoera Europaren antzekoa da: heriotza-zigorra, gorputz-zigorrak… Sistema honen aintzindariak kuakeroak izan ziren, ordura arteko egoera eta baldintzak aldatu nahi zituztenak. Testuinguru honetan, AEBko lehenengo kartzela sortu zen, 1776an. Sistema honen ezaugarri nagusiak ondorengoak dira:

  • Isolamendu zelularra ezartzen da, egunez eta gauez. Honek esan nahi du zelda bakoitzean pertsona bakarra zegoela.
  • Ez da kanpoko bisitarik onartzen.
  • Lanari dagokionez, hasiera batean delitugileek ez dute ez lanik, ezta bestelako zereginik ere, pentsatzeko denbora izan dezaten. Ondoren, lana bai, baina gelan eta isolamenduan egiten da.
  • Bizi-baldintza egokiak dira, higineari eta elikadurari dagokionez.
  • Sistema honek izaera etiko eta erlijiosoa du.
  • Diziplina zorrotza aplikatzen da.

 Auburneko sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena New Yorkeko espetxe baten izenetik datorkio. Ezaugarri nagusiak:

  • Aurreko sistemari egin zitzaion kritikari erantzuteko asmoz, egunean zehar elkarbizitza sustatzen da harrobietan. Bertan presoek lanean dihardute.
  • Erabateko isiltasuna egotea da arau nagusia.
  • Ez da kanpo-munduarekin harremanik onartzen.
  • Oinarrizko heziketa ematen zaie presoei, baita heziketa profesionala ere.
  • Diziplina-protokoloa ankerra eta krudela da, eta gorputz-zigorrak dira nagusi.

Sistema progresiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo sistemaren oinarria da. Europan sortu zen XIX.mendean, aurreko sistema guztiek zituzten gabeziak gainditzeko asmoz. Montesinos generalak sistema honi bultzada handia eman zion. Sistemak biltzen dituen ezaugarri nagusiak ondorengoak dira:

  • Zigorraren betearazpenak lau fase ditu, eta bakoitzaren intentsitatea gero eta txikiagoa da:
    • Isolamendu zelularra
    • Elkarbizitza: heziketa eta lana
    • Irteera baimenak, persona askatasunean bizitzeko prestatuz.
    • Baldintzapeko askatasuna, erabateko askatasuna lortu aurretik.

Sistema erreformatorioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterran du jatorria, eta gazte-delitugileak zuzentzeko helburua dauka. Ondorengoak dira ezaugarri nagusiak:

  • Jarduera fisikoa eta heziketa nagusi dira.
  • Barneratuen hasierako sailkapenari garrantzi handia ematen zaio.
  • Jarreraren arabera, graduz edo moduluz aldatzea aurreikusten da.

Egungo espetxe-sistema espainiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxeetako Lege Organiko Orokorrarekin batera espetxe-sistema osoa eraiki da, indibidualizazio zientifikoan oinarritzen dena. Alde batetik, indibidualizatutakoa da, barneratu edo giltzapetu bakoitzaren beharrak kontuan hartzen direlako; bestetik, zientifikoa, barneratu bakoitzari ezarri behar zaion programa metodo zientifikoan oinarritzen delako. Presoa behin-behinekoa izan zein jada kondenatua izan, ezberdina izango da indibidualizazio hau.

Bestalde, presoei tratamendua jasotzeko aukera ematen zaie; tratamendua borondatezkoa izango da, beraz. Teorian, tratamendua barneratuak berrezitzera eta birgizarteratzera dago bideratua. Helburua, beraz, barneratua izan den hori lege penala errespetatuz gizartean bizitzeko gaitasuna izango duen pertsona bihurtzea da. Horretarako, bere buruarekiko errespetua eta besteekiko erantzukizuna bultzatuko dira. Tratamenduak printzipio batzuk jarraitzen ditu: nortasunaren azterketa zientifikoan oinarritutakoa da, indibidualizatua eta konplexua, programatutakoa, jarraitua eta dinamikoa izango da. Era berean, muga batzuk errespetatuko dira. Alde batetik, borondatezkoa izango da, inor behartu ezingo delarik hura jasotzeko. Bestetik, giza-eskubideak, duintasuna eta autonomia errespetatu beharko ditu. Kastrazio kimikoa edo lobotomia, adibidez, ez dira praktikatzen. Dena den, praktikan, Espainiako espetxe zigorraldia Europar Batasunekoaren bi halako baino gehiago da: preso bakoitzeko 20,5 urte, EBko batez bestekoaren 8,5en aldean[1].

Tratamenduak lotura estua dauka barneratuaren sailkapen-graduarekin. Hiru gradu nagusi ezberdintzen dira:

  • 1.Gradua: Arriskutsuak diren barneratuak eta bigarren gradura moldatu ezin direnak egongo dira gradu honetan sailkatuak. .
  • 2.Gradua: Gradu honetan elkarbizitza arrunta eramateko gai diren presoak egongo dira. Hala ere, hauek oraindik ez daude hirugarren gradura pasatzeko prest.
  • 3.Gradua: Bi modalitate daude honen barnean: erregimen ireki arrunta eta ireki mugatua. Kontsideratzen da erdi-askatasuneko egoeran bizitzeko gai diren pertsonak direla preso hauek.

Espetxe-erregimenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gradu batean zein bestean egonda ere, erregimen ezberdinetako arauak jarraitu beharko ditu barneratuak. Erregimena arauen eta neurrien multzoa da, elkarbizitza baketsua eta ordenatua lortzeko beharrezkoa. Azken helburua giro egokia lortzea izango da, tratamendu arrakastatsua lotzearren. Era berean, barneratuen atxikipena (ihes ez egiteko) eta zaintza bermatzen lagunduko dute arau hauek.

Zigorra erregimen arruntean betearazteko espetxeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregimen honetan kondenatuak izan diren barneratu gehienak kokatzen dira. Helburu nagusia hauen atxikipena eta zaintza da, baita hauen birgizarteratzea lortzea ere. bigarren graduan sailkatuta dauden presoak egongo dira erregimen honetan. Ezaugarri nagusiak ondorengoak dira:

  • Tratamenduaren beharrak kontuan hartuko dira barne-antolamendurako eta sailkapenerako.
  • Segurtasuna, ordena eta diziplina oso printzipio garrantzitsuak dira elkarbizitza baketsu eta antolatua lortzeko, azken helburua birgizarteratzea izanik.
  • Barneratuei lana eta heziketa eskainiko zaie.
  • Ordutegia zentroko Zuzendaritza Kontseiluak zehaztuko du. Hala ere, gutxieneko batzuk errespetatu behar dira; egunean gutxienez 8 orduko loa eta 2 orduko denbora librea, esaterako.

Zigorra erregimen irekian betearazteko espetxeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren graduan sailkatutako barneratuei aplikatuko zaie erregimen hau. Erregimen irekiak bi azpi-erregimen barnebiltzen ditu: arrunta eta erregimen ireki mugatua.

Erregimen hau aplikatuko zaie hirugarren graduan sailkatuta daudenei eta erdi-askatasuneko egoeran bizitzeko gaitasuna dutenei. Preso hauei konfiantza ematen zaie; horregatik, ez dago kontrol zorrotzik, ezta ihes egitea ekiditeko oztopo fisikorik ere. Helburu nagusia da birgizarteratze prozesua bat-batekoa ez izatea. Ordutegiari dagokionez, Tratamendu Batzordeak zehaztuko dituen jarduerak burutzeko aterako da barneratua zentrotik. Hauek lan-, heziketa-, familia-jarduerak…izan daitezke. Muga bat errespetatu beharko da: egunean gutxienez 8 ordu espetxean igaro beharko dituzte, salbuespenak salbuespen.

Ireki mugatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu honetan, barneratuak hirugarren graduan sailkatuta egon arren, ez daude prest erdi-askatasuneko egoeran bizitzeko. Arrazoiak ondorengoak izan daitezke: ibilbide kriminala, nortasun anomaloa, baldintza pertsonalak, kanpoan lana aurkitzeko ezintasuna eta espetxe tratamenduarekin lotutakoak. Helburua izango da lana  bilatzen saiatzea.Irteerak mugatuagoak izango dira, beraz.

Zigorra erregimen itxian betearazteko espetxeak eta departamentu bereziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxe administrazioak lehenengo graduan sailkatzen ditu, batetik, bereziki arriskutsuak diren subjektuak, eta, bestetik, erregimen arruntera edo irekira modu nabarian eta larrian egokitu ezin diren kondenatuak. Salbuespeneko izaerarekin aplikatzen da. Ebazpen arrazoitu bat egon beharko du erabakiaren atzean, arrazoi konkretuak betetzen direnean aplikatuko delarik. Arrazoiak ondorengoak dira:

  • Mutinetan, protestaldietan, eraso fisikoetan, mehatxuetan eta hertsapenetan aktiboki parte hartzea.
  • Pertsonaren ibilbide kriminalean oinarrituta, presoak nortasun oso bortitza, indarkeriazkoa eta antisoziala duela ondorioztatzea.
  • Indarkeria handiz bizitzaren, osotasun fisikoaren, sexu askatasunaren eta ondarearen aurkako delituak burutu izana.
  • Hainbatetan eta modu jarraituan arau-hauste larriak edo oso larriak gauzatzea espetxean.
  • Banda armatuetako edo erakunde kriminaletako kide izatea. Salbuespena: taldearen barne-diziplina utzi duenaren inguruko zantzu garbiak daudenean.
  • Su-armak edo droga kopuru handia espetxean sartzea edo bertan edukitzea.

Erregimen hau zentro itxi batean izan daiteke, edo departamentu berezietan, erregimen arrunta betetzen den zentroen barnean. Hemen, kontrola eta zaintza zorrotzagoa izango da, banakako ziegetan egongo direlarik presoak. Horrekin batera, beste presoekin batera egingo dituzten jarduerak mugatuak egongo dira.

Hauetaz gain, ezaugarri bereziak dituzten departamentuak daude: amen unitateak, gazteentzako departamentuak, departamentu mixtoak, espetxez kanpoko unitateak (mendekotasunen bat duten presoentzat) eta unitate psikiatrikoak.

Ikuspegi kriminologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, kritika egiten zaio espetxe-sistemari;  izan ere, zalantzak daude ea benetan beharrezko ote den. Izan ere, espetxealdiak eragin negatibo handia dauka gizabanakoarentzat: estigmatizazioa, kutsapena, isolamendua...Hala ere, errealitatean ez dago zigor hau desagertzeko aukera gehiegirik. Oro har, beharrezkoa den gaitza dela ulertzen da.

Hala eta guztiz ere, gaur egungo espetxeen baldintzak aldatu beharko lirateke, eta egoera hobetu. Alde batetik, ahal den neurrian bere erabilera mugatu beharko litzateke: espetxe-zigor oso motzak eta oso luzeak desagerrarazi. Izan ere, itxialdi oso luzeek ez dute balio aurrezaintzarako eta oso laburrak ez dira batere eraginkorrak. Beste hitzetan, espetxe-zigorraren betearazpena ordezkatu edo eten beharko litzateke, salbuespen kasuetara mugatuz.

Bestalde, ezinbestekoa denean espetxealdiaren aplikazioa, honen ondorio negatiboak murriztu beharko lirateke, espetxe-zigorraren betearazpenaren-baldintzak hobetuz: heziketa-programak gehituz, terapeuta gehiago kontratatuz, etab. Kanpoko munduarekin harremana izatea ere garrantzitsua da: irteera-baimenen bidez, baldintzapeko askatasuna edo hirugarren gradua eskuratuz, bisitak edukiz, etab. Era berean, horretarako, espetxe berriak eraiki beharko lirateke edo egonaldiak murriztu. Izan ere, ziega berdinean preso bat baino gehiago egotea salbuespen egoera kontsideratzen den arren, praktikan arau orokor bilakatu da. Gainera, barneratuen arteko sailkapen egoki bat egotea oso garrantzitsua da.

Zigor Kodeko azken erreformak, hala ere, ikuspegi honetatik aldendu du sistema. Izan ere, gaur egungo legegilearen joera, gizartearen presioaren eraginez, zigor gero eta gogorragoak aurreikustea da, horrek eraginkortasunik ez dakarrela ikusi den arren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-06-27). «Los presos pasan en el Estado español más del doble de tiempo entre rejas que la media europea» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]