Esther Duflo
Esther Duflo (Paris, Frantzia, 1972ko urriaren 25a) frantziar ekonomialaria da. Massachusetts Institute of Technologyn egiten du lan irakasle Pobrezia Murrizteko eta Garapenaren Ekonomiako arloetan. Gainera, Abdul Latif Jameel Poverty Action Lab (J-PAL) delakoaren sortzaileetako bat da. Era berean, Duflo Ameriketako Estatu Batuetako National Bureau of Economic Research (NBER) delakoan ikertzaile laguntzailea da.
Garabidean dauden herrialdeetako alderdi mikroekonomikoak ikertzen dihardu, familien portaera, hezkuntza, finantzaketarako sarbidea, osasuna eta politika publikoen ebaluaketa barne.
2019an Ekonomiako Nobel Saria eman zioten, Abhijit Banerjee senarrarekin eta Michael Kremerrekin partekatutako saria.[1][2] Saria pobreziarekin lotutako lanengatik eman zieten, txirotasuna gutxitzeko beren ekarpen esperimentalarengatik, hain zuzen. Pobrezia gutxitzea gaur egungo erronkarik handienetakoa dela azaldu zuen Suediako Bankuak, eta politika berriak ezarri ahal izateko saridunen ekarpena azpimarratu zuen.[3][4]
Nobel sariak ematen dituen batzordeak azaldu zuenez, hirurek egindako lanek «guztiz eraldatu dituzte garapen ekonomikoari dagozkion politikak». Batzordeak herrialderik pobreenetako irakaskuntzari buruzko ikerketa aipatu zuen. Kremerrek Kenyako eskola batzuetan eta Banerjee-Duflo bikoteak Indian egindako ikerketek erakutsi zuten eskolak testu-liburuz eta bestelako material batzuez hornitzeak ez ziela berez ikasleei laguntzen, eta askoz eraginkorragoa zela irakaskuntza haien neurrira egokitzea.[3]
Duflo Ekonomiako Nobel saria irabazi duen bigarren emakumea da, eta, orduan 46 urte zituenez, inoiz saria jasotako pertsonarik gazteena. Beren helburua da pobreziaren aurkako borrokan metodo zientifikoa erabiltzea; askotan, txiroen rudia karikaturizatuta dagoela, eta haiei lagundu nahi dietenek ere ez dituztela ulertzen txirotasunaren arrazoien sustrai sakonak.[3]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ (Frantsesez) «Le Nobel d’économie à Esther Duflo, Michael Kremer et Abhijit Banerjee pour leurs travaux sur la lutte contre la pauvreté» Le Monde.fr 2019-10-14 Noiz kontsultatua: 2020-08-21.
- ↑ (Frantsesez) «Esther Duflo, un choix inédit pour le Nobel d’économie 2019» Le Monde.fr 2019-10-15 Noiz kontsultatua: 2020-08-21.
- ↑ a b c Berria. «Ekonomiako Nobel saria pobreziaren ikertzaileei» Berria Noiz kontsultatua: 2020-08-21.
- ↑ Martin, Xabier. «Banerjee, Duflo eta Kremerrentzat Ekonomiako Nobel saria, pobrezia txikitzeko beren lanengatik» Berria Noiz kontsultatua: 2020-08-21.
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ENS Paris (École normale supérieure)