Estoniako armarria

Estoniako Errepublikako armarria (estonieraz: Eesti riigivapp) urrezko ezkutu bat da, ezkerrera begira dauden hiru lehoi urdinen irudiaz erdian, mihi eta atzapar gorridunak, eta armarriaren bi alboetan urrezko haritz adarrak dituela. Armarria XIII. mendeko Danimarkako errege armarritik eratorri zen, Estoniako Dukerria (1219-1346), gaur egun Estoniako iparraldea den horretan, Danimarkaren zati baitzen garai hartan.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Armarriak urrezko ezkutu bat irudikatzen du, erdian eta goitik behera hiru lehoi urdin argal passant gardant jarreran[1] ageri direla, mihi eta atzapar gorriz, eta armarriaren bi aldeetan zehar urrezko haritz adarrak direlarik. Armarriaren aldaera txikian ez dira haritz adarrak agertzen. Estoniako ikur nazionalaren hiru lehoien jatorria dago 1219an Estoniako iparraldea konkistatu zuen Valdemar II.a Danimarkakoa erregearen armarrian.[2][3] Lehoiak Tallinn (Reval) Estoniako daniar gobernuaren hiriburuko, eta Harria nahiz Viru feudoen (alemanez: Ritterschaften) armarri handiagoaren parte bihurtu ziren.
1346an, Danimarkako erregeak bere estoniar domeinua Ordena Teutonikoaren Estatuari saldu zion. Hiru lehoiak, hala ere, Tallinngo armarri handienaren elementu zentrala izaten jarraitu zuten. Hurrengo mendeetan, hiru lehoien motiboa gorde zuten Estoniako Dukerriaren, Estoniako Zaldungoaren, Estoniako Gobernazioaren armarrietan, eta Errusiar Inperioko armarrian jaso zuten. Estoniako Errepublika independente berriko Riigikogu edo parlamentuak armarri nazional gisa berretsi zuen, 1925eko ekainaren 19an.[2][3]
Bigarren Mundu Gerran, 1940ko ekainean, sobietarrek Estonia mendean hartu ondoren, armarria debekatu zuen erregimen estalinista berriak, baita Estoniako beste edozein ikur nazional ere. Oro har, ikurrak sobietar inspirazioko enblemekin ordeztu ziren. Sobietar agintariek zorrozki jazarri zuten Estoniako armarria edo kolore nazionalak erabiltzea. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, armarria Mendebaldeko blokeko herrialdeetan erabiltzen jarraitu zuten Estoniako Errepublikako zenbait ordezkari diplomatikok, Estoniako erbesteko gobernuak eta Estoniako diaspora zabalak.
Armarria, beste sinbolo nazional batzuekin batera, 1990eko abuztuaren 7an onartu zen berriro,[4] Estoniako estatu independentea berrezartzeko borrokaren puntu gorenetako batean. Erabateko burujabetasuna 1991ko abuztuaren 20an lortu zen. Armarriaren erabilera 1993ko apirilaren 6an onartutako Estatuko Armarriari buruzko Legeak arautzen du.[2][3]
Estoniako SESren armarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estoniako SESren armarriak ez zuen inolako adierazle nazionalik, baizik komunista ohikoak, hala nola, izar gorria, igitaia eta mailua, eguzkia ateratzen eta gari ziriak, eta Estonia identifikatzen zuen bakarra pinu adarra zen.
Sobietar leloa idatzita zeraman, armarriaren behe aldean, ezker-eskuin, «Herrialde guztietako proletarioak, batu zaitezte!», estonieraz eta errusieraz, eta herrialdearen izen ofiziala estonieraz, Eesti NSV, hau da, Eesti Nõukogude Sotsialistlik Vabariik (Estoniako Sobietar Errepublika Sozialista).
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Valdemar II.a daniar erregelaren zigilua, 1219.
- Tallinngo bandera, XIII. mendera arte armarriko hiru lehoietan oinarritua.
- Estoniako Dukerriaren armarria, 1561-1721.
- Estoniako Gobernazioaren armarria, 1721-1918.
- Estoniako Zaldungoaren armarria, Baltisches Wappenbuch[5]
- Armarri berri baten proposamena, Günther Reindorff, 1922.
- Armarri nazionalaren lehen bertsioa, 1925.
- Estatuaren zigiluaren bertsioa, 1925-1993.
- Estoniako Indar Armatuen bandera.
- Estoniako presidentearen ikurra.
- Toompeako gaztelua,Tallinn, 2012.
- Presidentearen jauregiko bilera aretoa, 2017.
- Estoniako posta zigilu bat, 1929.
- Lehoien armarria, ministerioen eraikinean irudikatuta, Tallinnen, 2023.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Lion passant gardant - Manners, John Henry (1778 - 1857)» British Armorial Bindings (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-24).
- 1 2 3 (Ingelesez) «National symbols of Estonia» Estonian Institute (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-24).
- 1 2 3 (Ingelesez) «The great state coat of arms of the Republic of Estonia» Estonica (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-24).
- ↑ (Ingelesez) «Estonian National Symbols» Seventeen Moments in Soviet History (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-24).
- ↑ (Alemanez) «Baltisches Wappenbuch : Wappen sämmtlicher der Ritterschaften von Livland, Estland, Kurland und Oesel zugehöriger Adelsgeschlechter» DIGAR (kontsulta data: 2026-04-24).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Hubert de Vries (2008) Eesti